166 Zenbakia 2002-05-10 / 2002-05-17

Artisautza

Fermín Anda Goikotxea

AGUIRRE SORONDO, Antxon



Fermín Anda ARTISAUTZA Español Fermín Anda Goikotxea Introducción La argizaiola Bere aitak, Domingo Anda Zumarraga bakaikoarrak, Vitoria-Gasteiz eta Iruñako tailer batzuetan ikasi zuen tailugintza, eta, soldaduska amaitutakoan, tailer txikitxo bat zabaldu zuen Bartzelonan. Lan asko izan zuen garai hartan, orduantxe baitzen ospatzekoa Bartzelonako Erakusketa Unibertsala (1929). Oso tailugile ona zen, errenazimendu garaiko altzarietan espezializatua: jangeletarako altzariak, aterkientzako ontziak, erlojuentzako kutxak, mahaiak, aulkiak, oheak, etab. tailutzen zituen. Gero Bakaikoara itzuli zen, tailer bat ireki zuen, eta bertan bizitu zen hil arte. Bakaikoan ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituen: lau mutil eta neska bat. Zaharrena ere tailugilea zen, baina, hogeita hamabi urte zituela istripu batez hil zen. Bigarren semea, Victorino, Fermín anaiarekin aritzen da tailerrean lanean, altzariak egiten. Fermín da gaurkoan aztertuko dugun artisaua. 1939an jaio zen, eta 14 urterekin eskola utzi zuenez geroztik aitarekin eta anaiekin aritu da familiaren tailerrean lanean. Fermín tailugintzan espezializatu zen, altzariei azken ukituak ematen. Arrebak ere laguntzen du, azken ukituak eta argizaria ematen. Bosgarrena José Ramón da, brontzezko eskulturak egiten dituen artisau famatua. Noizean behin harria ere erabiltzen du, eta zura ere bai. Iruñan, Donostian eta beste hainbat tokitan ikus daitezke bere lanak. Gure artisauak hiru seme-alaba dauzka: bi mutil eta neska bat. Mutilak harakinak dira (amaren aldeko aitona bezala), eta neskak soziologia ikasi zuen. Iñaki Linazasorok desagerturiko La Voz de España egunkari donostiarrean artikulu bat idatzi zuen, Andatarrak kutxa bat zaharberritu zuen modua goraipatuz. Manos de Zúñigak, Donostiako San Telmo Museoko zuzendari izandakoak, hori irakurritakoan, beregana jo zuen, argizaiola bat zaharberritzeko eskatuz. Errenteriako Azoka antolatzen duten Ereintza Elkartekoek honen berri izatean, deitu egin zioten, 1980an antolatu zuten lehenengo azokan parte har zezan. Baiezkoa eman zuen Fermínek, eta, ordutik, hantxe izaten da urtero, bere taila eta argizaiolekin. PRODUKTUAK Fermínek ia lan guztia enkarguz egiten du: batzuk zuzenean joaten dira bere tailerrera piezaren bat eskatzera, eta beste batzuek, berriz, azokaren batean lanean ikusi dutelako jotzen dute beregana. Enkarguekin arazorik sor ez dadin, eskaria egiteko unean %50 eskatzen du. Izan ere, serieko elementuak pertsona desberdinei sal diezazkieke, baina produktua bakarra denean zailagoa da hori egitea. Fermín urtean 20 bat artisautza azokatara joaten da: Deustukoan hasten da, San Joseko azokan (martxoaren 19) eta Donostian amaitzen du, Santo Tomasekoan (abenduaren 21). Ohiko produktuak egiten ditu: kutxa tailatuak, erlojuentzako altzariak, aterkientzako ontziak, azpila, ezkutu heraldikoak, egur tailatuzko erlojuak, gatzontziak, argizaiolak, Aralarko San Migelen irudiak, etab. Alegia, taila daitekeen zurezko edozer. Pieza batzuk egiteko, haritz zaharren egurra erabiltzen du Fermínek. Hau da, etxe zaharretako egurra erosten du, edota haizeak bota dituen edo edozein arrazoigatik moztu egin behar izan diren zuhaitzetakoak. 300 urte inguru dauzkaten etxeetako habe batzuek ustelak egotearen itxura izaten duten arren, gaineko azala kendu ostean berehala ikusten da barrualdea oso egoera onean dutela, eta zahar itxura apartarekin gainera, oso aproposa argizaiolak, gatzontziak eta zahar itxurako piezak egiteko. Gaur egungo altzari handiak egiteko, bertoko haritza erabiltzen du, haritz amerikarra baino askoz ere hobea delako. Hemen haritz onak eta txarrak daudela dio Fermínek. Urte gehiago behar dituzte, baina gehiago saltzen dira, "nobleagoak" dira, nolabait. Kontua da egunetik egunera gutxiago daudela, eta garestiago direla. %99ak bertoko haritza erabiltzen du. Pagoa oso ona da aizkoren kirtenak, frontoietarako palak, etab. egiteko, kolpeen aurrean haritza baino sendoagoa delako, baina ez dauka haritzaren kalitate bera, 10 edo 15 urtera pipiak jotzen diolako. Intxaurrondoa ere erabiltzen du, aiton-amonen aurpegiak daramatzaten erliebeak egiteko, adibidez. Bakaikoatik Altsasurako bidean dago bere tailerra, errepidearen ondoan, eta altzariak egiteko tresnen bilduma handi bat dago bertan ikusgai: zintetako zerra, diskoena, eskuila, fresatzeko makina, etab. Aldamenean, erakusketa-biltegi bat dauka. Leiho handi baten alboan, Fermin tailatzen aritzen den "arotzaren aulkia" dago, alboan tailugilearen gubia eta mailua dituela. Erosi Argizaiola

QUIENES SOMOS Política de privacidad Avisos Legales ? 1998 Eusko Ikaskuntza