234 Zenbakia 2003-12-12 / 2003-12-19

Gaiak

Liburutegiak inguru digitalean: liburu berriak, liburutegi berriak

ARZAMENDI, Arantza

Menu GAIAK Inicio > EM 234 > Gaiak -->

2003/12/12-19 Liburutegiak inguru digitalean: liburu berriak, liburutegi berriak Arantza Arzamendi, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria

Traducción al español

Artikulu honetan liburuak eta liburutegiak historian zehar ezagutu dituzten aldaketekin hasiko naiz, eta jarraian Euskadiko Liburutegi Sistema Nazionalaren erronkak aipatuko ditut. Ibilbide azkar batean Aitzin Aroko eta Erdi Aroko liburutegietara joko bagenu, eskuizkribuak topatuko genituzke. Erdi Arotik Errenazimenturako bidean, inprentaren sorrerak informazioa zabaltzeko aukera berria ekarri zuen, eta horretaz gain ordura arte eskuz egiten zena modu errazago batez egitea lortu zen. Eskuizkribuen ordez dokumentu inpresoak sortu ziren, liburutegiek ere aldaketak ezagutu zituzten, bereziki bildumen aberastasun mailan, eta erabiltzaile-irakurleak ere ugaritu egin ziren. Erdi Aroko monasterioetako liburutegiak ordezkatuz beste liburutegi mota berriak sortu ziren bai unibertsitateetan, bai errege eta printzeen inguruan.

XX. mendearen etorrerak aurrerapausu handia ekarri zuen, bereziki, argitalpen motak ugaritzearekin liburutegiek ere gorantz egin baitzuten. Bestalde, liburuzainen lana geroz eta teknikoagoa bihurtuko da, informatikaren laguntza ezinbestekotzat izateraino.

Lehenik eta behin azpimarratu nahi dut Teknologia Berrien eragina onuragarria izan dela liburutegientzat, zerbitzu mailan eta profesio mailan. Liburutegien katalogo automatizatuetan bilaketak egitea oso lan erraza eta azkarra bihurtu da. Horretaz gain, gaur egun, katalogo automatizatuak Internet bitartez kontsulta daitezke. Beraz, orain ez da beharrezkoa liburutegira bertaratzea, norberaren etxetik edo lantokitik edozein liburutegiko katalogoa kontsulta daiteke eguneko edozein ordu eta asteko edozein egunetan (24x7).

Liburuzainaren lana ere erabat aldatu da, orain arte eskuz egiten ziren lanak orain automatizatu egin dira, eta gainera Internetek liburutegien arteko sareak osatzea ahalbideratzen du.

Hori da hain zuzen, Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalaren lehen erronka, udal liburutegien arteko sare informatikoa on line jartzea liburutegien arteko kooperazioa indartu ahal izateko. Hemendik aurrera desagertu egingo dira liburuzainek behin eta berriz egiten dituzten zenbait lan, hain zuzen, katalogazioari dagozkionak. Bestalde, udal liburutegi guztien arteko katalogo bakar bat osatu ahal izango da eta nahikoa izango da kontsultak katalogo bakar horretan egitea liburutegi guztietako informazioa eduki ahal izateko. Kontsulta horretan liburua zein liburutegitan dagoen jakingo dugu eta baita kontsultarako prest dagoen edo etxerako maileguan eskatzeko aukera ematen duen ala ez. Aldi berean, liburutegien arteko mailegu zerbitzua egiteko aukera ematen da eta sareko zerbitzu horietaz baliatzeko bazkide txartel bat bakarra izango da. Hau da, bazkide txartel horren jabeak sareko edozein liburutegietako zerbitzuak disfrutatu ahal izango ditu. Aipatutako katalogoa eta zerbitzuak gaur egun Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Liburutegi Zerbitzuak duen web orrian izango dira kontsultagai.

Bigarren erronka, Euskadiko Liburutegien Katalogo Kolektiboa osatzea da. Aurrekoarekin alderatuz, bigarren katalogo honetan udal liburutegiez gain liburutegi mota guztiek izango dute sarrera, hau da, hiru Foru Aldundiek, hiru Unibertsitateek, Eresbilek, Labayruk, Habek, Sancho el Sabio Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Nagusiak, eta abar luzea. Gerora, Euskaditik kanpo Nafarroan, Iparraldean, diasporan edo beste zenbait lekutan dauden euskal liburutegiei ere sarrera eskaini ahal izango zaie. Katalogo honen helburu nagusia euskal ondare bibliografikoa biltzea, ezagutaraztea eta zabaltzea izango da.

Azkenik, euskarri digitalarekin batera liburutegi digitalak aipatu behar dira etorkizunerako eredu baitira. Baina zer dira liburutegi digitalak? Egia da oraindik ez daudela erabat definituak, baina sistema berri honi esker gizarteari dagokion informazio guztia gorde eta antolatu ahal izango da, hau da, mundu guztiak izango du liburutegi digitaletan dagoen informazioa eskuratzeko aukera. Liburutegi mota berri honen euskarria digitala izango da; dokumentu batzuk euskarri digitalean sortuak izango dira eta beste batzuk, berriz, inprimaki moduan sortuak (liburu, aldizkari, egunkari) edo beste edozein euskarrietan (soinu erregistroak, hitzaldiak, irrati programak) eta ondoren euskarri digitalera bihurtuko dira. Beraz, liburutegi digitalean denetarik aurkitu ahal izango da: liburuak, aldizkariak, datu baseak, museoetako piezak, errealitate birtuala, ordenadore programak…Liburutegi berri hauek ohizko gordailuen ordez gordailu elektronikoak izango dituzte. Noski, dokumentu mota berri hauen irakurketa liburutegian bertan edo etxetik egin ahal izango da, beti ere ordenadore edo internet bidez. Liburutegi digitalak pixkanaka ari dira sortzen, teknika eta arauak garatzen diren neurrian, hau da, liburutegietan orain arteko euskarriekin egiten diren hainbat lan euskarri berrietara egokitu behar baitira.

Liburutegi digitalak sortzen eta garatzen ari dira, baina aldaketa ezin da bat-batean egin eta bitartean liburutegi hibridoak sortuko dira, hau da, liburutegien zerbitzu tradizionalekin batera euskarri berri eta web formatoan oinarrituta eskaintzen dituzten zerbitzuko liburutegiak. Egiaztatu edo frogatu dezakegu Teknologia Berriak eta liburutegiak ez daudela kontrajarriak, beraz, liburutegien etorkizuna ez dago arriskuan. Baina onartu behar da Teknologia Berrien garapenak liburutegien eraldaketa ekarriko duela berarekin, etorkizunean liburutegiak ez dira gordailu hutsak izango eta erabiltzailearen zerbitzura bideratuko dira. Liburutegiaren helburua ez da izango dokumentazioa jasotzea eta gordetzea, informazioa sarean egongo da digitalizatua eta denok izango dugu sarean sartzeko aukera, baina Internetek eskaintzen duen informazioaren unibertso horretan mugitzeko laguntza handia beharko da eta laguntza hori liburuzainek emango dute, beraiek gidatuko gaituzte informazioaren unibertso berri horretan. Etorkizuneko liburutegiaren ekarpena espazio publikoa, eta liburuzainaren zerbitzua dira bereziki, bi zerbitzu hauek Internetek berez eskaintzen dituen zerbitzuen osagarri izango direlarik. Dagoeneko, Bizkaian Foru Aldundiko Liburutegia eta Gipuzkoan, Foru Aldundiaren Koldo Mitxelena Liburutegia hasiak dira liburutegi digitalaren zerbitzuak eskaintzen. Sancho el Sabio Fundazioko Liburutegiak ere badu 3000 alez osaturiko liburu zaharren (XV-XVIII. mendeak) bilduma digitalizatua, denbora gutxi barru Kultura Sailaren Liburutegi Zerbitzuaren web orrian kontsultagai izango dena. Lehen pausuak ematen hasiak gara baina liburutegi digitalaren zerbitzuak garatzea izango da datozen urteetarako erronka nagusia.