
Gaiak
Tokiko prentsaren errezeta
2003/11/21-28 Tokiko prentsaren errezeta Jose Felix Diaz de Tuesta, Arrasateko Udaleko euskara teknikaria eta Arrasate Pressen sortzaileetakoa
Europako lehenengo toki aldizkaria -La Gazeta de Vic- Katalunian sortu zen 1803an. Katalunian katalanez egindako prentsak tradizio handia badu ere, 1976tik hona gertatu da Kataluniako tokiko prentsaren loratzea. Baina, tokiko prentsaren loratzea Mendebalde osoan gauzatzen ari den fenomenoa da. Espainian, adibidez, 1976tik 1990era bitartean gertatu zen prentsa erregional eta lokalaren susperraldia (Macia Mercade, 1987).
Euskarazko tokiko prentsa fenomeno sozial moduan, Arrasate Press astekariarekin batera sortu zen 1988an (Plazaola, 1993). Arrasate Press ez zen euskaraz argitaratutako lehen toki aldizkaria izan, baina bai gehien iraun duena, eta bere ondoren jaio diren ia gehienentzat begiratu beharreko ispilua izan da (Otamendi, 1995). Arrasate Pressen ereduari jarraiki eratu da tokiko euskarazko prentsa (Zalbide, 1993). Arrasate Pressek, berriz, Mendebaldeko Europako eta Estatu Batuetako tokiko prentsa hartu zuen eredu eta bere merkatuko beharretara egokitu.
Oso apustu garbia egin zuen Arrasate Press-ek hasiera-hasieratik: bere zabalkunde-eremuan merkatuko liderra izatea, hau da, beste edozein egunkari edo aldizkari baino irakurle gehiagorengana iristea. Eta, hartarako erabili zuen errezetako osagarri nagusia herrietan oso ugaria den lehengaia izan zen: bertako berri ematea, Arrasaten Arrasateren berri ematea, alegia. Gainontzeko osagarriak ere oso arruntak ziren: batetik, produktua eskatzen zuten herritar guztiei doan banatzea, hartarako harpidetza-sistema erabiliz eta aldizkaria etxez etxe banatuz; bestetik, aldizkarian publizitateari lekua ematea, aldizkaria finantzatzeko.
Errezeta horrekin, munduko edozein herritan edozeinek erabil dezakeen errezeta horrekin, zenbat ale argitaratu ahal izango zituen Arrasate Press-ek. Bada, egia esanda, ez asko, merkatuko liderra izateko behar beste ale ez, behintzat: 7.000 familiatik 2.000ra edo 2.500era iritsi ahal izango zen, gehienez ere. Nola lortu zuen, bada, urtebetean Arrasateko 5.000 etxera iristea? Hortxe dago errezetaren sekretua.
Herri-administrazioen parte hartzeak bereizten du euskarazko tokiko prentsa –eta, oro har, euskarazko tokiko komunikabideak– beste lurralde batzuetako tokiko prentsatik. Nola lortu zen, ordea, herri-administrazioen parte-hartzea? Hizkuntza-normalizazioaren aldeko laguntza eskatu zitzaien herri-administrazioei. Eta laguntzaren tamaina finkatzeko irizpideak kuantifikatu eta objektibizatu ziren. Ahalik eta euskaldun gehienengana iristea izanik Arrasate Pressen helburua, merkatuko eskaera osoari egin zion aurre. Horrenbestez, berak ase ezin zezakeen eskariari aurre egitea bermatzeko eskatu zien herri-administrazioei. Arrasateko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak –gerora, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bai– jarri zituzten proiektua bideragarri izateko beharrezkoak ziren baliabideak. Sortu zenetik Arrasate Pressen autofinantziazio-maila %60 ingurukoa izan da beti eta, beraz, gainontzekoa herri-administrazioen dirulaguntzen bidez lortu izan du.
Ikusten denez, errezeta oso erraza da, beste askoren antzekoa. Egun Euskal Herrian tokiko komunikabide gehienek erabiltzen dute errezeta hori, arrakasta handiz, gainera. Duela hamabost urte, ordea, errotik aldatu zituen euskalgintzaren jarduera eta lan egiteko era. Seiehun mila irakurle ditu euskarazko tokiko prentsak
Denetara berrehun eta hiru mila ale argitaratzen ditu euskarazko tokiko prentsak zenbakiko eta inoiz baino irakurle gehiago ditu, 600.000 euskaldun inguruk irakurtzen dute-eta. Berrogeita hamazortzi toki aldizkari argitaratzen dira gaur egun euskaraz, Herria izan ezik beste guztiak 1988 urteaz geroztik jaiotakoak. Euskarazko tokiko prentsaren hedapena lurralde euskaldunetan gertatu da batik bat, euskara oraindik indartsu dagoen herrialdeetan. Bestalde, maiztasun handikoak dira aldizkari gehienak: aldizkarien erdiak maiztasun handikoak dira (egunkari, astekari edo hamaboskariak) eta, gainera, beraiek dira tiradarik handiena dutenak (ikus taula). Euskarazko herri-prentsaren bilakaera Maiztasuna 1991 1996 2003 Aldizkariak Tirada Aldizkariak Tirada Aldizkariak Tirada Egunkariak 0 0 ale 0 0 ale 4 20.700 ale Astekariak 4 13.500 ale 8 35.650 ale 12 74.530 ale Hamabostekariak 5 17.600 ale 6 22.500 ale 9 40.000 ale Hilabetekariak 11 27.300 ale 22 52.200 ale 23 55.550 ale Beste batzuk 13 18.200 ale 11 11.500 ale 10 12.250 ale Guztira 33 76.600 ale 50 121.850 ale 58 203.030 ale Iturria: 1991 eta 1996ko datuak Jose Felix Diaz de Tuestak bildutakoak. 2003koak, berriz, Topaguneak emandakoak. BIBLIOGRAFIA
Plazaola, E. eta beste batzuk (1992) “Euskal prentsa lokalaren problematika” in Jakin 69.
Macia Mercade, J. (1995) La Comunicación regional y local. Madrid: Editorial Ciencia 3 Distribución, S.A.
Otamendi, M., eta Uria, I. (1995) “Euskal prentsak ez du inoiz maila hau izan” in Euskaldunon Egunkariaren Urtekaria. Zalbide, M. (1993) “Euskal kultura” in Jakin 73. Lotutako artikuluak