Pablo Iturgaiz
PABLO ITURGAIZ
Upelgilea
2003 / 02 / 14-21
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

Upel bat egiteko, lehenik eta behin upa oholak prestatzen ditu Pablok, eta, horretarako, upelean sartuko den generoari egokituko zaion egurra aukeratuko du.

Artisaua, upa ohol bat prestatzen.
Artisaua, upa ohol bat prestatzen.

Barrikak egiteko "zartatu" egiten da haritz amerikarra (quercus alba); hau da, upa oholeko zerroak paraleloan izateko moduan moztu behar da. Enborra barrutik kanpora moztu behar da, bestelakoan zerroak kurbatu egingo liratekeelako.

  Artisaua bankueskuilean
Artisaua bankueskuilean
Upa oholak (15 barrika bakoitzean) ez dira angeluzuzenak izaten; goi eta behealdeko ertzetan estuagoak izaten dira, ondo egokitzeko, barriken ahoaldeak gorputzak baino diametro txikiagoa izaten duelako.

Upa oholak egiteko, artisauak asto edo banku batean kokatzen du pieza, eta marrazaz baliatuz (alde bakoitza desberdina du, bakoitza aurpegi batentzat) upa oholaren bi aurpegiak prestatzen ditu. Ondoren, aizkora eta eskoploarekin, upa oholaren alboak lantzen ditu, eta banku-eskuilean emango die azken ukitua (1,5 m.ko luzera du, eta upa ohola bertan etzanda jartzen da, marraza gora begira duela, horrela upelgileak, bere pisua aprobetxatuz, upa ohola beherantz bultzatuz, eskuilatu ahal dezan).

Upelak zati desberdinak dauzka: aho bakoitzak "burua" du izena; zatirik zabalenari "sabela" deitzen zaio, eta buruaren eta "sabelaren" artean dauden bi zatiei "lepoa" deitzen zaie. Hortaz, upel batek bi buru, bi lepo eta sabela dauzka.

Uztaiak ipintzen.  
Uztaiak ipintzen.
Muturretako errefortzu metalikoetan egoten diren uztaiak "buruak" izaten dira, eta upelaren zatirik zabalena eusten dutenak, berriz, "sabelekoak". Upelari forma emateko erabiltzen diren zumitz hauek behin-behinekoak izaten dira, eta neurri estandarrekoak. Mailu eta "errepretatzaile" batekin jartzen dira, hau da, mailuarekin kolpatzen den aho lau zabaleko zizel moduko batekin..

Ondoren, Pablok su txiki bat pizten du, egurra "txigortzeko". Hori baino lehen, upa oholak busti egiten ditu, eta ondo bustita daudenean su arinean jartzen ditu, denbora luzean, biguntzeko, bukaeran ez daitezen puskatu.

Upela txigortzen ari den bitartean, upelgileak tapa edo hondoak egiten ditu. Tapa hauek (gaztelaniaz "témpano" edo "fondo" ere deitzen zaie) bururik gabeko iltzeekin ("fita" deitzen zaie) lotutako sailetan egiten dira. Bada, pusken artean lezka sartzen da, batik bat barrika horiek isurkariak edukitzekoak badira, estankatzeko balio duelako. Lezka, garai batean, Pasaiako paduretan hartzen zuten, baina orain Valentzian erosten dute.

  Txigortzen.
Txigortzen.
Egurra uztairik estuenak sartu ahal izateko behar adina berotuta dagoenean, sokazko tornua erabiliko du, upa oholak aske dauden aldean estutzeko, eta upelei beren itxura ezaguna ematen dien biribildura lortzeko. Presioa oso pixkanaka egiten da, okerrik ez egiteko, baina egurra hoztu baino lehen betiere. Upa oholak behar bezala elkartuta daudenean, orduan ipiniko zaie "buruko uztaia" (muturrekoa) eta "sabelekoak".

Kanpoaldeko alaka fintzeko, mozteko bankura eramaten da upela, eta hor, zeioarekin kolpatuz lehendabizi, eta estrobadorea izeneko eskuila kurbo batekin ondoren, barrualde guztia berdindu egiten da. Aldi berean, tapen ertzak sartzeko lekua ere zizelkatuko du.

Ondoren, ia ertzean dagoen kanala egingo du, tapak bertan sartu ahal izateko, "galtzadore" izeneko beste eskuila bat erabiliz.

Ertzak alakatzen.  
Ertzak alakatzen.
Orduantxe hartuko ditu barrikak behar dituen uztai desberdinen neurriak. Uztai hauek egiteko metalezko zumitzak erabiltzen ditu, eta bakoitzari bi errematxe jartzen dizkio. Behin betiko uztaiak prest dauzkanean, lehen zeudenak kendu eta behin betiko hauek ipintzen ditu, lehenago jarri dizkionak barrika egiteko besterik ez zirelako. Artisauak, behin betiko uztai bakoitza jarri baino lehen, ur ahiz (irin eta urez) bustitzen du uztaia egongo den lekua, egon daitezkeen poro edo zulotxoak estaltzeko. Uztai guztiak ipinitakoan, sabeleko uztai guztiak askatu eta barrika leungailu batekin igurtziko du, hau da, bi helduleku dauzkan marraza batekin. Ondoren, berriz (eta behin betiko) ipiniko dizkio uztaiak.

Burdina gogorragoa den arren, batzuetan komenigarria izaten da bi errematxe dauzkaten uztaien ordez egur edo zumezkoak erabiltzea, upelak lurrean arrastaka ibiltzean edo bata bestearen gainean pilatzean upa oholak kalte ez daitezen.

Gorputza prest dagoenean, tapa edo hondoak prestatu behar dira.

  Kanala egitenl.
Kanala egitenl.
Jada esana dugu nola prestatzen den artisauak tapak egiteko erabiliko duen ohola. Zirkunferentzia egiteko, neurri zehatza konpas baten bidez hartuko du galtzadorearen zirrikituan. Horretarako, seirena kalkulatzen du, konpasaren sei arkutan upel bakoitzak behar duen taparen zirkunferentzia osatzeko. Kontuan izan behar da tapa guztiak desberdinak direla (oso desberdinak edo ez hain desberdinak, baina desberdinak hala ere), upel berekoak direnak ere bai. Bada, konpasaren laguntzarekin barrikaren ahoaren diametroa kalkulatzen da, eta oholera pasako da, diametroa bertan marraztutakoan mozten hasteko. Hau lehen esku zerraz egiten zen, baina orain, berriz, zerra elektrikoa erabiltzen da.

Barrikaren ertzak prestatu dituen bezalaxe, orain taparen ertzak prestatu behar ditu, bi aldeetatik, angelu zorrotz bat osatu arte. Hau lehen banku berezi batean egiten zen, marraza baten laguntzarekin, baina gaur egun disko zerra erabiltzen da.

Tapak prest izatean, lehenengo bat ipintzen du, eta gero bestea. Lehenengoa ipintzea ez da ezer kostatzen, barrikaren alde biak libre daudelako, baina bigarrena ipintzeko, ordea, ese itxurako burdin bat erabiltzen du..

Ikaragarria da upelgile trebe honek lanean zenbateko zehaztasunez jarduten duen, baina, era berean, intuizioak ere garrantzi handia du. Horren adibide dugu kaleko hizkeran, gaztelaniaz, sarritan esaten den "a ojo de buen cubero" delakoa.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen