227 Zenbakia 2003-10-24 / 2003-10-31

Elkarrizketa

Jesús Atxa: "Ikastolarik egon izan ez balitz, euskarak, frankismoaren ostean, 25 bat urte iraungo zituen gehienez"

LARREA, Koldo

Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 227 > Elkarrizketa -->

2003/10/24-31 Jesús Atxa

Euskara eta kultura bultzatzailea "Ikastolarik egon izan ez balitz, euskarak, frankismoaren ostean, 25 bat urte iraungo zituen gehienez" Koldo Larrea

Itzulpena: Koro Garmendia

Español Bizkaiko Ikastolen Elkarteak ondo merezitako omenaldia eskaini zion apirilaren 2an Bilbon, duela hogeita bost urte bere sortzaileetako bat izateagatik. 1947az geroztik EAJko kidea, eta ondoren, sortu zenetik, EAkoa den honek, sendo eusten dio euskara garatu eta zabaltzeko konpromisoari. Euskaltzandiako ohorezko kidea da, eta Iruñako San Fermin ikastolako zuzendaria izan zen erretiroa hartu arte. Denbora luzea daramanez Nafarroako Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, ondo baino hobeto ezagutzen du euskarak Foru Komunitatean izan duen bilakaera. Zein egoeratan daude ikastolak Nafarroan? Gaur egun hamabost ikastola daude Nafarroan. Iruñan dauzkagu San Ferminekoa, Paz de Cigandakoa -biak 1970ean sortuak-, eta Francisco de Jasokoa, hamar urte geroago sortua. Eta, hauez gain, Irunberrikoa, Zangotzakoa, Altsasukoa, Etxarri Aranazkoa, Elizondokoa, Lesakakoa, Berakoa, Lizarrakoa, Tafallakoa –azken bi hauek ere 70ekoak dira-, Vianakoa, Tuterakoa eta Lodosa eta Sartagudakoa. Azken hirurak ez daude legeztatuta, Hezkuntzak oraindik ez ditu aintzatetsi. Baina, guztiek batera, sei mila ikasle inguru biltzen dituzte.

Eman dituzun datuei erreparatuz, 1970. urtea erabakigarria izan zela dirudi. Bai, erabakigarria izan zen. Nolanahi ere, ikastolen aldeko mugimendua lehenagokoa zen, etxe partikularretan sortu zelako. Gipuzkoan, herriz herri ibili zen korronte bat egon zen. Iruñan, 1963an egin zituzten Nafarroako lehenengo ikastola zabaltzeko ahaleginak, baina ekimenak ez zuen aurrera egin, eta handik bi urtera, 1965ean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ikastola bat eratu zuen, esklusiboki bertako kideen seme-alabentzat. Hasieran Nuestra Señora de Ujué izena zeraman, baina gero Paz de Ciganda izatera pasa zen. Baina Elkartea zatitu egin zen, eta Jorge Cortésen gidaritzapean San Fermin ikastola sortzeari ekin zioten. Garai haietan, nazio osoan hizkuntza bakarra erabiltzea aldarrikatzen zuen sistemak, gaztelania alegia. Erregimen frankistak eragotzi egin al zuen ikastolen sorrera? Nafarroako Foru Aldundiak beti zabaldu zion atea euskarari, eta Francoren garaian ere bai. Amadeo Marco presidenteak sekula ez zuen euskararen kontra egin; alderantziz, beti euskara garatzen saiatu zen, Hezkuntza Sailean zeudenak baino askoz ere gehiago. Gainera, Vianako Printzea instituzio publikoak euskara sustatzeko sail bat sortu zuen, eta organismo honetan, besteak beste, duela gutxi hil zaigun José María Satrustegi, Díaz Ulzurrun eta Jorge Cortés Izal bezalakoak zeuden. Azken hau, bertako idazkaria zen. Organismo hau funtsezkoa izan zen euskara garatzeko. Dena den, arazorik ere izango zen. Bai, jakina. Foru Aldundiaren bitartez, ikastolek dirulaguntzak jasotzen zituzten, baina haurrek, handitzean, eskolatze txartela eskatzen zuten, eta orduan sortzen zitzaizkigun arazoak Madrilgo Gobernu zentraleko Hezkuntza Ministerioarekin, ikastola hauek ez zeudelako legeztatuta. Azkenean, trikimailu burokratiko batzuen bitartez konpondu genuen txartelen arazoa, ikasleak ikastetxe legeztatuetan aritu zirela emanez aditzera. Alderdi ekonomikoa, berriz, aipaturiko dirulaguntzen bidez konpondu genuen nola-hala. Hortaz, Nafarroako ikastolak gaur egun osasunez ondo dabiltzala esan al dezakegu? Bai, nahiko ondo. Arazorik larriena ekonomikoa da oraindik ere. Eremu ez-euskalduneko ikastolak legeztatu gabe daudenez, beste bide batzuetara jo behar dute diru-laguntzak jasotzeko. Dena den, Nafarroan orain bertan ez dago ikastola berrien beharrik; daudenekin aski da, ikastetxe publikoek gero eta gehiago besarkatzen dutelako euskara. Eta, eragozpenak eragozpen, jaiotze tasa jaitsi egin den arren eta abar, matrikulen kopurua mantendu egiten da, eta apur bat igo ere egin da. Nafarroan egiten diren matrikulazioen %30ak D eredua eskatzen du. Inguruabar berrien artean, migrazioaren fenomenoa daukagu, batik bat Hego Ameriketatik datorrena. Kalterik egingo al dio euskararen garapenari? Ez du zertan, baina bistan da izango duela eraginik. Ikastoletako irakasleak ahalegin handiak egiten ari dira egoera berri horretara egokitzeko. Immigrazioa ez dator Ameriketatik bakarrik, baizik eta baita ere Afrikatik eta Europako ekialdeko herrialdeetatik. Baina hiritar berri hauei ez baldin badiegu euskara ikasteko arrazoi onik eskaintzen, gaztelaniazko hezkuntza emango diete beren seme-alabei. Ikastolen aldeko gizarte mugimendua funtsezkoa izan da euskara hedatzeko. Trukean ordaindu beharreko prezioa euskara batua izan ote da? Ez. Baina hasieran arazo handiak eman zizkigun. Funtsean, euskara ez hiltzeko eragiketa bat izan zen. Beharrezkoa zen gure hizkuntza batzea. Hasiera batean hamar urteko epealdirako aurreikusi zen, eta asmoa zen hamar urte horien buruan berrikustea. Baina ez da ahaztu behar orduko giroa nolakoa zen. Politikaren aldetik, 60ko hamarkada oso gogorra izan zen, oso aztoratua, eta erradikalek itundutakoa baino haratago eraman zuten euskara batua. Eta, azkenean, burokratizatu egin zen. Hitzak adreiluak bezala dira. Hizkuntza baten arima adreilu horietan dago, eta horregatik behar bezala ipini behar dira. Gaur egungo ikuspegitik begiratuta, esan dezakegu euskara batua oso egoki eta aproposa izan dela, batez ere termino modernoen testuingurura egokitzeko. Nolanahi ere, dirudienez ez da nahikoa. Duela gutxi, Maitena Etxebarria, Euskal Herriko Unibertsitatean Hizkuntzalaritzako katedraduna denak, egun euskara geldituta dagoela ohartarazi du, eta gizarteak maizago erabiltzen ez baldin badu desagertzeko arriskua duela. Ados al zaude ikuspegi honekin? Euskara ez da desagertuko. Gutxienez beste ehun urtez biziko da (ja, ja...). Ez dugu ahaztu behar gaur arte bizirik iraun duela. Dena den, erakundeen eta komunikabideen laguntza eta babesa behar ditu. Historian zehar, indartsuenen hizkuntzak gailendu izan dira, boterean zeudenenak... Hizkuntza batek ezin du oinarri politikorik izan gabe bizi. Eta oso kontuan izan behar da ikastolak existitu izan ez balira, frankismoaren ostean euskara gehienez jota hogeita bost urtez biziko zela, honez gero desagertuta egongo zela. Ostera, ez dirudi egun Nafarroan euskararen inguruan indarrean dagoen legedia euskarri politikorik egokiena denik. Gaur egungo Euskararen Legea negatiboa da. Ezin da Nafarroa horrela banatu, eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna ezarriz. Ez dauka inolako zentzurik. Hori da nekazariei esatea bezala: “hemen tomateak bakarrik landa ditzakezue, eta hor piperrak...”. Euskarak eta ikastolek eskariaren arabera egin behar dute aurrera. Horregatik, araudia nolakoa den ikusita, ezin esan euskara osasunez ongi dabilenik. Hezkuntzari dagokionez, berriz, eta zehazki unibertsitate mailan, euskarazko irakaskuntzaren gaia konpontzea falta zaigu. Hemen daukagun arazorik handienetarikoa da euskara politikarekin lotzen dela oraindik ere. Zure ibilbide zabalaren gaineko errepaso honi amaiera emateko, ahantz ezazu une batez errealitatea eta esan iezaguzu barru-barruan daramazun amets idealista edo utopikoren bat. Jende guztiak hiru hizkuntza hitz egin ditzala, eta, hemen, horietako bat euskara izan dadila. Jes?s Atxa Agirre

Jesús Atxa Agirre Aretxabaletan jaio zen 1920an, duela 83 urte. Durangoko Jesuiten San José ikastetxean ikasi zuen. Gerra Zibila pizterakoan, Belgikara eraman zuten, jesuiten ordenan sartzeko beharrezko ezagutzak jasotzeko xedearekin. Handik Bogotá-ra joan zen, Kolonbian nobiziatu berri bat zabaldu behar zutela-eta. Han ikasketa jesuitikoak utzi, eta Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Javieriana Unibertsitatean.

Ameriketan gelditzea erabaki zuen, baina bizitzera Caracasa joan zen, hiri honek lotura handiagoa zeukalako euskal munduarekin. Nolanahi ere, 1945ean kontinentea atzean utzi eta jaioterrira itzultzea erabaki zuen.

Handik urte betera, Bizkaiko Aurrezki Kutxan hasi zen lanean, Elorrion, eta herri honetako parrokiako abesbatza zuzentzen. Denboraldi batean metalgintzan lanean aritu ostean, 60ko hamarkadaren hasieran Elorriko eskola korporatibistako ikasleei euskarazko eskolak ematen hasi zen.

1964an Bilbora joan eta Edili, euskara garatzeko kultur elkartean hasi zen lanean, eta horrela bete-betean sartu zen ikastolen munduan.

Sei urte geroago, Jorge Cortések Iruñako San Fermin ikastolako zuzendari izatea eskaini zion, eta postu horretan jardun zuen harik eta 1984an erretiroa hartu zuen arte. Ostera, gerora ere jarraitu du Nafarroako Ikastolen Elkartearekin lanean.

Ezkonduta dago eta lau seme-alaba dauzka, hauetatik hiru ikastoletan ari direlarik lanean. Aisialdian Nafarroako ikastolen historia errepasatzen aritzen da, baina, bereziki, bere zazpi bilobekin jolasten.