224 Zenbakia 2003-10-03 / 2003-10-10

Gaiak

Etienne Salaberry (1903-1981)

DAVANT, Jean-Louis



Elkarrizketa Gaiak Atzoko Irudiak Euskobooks Euskal Kantutegia Efemerideak Irratia Kosmopolita Art-Aretoa Artisautza Herriak Links: www.euskomedia.org

www.eusko-ikaskuntza.org

www.asmoz.org

Quiénes somos

Política de Privacidad

Avisos Legales

© Eusko Ikaskuntza

GAIAK Inicio > EM 224 > Gaiak -->

2003/10/03-10 Etienne Salaberry (1903-1981) Jean Louis Davant, idazlea

Français

Duela mende bat jaio zen Etienne SALABERRY apaiz idazlea, 1903ko otsailaren 18an zuzen. Piarres LAFITTE sonatuaren kidea zen Uztaritzeko ikastetxe katolikoan eta Herria astekarian. Ezin bereiziak ditugu biak, bestalde Larzabal eta Monzon bezala eta horrekin oso bat nator Pako SUDUPE idazlearekin : Piarres Lafitte-ren « Kazetari-lan hautatuak » liburu mardula agerturik, ber modukoaren antolatzen ari da Salaberryz, datorren udaberrian argitaratzeko. Etienne Salaberry

Filosofia irakaslea zen Salaberry eta horren ezagutzak egin nituen Uztaritzeko « Saint François Xavier » ikastetxean ikasle nintzela, 1953-54 ikasurtean. Ikasgaiak oso zorrozki prestatzen eta egiten zizkigun, laburpen idatzia barne. Autoritate natural handia ukanarren, harreman onak zituen bere ikasleokin, eta lantzen zituen ere ; atsedenaldietan gure jostalekura jaistea ohi zuen beste irakasle gehixenek ez bezala, gurekin elerrateko, dela arraierian, dela gai sakonetan. Gure geroaz arta handia zuen, goi mailako ikasketei buruzko sail eta bideen hautatzen laguntu gintuen, eta nihau bereziki.

Handik landa, Unibertsitatea zela, eta gero Aljeriako soldaduzka, sei urte eta erdiz Salaberry-ren ganik urrundu zen ene bidea. 1961eko urtarrila hastean irakasle sartu nintzen Hazparneko « Saint Joseph » kolegioan, eta apirilan Enbata kazetako taldean. Hortik aitzina Salaberry-rekin topo egin nuen berriz, dela haren eta nire artikuluen bitartez, dela biltzar publiko batzuetan.

Heleta nafar herriko Garra etxean jaioa, etxe oneko semea zen Salaberry. Harentzat « Jainkoaren etxeko jauna » zen apaiza. Bai, jauna zen Salaberry, Lafitte bat ez bezala, baina jauna zentzu hoberenean ere : bihotz handiko gizona, eskuzabala, bere ikasleoi ekartzen zigun arta eta laguntzarik usna daitekeen bezala. Politikako eztabaidetan ere, txikikeriak bazter uzten zituen, eta polemika guzien gainetik egoten zen fransesez erraten den bezala « chevaleresque », hots egiazko zalduna, estimu handitan zaukan Monzon-en antzera. Nire alde bereziki hola portatu zen, Frantziako administrazioak egin zidan auzi gogor batean. Politikan genituen ezadostasunak kontutan hartu gabe, nire defentsan agertu zen argi eta garbi, bere sona hor arriskutan ezariz Herria kazetako artikulu batean, eskuindarra eta gaullista baitzen iparraldeko iritzi publikoa, oso Frantziazalea denen gainetik.

Bost urtez gerlako presoner egona Alemanian (1940-45), Herria kazetan 36 urtez astero bi zutabe idatziko zituen Salaberryk, bata euskaraz, « So egilea » sinatua. « Tribune libre du prisonnier » delako titulu pean. Preso izanaz markaturik egon zen.

Haatik ez zen batere gaullista. Kristau demokrata zen, Frantziako zentristen aldekoa, oso europazalea, eta bere gisan euskalzalea, errotik euskalduna baitzen. Bere alderdiari eutsi zion, beti Robert Schuman fundatzailearen idealari fidel egonez. Maiz eztabaidan sartu zen Enbatakoekin, bereziki nirekin, Herria , kazetako bere frantsesezko artikuluetan. Gure zurruntasuna zitzaion partida oroz gainetik eta uste dut, berak behin idatzi zuen bezala, belaunaldien artekoa zela gehienik gure arteko ezadostasuna, ez hainbat ideologiazkoa.

Alderdi zentrista ere kritikatu zuen 1965etik, haren oportunismoa salatuz. Eta nagusiki, 1970eko hamarkadan, abertzale bilakatu zela erran daiteke, haren idazki batzuk ongi aztertuz.

Apaiza zen, ez haatik batere klerikala, gizona baitzen oroz gainetik, eta kristau idekia, baikorra, Kontzilioa posible egin duten horietako. Ez zen agortu mezu hori, bukatzekoa baita Elizaren erreforma. Halaber Salaberry-ren europazaletasuna, egiazko Europa bati buruz lehen urrasak orain hasten baititugu. Euskal Herriaz ere badigu zer errana, sail horretan ere pauso franko baitugu egiteko. Ez da hila haren mezua. XX. mendeko euskaldun handienetatik izan da Salaberry. Horren mailako gizon politikorik ez dugu eduki iparraldean. Beraz guk ohoratu behar genukeen, hegoaldeko batek egiten du, eta gisa batez hobe, Euskal Herri osoaren gorazarrea merezi baitu mugari hainbeste ostiko eman dion euskaldun europazale horrek. Eskerrak zuri, Pako Sudupe ! Lotutako artikuluak