Elkarrizketa: Amelia Baldeón Iñigo Amelia Baldeón Iñigo, Arabako Arkeologia Museoko zuzendaria "Arkeologia Museo berriarekin, laukoiztu egingo dugu azalera" * Ismael Diaz de Mendibil Arabako Arkeologia Museoa, espezialitate honetako bakarra Euskal Autonomia Erkidegoan, bere azken egunak ematen ari da Guevaratarren Jauregian. Izan ere, Arabako Foru Aldundiko kudeatzaileek aurreikusitako epeak betetzen baldin badira behintzat, bi urte barru Naipeen Museoaren aldameneko eraikin berrian kokatuko da. Modu horretan, Erdi Aroko Kaskoan zentralizatuta geldituko da Gasteizko kultur eskaintza, bi museo hauetatik oso hurbil Santa Mariako katedralaren zaharberritze lanak ikusi ahal izango baitira, eta Arte Garaikideko Museoak handik ez oso urrun zabalduko dituelako bere ateak. Arkeologia Museoko zuzendaria den Amelia Baldeonekin izan gara berbetan, gai honen eta beste batzuren inguruan. Hogeita bi urte daramatzazu Arabako Arkeologia Museoko zuzendari gisa. Alboratu egin behar izan al dituzu indusketak bezalako kanpo jarduerak? Egia da orain ez naizela indusketetan ibiltzen, baina Museoko zuzendaria izanik, arkeologiaren arloan gertatzen den guztiaren berri daukat. Gure betebeharretako bat, jendea lanean dabilen aztarnategi guztiak bisitatzea da. Hainbat aztarnategitan aritu zara lanean, besteak beste Atapuercakoan. Zehazki zer egiten zenuten azken honetan? Neolitikotik Brontze Arora bitarteko zatia induskatu; hau da, Kristo aurreko 4000 urtetik Kristo aurreko 1000 urtera bitartekoa, hiru milurte guztira. Orain garai zaharragoak ari dira aztertzen. Baina lekua ere desberdina da, gu "Koba Nagusiaren Portalean" aritu baikinen lanean, ez dauka zerikurisik orain lanean ari diren lekuarekin. Izugarrizko biltegiak aurkitu genituen, ondo baino hobeto kontserbatuta: Brontze Aroan duela 3500 urte egindako pinturak, hildakoei egindako eskaintzak, opariak, aztarnak, etab. Atapuerca ez omen da nolanahiko aurkikuntza. Zergatik du halako garrantzia? Gizateriaren historia ezagutzen lagundudigulako. Gizakiak duela milioi bat urtetik Kristo aurreko 1000 urtera bitartean izan duen bilakaeraren berri ematen digu. Atapuercan milioi bat urtetan bizitu izan da jendea, eta presentzia hori sumatu egiten da. Sentsazio paregabea da. Gainera, nik uste dut jendeari arkeologia beste modu batean ikusten lagundu diolako daukala Atapuercak halako ospea, aditu gutxi batzuren lantokia izateari utzi eta gizarte guztiaren eskura jarri delako. Horrela, hiritarrok proiektu hori babestera jotzen dugu, eta mantentzearen alde agertzen gara. Euskal balezaleak Kanadan asentatu izanaren inguruko nazioarteko proiektuan ere hartu zenuen parte. Zer esango zeniguke Labrador penintsulako esperientzia horri dagokionez? Euskaldunak balea harrapatzera joaten ziren Red Bay ra, garai hartan baleen gantza oso preziatua zen eta. Baina 1565ean izotzaldi handi bat izan zen, eta Labrador Penintsulako badian arrantzan zebilen San Juan itsasontzia erdi urperatuta gelditu zen, Euskal Herrira itzuli ezinik. Arrantzaleek, orduan, itsasontziko gauzak hartu, eta herrialdetxo bat sortu zuten, negua bertan igarotzeko. Asko hotzak hil ziren. Oraindik ere ikus daitezke orduko labeak, etxetxoak, baleen gantzarekin lan egiteko jarraitzen zuten prozesua (nola mozten eta txikitzen zuten, nola egosten zuten, gantza jasotzeko kupelak...). Ekaitzak izateko arriskuaren aurrean, Pasai Donibanetik abiatzen zirenean beti eramaten zituzten teilak eta kupelak egiteko egurrezko xaflak, inoiz ez ziren esku hutsik joaten. Kanadan oraindik ere ikus daitezke teila horiek. Hala ere, ikerketa hauek duela laurehun urteko agiri batzuk aurkitutakoan hasi ziren egiten, itsasontziko armadorearen alargunak itsasontziagatik eta merkantziagatik kalteordainak jasotzeko prozesu bat hasteko agiriak. Orduan, bi indusketa egin genituen: bata lurrean, balezaleen etxeak induskatuz, eta beste bat itsasontzian, urpekarien laguntzarekin. Aurkikuntza hau egin ostean, euskaldunek Atlantikoa Colonek baino lehen zeharkatu zutenaren iritzikoa alzara? Ziur aski hala izango zen, baina ez daukagu hori frogatzen duen agiririk. Argi dago ondorengo mendeetan Terranovan, Labradorren eta Ekialdeko kostaldean izan zirela, baina ez euskaldunak bakarrik; bikingoak ere bai. Denbora batean, Museoaren zuzendari izateaz gain, unibertsitatean ere ibili zinen, baina azkenean buru belarri Museoan jarraitzeko erabakia hartu zenuen. Faltan botatzen al dituzu unibertsitateko eskolak? Museoa sormen handiko lekua da, oso anitz eta aberatsa, eta unibertsitatean baino harreman handiagoa izaten da eguneroko bizitzarekin. Gainera, Museoaren helburuetako bat ikerketa da, unibertsitatean bezala, eta gauzak modu erraz eta atseginean ezagutaraztea. Hau da, Museora datorren edonor guztia ulertzeko gai izan dadila, ikertzailea edo igeltseroa izan. Gu ezagutzak gizarteari transmititzeko gaude hemen, eta hori nolabait irakaskuntzarekin lotuta dago. Baina, horrez gain, UNEDekin harremanetan jarraitzen dut. Tutoretza bat daukat, eta hori eskolak ematearen ondorengo bat da niretzat. Ezagutzak gizartearen eskura ipini behar direla diozu. Bada, gaur egun milaka aukera ematen dizkigute teknologia berriek. Bai. Eta hain zuzen ere horren inguruan hitz egin genuen Arkeologia Museo berriaren oinarriak zehazterakoan. Liburutegiak liburuen bidez kontsultatzeko aukera emango dugu, hau da, modu tradizionalean, baina liburu gehienak sarean konektatuta daude. Gure ustez, teknologia berriak oso aproposak dira arkeologiarako, fisikoki ikusten ez duguna berreraikitzen laguntzen digutelako, eta, gainera, objektu originalak ukitu beharrik gabe. Bideo birtual bati esker, Arabako Arcaya herrian aurkitutako terma eta bainu publiko erromatarrak nolakoak ziren ikusi ahal izango dugu orain, hiru dimentsiotan. Jendeak termetan sartu ahal izango du, bainuak hartzeko eskubideak ordaindu, erantzi eta igerilekuetan bainatu, ariketak egin... Ez du aspaldiko lau harri ikustearekin zerikusirik izango. Zer iruditzen egokiagoa: aurkikuntza arkeologiko guztiak Museo Arkeologikobakar batean biltzea, ala aztarnategi bakoitzeko berezi bat sortzea? Nire ustez, material guztiak Arkeologia Museoan egon beharko luke, arrazoi sinple batengatik: behar bezala kontserbatzeko. Materialek tenperatura eta hezetasun baldintza egokietan egon behar dute ondo kontserbatzeko, eta aurkikuntza batzuetan oso garestia izango litzateke baldintza horietan mantentzea. Gainera, langile asko beharko lirateke, eta horrek gastuak are gehiago handituko lituzke. Arabako arkeologia historikoaren kasuan, zentzugabea da ondarea zatikatzea, horrela ikerlarien lana oztopatu baizik ez litzatekeelako egingo. Beraz, egoera nola dagoen ikusita, nik Museo bakar bat sortzea gomendatuko nuke, Iruña edo La Hoyako azternategietan adibidez, eta "Interpretazio Zentro" edo "Aula Arkeologikoak" ipintzea, jendeak gauzak ondo uler ditzan, zeren eta aztarnategietan harri batzuk besteen gainean ikuste hutsak ez du ezertarako balio. La Hoyan, adibidez, kale bat egiteko asmoa geneukan, etxeak eta abar nolakoak ziren ikusteko. Baina diruaren arazoa agertu zen orduan. Hain zuzen ere. Baina Gaztelan eta Katalunian hori egiten ari dira. Eta Ingalaterrakoak ikusgarriak dira, izugarrizko berreraikuntzak egiten ari dira 60. hamarkadaz geroztik: granja bikingoak, kanpamentu erromatarrak... Iruña Veleiako herrixka erromatarrean etxe erromatar bat eraiki nahiko genuke, mosaikoak, altzariak, jantziak eta abar nolakoak ziren azaltzeko. Ez dira ez gutxi eskuartean dauzkazuen proiektuak... Niri baikorra izatea gustatzen zait. Araban baldintza onak dauzkagu, baina hobetu egin behar ditugu. Euskal Autonomia Erkidego osoko Arkeologia Museo bakarra da gurea. Bakarra zen sortu zenean, duela 25 urte, eta bakarra izaten jarraitzen du. Gipuzkoan ez dago horrelako museorik, eta Bizkaian bi areto bakarrik daude. Hemendik urte gutxira, 400 urte dauzkan Guevaratarren Jauregi hau utzi eta Naipeen Museoaren alboan dagoen eraikin moderno batera lekualdatuko zarete. Hori da. Orain 650 metro karratu dauzkagu, eta eraikinberrira joaten garenean laukoiztu egingo dugu azalera. Bateratu egingo ditugu zerbitzu eta egoitzak, eta gainera, bisitari talde bat baino gehiago izango dugu. Museo berria eraikin garaikide bat izango da, oso irekia, eta malgua, geroan sor daitezkeen berrikuntzak jasotzeko. Eskaintza museografiko zabal bat eskaini nahi dugu. Bisitarientzako harrera gune handi bat izango dugu, bai Arkeologia Museoa ikusi nahi dutenentzat, bai Naipeen edo Numismatikaren Museoa bakarrik ikusi nahi dutenentzat. Laister ipiniko da lehenengo harria, beraz, auskalo azkena noiz ipiniko den... Ez legoke batere gaizki 2002an amaitzea, baina hori ez dago nire esku Ez ote da arabar gehiago joan Guggenheimera Arkeologia Museora baino? Ez dut uste. Guggenheimera jende asko joatea espero dut, baina hona ere etor daitezela. Badirudi beste hiri bat ikustera doan jende guztiak museo bat ikusteko obligazioa daukala, baina gero ez du etxean daukana ezagutzen. Gure Museoak izar bat dauka Michelin gidan, atzerritar guztiek erabiltzen duten gidan, eta, jakina, jende pila bat etortzen da. Urtean, batezbeste, 25.000 bisitari izaten ditugu. Gasteizen 220.000 pertsona bizi garela kontuan hartuz, Alemania edo Holandak izaten duten bisitarien indize berbera daukagu. Gaur egun Correría kalean dago Museoa, eta berria Cuchillería kalean egongo da; Gasteizko Erdi Aroko Kaskoan biak. Pozik gaurko eta geroko kokalekuarekin? Gu Gasteizko historiaren zati bat gara. Arte Garaikideko Museoa non kokatu pentsatzen hasterakoan, bi aukera nagusi geneuzkan: edo gune noble batean kokatu (Armentia inguruan adibidez), edo gune hiritar batean (Herrán kalean). Ni, hasiera hasieratik, bigarren aukeraren alde azaldu nintzen, jendearengandik gertuago egongo zelako. Museoak ez dira aho zabalik gelditzera doazen aditu gutxi batzuen tenpleteak; guztiok joan behar dugu museora, gure bizitzaren eta hiriaren parte direlako. Gainera, museoak gizarteari aurrera egiten laguntzeko daude. Gizartearengandik elikatzen dira, eta, era berean, gizartearizerbitzatzen diote. Horrela, gure ezagutzak, gure kultura eta bizi kalitatea hobetuko ditugu. Erdi Aroko Kaskoa foko turistiko bat da Gasteizko kudeatzaileentzat. Gasteizko Kasko Historikoak bere jatorrizko diseinua mantentzen du, almendra itxurakoa, eta bertute horri etekina atera behar zaio. Baina horrek ez du esan nahi gune hori postalezkoa bihurtu behar dugunik. Alderdi Zaharrari bizitasuna eman behar zaio, jende gaztea bertan bizitzeko erakarriz. Ez zait oso ideia ona iruditzen alderdi honetan hainbeste zaharretxe ipintzea, edo hiriko elkarte guztiei lokal bat ematea. Leku honek ez du dendak ixten direnetik aurrera beldurra emateko modukoa izan behar. Oxigenatu egin behar da, museoak, hotelak, erakusketak eta abar ipiniz, ez fosilizatu. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 117.zbk (2001 / 3 30 4 6) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.