136 Zenbakia 2001-09-21 / 2001-09-28

Gaiak

Bai, baina...

KALTZADA, Pili

Bai, baina... Bai, baina... * Pili Kaltzada Zinez, handia doakit emandako agindua: euskararen alde egindakoaz eta eginkizun dugunaz gogoeta egiteko eskatu didate. Ez da makala jarri duten puntua, eta hasieratik beretik badakit nekez erantzun ahal izango diodala neurri bereko bertsoren batekin. Iragana eta geroa, nahitaez, lotuta doaz beti, eta euskarari dagokionez, gainera, ezinbestean uztartu behar dira biak. Izan ere, urteetan egindakoaren emaitza da gaur egun euskarak bizi duen egoera, eta etorkizunean izango denak ere orduko eginahaletan paratuko ditu bere erroak. Historiak ez digu idatzi gabe ditugun etorkizuneko orrialdeak zirriborratuko, baina lagundu dezake garai bateko akats ortografiko berberak egin ez ditzagun. Urteak daramatzagu euskarak euskal gizartean eduki beharko lukeen tokiaz eztabaidatzen. Honezkero esanda dago ia guztia. Hamaika hitzaspertu, milaka ordu eta ehunka saio eman ditugu euskaldunok (aurreko nahiz oraingo belaunaldikook) euskararen egoerak (oraingoak eta gerokoak) kezkatuta. Izan ere, beti eduki izan dugu gure hizkuntzaren osasun egoeraz kezkaren bat izateko motibo nahikorik. Thomas Szas idazlearen aipua aproposa iruditzen zait: "Animalien erresuman hauxe omen da legea: jan ala jana izan. Gizakion erresuman, berriz, ondokoa: definitu ala definituak izan", esan zuen Szas ek. Eta horretan dago gakoetako bat, ene uste apalean. Luze gabe ebatzi beharreko auzia da, gainera: zertarako nahi dugu euskara mende berrian? Orduko ekaitzak, gaur egungo lohiak Kontua ez da berria. Estaturik gabeko hizkuntzek ez dute inoiz izan iraupenerako funtsezkoak diren babes legal, sozial eta ekonomikoak. Herritarron borondate eta esfortzuaren bizkar gainean eraikitzen dira kulturak hori guztia gertatzean, eta herritarrok, garaiaren arabera, ausartak, koldarrak, indartsu edo ahul izan gaitezke. Estatuak, ordea, beti dira ahaltsuak. Eta euskara batere maite ez duten estatuetan bizi gara hiztunok. Har dezagun Espainiako kasua. Bere egitura administratiboa eratzenhasi zen une beretik, estatuak zentrotik irradiatu ditu bere nortasunaren zeinuak; zentrotik zenbat eta urrutiago egon, orduan eta indar handiagoz eraso egin izan zaio desberdintasunari. Eta horrela, hezkuntza arautzeko legeak egiten dira 1859 urtekoa edota udazken honetan aterako den Unibertsitatekoa , bizitza sozial eta ekonomikoa kortse estuetan ezartzen duten dekretuak sartzen dira indarrean , estatuarena ez den beste hizkuntzaren batean hitz egin, kantatu edo amets egitea debekatu egiten da, eta, jakina, zigorrak ezartzen dira. Franquismo aren garai ilunenetan bizi izandakoa ez zen zoriaren emaitza izan: aurrez diseinaturiko eta aurrez ezarritako pentsamendu zentrista estuaren oinordekoa izan zen guztia eta gaur egun ere ikus liteke zur bereko ezpalak. Bolero baten antza du euskara gureak. Ezin atsedenik hartu, ez zurekin, ezta zu gabe ere. Hala ere, mende berrian sartu gara eta euskara ez da galdu, hamaika aldiz galtzeko zorian egon bada ere. Horrek ez gaitu itsutu behar, ordea: hizkuntza baten normalizazioa ez dator iraute hutsarekin, aurrera joatea funtsezkoa da. Folklorismotik haratago doan auzia da. Zertarako behar dugu euskara? Zein funtzio bete behar du gure artean? Zergatik ez da gogobetegarria gaur egungo egoera? Horra hor, beraz, arestian aipatu den definizioaren arazoa. Batzuk komunikaziorako tresna elbarritzat dakusate euskara; gizarte harremanen esparru zabalean eremu txiki txiki bat baino betetzerik ez duen tresnatzat, hain zuzen ere. Horien iritziz, euskarak berak bazter utzi du etorkizunerako bidea eta, desioa deitutako tranbia ez bezala, tren hori ez zaio berriro aurretik igaroko. Pentsatu ohi dute Babelgo dorrea suntsitu zenean, gureari oso toki txikia geratu zitzaiola, eta, auskalo zein arrazoi direla medio, ezin izan duela geroztik gainerako hizkuntzek izan duten bilakaeraren erritmora arrimatu. Horrelako tesiak ez dira berriak. Euskara hizkuntza basati eta pobretzat hartu dutenak noiznahi aurki daitezke gure historia garaikidean eta, harrigarriabada ere, oso gutxi aldatu dira garai bateko eta gaur egungo argumentuak. Modernitatearen izenean, iritzi zaharrak hala nola berritzen ari dira azken bolada honetan. Horientzat, beraz, nahikoa da umeak eta txakurrak artatzeko balio badu hizkuntzak; bizitza modernoaren gainerako zereginetarako egokiagoak ei dira gainerako erdarak. Alferrik da, beraz, normalizazio saio oro: diru publikoa brankatik botatzea, langile ez euskaldunak bortxatzea eta askatasun eremuak (sic) murriztea lirateke, horien aburuz, normalizazio egitasmoen azken jomugak. Horien ondoan, berriz, patuan sinisten ez duten hiztunak daude. Ezin onar dezaketenak naturaren kapritxo soila denik hizkuntza batzuk besteak baino indartsuago eta aberatsagoak egin izana. Hizkuntza guztientzat berdintasunezko jokabidea eskatzen dutenak. Milaka pertsona gara gaur egun identitate beraren, hizkuntza baten partaide. Mendeetako bilakaera, aldaketa eta garapena ere elkar banatzen dugu. Denboran zehar, batzuetan bilakabide hori era patxadazkoan gertatu da eta oso sarritan gatazka bizian. Milaka pertsona gara: milaka lan , aisia , amets , eta ilusio ordu hizkuntza berean; eta gero eta gehiago gara. Egia da badirela beste hizkuntza batzuk gure herrialdean, eta sarritan erabiltzen dugu horietakoren bat. Hori, berez, ez da arazo. Gizarte berean hizkuntza bat baino gehiago izatea, kultura bat baino gehiagoren partaide izatea, inondik ere, aberasgarria da... Baina benetan aberastasun horren fruituak gizarte osora zabaltzea nahia badugu, ezinbestekoa da beharrezko baldintzak izatea, eta zehatzago esateko, joko arau berdinak izatea guztientzat. Eta gaur egun, nola edo hala mugatuta gaude gure kulturak eskaintzen dituen ahaltasun neurrigabeen baitan geure buruak garatzeko. Ez lurralde osoan, ez bizi garen gune guztietan, ezin dugu gaur gaurkoz nahi bezala geure burua adierazi. Euskara ofizialkidea da, gaztelaniarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan; baina Nafarroan, euskalduntzat hartzen den gunean bakarrik jotzen da ofizialtzatbere erabilpena eta Iparraldean euskararen komunitateak ez du oraindik euskarri ofizial txikienik ere. Eta kezka handia sortzen digu honek, gaur gaurkoz honexek muga dezakeelako geure hizkuntzaren garapena. Hizkuntza bat baino gehiago dugu, baina euskara da bere etorkizuna segurtatzeko geure konpromisoa behar duen bakarra. Aurrerantzean ere, aurrera Aniztasuna eta globalizazioa. Lehena behar beharrezkoa delako, gustatu ala gustatu ez, gizarte ororen berezko ezaugarria. Eta bigarrena, erremediorik gabe, gainera datorkigulako. XXI. mendeko gizarteek erronka handiak dituzte begien bistan; gaur gaurkoz ezezaguna zaigun eszenatokian jokatu beharko dute eta harremanetarako indar fluxu berriak ezarriko dira. Gure gizarteari ere egokituko zaio aldaketa garaia eta erabaki beharko du, definitu, zein duen aurrera begira nortasun zeinu nagusia. Nire iritziz, aniztasuna. Hizkuntza eta kultura askoren jabe izan gaitezke, gure historian zehar izan garen bezala. Baina orain, gure arteko sesioetarako baino balio izan ez duen ezaugarri horrek, pluralitateak, etorkizunerako lasterkan lehen lerroan para gaitzakeela ikusi beharko dugu. Eta ikusi nahi ez duenari, ikustarazi. Euskararen geroa ez dago segurtatuta. Mendeetako gora behera guztiak gainditu izanak ez digu emango, berez, etorkizunerako sarbidea. Irabazi egin behar dugu. Eta horretarako, funtsezkoa da herritar guztien eta herritarrak ordezkatzen dituzten egitura sozial eta politikoak partaide izatea. Partaide aktiboak. Pili Kaltzada, kazetaria Argazkiak: Korrika 11 Argazki Bilduma eta Nafarroa Oinezeko webguneetatik Euskonews & Media 136.zbk (2001 / 9 / 21 28) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria