240 Zenbakia 2004-01-30 / 2004-02-06
2004/01-30/02-06 Emakumeen langabeziaren inguruko hausnarketa Mertxe Larrañaga Sarriegi, UPV/EHU
Traducción al español
M Kartela. Emakumeen lan aldarrikapena. Durangon, 1978.
undu osoko emakumeak, eta batez ere herrialde industrializatuetakoak, aspaldi (hiru hamarkada barrena) erakutsi zuten lan merkatuan parte hartzeko asmo sendoa zeukatela. Baina justu hori gertatzearekin batera, hau da, lan merkatuan sartzen eta lehiatzen hastearekin bat, lan mundua inoiz baino krisi sakonagoan sartu eta langabezi tasen igoera itzela eman zen. Aldiberekotasun hau ez zen, segur aski, kasualitate hutsa izan eta emakumeen partaidetza handitzean agerian gelditu zen mendebaldeko lan merkatuen ezintasuna biztanle guztien nahiak asetzeko. Begi-bistakoa da azken aldaketa sozioekonomikoek erabat hobetu egin dutela emakumeen egoera baina, zoritxarrez, hobekuntzei lotuta langabezia eta prekarietatea bezalako arazoak ere etorri dira. Langabezia oso handia den momentuetan, berpiztu ohi izan dira aspaldiko hainbat ideia eta indarra hartzen dute, “enplegu-lapur femeninoen” aurkako iritziak. Eta batzuk oso garbi, eta beste batzuk ez hain argi, proposatzen dutena emakumeak etxean lasai-lasai geratzea da dauden enplegu urriak gizonen eskuetan lagatzeko. Zorionez, horrelako hausnarketak ez dute emakumezkoen borondatea aldatu.
Langabeziaren kalteak garbiak dira maila sozioekonomikoan eta zer esanik ez, maila pertsonalean. Besteak beste, giza baliabideak desaprobetxatzen dira eta beraz produkzioaren hazkuntza moteltzen da, baita merkatuko eskaria ere, defizit publikoa handitu daiteke eta haustura sozialaren arriskua sortzen da. Ikuspuntu pertsonaletik berriz, lehen ondorioa sarrera faltak ekarritako bizitza kalitatearen narriadura eta bizi-mailaren jaitsiera izango litezke. Baina kalte ekonomikoez gain, efektu sozial eta psikologikoak arreta berezia merezi dutelakoan gaude. Egia da, gure inguruko ekonomietan, hazkuntza ekonomikoa, produktibitatea eta Ongizate Estatuari esker, populazioaren zati inportante batek merkatuan lanik egiteke biziraun dezakela, adibidez EAEn landunak populazio osoaren %40a inguru suposatzen dute. Gainera, merkatuko lanak geure bizitzako gero eta denbora gutxiago hartzen du eta nahiko nabarmena da baita, beste garai batean langabezi eta pobreziaren artean zegoen lotura estua, desagertu ez den arren, bai malgutu egin dela. Zaila da, ba, askorentzat Claus Offerekin bat ez egitea lanak gizartea gero eta nekezago definitzen duela dioenean.
Baina, kontraesana ematen badu ere, ia denok langabeziaren beldur gara eta zuloan sartuz gero nola edo hala hanka egiten saiatuko gara eta seguruenik, populazioaren gehiengoak soldata baten truke lana egingo luke nahiz eta bizitzeko beharrezkoa ez izan. Gizartean, beraz, enplegua funtsezkoa da, ez bakarrik bizi-maila mantentzeko, baita geure autoestimurako ere diru sarrerak emateaz gain geure norabidea argiago eta egonkorrago ikusteko balio digulako. Langabeziaren esperientziaren inguruko lehen analisiak 30ko hamarkadakoak dira eta gaurko arazotaz ere ikerketa dezente burutu badira ere, gehienak, analisi laboral orokorrekin gertatzen den antzera, gizonei buruzkoak izan dira. Hau nahiko harrigarria iruditzen zaigu zeren eta, gero ikusteko aukera izango dugun legez, langabeziak eragin handiagoa baitu emakumeengan gizonengan baino.
Ikerlanen arabera, langabezian egoteak gizonei egonezin psikologiko nabaria sortzen die: gogogabezia, denbora betetzeko ahalmenaren galera, gaitz psikiko naiz fisikoak, e.a. Emakumeen kasuan berriz, ebidentzia enpirikoa askoz urriagoa izan arren, ikerlariek susmatzen dute ondorioak ezberdinak izan daitezkeela, ez hain traumatikoak. Ezberdintasun hau azaltzeko bi arrazoi ematen dituzte: alde batetik, dituzten enplegu-baldintzak orokorki txarragoak izaten direla eta bestalde, normalean ez dutela denbora betetzeko arazo handirik edukitzen berehala aurkitzen dutelako zeregina familiaren esparruan. Dena dela, eztabaida irekita dago eta ikerketa batzuk zalantzan jartzen hasiak dira horrelako ideiak, hau da, ez dute onartzen langabeziak emakumeengan kalte txikiagoak eragiten dituenik. Emakumeak Euskaltelek Abaltzisketan dituen bulegotan lanean. Argazkia: Justy García Koch, 2/2/00.
Langabeziaz hitz egiteko ezinbestekoa da datuetara jotzea eta hauek berehala erakusten digute langabeziak ez duela eragin berdina talde guztietan eta bereziki larria dela gazte eta emakumeentzako. Dena dela, uka ezina da azken urteetan langabezia behera egiten ari dela Europako herrialde ia guztietan, baina ezin da inolaz ere esan azken hamarkadatan gure gizarteentzat arazo ekonomiko eta batez ere sozial hain larria izan den honekin amaitzear gaudenik. Komeni da gainera askotan jaitsiera honen azpian prekarietate handia ezkutatzen dela azpimarratzea. Ez da ez ahaztu behar langabezia murrizteko, estatistikoki eragin berbera daukala denbora partzialeko aldi bateko enpleguak eta denbora osoko enplegu egonkorrak. Ia edozein tokitan emakumeen langabezi tasa gizonezkoena baino nabarmen altuagoa da eta adibidez, EAEn 2003 urtean emakumeen tasa %11,5koa baldin bada, gizonena %6,3koa “besterik” ez da. Inor gutxi harrituko da, ba, emakumeen pisua langabezian handiegia dela (%57) entzuten duenean, batez ere, kontutan edukitzen badu beren partaidetza lan merkatuan oraindik baxua dela (%42).
Diferentzia hau gutxi balitz, Europako Batasunean, 12 hilabetetik gorako langabeziaren eragina zerbait handiagoa da emakumeengan (%3,7) gizonengan (%2,7) baino. Baina adibidez Espainian diferentzia askoz nabarmenagoa da eta 2003ko datuak erakusten digute gizon langabetuen %16,6a bi urtetik gora dagoela egoera horretan eta emakumeen kasuan portzentaia %25koa dela. Lan merkatutik luzaroan baztertuentzat, beste enplegu bat lortzeko oso aukera gutxi dutenentzat eta gogogabetasunaren eraginez bazterketa sozialean bukatzeko zorian daudenentzat, langabetu terminoa bera ere ez omen da egokia, horixe diote behintzat Guy Aznar bezalako autoreak. Langabezi hitzak bi enpleguen arteko denbora laburra adierazten du eta hortik aurrera ez ginateke langabeziaren aurrean egongo, basamortu sozial antzeko egoeran murgilduta baizik.
Langabeziaren inguruan gutxienez bi galdera planteatu daitezke, alde batetik zergatik arazo honek gehiago jotzen dituzten emakumeak gizonak baino eta bestaldetik zergatik ez zaion diferentzia honi mereziko luken garrantzirik ematen, gure ustez behintzat. Lehenengo galderari erantzuteko batzuk esaten dute ahulagoa dela emakumeen lotura jarduera ekonomikoarekin , hau da bigarren mailako langileak direla pentsatzen dute. Beraz, emakumeen langabezia altuagoa baldin bada, lanpostuari atxikimendu txikia diotelako izan ahal da. Azalpen honek ez du oso zuzena ematen ahaztu egiten baitu errealitatean langabezia ez dela aukeratutako egoera, merkatuak inposatzen duena baizik.
Beste batzuen arabera berriz, emakumeak dituzten lanpostuak atzeraldietan bereziki kaltetuak izaten dira eta honek azalduko luke tasen diferentziala. Kasu honetan, lanbideen bereizkeriak azalduko luke emakumeen tasa altua. Europara begiratuz gero, hipotesi hau egia izan daitekeela pentsa genezake. Horrela, oso herrialde gutxitan gertatzen da gizonen langabezi tasa emakumeena baino altuagoa izatea eta horrela denean aldea oso txikia izaten da gainera. Baina behar bada ez da kasualitatea Suedia (0,7 punturen aldea), Erresuma Batua (1,1 punturen aldea) eta Finlandia (tasa berdinak) bezalako herriak izatea, hau da, emakumeen tradizioa lan merkatuan luzeena duten herrialdeak. Logikoa ematen du merkatuko lanean zenbat eta emakume gehiago egon eta zenbat eta denbora gehiagoan, bereizkeria baxuagoa izatea. Eta berriz, gizonen aldeko diferentziarik handiena Europako hegoaldeko herrialdeetan ematen da, Espainian (8,6 punturen aldea), Grezian (8,4 punturen aldea) eta Italian (5,3 punturen aldea), eta jakina da herri hauetan emakumeen sarrera lan merkatura askoz beranduago eman dela. Aitortu beharra daukagu ez dakigula zergatik ez zaion emakumeen langabeziari behar bezain arreta eskaintzen, are gehiago, esango genuke arazo honen aurrean tolerantzia sozial handia antzematen dugula. Honek pentsa erazten digu oraindik ere, emakumeentzat merkatuan partehartzea, gizarte mailan, aukera bat bezala ikusten dela, etxean geratzea beste aukera den bezalaxe. Hau da, oraindik ere pentsatzen da etxekoandre izatea ohizko zeregina dela emakumeentzat. Horrela bada, nahiz eta mundu guztiak onartu emakumeen langabezia arazo estatistiko bat dela, ikuspuntu sozialetik gizonen langabeziari baino garrantzi askoz txikiagoa emango zaio, bigarren mailako arazoa dela uste da eta. Noski, ideia hauek enplegu eskubidearen unibertsaltasunaren aurka daude eta emakumeen askatasun proiektua oztopatzen dute. Batzuk uste dugu, emakume eta gizonen arteko berdintasunera iritsiko bagara, lan merkatuan parte ez hartzeko aukera hori mundu guztiak, baita gizonezkoak ere, eduki beharko luketela. Lotutako artikuluak