Elkarrizketa Gaiak Atzoko Irudiak Euskobooks Euskal Kantutegia Efemerideak Irratia Kosmopolita Art-Aretoa Artisautza Udalak Links: www.euskomedia.org
www.eusko-ikaskuntza.org
www.asmoz.org
Quiénes somos
Política de Privacidad
Avisos Legales
© Eusko Ikaskuntza
ELKARRIZKETA Inicio > EM 222 > Elkarrizketa -->
2003/09/19-26 Jose Ignacio Zudaire
Administrazio eta Plangintza sailburuordea "Euskal Herrian, administrazioek, enpresek eta hiritarrek beren indarrak batzean garatuko da informazioaren gizartea" Usoa Otaño Unzurrunzaga
Versión original en español Jose Ignacio Zudaireren ibilbide profesionala teknologia berriei eta bere hedapenari lotuta dago. Une honetan, Euskadin, Interneten erabildera %30´5 da eta horregatik, “Euskadi Informazio Gizartean” planari buruz galdegin diogu, honen helburu eta lanlerroei buruz alegia. Hesi digitala eta etorkizunaren gainean bere gogoetak eskaini dizkigu. Informazioaren Gizartearen ikuspuntutik begiratuta, zein egoeratan dago Euskal Herria? Euskal Herriak funtsezko bi faktore dauzka informazioaren gizartearen garapenean aurrera egiteari begira; hau da, bere goi mailako hezkuntza ereduak, eta gure sail produktibo eta instituzionalen gaitasun eta konpromisoa. Hauek guztiek, Europan buru diren herrialdeen artean egoteko aukera ematen digute. Eustatek informazioaren gizarteari buruz egin duen inkestako emaitzek erakusten dutenaren arabera, hazi egin da Interneteko erabiltzaileen kopurua; izan ere, 2000. urteko laugarren hiruhilekoan %19,4 baldin baziren, 2002ko bigarren hiruhilekoan %30,5 ziren erabiltzaileak. Ikus daitekeenez, gure gizartean gero eta sakonagoak dira Internet geure bizimoduetan sartzeko eta ematen dizkigun aukerez baliatzeko asmoak. Beste alde batetik, enpresek eta administrazioek ahalegin handia egin dugu inbertsioen aldetik gure erakundeetan teknologia berriak txertatzeko, eta, horri esker, gure inguruko herrialdeen maila bertsuan gaude kokatuta ekipamenduari dagokionez. Orain daukagun erronka, potentzialitate guztiak informazioaren gizartearen eskutik sortuko zaigun inguru berrian aurrera egiteko aprobetxatzen jakitean datza. Zein helburu dauka "Euskadi Informazioaren Gizartean" Planak? Eusko Jaurlaritzak 2002ko otsailean onartu zuen “Euskadi Informazioaren Gizartean” Plana, eragile ekonomiko eta sozial guztiei irekita dagoen egitasmo dinamiko bat da, euskal gizartea aro digital berrira egokitzeko helburua duena. Horretarako, kultura aldatzen eta teknologia berriak jende guztiaren esku ipintzen ari gara, modu horretan bizitzaren kalitatea hobetzeko, gizartean oreka erdiesteko, eta gure ekonomiak balioak eta aberastasunak sortzeko. Zeintzuk dira Plan horrek jasotzen dituen lan ildoak? Helburu hori betetzeko, Planak hainbat ekintza aurreikusten ditu bere lan ildo bakoitzerako. Zehazki, honako hauek dira ildo horiek: erabiltzaileak (edukiak sortu eta erabiltzen dituztenak), edukiak eta zerbitzuak (Sareari balioa eman eta teknologia berrien erabilera sustatzen dutenak) , eta testuingurua (erabiltzaileei eduki eta zerbitzuetara jotzeko aukera ematen diena).
Eredu honetan, erabiltzaileak izango ginateke hiritarrak (“Euskal hiritar guztiek jo ahal izango dute Internetera, eta berau erabili, beharrezko diren motibazio, trebakuntza eta ekipamendua izatean”), enpresak (“enpresa eta ekintzaile berri guztiek, teknologia berriak modu egokian aprobetxatzeko bitarteko eta aukerak izango dituzte”), eta administrazioak (“administrazioek, hiritarrengana hurbiltzeko eta beren kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko erabiliko dituzte teknologia berriak”).
Edukiak, berriz, honako hauei buruzkoak dira: Euskadik Sarean daukan presentziari buruzkoak (“mundu globalizatu honetan indartu egin behar denez herrien nortasuna, Interneten euskal kultura hedatuko dugu, eta euskararen erabilera sendotuko”), e-trebakuntzari buruzkoak (“inguru digital berrian, beharrezkoa trebakuntza prozesuak egokitzea eta irakasle, ikasle zein hiritarrak e-trebakuntza erabiltzeko motibatu eta trebatzea”), e-osasunari buruzkoak (“teknologia berrien aplikazioari esker, errazagoa izango da osasun zerbitzuetara jotzea, osasun sistema eraginkorragoa izango da, eta hiritarrek balio handiagoa izango dute”), eta edukien sektoreari buruzkoak (“Sarearen balioa, erabiltzaileen beharretara egokitutako kalitatezko edukiak sortu eta banatzeko gaitasunarekin lotuta dago”). Zein epe eta inbertsio aurreikusi dituzue? Aurrez aipatu ditudan alorretarako Planak biltzen dituen ekimenei dagokienez, eta 2005. urteari begira, 433.420.225 euroko euskarri finantzieroa daukagu. Kopuru horri, arlo publiko-pribatutik etorriko diren 130 milioi euro erantsi behar zaizkio, banda zabala lurralde osoan ipintzeko. Zein zeregin izango dute eragile sozialek Plan honen baitan? Administrazio publikoei, enpresentzat eta partikularrentzat inguru egokia sortzen laguntzea dagokigu, bakoitzak bere helburuak bete ahal izan ditzan. Baina ez hori bakarrik. Nire ustez, alor honetan guztiok batu behar ditugu indarrak (administrazioek, enpresek eta hiritarrek) Euskal Herrian informazioaren gizartea garatzeko. Nola garatu da Euskal Herria azken urteotan, eta zein da zure iritzia gertatu diren aldaketei dagokienez? Euskadin, Internetez nabigatzen dutenen kopurua %30,5ekoa da. Europako hegoaldeko Estatu gehienetan gertatzen ari den bezala, hazkundeko inflexio puntu batean gaude. Teknologia berrien ekipamendua eta erabilera nola garatu diren ikusita, garbi esan daiteke teknologia hauen erabilera ez dagoela soilik ekipamenduaren menpe, baizik eta kulturak eta eduki zein zerbitzu erabilgarriak egoteak ere zeresan handia daukatela.
Beraz, "Internet guztiontzat" sailean, bi politika dira indartu beharrekoak: alde batetik, oro har gizarteko kultura aldatzera bideratuta daudenak, jendeak eguneroko bizitzan teknologia berriak erabil ditzan, eta, bestetik, balio erantsia duten trakziozko eduki eta zerbitzuak sustatzera bideratuta dauden ekintzak bultzatzea. Azken hauetan Administrazioak oso garrantzi handia dauka, transakzioetarako, hezkuntzarako eta osasunerako zerbitzuak eskainiz.
“Enpresa digitala”-ren kasuan, bai Interneten sartzeko joera, eta bai enpresek sarean duten presentzia, gero eta handiagoak dira, eta beraz bat datoz 2005erako finkatu ditugun helburuekin. Nolanahi ere, gure erronka izango litzateke teknologia berriak enpresen arteko lehia areagotzeko bitarteko modura erabiltzea. Non dago "hesi digitala" deiturikoa? Teknologia berrietara jotzeko zailtasunak dauzkaten kolektiboetan. Hau da, adinekoak, langabezian daudenak eta lehen mailako ikasketak besterik ez dauzkatenak dira errealitate digital berritik kanpo gelditzeko arrisku handiena daukatenak. Horregatik, Euskadi Informazioaren Gizartean Planaren helburuetako bat, hesi digitala txikitzen saiatzea da.
Eta, hain zuzen ere xede horrekin, eta 2003ko uztailaren 31n geneuzkan datuek erakusten digutenez, KZ Guneetan 31.000 lagun baino gehiago trebatu dira, guztiak ere errealitate digitaletik kanpo gelditzeko arriskuan zeudenak izanik. Beste alde batetik, Interneten sartzeko erraztasunak bilatzen ere ari gara, ordenagailu bat erosteko kulturaren eta prezioaren aldetik dauden eragozpenak gainditzeko, eta, ondoren, baldintza horiek betetzen dituzten ekipoak homologatzeko eta erosketa subentzionatzeko. Era berean, lehen aipaturiko kolektiboekin aritzen diren irabazi asmorik ez duten erakundeei Informazioaren Gizartean sartzen laguntzeko ekintzak prestatzen ere ari gara. Eraldaketa honen baitan, guztiz beharrezkoa izango da enpresek ere parte hartzea. Ostera, enpresa txikiek, euskal industrian gehiengoa, apenas agertzen dute parametro berri hauekin lanean hasteko jarrerarik. Nola alda liteke egoera hau? Hesi digitalaren arriskua enpresen artean ere badago, batik bat hamar langile baino gutxiago dauzkatenen kasuan. Teknologia berriak mikroenpresetan txertatzeko, lau alderdi ari gara lantzen: lehenik eta behin, enpresariei erronka digitalaren norainokotasuna eta garrantzia ikusarazten; bigarren, digitalizazio plan sektorialak sustatzen; hirugarren, enpresetan hard eta software teknologia sartzen laguntzen; eta, azkenik, informazioaren teknologiak enpresaren negozioaren zerbitzura jartzen ikasteko trebatzen. Negozioetarako zein aukera izango dituzte enpresek esparru berri honetan? Nolako etorkizuna izango dute "tren birtual" honetara igotzen ez direnek? Esparru berrian negozioetarako zein aukera egongo diren aztertzeko orduan, oso garrantzitsua iruditzen zait ikuspegi errealista bat izatea. Enpresek, beren negozioetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartu edo ez aztertzerakoan, kontuan hartu beharko dituzte bai beren estrategia, bai balioen katean daukaten posizioa, eta baita ere zein ezaugarri dauzkan beren merkatuak. Gainera, digitalizatzeko proiektuak inbertsioak berreskuratzeko asmoz landu beharko dituzte. Hori horrela, enpresak beren negozioen prozesuak optimizatzeko eta/edo birdefinitzeko baliatuko dira teknologia berriez, eraginkorragoak izateko. Modu horretan, balioen katean sartu ahal izango dute, eta baliabide zein merkatu berrietan sartzeko prest egongo dira. Are gehiago, informazio gehiago izango dute beren bezeroen ezaugarri eta beharrei buruz, eta, honela, fidelizatu egingo dituzte. Funtsean, beren lehiakortasuna areagotu nahi badute, barne eta kanpo efizientziak harrapatu beharko dituzte. Hori egiten ez dutenek, arrisku larrian jarriko dute beren etorkizuna. Prospektiba pixka bat eginez, nola imajinatzen duzu euskal gizartea 20 urte barru? Galdera honi erantzutea arriskutsua izan daiteke. Denbora da erantzun egokia emango digun bakarra. Nolanahi ere, nire iritzian hemendik hamabost edo hogei urte barru ez dugu informazioaren gizarteari buruz orain mintzatzen garen bezala hitz egingo, ordurako gure bizimoduan oso sartuta egongo delako. Dena den, une hori iristen denerako geure burua prestatzen hasi beharko genuke, Euskal Herria digitalki prest egon dadin, eta mundu osoko Estaturik aurreratuenetariko bat izan dadin. Jose Ignacio Zudaire
Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Zientzien ikasketak egin zituen, eta geroztik Administrazio Publikoan aritu da lanean, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailean hain zuzen ere.
Hasiera batean, Berrikuntza Teknologikoko Programen eta Inbertsioetan laguntzeko arduradun gisa. Ondoren, Zerbitzu Orokorren zuzendari izan zen, eta Sistema Informatikoen arduradun. 2001eko urriaren 25etik, Administrazio eta Plangintza sailburuordea da, eta baita Euskadi Informazioaren Gizartean Plana koordinatzearen arduraduna ere.