170 Zenbakia 2002-06-07 / 2002-06-14

Artisautza

Idoia Abínzano eta Alfonso Otal. Texartu Ehungintza Estudioa

AGUIRRE SORONDO, Antxon



Idoia eta Alfonso ARTISAUTZA Español Idoia Abínzano eta Alfonso Otal: "Texartu" Ehungintza Estudioa Introducción La lana El lino Telar de bajo lizo Bibliografía Idoia Abínzano Zaragüeta eta Alfonso Otal Isabella, 1987an hasi ziren euskal ehungintza tradizionaleko lanak egiten eta lehengaia aztertzen. Museo batzuek enkargatuta, jantzi tradizionalen erreprodukzioak egiten dituzte, lihozkoak gehienetan, urdin koloreko gurutze puntuz brodatutako iruditxoekin. Horrez gain, ehungintzari buruzko klaseak ere ematen dituzte. 1999az geroztik, esklusiboki ehungintzan dihardute. Hasieran etxean aritzen ziren lanean, baina gerora Iruñako Alde Zaharrean dagoen San Francisco kaleko 10. zenbakiko lokal batean jarri ziren. Bertan, enkargatu dizkieten piezak egiten aritzeaz gain, denda bat daukate, eta klaseak ere ematen dituzte, jarduera osagarri gisa. Duela gutxi egokitu duten lokal honetan, hainbat ehungailu dauzkate ikasleentzako, eta baita zeta gaineko pintura eta ehoziria bezalako ehungintzako teknikak erabili eta irakasteko tokiak. Texartu, gaur egun, EHUNGINTZA ESTUDIO bat da. Ehungintzaren -edo, zehazkiago esanda, ehungintza tradizionalaren- mundu korapilotsuan 14 urteko esperientzia duen artisau talde batek osatutako enpresa bat da, Nafarroako Gobernuaren artisautza ziurtagiria duena. Nolabait, Idoia Abínzanok 80ko urteen bukaeran sorturiko artisautza tailerrari eman dioten bultzadaren fruitua da. Texarturen helburu nagusia, ehungintza tradizionalaren kultura berreskuratu, baliozkotu, ahal den heinean egokitu, mantendu eta zabaltzea da. Izan ere, sektorearen industrializazioaren eta, orain, globalizazioaren ondorioz, kultura hau, artisautzaren beste hainbat alderdi bezala, gizartean zeukan lekua galtzen ari zen, ahanzturan erortzeko arriskuarekin. Kultura herrikoieko elementuak izanik, oso kontuan hartzekoak dira Texartun erabiltzen dituzten teknikak, beren gertutasunagatik, funtzionalitateagatik, edertasunagatik, ugaritasunagatik eta autonomia zein nortasunez hornitzeko gaitasunagatik. Gure idiosinkrasia markatzen dutenez, ahal dugun heinean mantendu egin behar ditugu, beren diseinuak eguneratuz eta erabilera berriak bilatuz. Texartun erabiltzen dituzten teknikak antzinako eta oraingo ehuleengandik ikasi dituzte, jakintza iturri horietako asko betiko galdu badira ere. Hala ere, garbi daukate uneoro produktuak hobetzeko teknikak aztertzen eta garatzen joan behar dutela, eta balio berriak bilatzen, diseinu eta materialen aldetik adibidez. Artisautza tailer guztiek aritu beharra daukate diseinu berriak sortzen eta garatzen, eta ondoren materialei aplikatzen. Ehungintzan, gainera, ezin zaie material, kolore eta ligamenduen aldetik dauden joerei bizkarra eman, baina ez da, ezta, ehungintza industriak markatzen duen aldibaterakotasunean erori behar, hain zuzen ere hori baita artisautzaren eta industriaren arteko desberdintasun nagusia. Etengabe garatzen ari den tradizioa da. BEREN PRODUKTUAK Bi arlotan aritzen dira: batetik ehunak modu artisauean egiten, eta bestetik teknika horiei buruzko ikastaroak ematen. Ehungintza tradizionala, ehungailuak erabiliz Landareekin egindako tindaketa naturalak Ehungintza diseinu propioak, edo diseinu tradizionalen erreprodukzioa Jantzien pertsonalizazioa, brodatuen bidez Trebakuntza ikastaroak: ehungailuak, tindaketa naturalak, zeta gaineko pintura, ehoziri lanak, irazki hari altuko tapizak.

Eurek dioten moduan: "Gure diseinu eta tekniken ondorioz, Texartun egiten dugun pieza bakoitza arte bihurtzen da, eta gauza desberdinak bilatzen dituzten guztien eskura ipintzen dugu. Zerbaitegatik da artisautza adierazpen artistiko, funtzional eta herrikoia." Ikastaroek ikuspegi profesional bat daukate; hau da, ez dira "eskulangintza ikastaroak", baizik eta gerora ehungintza lanbide gisa izan nahi dutenei bezalakoei zuzenduta dauden ikastaro sakonagoak. Horregatik, gai batzuk eurek irakasten dituzte, baina beste batzuk emateko, berriz, espezialistek hartzen dute parte. Berez jende guztiarentzako modukoak diren arren, ez dute ikastaro hauek denbora-pasa soilak izaterik nahi. Horrela, zeta gaineko pinturaren kasuan, plantxa bidez finkatutako pinturekin aritu beharren, lainoztagailuaz baliatzen dira. Beste hainbeste esan daiteke irazki hari altuei buruz, etab., bai erabiltzen dituzten materialengatik, bai irakasleengatik. Horrek guztiak garestitu egiten du materialaren prezioa, baina Idoia eta Alfonsok garbi daukate lehentasuna daukana profesionaltasuna dela. Hori dela-eta, ikastaroetako taldeak txikiak izaten dira, gehienez ere hamar lagunekoak. Asko dira egiten eta saltzen dituzten produktuak (enkarguz egiten dituztenez gain). Brodatuta nahiz brodatu gabe, toallak, mahai edo kutxatarako tapizak, alfonbrak, xalak, ohazalak, mahai zapiak, etab. egiten dituzte. Dena den, ikusi ahal izan dutenaren arabera, gaur egungo erosleek etxerako ehunak baino, soinean eramateko moduko jantziak erosteko joera handiagoa daukate. Horregatik, ohazal baino xal gehiago saltzen dituzte. Horren aurrean, udarako eta negurako jantzi gehiago egiten hasi dira. Benetan ikusgarriak dira euskal irudi tradizionalak urdinez brodaturik dauzkaten lihozko mahai zapi, toalla eta ohazalak. Gaur egun Asiatik artisautzako etiketarekin (batzuetan, gainera, "euskal artisautza"-ren etiketarekin) merke-merke inportatzen diren jantziek kalte handia egiten diote egiazko artisauari. Tristea da oso Nafarroako Gobernuak oraindik ARTISAUTZAKO ZIURTAGIRIrik sortu ez izana, produktu bat benetan artisautzakoa dela eta bertan egina dela ziurtatuko duena. Artisautzako produktuen salmenta bultzatuko duen benetako politika baten beharra nabari da. Erosi Ehungintza

QUIENES SOMOS Política de privacidad Avisos Legales ? 1998 Eusko Ikaskuntza