Igor CALZADA, Oxford-eko Unibertsitate eta Ikerbaque-ko Irakasle eta Ikertzailea
www.igorcalzada.com
www.postindependence.org
PostIndependencia > 10 claves para preparar el derecho a decidir en Euskal Herria y en la UE
Edinburgh-en usaia duela astebete izan nuen. Meadows parkean, ETBko taldea, Jaime Otamendi eta hirurok, berdegunean egon ginen, eguzki lotsati, konstante eta epel baten azpian. Aurretik Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Berria-n apur bat, neuronak astinduarazi nituen.
Meadows, Edinburgh.
Trena hartu eta bidean naiz: Birmingham, Oxford eta orain Bristol-en Policy & Politics 2014 Conference1-ean, ‘PostIndependentzia’2 Eskozia, Katalunia eta Euskal Herria parez-pare jartzera, komunitate zientifiko eta kudeatzaileen artera. Trena ez da gelditu. Trena ez da geldituko, YES edo NO izan. Azken bidaia Bristol-etik Glasgow-Edinburgh-ra bi egun barru eginen dut. Dena gelditu da. Informazioak errepikatzen dira. Trena ez da geldituko. Trena entzuten dut. Gau eta egunez.
Eskoziak irabazi du. Eta guk irabazten hasiko gara, Eskozian EZ edo BAI ateratzen bada ere, ikasten hasten bagara, gure inertziek oztopatu dutela (Estatu espainiar eta frantsesen joera berzentralizatzaileaz gainera), bidea borrokan baino demokrazia, konbentzimendu, hiritartasun, aniztasun, elkarrizketan, alegia, ikasketa prozesu jarrai baten moduan ulertzen badugu. Esan dezadan ere, xalotasun handienaren kontrara, mespretxea sortzen didala, Euskal Herrian dagoen aukonplazentzia eta ‘zilborrismoak’. Gure eskuetan badago zerbait baina prozesu honetan, erabakitzea zer, noiz, nola, norekin eta zertzelada guztiak ‘aurretiaz’ aurreikusi behar dira. Prestaketa lana, sukaldatze-lan jarrai eta mantsoa.
Eskoziak irabazi du eta guk ere, azken aldian ikasi duguna ondo barneratu badugu, kanpora ardura botatzen ibili beharrean. Mundua dagokiguna, seguruenik leku bat bada, baina ez da eskubide soil bat. Munduan leku bat irabazi egin behar dugu, beste gainontzeko ezberdinekin batera, maila berean, ez gehiago eta ezta ere gutxiago. Hankasartze asko egin ditu Euskal Herriak orohar, normaltzat eman ditugu jarrera asko. Ikas dezagun guztiok.
Trenera igo aurretik —amak bidalitako ikurriña maleta barruan jadanik, ahaztu gabe, bazpa—, lerro hauek idatzi, gutun hau osatu, gutunazala itxi eta postaz helarazten dut honakoa:
Estatu-nazioen egituraketak gaindituak izaten ari dira objektiboki jadanik hiri-eskualde lurralde-dinamika faktoreen amalgamatze baten gailentze bat jazotzen ari delako. Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriko kasuek seguruenik badituzte ezberdintasun asko. Hala ere, are nabariagoak dira ezberdintasunak, Erresuma Batua eta Espainiako Estatu-nazioei dagokionean. Europako XXI. mendean, berreskalatze prozesuek zein maila demokratiko ezberdinduarekin jorratzen diren sakonki aztertzen baditugu bederen. Independentziaren debatea Europara geratzeko etorri da, nahiz eta Estatu-nazioan inertzia, pensamendu eta paradigmak status quo-aren defentsa argumentu bakoarekin defendaraztera garamatzan. Jadanik onartezina europar kontestu anitz eta erregionalean. Debatea eta argumentazioei bidea ematea, demokrazia aplikatzea da, politiken berrasmatze bat ekarri behar du halabeharrez.
Eta zer gertatuko da. Irudikatzen dut Donostiako kaiatik, txipironera bat hartzen dudala nere lagun H.rekin. Berak 51 eta nik 49 hartzen ditut. Nik galdu eta berak irabazi. Ñabardura bat, Estatugintzaren eraketarako? Eta honetarako hainbeste lan? Ez, independentziaren debatea, ez da soilik zeinik irabazi eta hori honela ulertu duenak, ez du ezer ulertu. Helburua erabakitze-eskubide bat inplementatzea izan da. Eta noski, kanpainaren eta estrategiaren aldetik, dudarik ez dago, YES-ek mila bider bideratu duela orainartekoa. Salmond-ek 51 txipi arrantzatuko ote ditu? Zorionak YES-en eduki eta formak modu eredugarri eta pragmatiko batean bideratu duten gizabanako guztiei. Eskozian, YES-a ez da Bildu eta PNVren batura soila, sarri entzun dudan paralelismoa. YES-a mugimendu bat da, ez da alderdi bat izan. Horretan gure ikuspuntua aldatu beharko genukeela uste dut.
Eta YES-ak irabazten badu, Estatu bat eratuko da. [Maleta irekitzen dut eta White Paper eta The Wee Blue Book-a hartzen dut eskutan. Zenbat kontsigna eta zenbat aldarri jarraitzen ditugu, zenbat lerratze eta zein eztabaida sakon, kritiko eta desoroso gutxi, berriro diot, gure kontraesanetatik ikasteko. Bai desoroso esan dut. Eskozian, baita ere Erresuma Batuan, deserotasuna maite dute, adimen-deserosotasuna alegia. Gauzak garatzeko balio duen bakarra. Eta bai hemen ere, Spain jomugan jarriko dut. Izan ere, Euskal Herrian oso Spanish baikara. Ez ordea, Estatu batek (edo bik) kolonizatu gaituelako, baizik gure paradigma jadanik #EuskadiSpain delako. Zertarako nahiko genuke Euskal Estatu bat? Estatu espainiar edo frantsesaren egituraketa zurrun, astun eta atzerakoia birgaitzeko? Ez-abertzale edo autonomisten argudiori helduz: Federalismoa eta subiranotza-partekatua hain irtenbidea egokia bada, zergatik ez da gauzatu Estatu espainiarrarekin oraindino?
Independentziaren debatea hauspotzeko, ezinbestekoa deritzot, erabakitze-eskubideaz gain, jadanik politika eta edukietaz hitzegiten hastea. Edo agian bildurra diogu? Edo agian lan gehiegi da. Edo agian ez dakigu. Zerrenda: Lurralde Historikoen Legea, eredu sozio-ekonomikoa, funtzio publikoa, ongizate-estatuko politikak (hezkuntza, osasuna,...), inmigrazioa, nazioartekotzea, hizkuntza, baliabide energetikoak, lurralde-antolamendu politikak, beste estatuekin harreman eredua,...Nondik hasi zirriborratzen eszenario postindependentista? BAIezkoa ala EZezkoaren aukerak soslaitzeko. Ah...baina EZ-ezkoak ere lan egin behar dute? Bai jakina. Hori da agian nobedadea. Zein eroso dauden batzuk ukatuz, erabakiak hartu daitezkeela, eta ezpadute proposamen bat nahi, berauren EZ-ezko aukera ere prestatu behar dutela. DEMO-KRAZIA.
Jakina hemen lana eta ardurak denentzat daude. Ez da posible independentzia inposaketa bidez eta ezta ere ez kontrakoa, independentzia-eza dekretuz. Kontua da, indar-metaketa eta antzerako kontzeptu hortodoxoak, bestelako dinamika malgu, saretu eta heterodoxoetara igaro beharko genituzkeela, aro postindependentista batean. Eskozian, gizabanakoak erabaki dut, gizabanakoak jaso du informazioa, gizabanakoa izan da, debatearen erdigunea. Inolaz ere ez, alderdia, tribua, komunitatea, masa! Utikan. Demokrazian sinisten badugu, gizabanakoak erabaki dezala gauza bakoitzean bere ezagutza, sentsibilitate eta balioen arabera, bere erreferentziazkoa komunitaeekin (edo ez) zer nahi duen bere lurralde/nazioan inplementatzeko.
Abertzaletasun eta ez-abertzaletasuna, nortasunaren araberako banaketa, gaindituko litzateke gure politiken edukia, formak eta kultura, maila altuago batera eramango bagenitu, hiritarrak-gizabanakoak, banan-bana, trebatuko bagenitu, aniztasunean, erabakitze-eskubidean, balizko independentzia batean, alegia demokrazian.
Postindependentziak, BAIezkoak eta EZezkoak, pertsona emanzipatuak behar ditu, lurralde/nazio emanzipatu bat eratzeko. Komunitate/gizarte-konpromezu bolondresean oinarritutako borondate pertsonal batean gidatua dagoena. Lau bloke ideologiko ditu gutxienez azaltzen dira orohar, hiru euskal geografietan: EAE, NFE eta Iparraldean. Posible al litzateke, barruko lau sentsibilitate horien barruan, gutxieneko roadmap postindependentista bat adostea? Abertzale eta ez-abertzaleek posible lukete adostea? Hori ezinezkoa izanda PNV top-down eta EHBildu bottom-up kultura politikoen uztarketa bat gerta liteke, proposamen bakarra adostu, gizarteari orohar eta ez-abertzaleei konkretuki proposatzeko?
Lan ederra egin dute GureEskuDago-koek. Hasiera baino ez eta beste eremu batzuetatik ere koordinatu behar estrategia eta urratsak. Honelako prozesua hiru epizentruetatik sortu liteke:
Batetik, erakunde eta establishment-etik parlamentua eta gobernutik.
Eta bestetik, gizarte zibiletik.
Azken egun hauetan entzuten ari naiz lerratze bat badirudi hemen ere aukera behar dela. Zergatik? Biak eta bien uztarketa behar ditugu!
Hiru funtzio bermatzeko:
1) Parte hartzea (sareketa/grassroots),
2) Prozesua (erritmoak eta estrategia) eta
3) Edukiak (politikak).
Bestalde, dinamikak garatzeko Euskal Herrian izugarri ikasi beharko genuke, gizarte-zibileko dinamika ‘klasikoetatik’ haratago. Alegia, erabakitze-eskubidea gizabanakoaren errealitatera jeistean soilik izango da ‘garrantzitsu’ bere bizitzan. Euskal Herrian, nazionalismo eta abertzaletasun ‘eroso’ eta aldi berean sustantibo baten oinordekotzan, ez gaude gaituak politiken diseinu eta kudeaketetan. Eskozian, masterclass-ak izan dira, Erresuma Batuan diren moduan bestalde ere. Denbora beharko dugu jauzi hau emateko. Prestatu egin behar gara. Independentzia ezpaita (batzuk uste duten moduan, moda moduko bat, kalentura difuntzional edo apetatsu bat).
Policy advice moduan, uste dut komenigarria izango litzaigukeela, sektorialki eta modu transbertsal batean lanean hastea.
Eskoziak eta Kataluniak ez bezela, gure erronka lurraldetasuna begiak estali gabe kudeatzen hastea da. Gure kasua atzerritar akademikoei aurkeztean harrituta geratzen dira, alderdi politikoen programen barruan lurraldetasunak duen trataera exkaxagatik. Lurraldetasunaren oso politikagintza makurra dugu, alderdien inertzia eta politiketan oso berrikuntza gutxi egin delako. (#EuskadiSpain influentzia ote?).
Gure hiru euskal geografiak, oso bestelakoak dira, oso egoera ezberdinetan daudenak. Harritzekoa, egunotan, Eskozia eta Katalunia ahotan dugunean guztiok, alderdi-politikariak, ez egitea inongo erreferentziarik EAE, NFK edo Iparraldeaz ari diren azaltzeko.
Gure lurraldetasuna, asimetrikoa eta konplexua dela, gure alderi-politikariak barneratu eta horrekin politiken diseinu/implementaziora jauzi egiten ez duten bitartean, jai dugu. Gure lurraldetasunaren politikagintzaren eraginkortasuna oso maila baxuan dago beste lurraldeen egoerarekin alderatuz. Eta hemendik hasiko bagina? Eta esijentziak hemendik hasiko balira hiritarren partetik?
Treneko lehioa une batez ixten dut. Gaurko Berrian3 , Andoni Egañaren bigarren parrafoetan iltzatuak ditut begiak. Hiru aldiz irakurri dut, segidan geratu gabe:
Gure buru-eskemetan nekez kabitzen da politika kontuetan inor beste norbaitengandik banandu nahi eta natural-natural banantze hori. Odola gerturik zeukaten haiengandik hurbilekoegiak gara. Latz hartu gintuzten eta latz irudikatu dugu, derrigor, askatasun bidea. Borroka hitzak bete du gure hiztegia eta borrokatu gabe ezer ez dela lortzen hitzetik hortzera entzungo diozu baloi baten atzetik dabilenari ere. Izugarri sufritu dugu. Izugarria irudikatu askatasun eguna. Izugarriak behar zuketeen ondorioz, lorpenerako egin beharreko urratsek. Eta izugarrikeriarik ez bazen tartean ez ginen fio. Betiko blaga zen. Jardun eta jardun ezertara ez iristeko. Bizkar-zorro horrekin gabiltza, atseden hartzeko tarteka kentzen ahalegindu arren, gure belaunaldikoak. Eskoziarren ezezkoak are gehiago kargatuko liguke lehen aski zamatutako bizkar-zorroa. Taberna-zuloko berriketaldietan nagusi litzateke eskoziarrenaren ondoren Katalunian azken orduan atzera egingo dutela eta tokitan gabiltzala gu eta horrelakoak ardoa mindua balitz bezala ezpain muzinduz liokeena. Askok ikasi dugu etsipenak, errezeloak eta fidagaiztasunak ez garamatzala inora. Ikasi dugu gure esku dagoela esaten ere. Ezpainestuka ordea. Aldi berean bizkar-zorroko mamutxoak irrigaizto egiten digu eta “ez duk hain erraza izango” esaten. Eta “bai, bai, baina noren aurka ari zaretela uste duzue?”. Eta “hain samurra izan balitz lehengoek ere lortuko zitean zerbait”. “Guk ez diagu horrelakorik ikusiko” zital batekin amaituko du jarduna.
Odola borborka. Eta mutu geratu naiz. Ados Andoni, diozunarekin. Eta sarritan Euskal Herrira nihoanean, belaunaldi sabaia somatzen dut jende askoren kokotearen gainean. Hain espreski, ekarpen handiena egin diezaioketenak Euskal Herriaren biziberritzeari ez daude leku estrategikoetan, ez dute botererik, ez dituzte bitartekoak. Eta aldiz, sistema bere horretan mantentzen nahi dutenak segitzen dute hori, erakundetze-enpatxoan, baliabideen kudeaketa partikularra egiten; mundua hor kanpoan, Euskal Herriaren koordenadetan egongo ezbalitz bezala. Euskal Herria linbo batean dago askotan, zoritxarrez. Izugarrizko energia duen sabai batek estalita irauten duen lurralde itzel bat. Baina bestelakoa izan zitekeela irudikatuz, beste lekuak ikusiz, bere lekua egokituko lukeena. Eskoziak egin duen moduan.
Ikusi, ikusi eta ikusi. Ikasi, ikasi eta ikasi.
_______________________________________________________________________________________
PD:
Ilusioa eta ardura. YES-ak irabaziko ote du? Baina barruan beste gauza bat, ixilpean hor tripetan bueltaka dut duela hilabete eta urte asko: Une honetara eta errealitate ‘biki’ honetara helduta, behingoz Euskal Herriak besarkatu oteko dut aho-batez, ezberdinatasun eta aniztasunak aintzat harturik, ikastea, emaitza bera baino.
BAIetz pentsatu nahi dut. Eta BAI izango da, gure bide baketsu, zabal, demokratiko, humil, errespetuzko, sendoa, estrategikoa eta postindependentistak ere ez du atzera bueltarik.
[Ikurrina, amak bilduta eman didan zorrotik, atera eta treneko lehiotik haizatzen dut Eskoziara bidean. Segundu batez, aitarekin dut gogoa. Aita la última vez que celebramos el final de algo, estábamos juntos. Esta vez lo haremos con el inicio de algo más importante, #EstandoAllíEstásAquí #Aurrera!]
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria