182 Zenbakia 2002-10-04 / 2002-10-11

Gaiak

Bernardo Atxagari buruz

ITURRALDE, Joxemari

Bernardo Atxagari buruz Bernardo Atxagari buruz * Joxemari Iturralde Bernardo Atxagari Eusko Ikaskuntzak bere saria eman diola eta hitz batzuk idazteko eskatu didate. Hemen, labur labur, hiru atal ezberdin aipatuko ditut Atxagari buruz. Lehenengo eta behin, Atxagaren literaturarekiko jarrera azpimarratuko nuke. Bizitza osoa eskaini baitio, gazte zenetik, literaturari. Hamazazpi urterekin ezagutu genuen elkar eta lagun bilakatu ginen. Garai hartan, pittin bat beranduago apika, erabaki zuen Atxagak literaturarekiko apustua egitea. Literatura eta bizitza bat izango ziren ordutik aurrera bere kasuan. Eta gaur egun ere horretantxe jarraitzen du. Literatura ikasbidea da, literaturan ikasitakoak bizitzeko balio digu eta gure bizitza literatura bihurtzen dugu idazleok. Orain, arrakasta eta onespena erdietsi ondoren, badirudi oso erraza dela horrelako apustu bat aurrera eramatea baina badakit nik hasierako garai haiek ez zitzaizkiola batere errazak eta samurrak gertatu Atxagari. Ezagutu bainituen nik bere garai zail haiek. Hala ere, bera izan zen bakarra bide horretatik aurrera egin zuena, dena utzi eta literaturgintzan murgilduz, euskal literaturgintzan hobeto esanda, hau da, euskaraz idatzitakoan, noiz eta Francoren diktaduraren garai latz eta beltz haietan. Eta horrek meritu handia du, benetan. Gaur egun idazle gazte batek, bide horretatik joatea erabakitzen badu, askoz errazago dauka dena baina garai zail haietan oso gutxik uste zuten hortik jo zitekeenik ere. Sinistu egin behar zen eta, gero, adorea izan. Atxaga izan zen lehena hori egiten. Baikor eta indartsu azaldu eta abiatu zen jende asko ezkor eta kikilduta zegoenean. Gero, urteak eta urteak eman ditu neke gabe idazten. Eta hor dago bere obra eskerga jendearen gozagarri. Genero ezberdin ugari ukitu ditu eta denetan aritu da bikain. Bere zenbait liburu klasiko bihurtu dira dagoeneko eta esan daiteke adin guztietako jendeak irakurri dituela bere lanak, bai belaunaldi batekoak zein hurrenekoak ere. Antzerki lan,haur eta gazteentzako literatura, poesia, ipuinak eta nobelak, hitzaldiak, jende aurreko emankizunak, irratirakoak... denetik landu du urte hauetan, ikus daitekeenez, beti ere maisuki eta modu ezin bikainagoan. Hirugarrenik, eta aurrekoarekin lotuta, bere lanak euskal literaturaren historian izan duen eragina datorke. Bide berri asko urratzeak ondorio hori baitakar, alegia, zenbait arlotan aitzindari izatearena. Gaur egun idazle gazte askok idazten du, dudarik gabe, Atxagaren lanaren eraginpean. Garbi ikus daiteke hori poesia aztertzen badugu, eta baita musika talde askoren letrak entzuterakoan. Atxagaren eragina bizi bizirik dago. Eta Euskal Herritik kanpora begira jarrita, bera izan da bakarra halako arrakasta itzela lortzen zenbait hizkuntza ezberdinetan. Hainbat itzulpen izan dituzte bere liburuek eta halako arrakastaz eta oniritziz gainera non euskal literaturaren izen ona barreiatua izan baita han eta hemen mundu osoan barrena. Beste Bernardo batek, Etxeparek, zioen hura, "Euskara, jalgi hadi mundura" ez da zoritxarrez bete, bai ordea "Euskal Literatura, jalgi hadi mundura" eta hau Atxagaren obrari esker suertatu da. Eta ez da gutxi, kontuan izanda herri txiki bateko hizkuntza gutxituan sorturiko literaturaz ari garela. Beraz eta amaitzeko, esan dezaket aski ongi merezitako saria dela Atxaga idazle aitzindariak jasoko duen hori. Joxemari Iturralde, idazlea Argazkia: Arantza Cuesta Ezeiza Euskonews & Media 182.zbk (2002 / 10 / 4 11) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria