196 Zenbakia 2003-01-24 / 2003-01-31

KOSMOpolita

Martín de Alzaga Olabarria

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Martin de Alzaga Olabarria * Traducción al español del original en euskera Josemari Velez de Mendizabal A ramaioko Ibargoiatik Buenos Aireseko Plaza Nagusian urkatua izateraino; ibilbide luze eta ertzez beterikoa, aramaioar peto bati egokiturikoa, beti aurrera begira eta unean uneko interesei zeharo lotua. Horra hor, labur bilduz, Martin de Alzaga aramaioar herriko semeari buruz egin genezakeen mugaketa xumea. Zehazkizunetara joz gero, ordea, zirrikitu eta galdegai askotako pertsonaia interesgarriarekin egingo genuke topo, inguratu zuen errealitatea guztiz deszifratu gabe, nonbait. Aspalditik tiratu nau herrikide horren biografiak, nahiz eta gutxitan izan dudan Martinen ezkutuetan egokiro arakatzeko aukerarik. Bibliografia ugari eta zabala den arren, batez ere argentinar historiarekin zuzen erlazionatua, aramaioarraren gainean den itzalak ez dit, hari egokitzen zaion guztia norainoko egia den behar bezala ikusten utzi, batez ere Martinen bizitzaren azken aldiko gertaerei bagagozkie. Alzagari buruzko ikerketak zalantza bat baino gehiago uzten du, haren curriculum-ean sartu ohi diren jazoera asko eta asko egiazkoak ote diren argitu gabe daudelarik. Baina ez doaz lerro hauek, ezelako misterio helgabetan giltzarririk bilatzera, ezta urrik ere, historialari handi eta askok lortu ez dutena nik erdiets nezakeela pentsatze soila burugabekeria galanta bailitzateke. Baina iruditu zait euskaldun ezezagun honen gaineko zertzelada batzuk irakurlearenganaino iristaraztea ideia ona litekeela, batez ere Martinen nondik norakoak -behintzat marra lodiz izkiriatuta- zeintzuk izan ziren jakin dezagun. Horixe izan da asmoa lerro hauek betetzeari ekin diodanean. Martin de Alzaga Olabarria Herrikide ezezik baita kalekideak ere gara Alzaga eta biok, Aramaioko Ibargoian munduratuta, hura ni baino 194 urte lehenago jaio bazen ere, 1755ean hain zuzen, azaroaren hamaikan. Martinen gurasoak, Juan Francisco Alzaga Munarbe eta Manuela Olabarria Madina izan ziren, aramaioarrak eurak ere zenbait belaunaldi lehenagotik. Itxura denez, Juan Franciscoren anaia eta senitarteko batzuek Ameriketako bidea ezagutu zuten, gure Martinek harako deia "entzun" aurretik. Juan Francisco aita hargina izan zen eta negozioak ez bide zitzaizkion ongi joan, ama Aramaioko ospitalean hil baitzen, behar gorritasunean (1). Sendiaren ekonomia-larrialdiak behartuta, Martinek, artean hamabi urte betetzeke, Argentinako bidaiari ekin zion bere osaba Mateo Ramonengana ailegatzeko. Zeru berrien bila zihoan, hainbat euskaldun bezala, etorkizunak ekarriko zionaren zain. Rio de la Plata-ra iritsi zen, espainieraz tutik ere jakin gabe, eta Gaspar de Santa Coloma merkatariaren aginduetara aritu zen, bere lehen enpresa -"Alzaga y Requena"- hamar urte beranduago sortu aurretik(2). Aurki, Buenos Airesetik kanpo ere hedatu zituen bere irabazpidearen adarrak, eta Potosiraino ailegatu zen, azken hiri horretan Blas anaia izan zuelarik laguntzaile. Merkatal jardun etengabeak, Rio de la Plata-ko erregeordetzako gizonik aberatsena bilakatu zuen Martin de Alzaga. Hogeitabost urte bete aurretik, 1780ko irailaren 13an, Maria Magdalena Karrera Indarekin ezkondu zen, beste merkatari baten alaba zena, euskal jatorrikoa berau ere. Bikoteak hamalau seme-alaba izan zituen eta zaharrena -Maria Lucia del Corazón de Jesús- Martinen bazidea zen Jose Requena Larraondorekin ezkondu zen. Ikus daitekeenez, Martinek sare komertzial boteretsua ehundu zuen bere inguruan. Horrek guztiak egundoko ospea ahalbidetu zion Buenos Aireseko hiritarren artean. Espainiako Cadizen zituen merkatal interesetan ordena jartzeko bidai bat egin zuen 1783an penintsulara, eta aukera hura aprobetxatuz bere jaioterriraino heldu bide zen ama alarguna bisitatzera. Bidai hartan, historialari batzuek diotenez, Martinen ideia politikoak sendotu ziren eta Buenos Airesera itzultzean praktikan jartzen ahalegindu zen, beti ere bere interes ekonomikoen mesedetan. Eta, garbi dago, Martinen lotura ekonomiko gehienak -indartsuenak- Espainiarekin ziren eta horrek zeharo baldintzatzen zuen aramaioarraren ikuspuntu politikoa. Dirutan soberadun zebilen arren, ahantzi bide zitzaion Aramaion ama behartsu bizi zela, eta hori kontuan eduki behar da, batez ere bere idearium politikoa defendatzearren Martinen sakelatik ordaindutako dirutza ikaragarri handia izan zela gogoratu behar baita. Xehetasun horrek, ene ustez, Alzagaren jokaera guztiz interesaduna egiaztatzen digu. Izan ere, oraindik esan ez dudan arren, Martin de Alzagaren izena gureganaino heldu bada, XIX mende hasierako argentinar politikagintzan pertsonaiarik kontrobertituenetakoa izan zelako da. Batzuek diotenez, Martinen beraren gogoaren kontra; nik, ordea, ongi hausnarturiko prozesu baten ondorio izan zela esango nuke. 1795ean Buenos Aireseko Lehen Bozako Alkate izendatu zuten, ordurako hiritarren artean zuen ospe eta eragina zela eta. Politikaren eskailerak mailaz maila joan zen igotzen: 1785ean, hiriko Kabildoak behartsuen ararteko aukeratu zuen; 1790ean, prokuradore sindiko nagusia hautatu zuten; urtebete beranduago, lehen erregidore eta aurki udal batzordeko kide. Kabildoaren izenean Melo de Portugal erregeordeari ongietorri egin zion 1795ean, eta bere poltsikotik ordaindu zituen harrera gastuak, urte bereko gosetea arintzearren bonaerensearrek Montevideon erosi behar izan zuten garia ordaintzeko dirua jarri zuen lez. Bere osasunak ez bide zion larregi laguntzen eta horretan oinarriturik sarritan eskatu zuen kargu publikoetarako salbuespena. Hala ere, 1804an ostera izendatu zuten Lehen Bozako Alkate. Martinen irabazpideak bikain hazten ari ziren eta baimena eskatu zuen bere lur sailetako lan esku gisa Afrikatik beltzak ekartzea. Garai hartan, Espainian frantziar iraultzaren ondorioak ari ziren pil-pilean, eta horrek bere eragin zuzena zuen espainiar inperioarenpeko lurretan, frantziarren aldeko mugimenduak ugaritzen ari zirelarik..Bestalde, ingelesak -ur lohietan arrantzarako gertu- Rio de la Platako erregeordetzako agintea eskuratu zuten 1806ko ekainean, Buenos Airesek haien lehen erasoa jasan ondoren. Martin de Alzaga eta beste batzuen laguntzari esker, bi hilabete beranduago espainiarrek berreskuratu ahal izan zuten boterea. Ingelesek ez zuten amore eman eta 1807ko uztailaren 5ean bigarren erasoari ekin zioten baina, berriro Alzagaren buruzagitzapean, hiritarrek ingelesen errendizioa lortu zuten uztailaren 7an, aramaioarra heroien mailara igoaraziz. Espainiar Fernando VII erregearen itzala gero eta ahalkeagoa zen amerikar erregeordetzetan eta horretaz aprobetxatzen ari ziren bertokoak espainiar botereari aurrre egiteko. Buenos Airesen ere giroa oso bihurria zen eta ekitaldi ofizialetan Fernando VII-ren izena aldarrikatu arren, egitarau apurtzaile separatista antzeman zitekeen nonnahi. Normala den lez, penintsularen aldekoek ezin zezaketen onar haustura. Saltsamaltsa hartan, Martin de Alzagak argi eta garbi azaldu zuen espainiar aginduarekiko atxikimendua. Buenos Aires-eko berreskuraketa eta defentsa horrela ulertu behar da. Halaber, Alzagarekin batera Buenos Aires-eko defentsan nabarmendutako Liniers jeneral "frantsesa"-ren kontra aramaioarrak burutu kanpaina ere alde horretatik ulertu behar da, Napoleonen alde jeneralak bideratuko zituzkeen ahaleginak ito nahian. 1809-ko urtarrilean altxamendu bat eragin zuen Alzagak, espainiarren boterea eskuratu nahi izatea egotzi zitzaiolarik. Matxinadaren porrotak, historialari askorentzat, Alzagaren ibilbide poliitikoaren amaiera adierazi zuen. "Independentziaren prozesua" bezala ezagututakoaren epaiketan, dena den, errudun gabetzat jo zuten 1810ean Alzaga, beste akusatuekin batera. Bien bitartean, ingelesen erasoei aurre egiten nabarmendutako indar armatuak zuzen-zuzenean aritu ziren 1810eko Maiatzaren Iraultzan, eta espainiar erregeordea kendu ostean Buenos Aireseko Gobernu Batzordea eratu zen, hots, lehen argentinar gobernua, eta horrek erregezaleen kontra -hau da, espainiar boterearen aldekoen kontra- armada expedizioak bidali zituen. Testuinguru horretan kokatu behar da Alzagaren aurka ehundutakoa ere. Giro hartan, uneko agintariak mesfidati ageri ziren espainiar zaleekiko. Eta Alzaga, aurreko salakuntzatik onik atera bazen ere, bi urte beranduago gauzak ez ziren hain ongi gertatu aramaioarrarentzat. Batzuen ustez, 1810ean libre jarri zutenean, "Alzagaren konspirazioa" deiturikoaren oinarria ongarritzera dedikatu zen. Buenos Airesek garai hartan 60000 inguru biztanle zituen eta erlijios komunitateak oso indartsuak ziren, espainiar jatorriko ordenek egitura hertsi eta zabalak zituztelarik. Horietako erakunde batekin, Aita Bethlemitarrak, oso lotura estua zuen Alzagak, itsas-merkataritzaren gorabeherak tarteko. Ondorioz, konspirazioaren zaku berean sartu zituzten Alzaga eta bethlemitarrak, hauen buru zen Fray Jose de las Animas ere ajustiziatu zutelarik. Martinen bizitza politikoa hoberen aztertu dutenetako bat, haren ondorengo den Enrique Williams Alzaga dugu, eta historialari horren iritziz, Martinen xede politikoak bi aukeraren artean aurkitzen dira: inperio independiente bat egitea eta bera errege, edo koloniako botererik gorenena berak eskuratzea. "Martin I esan zaio eta behin eta berriz azaldu da erregeorde izan nahi zuela: baieztapen biak egia dira, eta ez ditugu kontrajarriak" (3). Baieztapen horien arabera, Alzaga ez zen demokrata izan, monarkiko absolutista baizik. Agintari bakar eta gorena bilakatu nahi zuen bere burua, Espainiarekin zein espainiar erregearen bedeinkaziorik gabe. Boterea bilatu zuen eta, seguruenik, gaizki eginiko kalkuluek traizionatu zuten. Eta 1812an Buenos Airesen zehar ziren zurrumurruek konspirazio bat burutzen ari zela zioten -Rivadavia, Pueyrredon eta Chiclanaren triunviratoa ezereztatzeko- eta zurrunbiloko begian Martin jartzen zuten. Hori zela eta, uztailaren 5ean detenitu eta biharamun goizean fusilatu egin zuten aramaioarra, bere gorpua Maiatzeko Plazan zintzilakatu aurretik. Egun hartako lekuko batek -Juan Manuel Beruti izenekoa- bere "Memorias Curiosas" deritzanean honela deskribatzen du Alzagaren ejekuzioa: "... salió al suplicio de la cárcel pública con su propia ropa, sin grillos y sin sombrero, advirtiéndosele mucha serenidad, que no parecía iba a morir... Fue su muerte tan aplaudida que, cuando murió, se gritó por el público espectador: "¡Viva la Patria!" repetidas veces y "¡Muera el tirano!", rompiendo enseguida las músicas militares el toque de la canción patriótica. Fue tal el odio que con este hecho le tomó el pueblo al referido Alzaga, que aún en la horca lo apedrearon y le proferían insultos... No ha recibido hombre ninguno de esta capital, después de Liniers, mayor honra por sus hechos que éste; pero tampoco se le ha quitado, en los 300 años de su fundación, la vida a otro alguno, con mayor afrenta e ignominia de su calidad que a él... llegado el contento que recibió el pueblo, luego que fue preso... y ejecutada su muerte, a poner tres noches iluminación general en la ciudad, en celebridad de haber concluido con el mayor enemigo de la patria... habiéndose excedido a tal la alegría del público con la justicia que se hizo de este hombre que se tiró públicamente dinero a la gente común en celebridad, en la plaza, por varios individuos. Este hombre (Alzaga) era alto de cuerpo, flaco, seco, muy blanco, muy tieso y sólo sí algo inclinada para adelante la cabeza, cano pues tenía más de 60 años (4), y de una cara y aspecto respetuoso..." Ez da deskribapen bakarra. Ondoko beste hau ere bikain datorkigu aramaioarraren azken uneak berpizteko. Goian aipatu Enrique Williams Alzagak eskaintzen digu: "Viste chaquetón verde oscuro, calzón a la rodilla y botas de campaña. Lleva un crucifijo de madera en la mano. Avanza lentamente, con paso firme y decidido. Al pasar bajo el arco grande de la Revoca se detuvo, se hincó a los pies del sacerdote y oró. Llegado al lugar del suplicio, junto al zanjón que circundaba el Fuerte, no permitió que le vendaran los ojos y antes de sentarse, en un gesto de hidalga arrogancia (5), sacudió con su pañuelo el polvo del banquillo. Pidió a los tiradores que no le apuntaran a la cara" (6) Bost urte justu ziren, ingelesen inbasioa zela eta, porteñoek Alzaga heroien olinpora igo zutenetik. "Alzagaren konspirazioa"-ko prozesuan, dena den, ez zen frogatu ahal izan Alzagaren esku hartzea. Historialaririk gehienen aburuz, triunviratoak exageratu egin zuen konspirazioaren neurria, Alzaga eta bere taldearen arriskua erditik kentzeko. Hasieran nioen bezala, historialari guztiak ez datoz bat Martin de Alzaga epaitzeko orduan. Horrela, Enrique Gandiaren hitzetan "1812koa izan zen argentinar historiako krimenik higuingarrienekoa. Errakuntza judizialak edota nahasi politikoak Martin de Alzaga eta beste berrogei lagun eraman zituzten heriotzara, elkar ezagutzen ez zuten arren eta sekula amestu ez zuten konspirazioan parte hartzea akusatuta" (7). Gandiaren ustez, Alzaga hil eta bi hilabetera piztu zen Alzagari egotzi iraultza, eta erreboltaren buruan José San Martin jenerala zegoen, urte hartan bertan Espainiatik Buenos Airesera iritsita. "Urkatik zintzilikatutako Alzagaren gorpuaren inguruan dantza egin zuen herria berriro bildu zen, hura zigortu zuten epaileak botatzeko, eta munstro, eraile eta tirano zirela aurpegiratzeko" (8). Martin de Alzagaren heriotzak ez zuen argitasunik jarri urte haietan gizarte porteñoak bizi izandakoaz. Aitzitik, haren desagerpenak galdegaien kopurua handitu zuen eta gaur egun ere halaxe jarraitzen dugu, misterioa deskorapilatu gabe. Histoarialarien tesietarako kristalezko kolorearen araberako planteamenduek ere ez dute laguntzen argitze-lantegian. Bitxikeria gisa diodan, espainiar hiriburuan "Alcalde Martin de Alzaga" kalea dugun bitartean, argentinarreko kale izendegian alzagatarren presentzia ugariagoa dela. Horrela, "Plazoleta Martin de Alzaga" bat dugu, gure pertsonaiari eskainia, Palermo auzoan kokatua, estatubatuar enbaxadaren aurrean. Beste bat, "Pasaje General Félix de Alzaga", Martinen semeari eskaini zitzaion. Alzagatarren leinuak historia egiten jarraitu du mendetan. Aramaioarraren seme-alaba ugariren ondorengoari esker, ospetsuak izan dira argentinar historian Alzaga abizena eraman duten zenbait gizon-emakume. Horratx, adibide soil gisa, Felix Felipe Martinen semea, diputatu, ministro eta argentinar armadako jenerala; Felicitas Guerrero de Alzaga, XIX.koaren hondarretan bonaerensear gizarteko emakumerik dirdiratsuenetakoa; Felix Saturnino Alzaga Unzue, XX. mendean hiriburuko goi gizarteko eredurik adierazgarrienetakoa. Hain zuzen, azken horri dagokion aipamen batekin amaitu nahi dut Martin de Alzagari eskainitako tarte labur hau: "Félix Alzaga fue propietario de la caballeriza Alzaga Unzue. Sus colores -franjas coloradas y azules horizontales y gorra azul- se lucieron en los hipódromos de Chantilly, Deauville y Cannes. Un caballero -Félix- que su antepasado el españolísimo don Martin de Alzaga hubiera considerado quizás algo afrancesado a juzgar por sus gustos, aunque digno descendiente de su noble orígen vasco, hidalgo y aristocrático, como solía afirmar -y actuar- el primer De Alzaga, con arrogancia de cuna" (9) ----------- Martin de Alzagaren gaineko bibliografia labur bat: Alzaga, Martín de. Cartas (1806-1807). Buenos Aires: Emecé, 1972. 272 p. Demaría, Antonio M. Perfiles históricos. Buenos Aires: La Pampa, 1887. 181 p. Estrada, Marcos. Medio año de convulsiones en el Virreinato del Río de la Plata : de la misión Sassenay al 1º de enero de 1809. Buenos Aires: Ed. Cajica, 1964. 76 p. Gandía, Enrique de. Historia de las ideas políticas en la Argentina. Buenos Aires: Claridad, 1960-. v. ISBN: 950-620-029-7. Gandía, Enrique de. Otro Alzaga. Santa Fe: Ultreya, 1949. 151 p. Lamas, Andrés. Rivadavia : su obra política y cultural. Buenos Aires: Tall. gráf. L. J. Rosso, 1915. 366 p. En: La cultura argentina. Lozier Almazán, Bernardo. Martín de Alzaga : historia de una trágica ambición. Buenos Aires: Ed. Ciudad Argentina, 1998. 278 p. ISBN: 987-507-043-2. NOTICIAS interesantes que se han recibido del Sud, y que se publican con conocimiento del Superior Gobierno. Buenos Aires: Imprenta del Estado, 1852. 1 h. Palenque Carreras, Arturo. Martín de Alzaga: defensor de Buenos Aires. Buenos Aires: Alianza Libertadora nacionalista, 1944. 39 p. (Cuadernos de Alianza) Quesada, Héctor C. El alcalde Alzaga: la tragedia de su vida. Buenos Aires: El Ateneo, 1936. 109 p. Segreti, Carlos S.A. El partido español: la facción alzaguista. Córdoba: 1965. p. 331-288. Udaondo, Enrique, 1880-1962. Don Martín de Alzaga en la Reconquista y defensa de Buenos Aires. Buenos Aires: 1956. p. 86-87. Williams Alzaga, Enrique. "Memorial" presentado al ex-rey Carlos IV en 1815. Buenos Aires: 1963. 55 p. Williams Alzaga, Enrique. Documentos relativos a la actuación de Martín de Alzaga en la Reconquista y en la Defensa de Buenos Aires: 1806-1807. Buenos Aires: 1948. 204 p. retr. Williams Alzaga, Enrique. Alzaga 1812. Buenos Aires: Emecé, 1968. 306 p. Williams Alzaga, Enrique. Disertación por Radio del Estado; el Cabildo abierto del 14 de agosto de 1806. Buenos Aires: 1956. p. 94-96. Williams Alzaga, Enrique. Dos revoluciones; 1º de enero de 1809- 25 de mayo de 1810. Buenos Aires: Emecé, 1963. 278 p. ilus. Williams Alzaga, Enrique. La conspiración de Alzaga a la luz de una nueva documentación. Buenos Aires: 1962. 84 p. ilus. Williams Alzaga, Enrique. Martín de Alzaga, en la Reconquista y en la Defensa de Buenos Aires (1806-1807). Buenos Aires: Emecé, 1971. 254 p. Williams Alzaga, Enrique. Vida de Martín de Alzaga, 1755-1812. Buenos Aires: Emecé, 1984. 290 p. ISBN: 950-43-0229-9. ----------- (1) Ayer y hoy del Valle de Aramaiona (Jesus Maria Elejalde) (2) Martin de Alzagaren kontra izango den epaiketa batean lekukotasuna aurkeztu behar izan zuen Santa Colomak eta horrek dioenez, berarekin lanean hasi zenean Alzagak ez zekien euskaraz mintzatzen baino (3) Vida de Martin de Alzaga, 1755-1812 (1984.Enrique Williams Alzaga) (4) Martin de Alzaga hil zutenean, 56 urte zituen. (5) Jesus Mari Elejaldek bere liburuan dioenez, Aramaioko Ibarreko Aitonensemeen (Hijosdalgo) Elkarteko kidea zen Martin, Ignacio Muruak ordezkatuta. (6) Vida de Martin de Alzaga, 1755-1812" (1984.Enrique Williams Alzaga) (7) Martin de Alzaga. Auñamendi Entziklopedia (8) Martin de Alzaga. Auñamendi Entziklopedia (9) Malele Penchansky-k idatzita, 1994ko urtarrilaren 9ko "Noticias" aldizkarian. ----------- Josemari Velez de Mendizabal