Euskal nazioaren eraikitze prozesu generizatua Euskal nazioaren eraikitze prozesu generizatua * Mila Amurrio Velez Generoa eta nazioa, biak, identitate kolektiboaren iturri gisa ikusiak badira ere, nazionalismoari buruzko ia lan guztietan nazioa gorengo identitate eta leialtasun iturritzat jotzen da, beste identitate kolektiboen iturriak bere baitan bilduz. Bestalde, feminismoak gaiari heldu diola, edozein nazio proiektu aztertzerakoan identitateen arteko gatazka atzeman eta agerian utzi baino ez du egin. Horrela, ikerketa feminista horren lan handiari esker, jakin badakigu, nazionalismoek nola bihurtzen dituzten emakumeak objektu (sinbolo, tradizio, bortizkeria eta abarren bitartez); baina, oraindik, nazio eraikitze prozesuetan emakumeek berauen partaidetzaz, subjektu gisa, diotenari buruz oso oso gutxi dakigu. Euskal Herrira etorrita, klasiko bihurtu diren lanek erakusten duten bezala , hizpide dugun gaiaren inguruko ikerkuntza ere egoera bertsuan aurkitzen da. Artikulu honetan, euskal nazioaren eraikuntzan emakumeek izandako partaidetzaren berri eman nahi da, edozein nazionalismorentzat nazio identitatea igortzeko eta zabaltzeko funtsezkoa den eremu batean: hezkuntzan. Nazioa eta nazionalismoari buruz. Generoa eta nazioa Nazioa zer den argitzeari ekin diodalarik, nazioa osa dezaketen hainbat elementurekin egin dut topo, hala nola, leinua eta jatorria, herria eta Volk, kultura eta izaera, kontzientzia eta borondatea, misio eta proiekturen bat, botere eta Estatua lortu ahal bada, historia ekonomikoan, ekoizteko eta antolatzeko moduetan dinamika propio bat . Osagai horien artean edozein gai edo gai batzuen konbinaketa baliagarria izan daiteke nazioa ikustarazteko, ikustarazpen hori osoago eta sendoago agertuz osagaien konbinaketak guztiak bilduz gero. Aipatu ideia horretatik abiaturik, nazioa eta estatuaren arteko erlazioa jorratzearen beharra ikusten da, baina, aldez aurretik nazio kulturala, nazio politikoa eta estatua errealitate ezberdinak eginez. Hortaz,gizarte egitate desberdinak diren neurrian, bereiziak ager daitezke, are gehiago, historian bat eginik agertutako kasuak oso urriak dira . Hori dela eta, historiak nazioa eta estatuaren arteko batasun ezari irtenbide desberdinak eman dizkio, hala nola, integrazioa, desberdintasunean oinarrituriko pluralismoa eta berdintasunean oinarrituriko pluralismoa. Irtenbide horien kariaz, nazionalismoa definitu dut haren helburuak eta jokabideak zehaztuz: nazionalismoa gizarte mugimendu bat da eta haren helburuak batasuna, benetakotasuna eta nazioaren ala nazio gisa izendaturiko talde baten autogobernua dira. Baina, definizio horretan behar beharrezkoa da ezagutzea non eta zein egoeratan dauden nazionalismoak, ezen, horren arabera helburu desberdinak eta ekite modu desberdinak erakusten baitituzte. Egoera horiek ondorengoak dira: estatua daukan nazio baten nazionalismoa, estaturik gabeko nazioarena eta naziorik gabeko estatuarena. Aurrekoa, zein Europako nazionalismo desberdinek izan dituzten esperientziak aintzat harturik, nire arreta Europako estaturik gabeko nazio batzuen nazionalismoek burututako ekimen batera zuzendu da: nazioa komunitate moral gisa berreraikitze prozesura. Ekimen horren zutabeak nazio hizkuntza eta horren irakaskuntza orokortua dira, hots, nazio hezkuntza. Bilboko Euskal Eskolako ikasleak, 1912. Gizarte errealitatea eraikitzen duten prozesu sozialak eta kulturalak generizatuak dira eta, beraz, bai gorago aipatutakoa ere. Nazionalismoek bideratutako prozesu generizatuak hausnarketa gaiak izan dira ere teoria feministarentzat. Ikerketa feminista horrek egindako ekarpen teorikoen artean bi dira, bereziki, interesgarriak: bata, nazio proiektuetan emakumeen inplikazioa desberdinduaren auzia mahaigaineratzen duena , eta, bestea, proiektu etniko eta nazionaletan emakumeen partaidetza, modu desberdinetan bideratu arren, ikertzen duena . Azken horretan, emakumeak gizonak bezain konprometituak daude proiektu nazionalarekin, baina era desberdinetan bideratzendituzte euren konpromisoak. Horrela, nazioak genero egituraketan duen eragina agerian uzten da. Lehenengo ekarpenenaren arabera, ordea, emakumeek sostengatzen duten proiektu nazionala ez da zertan gizonek defendatzen dutena izan, proiektu desberdin bat izan daiteke eta. Hortaz, planteamendu honetan nazioa eta generoaren arteko elkarrekiko eragina legoke. Hots, beste ekarpenak azpimarratutakoaz gain, proiektu nazionalarekiko emakumeen konpromiso desberdinduak proiektu bera eragiten duela ere argumentatzen da. Hala ere, azken ildo teorikoak nazioa eta generoaren arteko erlazioaren analisia herritartasunaren inguruko eztabaidan kokatzen du, eta jarrera horrek hartaraturik nazio estatu eta berorren nazionalismoa eta generoaren arteko erlazioa baino ez du lantzen. Beste ikerketa ildoak, ordea, nazioa eta generoaren arteko erlazioaren hausnarketa nazionalismo mota desberdinekin harremanetan ezartzen du, aipatu hausnarketa eremu zabalago batean kokatuz eta, aldi berean, ulerkuntza oso bat ahalbidetuz. Beraz, ekarpen horrek zein lehen aipatutakoak, nazionalismo eta feminismoaren arteko auziari buruz ari direla, identitate nazionala eta identitate feministaren arteko gatazka iraunkorra egiten dute, argi izpirik eman barik gatazka hori gainditu ahal izateko. Ene aburuz, nazionalismoaren egoera desberdinak aintzat hartzeak laguntzen du ulertzen haien baitako genero egituraketak nola eragiten dituen emakumezko zein gizonezkoen praktika sozialak. Are gehiago, gizonezkoek zein emakumezkoek praktika sozial horiek nola sentitzen dituzten ere argituko luketelakoan gaude. Halaber, nazionalismoak mugimendu sozialak eta politikoak dira eta, ezin dugu ahantzi balore desberdinen gainean ere eraikiak izaten direla. Alegia, balore mundu horiek genero harremanen egiturarekin eta haren izaera aldagarriarekin zerikusia handia daukate. Aipatu bi ideia horiei eta nazioa eta generoaren arteko erlazioari buruzko ulerkuntza oso bati eutsiz, identitate nazionala eta identitate feministaren arteko gatazkagainditzeko biderik badela esan daiteke. Euskal nazioaren eraikuntzan, komunitate moral gisa, euskal emakumeak objektu eta subjektu Euskal nazioa eraikitze prozesua generizatuaren eraikuntzan ikerlari guztiak bat datoz bi une historiko garrantzitsuak aipatzerakoan, lehena, aipatu prozesuari hasiera eman zion lehenengo nazionalismoarena; bigarrena, prozesu horretan errotiko aldaketak ekarri zituen nazionalismo berriarena. Lehenengo nazionalismoak nazio komunitatearen definizio objektibo bat eskaini zuen, eta bertan naziotasun irizpide hauek agertzen dira: jaiotzarekin bat eskuratzen dugun izaera, arraza desberdina, hizkuntza, lege zaharrak, ohitura eta bizimoduak, betiere moral kristauaren esanetara garatuak. Naziotasunaren irizpide nagusia arraza izatean emakumezkoen paperaren garrantzia, amatasunaren bitartez, bistan da. Jatorri komuneko mitoa funtsezkoa da Aranaren nazionalismoan, eta nazio komunitatearen kidetza eskuratzeko bide bakarra, horrela, hark emakumea umeen sortzaile biologiko gisa ikustean, euskal emakumea kolektibitatearen eramaile bihurtzen du. Horren ondorioz, euskal emakumeari aberriaren sinbolo bera izatea dagokio, ama aberria; arrotzekin ezkontzea saihestea eta borroka nazionalistan gizonezkoen euskarri afektiboa izatea. Alabaina, Euzko Alderdi Jeltzaleak gizartearen nazionalizazioari lehentasuna eman ziola, emakumeen partaidetza zabalaren onura mugimendurako ikusi eta partaidetza zabal hori bideratzeko asmoz emakumeen berezko erakundea sortu ere, Emakume Abertzale Batza. Aipatu nazionalizazio ekimen horretan erakunde honen helburuak laguntza eta benefitzientzia baino harago zihoazen, esaterako, umeen hezkuntza nazionalista burutzea, hezkuntza herriratu, orokortu, herria etorkizunerako prestatu. Testuinguru horretan ulertu behar dira une hartan burututako hezkuntza ekimenak: Auzo eskolak eta lehenengo ikastolak. Euskal nazionalismoaren sortze eta sendotze prozesuan, emakumeei atxikitu zitzaien funtzio sozialaren aldaketa kualitatiboa gertatzen da.Hasierako nazionalismoak euskal emakumeei atxikituriko komunitate eramaile izaera baztertu barik, Emakume Abertzaleek nazionalismoaren sendotze prozesuan kultura igortzaile izateari ere eutsi zioten. 1950eko hamarkadaren amaieran nazionalismoaren bigarren une historiko garrantzitsua kokatzen da. Nazionalismo berri horretan naziotasunaren funtsa hizkuntza izango da, euskara, eta, horretaz gain, akonfesionaltasuna eta independentzia. Aldaketa horiek eta mugimenduaren izaera ekintzailea haren oinarri ideologikoak ziren, baina euskal gizartearen arazo berriei erantzuteko nahikorik ez. Oinarri ideologiko horiei 60ko hamarkadako beste osagai ideologikoek, politikoek eta kulturalek gehitu eta erradikaltasuna ekarri zioten proiektu berriari. Erradikaltasun horren eskutik genero diskurtso berri bat ere agertu zen. Halere, generoari dagokionez, gerraurreko nazionalismoan sumaturiko jokabidearen atal bat ere ageri da, alegia, kultur igortzailearen jokabide abertzalea. Hizkuntzak naziotasunaren beste osagaiak ordenatzen ditu eta kultur jarduerak, kontzientzia eragiten, nazio politikoa sortzen, nazionalismo politikoari dinamismoa ematen dio eta, beraz, kultur igortzaile gisa aritzeak dakar, berez, subjektu abertzalea eta politikoa izatea. Hortaz, nazionalismo berriak kultur jarduna, kontzientzia eragile gisa, ezinbestekotzat jotzen zuen. Beasaingo ikastolaren aldeko taberna, 1977ko maiatza. Garai hartako kultura egitaterik garrantzitsuena ikastolen antolakuntza dugu, ikastolen garapenak euskaraz eskolatze masiboari hasiera eman zion eta. Hezkuntza ekimen horren aurrekariak, etxe eskolak, Emakume Abertzale Batzako emakumeen sarearen bitartez antolatuak izan ziren. Ikastoletan aritu ziren andereñoek, aipatu bide horretatik zein beste batzuetatik etorritakoak, nolabaiteko mugimendu bat eratu zuten. Andereñoen mugimendu horrek ikastoletako hasierako eta funtsezko ibilbidea ezaugarritu zuen. Eta, funtsezko ibilbidea diogu, nazionalismo osoak oroimen historikoaren osagai bihurtu baititubai ikastoletako ibilbidea eta bai andereñoen jarduna ere. Jarduna abertzalearen kariaz, andereño guztiak subjektu abertzale gisa ikusiak ziren, bestelako ezaugarririk ikusezinak eginez. Baina, den denak subjektu abertzale gisa aritu arren, emakume desberdinak, andereñoen irudi desberdinetan ordezkatuak, ageri ziren ere. Valle, T.,(1985). Mujer vasca, imagen y realidad. Bartzelona: Anthropos, eta Ugalde, M.,(1993). Mujeres y Nacionalismo Vasco. Génesis y desarrollo de Emakume Abertzale Batza 1906 1936. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea. Mirá, J. F.(1984).Crítica de la nació pura. Valencia: Edicions Tres i Quatre. Tylor, P. J. (1994):Geografia Política. Economia mundo, Estado nación y localidad. Madril: Trama, 198 200 orr. Walby, S.(1992):Woman and Nation. International Journal of Comparative Sociology.XXXIII,1 2:81 100 orr. Yuval Davis, N. (1997):Gender and Nation. London: Sage. Mila Amurrio Velez, EHUko irakaslea Argazkiak: Auñamendi Euskonews & Media 192. zbk (2002 / 12 / 13 20) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.