Elkarrizketa Gaiak Atzoko Irudiak Euskobooks Euskal Kantutegia Efemerideak Kosmopolita Art-Aretoa Artisautza Udalak Links:
GAIAK Inicio > EM 221 > Gaiak
2003/09/11-19 "Euskonews" izeneko abentura Arantza Cuesta Ezeiza, Euskomedia Fundazioko kudeatzailea
Versión original en español
Atzo bertan izan zela badirudi ere, dagoeneko bost urte igaro dira 1998ko irailaren 8an abentura erakargarri honi ekin genionetik, "Euskonews & Media" aldizkaria on-line argitaratzea alegia. Bestelako abenturen antzera, emaitza iluna zen eta zailtasun ugari genuen, baina ilusio eta gogoz beterik gabezi guztiak gainditu genituen. Halako ilusioa eta gogoa ez dira desagertu. Proiektu honetan emandako egun, aste, hil eta urtetan zehar gure helburu nagusia indartu egin da, hau da, gure kultura mundu osoan barrena ezagutzera ematea.
Euskonews & Media aldizkaria 1997az geroztik mamitzen joan zen proiektu baten azken urratsa izan zen, Eusko Ikaskuntzak euskal kultura eta zientzia hedatzearen alde egindako apustuarekin bat eginez. Hirugarren milurtekoaren atarian Eusko Ikaskuntzak argi eta garbi ikusi du guztiz beharrezkoa dela kalitatezko eduki erakargarriak sortzea gure kultura ere Informazioaren Gizartean zabal dadin. Eusko Ikaskuntzaren fundatzaileen helburuetako bati helduz, "Euskal Ikerlanen hedapena" alegia, erakundeak berak argi ikusi zuen ezin zuela espazioa eta denbora hausten dituen baliabideak baztertu, halakoak baitira sare telematikoak eta internet bera.
Aldizkariaren ISSNa 1139-3629 da. Guztira 221 ale argitara eman dira, 3.528 artikulu baino gehiago, 13.500 irudi eta euskal kulturarekin zerikusia duten pertsona ospetsuei egindako 221 elkarrizketa bilduz. Astero argitaratzen da eta ostiralero edukiak berritzen dira, sarean ale guztiak ikus daitezkeelarik.
Ale bakoitzeko edukia oinarrizko sailen inguruan egituratzen da: ale bakoitzeko elkarrizketa nagusia "Elkarrizketa" sailean; 4 artikulu hainbat alorrei buruz "Gaiak" atalean; antzinako argazkia eta honen katalogazioa "Atzoko Irudia" sailean; "Euskal kantutegia"-n betiko kanturen bat horren partitura, doinua eta letrarekin batera; nobedade bibliografikoak "Euskobooks" atalean eta azkenik "Efemerideak" sailean aste horretako efemerideak. 2000ko urtarrilaz geroztik arteari dagokion erakusleihoa dugu, "ART-aretoa" izeneko txokoa alegia, eta bertan 80 artista baino gehiagok euren artelanak erakusgai dituzte. 2001eko abenduaz geroztik Euskal Artisautzari dagokion saila ikus dezakegu "Artisautza" izenburupean eta bertan 40 artisau baino gehiagoren eskulanak ikusgai daude. 2002ko urrian "KOSMOpolita" izeneko sail berri bati ekin genion eta hortxe Euskal Herritik kanpo dauden euskal lagunei aparteko leku horietan nola bizi izan duten euskal sustraia azaltzeko aukera ematen zaie.
Azken bost urte hauetan zehar sail berriak sortu eta zaharrak kendu egin ditugu, betiere gure irakurleen nahiak aintzat hartuz. Horrelakoak bideratzeko irakurleen iradokizunak eta gure estatistikek erakutsitako joerak oinarritzat hartzen ditugu.
Sail ezberdinen bilakaera: Egungo sailak Aleen zenbakia Elkarrizketa 1-221 Gaiak 1-221 Atzoko Irudiak 1-221 Efemerideak 1-221 Irratia 1-221 Euskobooks 45-221 Art-aretoa 61-221 Hurrengo zenbakia 61-221 Artisautza 148-221 KOSMOpolita 182-221 Udalak 182-221 Desagertutako sailak Media 1-43 Kultur Iritziak 1-44 Hemeroteka 1-44
Erakuslehioa 1-44 Irakurlearen Txokoa 1-55 Euskal Kantutegia 45-177 Links 45-181 EI-ren berriak 45-181 Berrikusketak 101-158 Webcam 70-220
Hilero ale monografikoa kaleratzen dugu. Ale horietan hainbat gai landu da, esaterako: Zinea, Dokumentazioa eta Liburutegiak, Musika; Literatura; Eguberriak Euskal Herrian; Inauteriak; Hedabideak; Zientzia dibulgazioa; Paisaia; Turismoa; Done Jakueren bidea; Herri-kirolak; Gernikako Estatutua; Bertsolaritza; Komikiak; Arrantza; Arkitektura; Euskal Etxeak; 60ko Hamarkada; Garraioak; Lurralde Antolamendua; Artea; GKEak (Gobernuz Kanpoko Erakundeak); Euskal Labela; Artisautza; Mendiak eta Basoak; Larrialdi Zerbitzuak; Hirugarren milurtekoa; Justizia eta Euskara; Legezko Drogak; Landa-turismoa; Antzerkia; Animazio Zinea; Euskal Herria eta Europa; Manuel de Irujo Ollo; Resurreccion Maria de Azkue; Eusko Ikaskuntzaren XV. Kongresua; Arantzazuko Santutegia; Euskal Artisautza; Tokiko aldizkariak; Argazkigintza; Ugalkortasuna; Baserria; Txirrindularitza; Turismo eraginkorra; Zinemaldia; Usoak; Saretek; Europa eta Etorkizuna; Hiri Jasangarriak; Lur berriak euskararentzat; Meteorologia; Berdintasuna; Unibertsitatea eta Demografia.
Ale bakoitzean irratsaio digitalizatua eskaintzen da. Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko hainbat irratirekin batera lan eginez (Radio Vitoria eta "Donostia-Loiola-Gasteiz" Herri Irratia) solasaldiak antolatzen ditu hainbat gai kultural landuz. Bertan, hizlariek lantzen den gaiari buruzko iritziak eskaintzen dizkigute. Solasaldiak grabatu egiten dira eta jarraian digitalizatu eta sarean jartzen dira munduko edozein lekutan entzun ditzaten. Une honetan guztira 221 ordu bildu ditugu sail honetan honelako gaiak landuz: Euskal Herriko Erromanizazioa; Santiagorako bideak; Euskal Herria eta Islamismoa; Euskal Literatura; Penintsula iparraldeko lehen biztanleak; Euskal Herriko basoen iragana, oraina eta etorkizuna; Euskaldunen partaidetza armada erromatarrean; Euskal kultura hamarkada erabakigarrian; eta abar.
Euskonews & Media aldizkarian bestelako ekimenak ere bideratu dira, adibidez, jendearentzat interesgarriak izan daitezkeen Eusko Ikaskuntzako beste argitalpenetako artikuluak biltzea. "Berrikusketak" izeneko sail horretan oso egile ospetsuen lanak aurki daitezke, esaterako: José Migel Barandiaran, Ángel Apraiz, Julio Urquijo, Enrique Eguren Bengoa, Carmelo eta Bonifacio de Echegaray Corta, Wilhelm Giese, Gerhard Bähr, Henri Gavel, Jules Vinson, Georges Lacombe, Eugeniusz Frankowski, Pierre Lhande Heguy, Fausto Arocena Arregui, Pedro Bosch Gimpera, eta abar.
Irakurleen jarrera benetan fidela da eta gero eta irakurle gehiago ditugu. Une honetan posta elektronikoaren bidez ostiralero 5.000 lagun baino gehiagok aldizkaria jasotzen dute eta horrek agerian uzten du Eusko Ikaskuntzaren ekimen honek izan duen arrakasta eta harrera ona. Argi dago Interneten eduki interesgarriak eskaintzea euskal kulturak etorkizunari begira landu beharreko bidea dela. ETORKIZUNERAKO APUSTUA
Halako errealitateari aurre egin nahian beste urrats bat eman nahi izan dugu etorkizunari begira. Horregatik aldizkariaren hurrengo aleetan tresna eta zerbitzu berriak eskainiko dira. Lehenik eta behin, diseinu berria dugu, xumea eta erabiltzeko erraza; irakurlea aintzat hartzen duen diseinua da aldizkarian zehar erraz ibiltzeko aukera ematen baitu, helburuak eskuratzeko lana murriztuz eta emaitza onena ahalbidetuz.
Irakurleek behar duten informazioa modu eraginkorrean eskaintzearren, bilaketak burutzeko tresnak berritu eta hobetu egin ditugu; eta horretarako aldizkarian Informazioa Berreskuratzeko Sistema eratu da (IBS), honek "eskatu halako" informazioa eskuratzeko aukera ematen duelarik, irakurle bakoitzaren eskari, behar eta interesen arabera alegia.
Sistema horri esker oso bilaketa ezberdinak gauza daitezke, esaterako: artikuluaren izenburua,—honek izan ditzakeen edozein hitz bilatuz—, egilea, aldizkariaren saila, hizkuntza edota deskriptore onomastikoak, toponimikoak eta erakundeenak. Horrez gain, testu osoa ere bila daiteke, eta gainera kontsulta bateratuak eta kontsulta bereziak ere egin ditzakegu operadoreak eta laguntza tresnak erabiliz.
Bilaketak burutzeko Sistemari buruzko informazioa: Ikusi laguntza: bilaketak egiteko Ikusi laguntza: bilaketa bereziak egiteko operadoreei buruz Ikusi laguntza: aurkibideak kontsultatzeko Ikusi laguntza: bilaketaren laburpenentzako pantaila Ikusi laguntza: bilaketaren xehetasunei buruzko pantaila
Sistema hori "EUSKOMEDIA: Euskal Kulturaren Informazio Sisteman" txertatuko da, horixe baita Eusko Ikaskuntzak eragindako dokumentazio guztia egituratu eta bateratzen duen ardatz nagusia, gaur egun erakundean ditugun fondo guztiak elkar lotuz. Horrela erabiltzaileak Euskonews & Media aldizkarian zein bestelako fondoetan ageri den informazioa eskura dezake, besteak beste, Bernardo Estornes Lasa Fondoa, Apraiz, Irujo eta Lekuona Dokumentu fondoak, Eusko Ikaskuntzaren Argitalpen fondoa, Bibliografiak, Euskal Kultura Prentsan, Euskal Kantutegia, Multimedia Galeria eta Jaien egutegia.
Tresna berrien bidez gure helburua eskari berrien aurrean zerbitzu egokia ematea da, erabiltzaileen aniztasuna aintzat hartu ostean edukiak bildu eta antolatuz zerbitzu eta xede berriak erdiesteko asmotan, betiere ikuspegi baikor eta berritzaileari helduz. Bukatzeko benetan eskerrak eman nahi dizuet eskuzabaltasun osoz artikulu, iradokizun eta bestelako ekarpenen bidez esku hartu duzuenoi, baita irakurle eta teknikariei ere, bost urteotan zehar gurekin bete baituzue bide mamitsu hau. Zuek gabe ezinezkoa litzateke.
Bihotz bihotzez, Mila Esker.