203 Zenbakia 2003-03-14 / 2003-03-21

KOSMOpolita

PABA!

HARLOUCHET, Xabier

PABA! PABA! * Xabier Harluxet Duela 10.000 urte, amerindiarrak eta inuitak, gaur egun Québec herria deitzen den eskualdera etorri ziren. Orain dela 1000 urte, Viking ak Labrador eta Terre Neuve eskualdera hurbildu ziren. Lurralde horiek Québec en ekialdean dira eta Québec zeharkatzen duen Saint Laurent ibaiaren golkoaren parean. Azkenik, bada 500 urte europear arrantzaleak Terre Neuve hegoaldera bakailaoaren arrantzarat etortzen hasi zirela. Garai horietan, historiazale batzuren arabera, 1507 eta 1508 urteetan, euskaldunak Saint Laurent golkoan baleen atzetik agertu ziren. Québec en historia aurkezten duten liburu gehienek data historiko horiek aipatzen dituzte euskaldunen etorrera azpimarratuz bai eta ere argi utziz. Azken datu historiko hauek Euskal Herria eta Québec en arteko harremanen ezaugarrietariko bat dira. Hala ere, onartu behar da, gaur egungo Euskal Herritarrak, bai eta Québec tarrak, historia zalea ez bada, ez diola horrelako garrantziarik emanen historiaren xehetasun bat bezala kontsideratzen ahal den gertakari horri. Bi herrien arteko lehen kontaktu horiek, ez badira hain luzeak izan ere, badituzte frango ondorio : garai hartako euskaldunen eta amerindiarren arteko trukaketak (datorren artikulu batean aurkeztuak izanen direnak) eta toponimian diren arrastoak (Région des Basques, etab.) adibidez. Gaur egun, harreman horien ondorioetarik harrigarriena dudarik gabe Trois Pistoles herriko "le Parc de l'Aventure Basque en Amérique" museo eta ikerketa gunea da. Goazen haren aurkezpenaren bidez Euskal Herria eta Québec en arteko lehen harremanen ulertzera eta gaur egungo loturen ezagutzera ! Historia eta Arkeologia elgarren lagun Sarreran aipatu ditugun datu historikoak bi ikerketa nagusiren ondorioak dira. Lehena, Parc Canada ko ikertzaileen aurkikuntza da. 1980 urtean Labrador en, Red Bay eskualdean euskal arrantzaleek eraikitako labeak aurkitu zituzten eta horrez gain altxor arkeologiko bat : hiru euskal itsasontzi eta lau txalupa urperaturik kontserbazioegoera ikaragarri onean. Uraren tenperatura hotzari esker itsasontzi eta txalupek garai hartako xehetasun asko atxiki zituzten. Azpimarratzekoa da aurkikuntza interesanteena 8 metroko txalupa bat izan zela. Txalupa horri, balea arrantzarako euskal txalupek zituzten berezitasun guziak aurkitu zitzaizkion. Bigarrena, Laurier Turgeon, gaur egun Québec hiriko Laval Unibertsitatean historia irakaslearen 80 hamarkadako ikerketen emaitza da. Garai hartan Laurier Turgeon Bordalera joan zen bere tesiko ikerketen hastera. Haren ikerketen gaia, euskal arrantzaleen harremana Saint Laurent ibaiarekin zen. Karia horretara, Bordalen ikaragarrizko altxorra aurkitu zuen : hiriko artxiboetan, arrunt bazterturik, XVI. mendeko 40 notari en idatzi ofizialak atzeman zituen. Testu horiek itsasontzi jabeentzat kontratu ofizialak ziren asurantza modukoak : itsasontziek zer material eta salgai zituzten, etab. aipatzen zuten. Oro har, milaka orri aurkituak izan ziren. Haien ikertzeak Terre Neuve eskualdera egiten ziren arrantza ateraldien historiaren berriz bizitzeko parada eman zuen. Uste baino garrantzia haundia izan zuten dokumentu horiek ! Horregatik, 1983 eta 1989 urte artean, Bordalen berean profesional frango ari ziren idatzi horien ikertzen eta ulertzen, Québec etik 6 bat ikasle aldizkatu zirelarik bildutako datu guzien erabiltzeko. 1990 urtean Bordale hiritik hartutako informazioa La Rochelle, Rouen eta Paris hirietako artxibo ofizialekin osatua izan zen. Asko ikasi da ikerketa horiei esker garai hartako itsasontzietako janariei eta bizi moduei buruz, edo Europa eta Ipar Amerikaren arteko larru trafikoari buruz. Saint Laurent ibai ertzeko ikerketak Frantziako portu diferenteetan bildutako informazioak Laurier Turgeon i bere ikerketak Saint Laurent ibaiaren bokalean segitzeko gogoa eman zion. 1980 hamarkada erditsutan Québec hiriko Laval unibertsitatean erakasle bilakatu zen historia ikasle ohia. Ondorioz, eta Kultura Ministeritzaren diru laguntzari esker, arkeologiako ikasle talde batenparte hartzea lortu zuen lehen ikerketen egiteko. 1989 urtean, Provancher elkartearen buruzagia ustekabean ezagutu zuen. Elkarte hori, 1929tik geroz, Trois Pistoles hiriaren parean, ibai ertzetik 5 kilometrotara, den Île aux Basques ugartearen jabea da. Provancher elkartearen helburuak 2 kilometro luze eta 400 metro zabal den ugartearen ondare arkeologikoaren ikertzea, zaintzea eta aurkeztea dira. Laurier Turgeon eta Provancher elkartearen harremanei esker, 1990tik 1993ra uda oro 12 bat ikasle ikertzaileren laguntzaren bidez ugartearen ezagutza aintzinatu da. 300 urtez nehor ez da ugarte hortan bizi izan eta Provancher elkarteak xorien erreserba bezala atxiki du. Horregatik lau euskal labe egoera oso onean aurkituak izan dira. Labeek 4 metroko kanpo diametroa dute eta barnean itsas ugaztunen gantza kiskalia aurkitu zaie. Labeen ikerketak baieztatu du euskal arrantzaleek ugartea 1580 eta 1630 urteen artean erabiltzen zutela baleen tratatzeko. Azpimarratzekoa da, Île aux Basques en beste aldean, Saint Laurent ibaiaren iparraldeko ertzean agertzen dela. Gune hortan da hain xuxen ere Saguenay ibairen bokalea. Han dira Saguenay ibaiaren ur gozoa eta Saint Laurent ibaiaren ur gatzitua elgaretaratzen. Egoera horrek baleen bazka gune ezin hobea sortzen du oraino gaur egun. Horrek du esplikatzen ugartearen inportantzia baleen arrantzaren garaian. Gainera korronteek laguntzen zituzten euskal arrantzaleak Saguenay ibaitik Île aux Basques era harrapatuak zituzten baleak eramaten. Ikerketa arkeologikoek hara zer aurkikuntza mota eman duten : burdinezko arpoi buru bat eta itzeak, bai eta ere teila gorri puska zonbait. Elementu horiek pentsa arazten dute nolazpait zureria bat eraikia zela ugartean eta horrek etxebizitza edo geriza mota baten presentzia baieztatzen ere. Bestalde, ikerketek baieztatu dute 800 eta 1600 urteen artean amerindiarrak ainitz etorri direla ugartera foka eta baleen ihizi edo arrantzara. Azkenik asko aztarna bildu dira ugartea europarren eta amerindiarren artekoharremanen eta trukaketen gunea izan dela frogatzeko. Hori guziagatik eta ikerketek ukan zuten oihartzunaz oso pozik geratu zen Laurier Turgeon historiazalea. Gainera, lehen urteetan ikertzaileen aurkikuntzak erregularki aurkeztuak izan ziren tokiko jendeei bai eta komunikabideei. Lan egiteko eta komunikatzeko molde horrek lagundu du Île aux Basques en inguruko biztanleria, bereziki Saint Laurent ibaiaren ertzean den Trois Pistoles hiriko biztanleak, beren ondarearen garrantziaz ohartzen. Euskal Herria eta Québec en arteko harremanen gune historikoa 1980 ko hamarkada arte, jakina zen, duela kasik bost mende agertu ziren euskal arrantzale horiei buruz, Région des Basques deitutako eskualdean atxikimendu, sentimendu eta identifikazio azkar bat bazela. Arkeologia eta historia ikerketek azkartu eta zuzenetsi dute sentimendu hori. Horiek hola, 1992 urtean Trois Pistoles eko biztanle talde batek eta herriko etxeak aurreproiektu baten lantzen hasi ziren. Proiektu horren helburua ondarea eta turismoaren bidez eskualdearen garapena laguntzea zen. Hala Euskal tematika Saint Laurent ibai ertzean lantzeko proiektu anitza sortu da : "le Parc de l'Aventure Basque en Amérique PABA" edo "Ameriketako euskal abenturaren parkea". Provancher elkarteko kideek arazorik gabe konbentzitu dituzte proiektuaren kudeatzaileak Île aux Basques ugartearen babesteko beharraz. Horregatik Trois Pistoles herrian berean eraikia izan da uretik ateratzen den balea baten forma duen eraikuntza modernoa. Han, euskal arrantzaleen historiaren aurkezpena egiten duen museoa, genealogia ikerketen zentro bat (bertako biztanleek beren arbasoei buruz ikerketak egiteko), Région des Basques eta Euskal Herriaren harremanak azkartzeko erabiliko den bilgune bat plangintzatu da. Lau urtez proiektu hori gauzatu da eta 1996ko ekainaren 22an idekitze ofiziala egina izan da ! Egun hortan, Euskal Herriko eta Québec eko ordezkariak baziren bai eta ere Ipar Amerikan diren euskal diasporarenak. PABA gaur egun Gaur egun, Ameriketakoeuskal abenturaren parkea, PABA deitua, historia interpretazio, dokumentazio eta genealogia ikerketa zentro bat da. Horrez gain, kultura zabaltze eta kanpo olgeta leku bilakatu da. Ber denboran, XVI eta XVII garren mendeetan euskal arrantzaleen egonaldia "Île aux Basques" en ospatzen du. Azkenik, PABA k garrantzia haundia du Euskal Herria aurkezteko Québec eko eskualde hortan eta Québec eko, Europako eta Amerikako euskaldunen artean harremanen estutzeko ! Dudarik gabe irakurleak ondorengo helbide elektronikoetan aurkitzen ahalko ditu Québec eko Région des Basques i buruz xehetasun gehiago. Gomita berezi bat luzatzen ahal zaio gainera PABA ren animazioei adi egon dadin ! 2002 urtea ongi erabilia izan da Euskal Herritik etorri diren kantari eta dantzari taldeen eta Région des Basques eko biztanleen arteko trukaketa ederrak egiteko Trois Pistolen ! Ea ba irakurleetariko zonbait 2003 urtean elkar etaratze horien jokalari edo parte hartzaile taldean topatzen ditugun ! Xabier Harluxet Argazkiak: egilearenak Euskonews & Media 203. zbk (2003 / 03 / 14 21) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria