15 Zenbakia 1998-12-18 / 1999-01-08

Gaiak

Gabon ohiturak bizkaia aldeko Gorbeia inguruan

ETXEBARRIA AYESTA, Juan Manuel

Gabon ohiturak bizkaia aldeko Gorbeia inguruan Gabon ohiturak Bizkaia aldeko Gorbeia inguruan * Juan Manuel Etxebarria Ayesta Gabonak, pluralean dagoen berba bat dugu eta halaxe da. Abenduaren 24ko Gabon Gauetik hasi eta harik eta Erregeenak igaro arte. Gaurko honetan, Bizkaia osoko ohiturak barik, Gorbeia ingurukoak aipatuko ditut, neure "Gorbeia inguruko Etno Ipuin eta Esaundak" liburuko 2.12 atalean batutakoak laburtuz. Gabonak ospatzeko, gabonkariak behar izaten dira eta, jakina, gure munduko denpora ez doa alperrik eta horrexegatik, ohiturak ere aldatuz doaz. Lehengo gabonkariak, gehienak behintzat, baserrietan bertan lortzen ziren, esate baterako, txerrikia, zezina, karetako arraultzak, egaztiak, intxaurrak, eztia, labe ogia, ortuariak, aza batez ere, eta abar luzeago bat. Guzti hori lortuta ere, beti egiten ziren aparteko erosketak Gabonak ospatzeko, adibidez, orloa, arraina, gozoak, berba baten esanda, baserrietan lortu ezin zena. Ohituretariko bat Gabon otzara da. Baserrietatik, apurka apurka seme alabak ezkonduz joaten ziren eta Gabonetan berriro etorri gurasoenera. Baina, jakina, lehenagoko familietan etxekadak bizi zitzaizkigun eta ezkondu eta ume berriak ekartzean, zer? Ba sendia ugaritu egiten zela. Horrexegatik, gurasoenera zetorren seme alaba bakoitza, gabon otzara eta guzti etortzen zen gero denen artean jateko. Gabon otzara hauetan baserrian lortu ezin ziren gabonkariak ekarteko ohitura zegoen. Behin gabonkariok itxuraztu eta Gabon Gaua heltzen zenean, errosarioa errezatu ondoren, afariari ematen zitzaion garrantzia. Lehengo janarien artean esanguratsuenak bakarrik aipatuko ditut. Hasteko labe ogia. Gabon gaueko afaria hasi baino lehen, errezatu egiten zuen etxeko aititak. Gero, hartu ogia, aiztoaz gurutze bat egin eta lehenengo ebagiten zuen ogi kuzkurrari mosua eman, berarekin aitearen egin eta mahaiko mantelpean gordetan zuen txakur amorratuaren haginkada osatzeko ona zela eta. Lehen platu bezala, orio aza zen zabalduena. Orioa dinogu eta ezkoipea. Lehen sukaldaritzan, txerri koipea edo ganadu seboa zen orio ordezkoa, baina Gabon Gauean orioa botatzen zitzaion azari bigilia gordetzeko. Kopla bat ere badugu orio aza adierazteko. Hauxe: "Aite Joaniko seme Periko zer daukak afariteko orio aza gozo gozoa opil beroagaz jateko." Gero karakolak tomate saltsan. Janari honek ere, bere arrazoia du. Lehen Gabon eguna bigilia eguna genuenez haragi ordezko bat ipini behar izaten zen. Postreetan ezagunena Intxaur saltsa zen. Gaurko adelanturik ez zegoenez almerizean joten zen intxaurra ehoteko. Intxaurrak direla eta, hainbat gauza konta daiteke. Esaterako, intxaurra intxaur saltsa zein aginaldoetarako erabilten zen. Horretarako zakutoetan ondo gordeta eukiten zituzten zein umeak jan eta bat ere barik geratu Gabonetarako. Baina, umeak haragoan ere ume direnez, intxaurrondoa, garauen mintza arrankaldu eta dariola hasten denean, eratzi egiten da eta, jakina, umeak zoli zoli ibilten ziren lehenengo intxaurrak harrapatu eta jaten. Baina intxaur mintzaren kortikea oso gatxa da kentzen eta gure parajean behintzat hauxe esaten ziguten bildurtzeko: "Loituten badozuez eskuak, badatoz intxaurmantxeruak." Afalostean, kantatu ere egiten zen baina gehienetan kartetan ume eta ame goizaldeko orduak jo arte. Hurrengo egunean, Natibete eguna. Jai handia eleizearentzat. Goizean, gaueko biharamuna kentzeko, txokolatea egiten zen eta berarekin barausi, horixe zen Natibete eguneko barauskarria. Abesti eta guzti egiten zen. Zein? eta hauxe: "Natibete bete bete San Esteban txokolate". Gabonzarretan beste afari bat. Ezkonduen kasuan, Gabonak batarenean egiten baziren, Gabonzarrak bestearenean. Janariak antzera. Baina bada gauza aipagarri bat. Antza denez, Gabonzar gaueko hamabietan herriko gazteloak astakeriak egiten zituzten. Gurdiak arboletatik eskegi, bedarmetak apurtu eta holakoak, baina, jakina, gero gerokoak! Hobe bakean ibili bestela? Dena den, urte batean, begira nolako broma egin zuten Zeberioko gazte batzuek han Uriondo auzunean.Gazteok urten zuten gauez, hartu asto bat eta ermita portaleko kanpai kateari lotu. Aurreragoan bedar sikua jarri harrapatu egin ez egiteko distantzian. Eta zer? Ba, astoa, bedar sikua jan nahian zegoenez mogimendu bakoitzeko kanpaiotsa ateraten zuela. Eta ene! auzune guztia egon omen zen buruko ileak artezturik beste mundukoren batzuk ote ziren pentsatuz. Gabonetan umeak dira pozen bizi direnak, lehen zein gaur. Lehen, opari aukera gutxiago zegoenez, beste era batera pozten ziren umeak. Urteberrietan, etxerik etxe joaten ziren umeak aginaldoa batzen baina horretarako kantatu egin behar izaten zuten. Hauxe hain zuzen: "Urte barri txarri belarri daukanak ez daukanari nik ez daukat eta niri." Urteberrietako aginaldoa andrazkoena zen. Dirua ere bai, baina batez ere, intxaurrak, hurrak, mahaspasak, txokolatea, gaztainak, etab. eskuratzen zituzten. Errege egunean, beste hainbeste egiten zuten umeek. Gizonezkoei eskatzen zitzaien aginaldoa kanta hau kantatuz: "Apalazio zaldune iru erregen egune iru erregenetatik zotzak eta paluek Martin Antonioren kontuek, Martin Antoniori eroan deutsoz iru ollada katuek orrek azurrok batu ezinda ak darabizan saltuek saltu ta saltu katuek." Hona hemen ba, laburbilduz, Gorbeia inguruko gabon ohiturei buruzko aipamentxoa. Hauek ohitura hauek, gaurko aitita amamen garaikoak dira baina gaur ere etxe askotan bizi bizirik dauzkagu horiek ohitura horiek, euretariko batzuek sinboliko mailan baino ez badira ere. Urteak aurrera doaz eta ohitura asko eta asko zaharkitu eta galduaz, baina hausnarketa bidean zera esango nuke: gure ohiturekin bat batera bizikera horren euskara bizi da eta euskararen bizi euskarriari galtzen uzten badiogu, nola bideratu etorkizunera? Zergatik ez dugu zubi lana egiten gaurkook, lehena etorkizunera bideratzeko? Gure geure esku dago! 1998 Gabon, 1999 Zorion! Juan Manuel Etxebarria Ayesta, Etniker taldeko kidea Copyright © Eusko Ikaskuntza