191 Zenbakia 2002-12-06 / 2002-12-13

Gaiak

Europaren etorkizunari buruzko Konbentzioa: Euskadiren etorkizuna jokoan

BENGOETXEA, José Ramón

Europaren etorkizunari buruzko Konbentzioa: Euskadiren etorkizuna jokoan Europaren etorkizunari buruzko Konbentzioa: Euskadiren etorkizuna jokoan * Joxerramon Bengoetxea Milurtekoaren aldaketa honetan hiru dinamika garrantzitsuk zuzenki eragiten diote Europar Batasunari (EBri): (1) EB dakarren integrazio eta koordinazio prozesua gero eta arlo gehiagotara zabaltzen dela, (2) ekialderuntzko zabalkundea eta globalizazioa eta (3) gero eta zabalagoa den eta gero eta arlo gehiago besarkatzen dituen Europa gobernagarri eta politikoki onargarri egitea. 1. Interes amankomun europarra arlo berrietara zabaltzea. Hasiera batean ongiak, eragile ekonomikoak langileak, profesionalak, enpresak eta kapitala trabarik gabe mugitzen diren eta lehiaketa libreko egoeratan funtzionatzen duen merkatu amankomuna (edo gorago jota merkatu batua) izatetik batasun monetal ekonomikoa, ezagutza gune, segurtasun, justizia eta askatasuneko gune edo nazioarteko eragile nagusi izatera pasa da Europa, alegia hiritarrek eta estatukideetako herriek eratutako Federakuntza birtual bat izatera. Lisboako gailurrean 2000an hurrengo hamar urtetarako helburu estrategiko nagusia adosten da: ezagutzaren gainean oinarritutako munduko ekonomia (jasangarri)rik lehiakorrenena bilakatzea, baina honekin batera kalitatezko enplegu beteko gizarterik solidarioena ere erdiestea. Helburu estrategiko honek eskatu du orain arte EBko eskuduntzapeko izan ez diren funtsezko arloetan estatukideen politikak Europaren gidaritzapean koordinatzea: enplegu estrategia, politika sozialeko agenda, politika orokorreko orientabide orokorrak, hezkuntza eta prestakuntza sistemen helburu zehatzen koordinatzea, ezagutzaren gizartea gauzatzeko estrategia, garapen jasangarrirako Europa mailako estrategia, pentsio sistemen jasangarritasuna ziurtatzeko neurri amankomunak, immigrazio estrategia amankomuna, polizien koordinaziorako elkarlana. Lisboako helburu estrategikoa lortzeko bultzatu beharreko arloetan eskuduntzarik ez ukan arren, merkatubatuarekin lotutako arloetan (estatugaindiko edo) supranazionalitatezko tresnak areagotzen dira zuzenbide komunitarioa edo metodo komunitarioa eta arlo berrietan gobernuarteko edo nazioarteko tresnak garatuko dira metodo diplomatikoa, soft law eta koordinazio irekia, estatukideen eskuduntzak eta ekimenak errespetatuz. 2. Zabalkundea eta Globalizatzea. Datozen urteetan aurretik hamar eta ondoren hamabi Estatukide berri izango ditu EBk, munduko eragilerik eta merkaturik garrantzitsuena bilakatuko delarik. bi erronka zail ekarriko ditu, bata politikoa eta bestea ekonomikoa. Politikoki ekialdeko estatuetan demokrazia eta Giza Eskubideen errespetua tinkatu behar da (zeresanik ez Turkia sartzen denerako) eta estatukide berri hauek metodo komunitario eta ondare komunitarioa berenganatu behar dute, gero eta integrazio sakonagorako bidea oztopatu gabe. Bestalde estatukide berrien garapen ekonomiko orekatua bermatzeko beharra dago, beraien aberastasun murritzagoagatik Europan sortuko den lurralde desorekari aurre egiteko barruko baliabideak mugitu beharko dira, batez ere barneko . Bestalde mundu mailan eragile nagusia bilaka daiteke EBk Amerikako EEBBek daramaten jokabide unilateralistari oreka egiteko gauza den bitartean, baina horretarako, estatukideek orain arteko protagonismoari eta norbera bere aldetik ibiltzeko ohiturari uko egin beharko diote. Bitartean, EBk hainbat politika sakon dezake: garapenerako laguntza, Giza Eskubideekin lotuta dagoena, kanpoko trukea bultzatu WTO barruko akordioak errespetatuz eta errespetaraziz (Doako akordioak, garapen jasangarriari eutsiaz), laguntza humanitarioa. Baina arlo hauetan aurrerapausoak ematea ez da aski izango: Europak gaietan ahots bakarrarekin hitz egin beharko luke, estatukide guztien atzerri politikaren ildo nagusiak koordinatuz. Honek defentsarako koordinaketa berezia ere eskatuko du (NATO/OTAN eta WEU erakundeen birplanteatzea). 3. Sortuko den Europa hagitz konplexua izanen da, gobernatzen zaila eta bere hiritarrekikolotura edo komunikazioa galtzeko zorian koka daitekeena. Hori saihesteko, bidezkotze edo zilegiztatze tresna berriak beharrezkoak izango dira. Batzorde Europarrak bultzatutako Gobernatzeari buruzko gogoeta estrategikoa honen lekuko dugu. Garbi dago orain daukan formatuarekin hogeita bost estatukideetako Europak ezin duela funtzionatu, paralisian sartuko litzatekeela. Horregatik aldaketa sakonak egin beharko dira, Nizak lortu ez zuena. Baina Tratatuetako aldaketei ekin baino lehenago badira hainbat prozedura, tresna, lan metodo edo jardunbide Europar Batasunean, Europar Komunitatean eta hauen erakundeetan eta erakundeen artean alda daitezkeenak eraginkortasuna bermatzen joateko, hainbat printzipioren ildotik: gardentasuna, hiritarren partehartze, sinplifikatzea, erantzungarritasuna, administrazio maila ezberdinen arteko edo administrazio eta arlo pribatuaren arteko partaidetza, desregulatzea, subsidiaritatea ... Testuinguru zabal honetan planteatu behar da Europaren etorkizunari buruzko Laekengo Gailurrean 2001eko amaieran abiatutako Konbentzioa. Nizako Tratatuaren ukitu kosmetikoen eskasia ikusita, Konbentzioak benetako galderei erantzun beharko die: Tratatuen sinplifikatzea (bateratzea) eta Europar Batasuna beraren statusa; Giza Eskubideen Gutunari legezko indarra ematea, Batasunaren zereginak eta eskuduntzak, subsidiaritate printzipioaren kontrola, erakundeen eraketa eta osaketa eta hauen arteko oreka eta kontrolak, Kontseilu europarraren buruzagitza, Batzordearen buruzagitza, eraentza eta hautagaitza, Batzordearen legezko ekimena, Kontseilua Europarlamentuarekin batera legegile izatea eta zer nolako gehiengoz erabakiko duen, EBko kanpoko politikaren gidaritza (burubitasuna saihestuz), lurraldeen errola eta . Galdera hauei erantzuteko sortuko den Konstituzioa berriz nola onartu behar da: ahobatez, estatukideen eta hiritarren gehiengo bereziaz? Eta zer egin estatukideren batek ezetza ematen badu? Estatukide batek konstituzio prozesua hau geldiaraz dezake? Kanpoangeratzen al da Konstituzioa onartzen ez duen estatukidea ala EBtik irteteko eskubidea aurrezagutuko zaio? Gauzak konplikatzen joateko, nola konponduko genuke egoera, estatukide batek alde egitea erabakitzen badu, baina bere lurraldeetako batek Konstituzioa onartzen badu? Konbentzioaren metodologia nahiko partehartzailea da, orain arteko Gobernuarteko Konferentziekin alderatuta; eta funtsezko eskubideen Gutuna sortzeko erabili zen metodologiaren antzekoa da: goi mailako politikari ospetsu eta independiente baten gidaritzapean, estatuetako parlamentariak, Batzordekideak eta Estatuetako gobernukideak biltzen dira, lurralde batzordekide behatzaile batzuekin, baina gizarte zibilak ere zeharka parte har dezake, hiritarren eta beste erakunderen iritziak horretarako propio zabaldu den webgunean argitara daitezke. Halere lurraldeen partehartzea nahiko murriztuta dago, eta estatuetako parlamentariek eta europarlamentariek osatutako asanbladarena, orain arteko COSAC delakoaren garapena, erakunde berri bat bilakatzeko arriskuan dago. Garbi dago Europan sortu den konstituzio prozesu honek Europako herrialde guztietan beren herri edo nazio izaera eta eraketa birbegiratzera bultzatuko duela. Zaila da esatea Europa berri hau Estatukideen Federazio mota berezia, Estatu nazioen Bilkura, Europako Estatu Batuak, Europa Batua edota orain arteko konfederazio partziala izango ote den, eta neurri batean , baina garbi dagoena da izaki konplexu horren zatiak, bazkideak bai estatukideak eta baita estatukide hauen lurralde deszentralduak nabarmen eraldatu egingo direla prozesuaren kariaz. Burujabetzarekin lotuta dauden hainbat alderdi jadanik EBren eskuetan jarri dira: txanpona, makroekonomiaren kontrola, merkatuaren funtzionamendua, eta beste arlo askotan elkarlana estua egingo dela eta estatuen erabakitze libreko esparrua murriztu egiten dela: koordinazio irekia dela eta hezkuntza, politika soziala, enplegu politika, ingurugiro politika, inmigrazio politika, barne politika, etab. Ez daharritzekoa beraz Euskadin prozesu honek bere oihartzuna eduki izana: Euskadiren hainbat eta hainbat botere eta eskuduntza (1) edo Espainiak zuzenean Europar Komunitateari zeditu dizkiolako 1986an estatukide bilakatu zenean merkatuari buruzko arauak edo nekazaritza eta arrantzu politikak (2) edo Europar Komunitateko zuzenbidearen parametroak eta arauak errespetatu behar dituztelako hala nola zergatzeko ahalmena edo enpresei emandako dirulaguntzak (3) edo Europa mailan koordinatzen direlako hezkuntza politika, enplegu politika edo politika soziala, besteak beste. Baina europar erakundeetan ezin badu bere ahots propioa eduki eta Euskadiren izenean Espainiako gobernuak hitz egiten badu eta hori egiteko ez badira behar bezala koordinatzen beste estatukideetan koordinatzen den bezala, orduan esan daiteke eskuduntzen berreskuratze ezkutua egiten duela Espainiak Euskadiren kaltetan. Logikoa da beraz testuinguru horretan Euskadik bere eskuduntzei, ordezkaritzari eta status juridiko politikoari buruzko gogoeta eta birplanteamendua egitea, Europa mailako konstituzio prozesu batean nahitaez murgilduta baitago. Galdera eta eskakizun zehatzak egin beharko lituzke beraz Euskadik, bere barruko gogoeta eta kontsulta prozesu baten ondoren, alegia: Konbentzioan Erregioen batzordeak duen ordezkaritza maila, ia Konbentzioko edozein batzordek erabakiko duen erregioei kontsulta egitea, Estatuen ikuspegia osatzean (gobernu zentralena eta parlamentuetakoa) erregioak aintzakotzat joko ote diren, nola banatuko diren eskuduntzak lurralde estatukide eta EBren artean, nork izango ote duen subsidiaritatea kontrolatzeko aukera estatukideek bakarrik edo hauek eta legezko eskuduntzak dituzten lurraldeek edo Lurraldetako Batzordeak berak, eta ia honek lurraldeak bakarrik ordezkatu beharko lukeen edo lurraldeak eta hiriak, ia Europarlamenturako hauteskundeetan lurralde hautesbarrutiak antolatu behar diren, ia Europar Kontseiluan Europarlamentuko presidentearekin batera LurraldeetakoBatzordeko presidenteak ere ez ote lukeen egon behar, ia koordinazio irekian lurraldeek ez ote luketen beharrezko partehartzea ziurtatu behar (adibidez Europarlamentuarekin batera derrigorrezko erizpena ematea), edota Batzordeak bultzatu nahi dituen kontratu hirukoietan lurraldeek derrigorrez parte hartzea, eta Europarlamentuaren eta estatukideetako parlamentuen bilkura nagusia eratzen denean legegintza eskuduntzadun lurraldeetako parlamentuek ere ez ote luketen parte hartu beharko. Arazo hauen inguruko posizionamendua hartu beharko lukete Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak, ene uste apalean. Azken batean galdetu beharrean gaude ia Europa nortzuek eraikitzen duten, Estatuek bakarrik ala estatukideek eta hauen herriek? Eta Estatua esaten denean zergatik ulertzen da gobernu zentrala eta ez osotasuna, alegia gobernu zentrala gehi erregioak? Eta galdetu beharra dago norentzako gobernatzen den, norentzako eratzen den Europa berri hau, alegia zer edo nor ote den gobernatzearen xedea eta funtsa? Garbi dago Hiritarrak garela. Horrela baldin bada, agian abian jarri den prozesua hain zuzen ere horretan datza: legitimazioa hiritarren bidez bermatzea (horren lekuko Oinarrizko Eskubideen Gutuna, Gobernantzaren liburu zuria, Europako Etorkizunari buruzko Konbentzioa eta sortuko den Konstituzioa); printzipioz erakunde guztiak, maila guztiak koordinatu beharko dira hiritarrei zerbitzuak bermatzeko: sinplifikazioa, leihatila bakarra, erantzukizun partitua, administrazio maila guztien arteko elkarlan leiala. Hiritarraren mesederako gobernatzen denez, hiritarrarengandik gertuen dagoen administrazio mailatik hasiko beharko ginateke legitimazio prozesua, eta handik goiti erabaki zein diren goi mailako erakunde amankomunetan ezarri behar diren eskuduntzak. Joxerramon Bengoetxea Monografiko honen koordinatzailea Euskonews & Media 191. zbk (2002 / 12 / 6 13) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria