176 Zenbakia 2002-07-19 / 2002-07-26

Artisautza

Juan Antonio Gisasola. Oihalezko irudiak

AGUIRRE SORONDO, Antxon



J. A. Gisasola ARTISAUTZA Español Juan Antonio Gisasola: Oihalezko irudiak Oihalezko irudiak . Sarrera . Lan prozesua Juan Antonio Gisasola Ortiz de Villalba Eibarren jaio zen 1962an. Txoko ezizenez ezagutzen da. Historia ikasketak egin ondoren, aurrehistorian eta arkeologian espezializatu zen. Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kidea da. 1998an, oihalezko panpinak egiteko ohiturarekin jarraituko zuen enpresa bat sortu zuen. Hainbat arrazoi direla medio, bigarren maila batean du lanbide hau, beste jarduera profesional batzuekin konbinatzen baitu. Enkarguz hasi zen lehenengo piezak egiten. Jaso zituen eskaririk garrantzitsuenen artean, Donostiako San Telmo Museorako egin beharreko 50 unitateak aipatu beharko genituzke. Modelatua eta pintura ikasitakoan, aukera guztiak aztertzen hasi zen. Hasieran, burua zeramikazkoa eta gorputza beste material batzuekin beteta zuten panpinak egiten hasi zen, baina azkenean antzinako sistema erabiltzea erabaki zuen, hau da, irudiak zerrautsez betetako oihalez egitea, horrela itxura eta bukaera hobea zutela ikusi zuelako. 2000. urtean artisautza tailer bat zabaldu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, eta Arbaso-n, Euskal Herriko artisauen elkartean sartu zen. Jantzien mundua ikertzen jarraitzen du denbora honetan guztian. PRODUKTUAK Zerrautsez beteta eta olioz margotutako oihalezko artisautza irudiak egiten ditu. 30 cm inguru neurtzen dute luzeran, eta jantzi adierazgarriak eramaten dituzte soinean. Iruñeako emakume koplaria. XIV mendea Zeraingo amama (Gipuzkoa). Nahiz eta berez imajinazioak eta historiak eskura ipintzen dizkioten gai guztiak lan ditzakeen, uneotan batik bat euskal pertsonaia etnografiko eta historikoak ari da egiten. Horretarako, litografiak, grabatuak, antzinako postalak, koadroak (Arrue, Kaperotxipi, etab.) eta gaiaren inguruan dagoen bibliografia (María Elena Arizmendiren obra, adibidez) hartzen ditu oinarritzat. Salmentari begira, irudi bakoitzak euskaraz eta gaztelaniaz idatziriko ziurtagiri bat eramaten du, bertan jantziaren deskribapen xehea, kolorea, zenbakia eta egin deneko data ipintzen dituela. Esate baterako, hauxe da DURANGOKO EMAKUMEA (XVI. mendea) izeneko irudian euskaraz zein gaztelaniaz irakur daitekeena:

DESKRIBAPENA:

Francisco Vázquez de Mendietak 1607an margoturiko "Boda de Hidalgo" koadrotik aterea. Hogeita hamaika zenbakiarekin ikus daiteke bertan Durangoko jantzia, XVIII. mendearen erdira arte eramaten zena. Gaur egun Bizkaiko Foru Jauregian dago koadro hau. Egin deneko data: 2001/12 Gure artisauak, mota guztietako irudi herrikoiak erreproduzitzeko balio dion artxibo historiko zabal bati esker, bezeroek eskatzen dioten edozein jantzi mota egin dezake: jantzi historikoak, etnografikoak, antzinakoak, edozein lanbiderenak (militarrak, nekazariak, marinelak, etab.) eta beste kulturetakoak. Bizkaitar alkatea XIX. mende bukaerakoa. Arabar miñoia. XIX. mende bukaera. Beste alde batetik, eskatzen zaion edozer erreproduzitzeko gai da, dela pilotari bat, arrantzale bat... eta baita konposizio eta eszenak ere: pilota partiduak, sagardotegiak, eta abar. Sari edo opari gisa emateko moduko artisautza pieza etnografiko apartak dira bereak. Uneotan, bi ildo nagusitan ari da lanean: batetik, Euskal Herriko jantzien historia erreproduzitzen ari da, aurrehistoriatik gaur egunera arte, eta bestetik Europa osatzen duten 103 herrietako jantziak prestatzen dihardu. Erosi Irudiak

QUIENES SOMOS Política de privacidad Avisos Legales ? 1998 Eusko Ikaskuntza