127 Zenbakia 2001-06-15 / 2001-06-22

Gaiak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua nazioartean ere euskararen aldeko lanean

MENDIGUREN BEREZIARTU, Xabier

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua nazioartean ere euskararen aldeko lanean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua nazioartean ere euskararen aldeko lanean * Xabier Mendiguren Bereziartu Euskalgintzako 50 bazkide bere baitan dituen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urtero izan ditu nazioarteko talde eta erakundeekiko harremanak: Zelanda Berriko maoriak, Txileko maputxeak, Kanadako Sindikatua, Mexikoko talde indigenak, frantses estatuko hizkuntza gutxiagotuen ordezkariak, Kataluniako Organitzacio pel Multilingüisme, Plataforma per la Llengua, CIEMEN, Galiziako A Mesa, UNESCO eta abar... baina azken urte honetan hats berriarekin ekin dio Europa eta mundu mailako erakundeen aurrean euskararen egoeraren berri eman eta bere status juridiko administratiboa hobetzearen aldeko laguntza eskatzeari. Kontseiluaren Sortze Batzarra Durangon. Jarrera horren lekuko dira Kontseiluak bere Idazkari Nagusiaren bidez Strasburgera eta Genebako Nazio Batuetara egindako bidaia eta hitzaldiak eta Unescoko zenbait goi arduraduni helarazitako txostena. Martxoaren 14an Strasburgera joan zen Kontseiluko Idazkari Nagusia Europako Parlamentuko Hizkuntza Erregional eta Gutxiagotuen taldearteko bileran esku hartzera. Hitzaldi batean euskararen egoeraren berri eman eta azken boladan jasaten ari den erasoen aipamena egin zuen, azkenik Europan hizkuntza gutxiagotuen alde egin diren aitorpenen, eurokartaren eta abarren ildotik bere babeserako laguntza eskatuz. Maiatzaren 14tik 18ra bitartean, halaber, Idazkari Nagusia eta Prentsa Arduraduna Geneban izan dira Nazio Batuetako Giza Eskubideen Sustapen eta Babeserako Azpibatzordearen Gutxiengoei buruzko Lantaldearen bileran esku hartuz adituen, estatuetako behatzaileen eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen aurrean. Bi esku hartze horietan funtsean euskararen egoerari buruzko txosten bat aurkeztu eta bertaratuei hitzezko azalpen bat egiteko aukera izan du Kontseiluak. Euskararen egoeraren inguruko argibide horiek interes nabaria sortu dute etahizkuntza gutxiagotuez arduratzen diren erakundeekin harremanetan jartzeko aukera izan dute Kontseiluko ordezkariek. Txostenaren atal nagusiak Aipaturiko abaguneetan Kontseiluko Idazkari Nagusiak aurkezturiko eta http:// webguneko Azken Berriak izeneko atalean irakur daitekeen "Euskararen eta Euskal Hiztunen Eskubideen Egoerari Buruzko Txostenak" hiru atal nagusi ditu: a) Sarrera: Bertan euskararen historia eta gaur egungo zenbait datu ematen dira, hala nola, hiztun kopurua, ama hizkuntza, jarrerak, irakaskuntza ereduak...) b) Euskararen egoera juridikoa: Euskarak bere lurraldean jasaten dituen bost eraentza juridiko administratiboen berri ematen da. c) Euskararen aurkako erasoen adibideak: Nafarroako Gobernuaren dekretua, Iparraldeko euskaldunen hizkuntz eskubideen aintzatespenik eza, AEKren aurkako Garzon epailearen ekimen judiziala, Espainiako Historia Akademiaren txostena ikastolen jardunaren aurkako iritziekin. Esku hartze horietan egindako hizkuntz eskubidea babestearen aldeko eskaerak nazioarteko hainbat hitzarmenetan eta adierazpenetan oinarritu dira, hala nola Nazio Batuen Biltzar Orokorraren Gutxiengo Nazional, Etniko, Erlijioso edo Hizkuntzazkoetako Pertsonen Eskubideen Aitorpena, Europako Kontseiluaren Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmena eta Hizkuntza Erregional eta Gutxiagotuen Europar Karta, eta Arrazismo eta Intolerantziaren aurkako Europar Batzordearen eta Europako Kontseiluko Biltzar Parlamentarioaren hainbat adierazpen. Etorkizuneko urratsak Kontseiluak orain arte bezala mundu mailako hizkuntza gutxiagotuen ordezkariekiko harremanak estutzen jarraituko du, azken urte honetan ireki duen Europa eta munduko erakunde nagusietan bere presentzia ziurtatzearen ildotik. Etorkizun hurbilean datozen hilabete eta urteetan Europaren lehendakaritza izango duten herrialdeetako agintariekin hitzorduak eskatu eta euskararen berri ematen jarraituko du. Kontseiluak bide hori indarberriturik egingo du arestian sortu berria duen Hizkuntz Eskubideen Behatokiareneta bertako Zuzendaria den Paula Kasaresen lankidetza segurtatua duenez gero ibilbide berrirako. Kontseilua sinetsirik dago bere Kudeaketa Planean urtez urte lantzen ari den ildo sozial, politiko eta diskurtsibo komunikatiboaz gain nazioarte mailako harremanen ildo hau ere garrantzi handikoa dela euskarak munduan zehar bere burua ezagutarazteko eta dagokion lekua pixkanaka bereganatzeko. Horren lekuko hoberenak dira nazioarteko erakunde eta ordezkarien artean piztutako arreta eta interesa eta Euskal Herri osoko ehundaka hiritarrengandik jasotako aldekotasuna, eskerronezko adierazpenak eta lankidetza. Xabier Mendiguren Bereziartu, Kontseiluko Idazkari Nagusia Argazkiak: Kontseiluko webgunetik Euskonews & Media 127.zbk (2001 / 6 / 15 22) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria