221 Zenbakia 2003-09-12 / 2003-09-19

Gaiak

Webguneen iraultza: blog fenomenoa

ARANTZABAL, Iban



Elkarrizketa Gaiak Atzoko Irudiak Euskobooks Euskal Kantutegia Efemerideak Kosmopolita Art-Aretoa Artisautza Udalak Links:



GAIAK Inicio > EM 221 > Gaiak

2003/09/11-19 Webguneen iraultza: blog fenomenoa Iban Arantzabal, Goiena eta Sustatu.com

Traducción al español

Idatzi dut weblogen gainean Euskonews-ko erredakziotik horrela eskatuta. Artikuluan aipatzen dira: blog-etan zelan idatzi, Interneteko irakurlea, itxura baino garrantzitsuagoa edukia, Sustatu erreminta moduan, eta Internet ulertzeko modua zein hainbat weblogetarako loturak. Web + log: weblog

Aspaldian blog hitza geratu da erabiltzaileon artean. Laburdura geratu ere, Interneten ez baita luze idazten. Gainera ezin da luze idatzi: Pantailak ez du paperak besteko erosotasunik ematen, oraingoz. Moteldu egiten du irakurketa. Horregatik inprimatzen du jendeak horrenbeste bider. Denbora gutxi du irakurleak irakurtzeko gure blog-a zein beste edozein gune. Artikuluak eskaneatu egiten ditugu: begiratu bat eman goitik behera eta ikusi ea interesgarria den. Zappinga telebistan handia bada, zer esanik ez Interneten. Loturak eman behar zaizkio gaia sakondu gura duenari. Estilo zuzenean, aktiboan, motz eta harira. ...

Blog-etan zelan idatzi behar den esaten ez naiz ni hemen hasiko, ikastaro bat merezi du-eta gaiak. Dena den, jakin behar dugu zer esan gura duen Interneten idazteak. Arin idatzi behar da gurea moduko blog-etan. Horrela eskatzen du medioak: TB: gure irakurleak ez daude etxeko sofan jarrita. Papereko prentsa: ez daude kafea hartu eta egunkaria irakurtzen. Irratia: ez daude autoa gidatu eta bide batez entzuten… Internet: eskatzen du esfortzua. Euskonews ere itxura aldatuta

Aurreko puntu biekin konturatuta, zuzen eman behar zaizkio testuak irakurleari, erraz irakurtzeko moduan, benetako balioa ez duena kentzeko erreparorik izan barik. Euskonews-en apustua ere hortik datorrela entzun dut eta zenbaki honetan igarriko du irakurleak. "Erabiltzeko erraztasuna" da takian-potian entzuten dugun terminoa, eta horri kasu eginda landu da Euskonews-en gunea ere. Zorionak horregatik eta urtebetetzeagatik ere, nola ez. Itxura garrantzitsua da, edukia zer esanik ez

Zenbat webgune ezagutzen ditugun Euskal Herrian ere dir-dir egiten dutenak, flashak gora eta behera, estandarretatik ihes egin guran, erabiltzaileak darabilen konexio lastertasuna kontuan izan barik… Eta edukia? Askotan bigarren mailako elementua da oraindik. Bada, ez! Urrea da edukia webguneko atalik garrantzitsuena. Gero urre hori euro biko kaxa zikin baten gorde edo kaxa garbi baten… Oraindik ikusten dira webguneak telefono kontakturik gabe, e-postaz komunikatzea ezinezkoa dela, edukia berritu gabe bi hilabetean, aurreko urteko kontuak kontatzen gertatuak ez baleude moduan… Edukia: Editorearen lana beharrezkoa. Egunero berritzen bada hobeto. Kontuz agendekin-eta. Denbora tartea duten albisteak jakin ematen, baita kentzen ere. Zure webgunean berriz sartzeko eman eduki berriak behar bezainbeste. Ahal dela eman edukia osatzeko eta garatzeko aukera irakurleari. Edukien trataera: weblog-en alde onak

Zertarako asmatzen ibili. Blog-en garrantzia ondo adierazi zuten Argia-ko lagunek: Sustaturi Sareko Argia saria eman ziotenean. Honela zioten.

"Albisteak eta informazioa lantzeko eta aurkezteko modu berritzaile batekin sareratu ziren eta euskal internauten tribuan erreferente saihestezina bilakatu dira denbora laburrean. Informazioa eskaintzeaz gain eztabaida eta hausnarketa bultzatu nahi izan dituzte, eta lortu dute. Garai bateko tertulien zaporea, prentsako irakurleen gutunen oihartzuna, ideien erakusleiho eta, batez ere, eztabaidarako plaza. Pantaila txiki horretan, euskal munduan dauden iritzien aniztasuna jasotzen eta erakartzen asmatu du. Eta ahalegin hori saritzea eta sustatzea merezi duelakoan, 2003ko Sareko Argia Saria Sustatu.com-entzat."

Sustaturen azpian dagoen tresna da aipatzen dutena Sareko Argia-koek. Sustaturen tripak egin zituztenak CodeSyntax enpresako lagun eta maisu-maistrak izan ziren. Aitzindariak Euskal Herrian. Asmatu da weblogekin, baina baita Internet ulertzeko moduan ere Internet pasatu da zaletasun izatetik eguneroko tresna izatera. Luzera handiko testuak baztertu dira. Artean oinarritutako orri estatikoak lehen egiten ziren, orain ez! Irudi pisutsuak, gif animatuak... atzera geratu dira. Abiadura moteltzeko elementuak kendu dira. Usabilitatea diseinu ponpoxoen aurretik jarri da. Polita baino gehiago, erabiltzeko modukoa izatea da garrantzitsuena Interneten. Webak ez dira arte lanak.

Eduardo Manchón: Orain arte jendea webguneetara ohitzen bazen, orain webguneek moldatu behar dute pertsonetara. Nabigazio azkarrak, argiak, malguak eta erabilerrazak behar dira eta, batez ere, diseinu estandarretan oinarritutakoak. Hori zer den ulertzeko webgune aproposa da alzado.com. Ez da berria Blog-en fenomenoa

Euskaraz, katalanez, espainolez eta galegoz, lau hizkuntzak batuta 2.500 bitakora inguru daude. Eta aurki dezakegu denetarik munduan: Gerrakoak, pertsonalak, famatuenak, ekonomia, komunikabideak, teknikoak, gaixotasunekin lotuak… Blogintzaz artikulu interesgarri bat.

Eta zuk zeuk ere sor dezakezu bat. Blog-en mundua ulertzeko sartu eta parte hartu. Telebistak baino esfortzu handiagoa eskatu arren, ez zara damutuko.