198 Zenbakia 2003-02-07 / 2003-02-14

KOSMOpolita

Euskara eta euskaldunen zonbait aztarna Québec-en!

HARLUXET, Xabier

Euskara eta euskaldunen zonbait aztarna Québec-en! * Traduction au français de l'original en basque Xabier Harluxet Québec, Amerikako Ipar Ekialdean kokatzen den herria, ainitz Euskal Herritar-i ezaguna iduritzen zaie! Euskal arrantzaleen lehen harremanak Ipar Amerikan, Québec-en hizkuntza nazionala den frantsesaren gora beherak, Canadako Probintzia honek burujabetzaren lortzeko egiten dituen urratsak, etab... bi herrien arteko harremanak estutzen dituzten ezaugarri batzu dira. Québec-en aurkezpen labur bat egin ondoren (demografia, historia, gaur egungo egoera, etab. aipatuz) toponimiaren laguntzarekin, euskal aztarna haundienen ikertzen hasiko gira. Horren bidez Québec-eko ekialdean diren zonbait eskualderen ezagutzeko parada ukanen du irakurleak. Québec! Biztanleak 2001 urtean, Québec-ek 7.410.000 biztanle zituen edo Canadiar federazioko biztanleen % 24,00-a. Biztanleriaren %80-a Saint-Laurent ibaiaren ertzean bizi da Montréal edo Québec bezalako hiri haundi batzuetan. Gizartearen gehiengo haundia (%80-a) frantses hizduna da. Québec-en diren 6 milioi "francophones"-etarik gehienak Frantziatik XVI eta XVII mendeetan etorri diren kolonoen ondokoak dira. Gaur egun, Québec-tarrek duten nahia da frantses hizkuntza erabiliz bizitzea eta gizarte frantses hizduna bizi araztea Ipar Amerikar kontinentean : Canada-ko beste 24 milioi eta Estatu Batuetako 282 milio ingles hiz dunen artean. Québec-eko ingles hizdunak jatorri diferenteetako etorkinen ondokoak dira baina bereziki britainiarrak. Duela mende batzu egoera hobeago bat amerikan xekatzen zutenak edo Estatu Batuen independentzia gerla ostean jatorrizko aberriaren leialtasunez iparralderuntz joan zirenak. Gaur egun 600 milatik goiti dira eta Montréal inguruetan bizi dira. Beren hizkuntzaren bizi arazteko hezkuntza sare bat badute, ama ikastolatik unibertsitateraino doana, osasun sare bat (erietxeak) eta komunikazio bideak (egunkari, irrati-telebistak, etab...) osoki inglesez ari direnak. Tokiko Nazioak edo Amerindiarrak duela milaka urte gaur egun Québec deitzen den herrialdean bizi dira. Lehen europarrek Saint-Laurent bazterrak ezagutu zituztelarik eta han bizitzen hasi zirelarik , XVI. mendean, laster harremanak ukan zituzten Amerindiarrekin. Hala ere, azken 20 urtetan dira Amerindiarrekilako harremanak sakondu eta landu gizarte, kultural, ikaskuntza eta politika arloetan. Gaur egun, Québec-ek 54 tokiko komunitate ditu eta orotara 71.400 biztanle tokiko nazioetakoak dira. Gutti gora behera 63 mila amerindiarrak eta 8 mila inuitak (jatorriz artikoko biztanleak). Oro har, Québec-eko biztanlegoaren %1 bakarrik dute ordezkatzen 10 nazio amerindiarrek eta inuita nazioak. 1985 urtean, Québec-eko jaurlaritza lehena izan da Canada osoan tokiko nazioak ofizialki ezagutu dituena. Hortik geroztik Jaurlaritzak onartzen ditu tokiko nazioei : Québec-en barnean autonomi eskubidea, kultur, hizkuntz eta ohiturei lotuak diren eskubideak, Québec-tar garapen ekonomikoaren baitan parte hartzea baita haren mozkinetaz probetxu ateratzea. Historiaren data nagusiak Québec egoera geografikoaren bitartez Ipar Amerikarra da, jatorriz frantsesa, eta britaniarra bere parlamentuaren antolakuntzaz. Hizkuntzaz frantsesa bada gero eta gehiago kosmopolita bilakazten den herria da bereziki Montréalgo eskualdera etorri diren etorkinei esker. Hara nola, Québec herria munduari idekia aurkezten den gizarte anitza, modernoa eta bizia dugun. Jadanik erran dugun bezala, lehen europarrek Québec atxeman dutelarik Amerindiarrak bizi ziren eskualde haietan. Hara garai hartako eta ondorengoetako data nagusienak Québec-en historian zehar erreferentzia bilakatu direnak : 1534 : Jacques Cartier Gaspé-ko baian lurrerat da eta Frantziako erregea den François 1er-ren izenean lurren jabetza hartzen du. 1608 : Uztailaren 3an, Samuel de Champlain Saint-Laurent ibaiaren iparraldeko ertzean lurreratzen da indioek Kébec (Québec) deitzen duten gunean. Hortik dator Québec hiriaren sorrera eta herriaren izena. 1642 : Paul de Chomedey de Maisonneuve-ek sortzen du Ville-Marie : kolonia ttipi bat, non antolatu zituen gotorleku bat, erietxe bat, kapera bat bai eta ere 70 pertsonarentzat egonlekua. Montréal hiriaren sorrera da. 1759 : Québec hiria armada britaniarrak menperatzen du. 1760: Montréal hiria britaniar soldaduen esku erortzen da. 1763 : Pariseko Itunaren bidez, Frantziako erregeak uzten du Britaniar Erresumari Canada eta haren "dependentzia" guzien jabetza. 1774 : Québec-eko itunak Canadiar Frantsesei onartzen die frantses eskubide zibilaren erabiltzea eta erlijioaren hautu librea. 1791: "Acte Constitutionnel"-aren ondorioz Canada herria bitan zatitua da : Canada Garaia (gehiengo ingles duna) eta Canada Behera (gehiengo frantses duna, Québec). Horren bidez Canadiar frantsesek (edo Québec-tarrek) beren Parlamentua eta ordezkaritza mota bat lortzen dute. 1840 : Canada Garaia eta Behera batuak dira. 1867 : Britaniar Ipar Amerikaren Itunaren Aldarrikapena : Canadako probintzien federazioa sortzen da (Ontario, Québec, Nouvelle-Écosse eta Nouveau-Brunswick-ek osatzen dute). 1960 : Québec-eko "Iraultza lasaiaren" hasiera. Gizartearen eta ekonomiaren modernizazio biziaren hasiera. 1976 : Lehen aldikotz, Parti Québécois-k, subiranotasunaren alde den alderdiak, Québec-eko parlamentuan poderea hartzen du. 1980 : Erreferendum baten karietara, Québec-eko biztanlegoak Parti Québécois-ri gobernu federalarekin "subiranotasun-elkartasun"-akordioaren negoziatzeko mandatua ez dio eskaintzen. 1995 : %1,16 diferentziarekin, errefendumaren emaitzak Status Quo konstituzionala atxiki du. Québec-eko Nazio-Biltzarra Nazio-Biltzarrak, Québec-eko Legeak egiteko boterea du. 125 diputatuz osatua den Parlamentua da. Diputatu bakotxa boto unibertsalezko hautapenei esker hautatua da. 1791an sortu da Québec-eko Parlamentua eta munduko zaharrentarikoa da Britainiarraz aparte. Doi doietarik Estatu Batuetakoa baino gazteago da eta Frantziako Legegintzako Ganberako garaikidea da. Québec, Canadiar federazioko 10 kideetariko bat da. Hala ere, gaur egun duen gobernuak, Québec-en sobiranotasuna du helburu, Canada-ko beste probintziekin elkarkidegoa nahi badu atxiki ere. 1867an, Canada sortu duen Itun Konstituziogileak, Parlamentu Federalari eskumen bereziak emaiten dizkio (kanpo harremanetan, defentsan, dirua jotzeko, etab.) eta Québec-eko Legegintza Ganberari beste batzu (osasuna, hezkuntza, baliabide naturalak, justizia, hirien antolakuntza, eskubide zibilak, etab.). Zonbait erreferentzia Québec-eko ekonomiari buruz - Québec, Canada-ko bigarren probintzia da jendetza eta ekonomia ikuspunduetatik. - Mundu osoan teknologia mailan aurreratuak diren herrialde industrializatuetako partaidea da. - Ondorengo arloetan nazioarteko garrantzia du Québec-ek : aeronautika eta espazioari lotuak direnetan, botika ikerketa eta produkzioan, informazio eta telekomunikazio teknologietan, hidroelektrizitate eta metalgintzan. Québec-eko leku izen euskaldunak! Toponimiari esker asko ikasten ahal da Québec-eko biztanleen eta lurraren arteko harremanei buruz. Hara nola, argi ikusten da Québec-eko toponimiak hiru iturri nagusi dituela: tokiko nazioak, frantsesak eta inglesak. Tokiko nazioen leku izenak Québec-tar kulturaren parte dira eta garrantzia haundia dute. 1993an bururatu zen kondaketan izen horiek Québec-eko leku izenen %9,6 ordezkatzen zuten. Europearrak etorri aintzin gaur egun Québec izena duen herrira, Amerindiarrek eta Inuitek milaka izen sortu eta erabili zituzten usu joaten ziren guneentzat. Adibide batzu bezala emaiten ahal dira ondorengo mapan errexki atxemaiten ahal diren hiri izenak: Québec, Rimouski, Matane, Chisasibi, Kuujjuaq, Kangirsuk, etab... Leku izen frantsesak, 80.000 dira eta toki izenen %72 ordezkatzen dute. Lehen izenak XVI garren mendean finkatu ziren aurkitzaile, exploratzaile eta arrantzaleen etorrerarekin. XVII garren mendeko kolonizatzaile, agintari zibil edo erlijiosoek bai eta ere jaunek, garrantzia haundia ukan zuten frantses izenen azkartzean. Azkenik, XVIII garren mendearen bukaeran dira leku izen inglesak agertzen. Gaur egun toki izenen %11,8 ordezkatzen dute. QC-koa: interactif [2] + argazkia hitz bakotxaren atxemaiteko! Iturria: Ressources naturelles Canada-Natural Resources Canada Azpimarratzekoa da Québec-eko toponimiari buruz diren ikerketetan beti aipatzen dela toki izen euskaldunen garrantzia Québec-en. XVI. garren mendean, batez ere, euskaldunek, dokumentoetan españolak izendatuak zirenak, Saint-Laurent golkoa eta ibaia kurritu zituzten. Toponimiak berak argiki erakusten du balea eta bakailao arrantzaleen presentzia inguru horietan. Orain arte ehun bat toki izen euskaldunei lotuak direnak kondatuak izan dira. Adibideetan emaiten ahal dira Gaspesie-ako hiria den "Barachois", Trois-Pistoles hiriaren parean den "Île aux Basques" (euskaldunen ugartea), Sept Îles-eko baian diren "Île Grande Basque" eta "Île Petite Basque" ugarteak, Escoumins-en ondoan den "l'anse aux Basques", Charlevoix eskualdean diren "lac du Basque" eta "l'anse du Chafaud aux Basques". Horiei gehitzen ahal dira gune izen berezi batzu : Orignac, Orignaux, euskal hitza den orein-etik etortzen direnak. Gainera, ikertzaile zonbaitzuk, L. Michelena-k 1961an egin komentarioak ere erabiltzen dituzte Gaspé izena (ikus mapa) euskal hitza den gerizpe/kerizpe-tik etortzen dela aipatzeko. Ondorengo lerroetan, bizpahiru izen, Euskal Herriari lotuak direnak, aurkeztuak izanen dira. Heietarik lehena, Barachois hiriaren izena da. Izen hori, jatorriz euskalduna, Saint-Laurent golkoaren ertzetan diren ur gatzituzko gune ttipien izendatzeko erabilia da. Hasiera batean euskal arrantzaleek esaera hori erabiltzen zuten urmael baten aurrean zen legarrezko mugaren izendatzeko. Gune horri zituzten arrantzako itsasontziak lotzen. Gero hitz hori urmaela bera izendatzeko erabilia izan da. Gaur egun Québec-eko kostaldean den Gaspésie eskualdeko hiria da Barachois. Bost ehun bat biztanle ditu eta mapan agertzen den Gaspé hiritik hegoalderuntz joanez 70 bat kilometrotan da. Bestalde, mapak erakusten duen Sept-Îles hiriaren baian ugarte multxo bat bada. Egia erran hiriaren izenak dion bezala, zazpi ugarteko arkipelagoa da. Hiritik hurbilena "Île Grande Basque" da. Zazpi ugarteetarik bakarra da akapandak egiteko lekuak dituena. Horrez gain, ibiltzeko xenderak trumilka ditu: orotara 12 kilometro luze. Batzu, marea behera delarik arkaitzetarik ondar xeheko ondartzetara joaiten dira eta beste batzu ugartean den oihanaren erdian pasatzen. Ugarte hortan fauna, landaredia eta geologia ezagutzeko eta ulertzeko ekintzak antolatuak dira. Gainera, "Île Grande Basque"-en, xantza pixka batekin , baleiak eta itsas otsoak ikusteko parada ukaiten ahal da! Azkenik, Trois-Pistoles hiriaren inguruan den Région des Basques dugu Euskal Herriak eta Québec-ek ukan dituzten harreman historikoen ezaugarri nagusi bat. Eskualde horrek 11 hiri biltzen ditu eta 10 mila bat biztanle. Trois-Pistoles hirian da ondorengo artikulu batean aurkeztuko dugun Parc de l'Aventure Basque en Amérique museo eta ikerketa zentroa. Era berean, hiri horren parean aurkitzen da l'"Île aux Basques" famatua bere euskaldun labeekin ! Testo honen bidez Québec herriaren aurkezpen orokorra egina izan da. Azken partean euskal izenen garrantzia erakutsia izan da irakurle Euskal Herritarrari zonbait erreferentzia konkretu aurkezteko. Datorren aurkezpenak xehetasun gehiago ekarriko ditu Région des Basques eskualdeari buruz. Halabaina eskualde horrek ditu gaur egun Euskal Herriarekin harreman haundiak : asko turista, ikertzaile, dantza eta musika talde Euskal Herritik Région des Basques eta Trois-Pistoles-era etortzen dira. Ea ba datorren artikuluari esker zuek ere hemen gaindi agertzen zirezten? ----------- Xabier Harluxet