Unibertsitatea, zinemaren mintegi. Zinema dokumentala (ber)pentsatuz

Estibaliz ALONSO RUIZ DE ERENTZUN, Irakaslea Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Sailean (UPV/EHU)
Vanesa FERNÁNDEZ GUERRA, Irakaslea Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Sailean (UPV/EHU)

Lagundu

Unibertsitatearen egitekoa da ingurunean gertatzen denaz jabetzen eta arduratzen diren pertsonak prestatzea, etengabeko aldaketetara egokitzeko gai direnak eta arazo berriei sormenean eta etikan oinarrituta erantzuteko gai direnak.

(UPV/EHUko titulu ofizialen curriculum-garapenerako onarriak dokumentua, 2010eko apirilean Gobernu Batzordean onartua).

Azken hamarkadan asko idatzi da dokumental garaikidearen berpizteaz eta boomaz, eta agerikoa da ugari baitira gaiari buruzko azterketa eta ikerketak ez eze, baita erakusketak eta zikloak ere. Euskal Herriko Unibertsitatetik (UPV/EHU) Territorios y Fronteras. Research on Documentary Filmmaking ere interesatzen da dokumental garaikideaz. Territorios y Fronteras proiektu multidiziplinarioa da, Vanesa Fernandezen ekimen eta zuzendaritzapean 2009tik garatuz datorrena, dokumental garaikidearen eta ikus-entzunezkoak sortzeko modu berrien inguruko ideia- eta esperientzia-trukerako gogoeta-esparru gisa.

Proiektua UPV/EHUren udako ikastaroetako testuinguru dozente eta instituzionalean sortu zen. Hain zuzen, ikastarootako bost ekitalditan parte hartu dute (2010-2014), egun, Vanesa Fernandez, Estibaliz Alonso eta Aintzane Pagadigorria irakasleek koordinatuta. Proiektua egituratzen duen ikerketa lerrotik, eta ikastaroen parez pare, beste jarduera batzuk sortu dira, direla masterclasseak, proiekzioak, ekitaldi multidiziplinarioak... Gainera, zinema dokumental garaikideari buruzko hiru libururen argitaratzea ere ahalbidetu du: Territorios y Fronteras. Experiencias documentales contemporáneas (2012), Lurraldeak eta Mugaldeak. Esperientzia dokumental garaikideak (2013) eta Territorios y Fronteras II. Emergencias y urgencias en el cine documental español (2014). Jarduera horri guztiari aurre egiten zaio beti Territorios y Fronteras proiektuaren sorburuko ezaugarriek osatzen dituzten parametroetatik: zorroztasuna eta lankidetza estua sortzaileekin, analistekin, tokiko elkarte eta erakundeekin, nazionalekin eta nazioartekoekin, tartean baita unibertsitatearekin berarekin ere.

Ez baita kasualitatea Territorios y Fronteras-ek UPV/EHUko udako ikastaroekin lotuta jarraitzea, izan ere, unibertsitateko irakasleak izaki, obligazio gisa ulertzen dugu gure jarduerari eragin-ahalmen handiagoa ezartzea, dimentsio globalagoa eta, aldi berean, konektatuagoa geure tokiko sormen esparruarekin, horretarako loturak eta sareak sortuz, batetik Unibertsitatearen eta bestetik tokiko sortzaileen eta estatuko eta nazioarteko analisigile eta sorguneen artean.

Territorios y Fronteras-en dokumental kontzeptua zentzu irekian hartzen da, bereziki sortze-lanen hibridazioaren aldeko gero eta apustu handiagoa egiten den unean. Are gehiago: sormen dokumentala, izan hibridoa edo ez, betidanik jarduera minoritarioa izanik, eta, hain zuzen, gaur egun, oraindik ere ikus-entzunezko industriaren bazterretan kokaturik denez, Territorios y Fronteras proiektuan arreta ematen duten obrak bazter horietako periferian daude.

Territorios y Fronteras

Territorios y Fronteras 2014. Experiencias Documentales Contemporáneas V.

Beraz, bi aldiz periferikoak dira film horiek, industria zinematografikoaren paralelo ibili dabiltzanak, eta, derrigorrean kontrakulturalak izan beharrik gabe, sakoneko berregitea eta birformulazioa ekarri dute nola aurreko zinemaren parametro narratibo eta espresiboetan, hala egungo joera narratibo eta zinematografikoetan ere. Baita lurraldeari dagokionean ere, izan ere geure produkzio zati handi bat eta horri heltzen dioten azterketak eta ikerketak fokalizatu eta abiatzen dira Bartzelonako hiritik, eta, halaber, bestelako modu batean, Madrildik. Territorios y Fronteras-ek “deszentralizatu” egin nahi du foku hori eta ibilbide alternatibo eta paralelo bat egituratu industriaren mugetatik kanpoko sormenerako eta esperimentaziorako espazioei erreparatu eta jarraituko diena. Produkzio amateur-eko filmez, banaketa edo emanaldi marginala dutenez mintzatzen ari gara, zeinak mugakoak, arraroak edo underground-ak izatetik deskubritzen dizkiguten sormen modu, mintzaira eta tematika berriak. Periferian dago besterena, ezohikoa, sujerentea.

Eta periferia horretan sortzaile berriek albo batera uzten dute erreferentzialitasunaren premia eta proposatzen dituzte lehen pertsonako narrazioak, zinema saiakera, narrazio zatikatua, zinema esperimentala... labur esanda, ikusle emantzipatua, egonezina eta aktiboa bilatzen duten pelikulak, testu filmiko hori eztabaida eta galderetara zabalduriko esperientzia bihurtzeko gai dena. Pelikula horiek batzuetan autoproduzituak izaten dira, azpiegitura maskal eta gutxienekoarekin, baina ihes egiten dute ohiko homogeneotasunetik, eta ikusle, analista, sortzaile, kritikari eta akademikoak bultzatzen dituzte bere buruari galdetzera zein den dokumental garaikideaz beraz duten kontzeptua.

Onar dezagun, inolako zalantzarik gabe, etiketa eta sailkapen guztien inguruko iraganeko (ez hain urrunekoa) zenbait eztabaida itxiz, zinema jakin batez, zinema ez fikziozkoaz, errealaz, neodokumentalaz, postdokumentalaz..., hitz egokiago baten faltan, onar dezagun makrogenero baten aurrean gaudela, zeina baita DO-KU-MEN-TA-LA. DOKUMENTALA.

Dokumentala. Pa(i)saia multiformea dokumental espainiarraren hau, irudimenezko lurraldea, muga zorionez gero eta lausoagoez osatua, eta grabitate zentroa esperimentazioaren arlora desplazatzeko joera duena. Eta harea mugikor horietan, non zinema ulertzen baita esperientzia estetiko subjektiboaren birsorkuntza gisa, hor daude sormen artistiko erakargarrienak, gure iritzirako, berez nabarmentzen diren eta nabarmentzea merezi dutenak eta kontuan hartu beharrekoak ikuspegi akademikotik. Hor aurkitzen ditugun zinemagileentzat euren lana bizi esperientzia bat da elkarrizketarako eta zubiak eraikitzeko ikuslearekin, Vivian Shobackek azpimarratu zuen moduan.

Beraz, Territorios y Fronteras-en zentzua da zinema espainiarreko historiografian ikusgarritasun aukera gutxi duten autoreak eta obrak bildu eta leku bat ematea, eta iparrorratz izatea zinema dokumentalaren labirintoan murgiltzeko pronto dauden haientzat; promesa sustagarriz betetako labirintoa, baina baita ziurgabetasun handiz ere. Hitz batean, (beren buruaz ere) pentsatuko duten zuzendari, irakasle eta kritikarientzat, eta Territorios y Fronteras-en argitalpenetan (beren buruaz ere) idatziko dutenentzat iparrorratz.

Eta labirinto hori forma bat da egon hor dauden bazter, ertz eta mugekin banaezina. Zehaztugabearen, infinituaren, mugagabearen aurrean aurkezten den forma. Etengabeko aldaketan dagoen forma. Hala ere, eta analisi ariketa bat eginez, onartu beharra daukagu forma dokumental (berri?) hauek ez daudela gorago aipatu dugun zentroaren kontra, industria horren kontra, baizik eta haren paralelo.

Ideia hori lehen instantzian apuntatuz eta dokumental garaikidearen panorama marraztu asmoz, lehenengo esan beharko litzateke autoreek eta euren obrek bete eta osatuko luketen lurralde geografikoak, zinema espainiar garaikidetzat ulertzen denaren barruan, fisikoki artxipelago baten itxura hartuko lukeela. Ikuspuntu hori ez da hutsala, izan ere, artxipelagoaren metaforak primeran biltzen baitu uharte askotariko eta hain desberdinek osatzen duten multzoa.

Berez uhartea deitzen bazaio urez inguratutako lur zatiari, hitza hemen dagokigunari aplikatuz, duela gutxiko zinema espainiarraren panorama barruan, ikus-entzunezko uharte edo uharte digitala izan litekeena izendatu beharko genuke; azpimarra berezia eginez uharte kontzeptuak izan baduen beste ezaugarri bati, alegia izatez tarteko espazioari. Gainera, eta uharte kontzeptua murritza iruditzen zaigunez, gure aukera izan da ikus-entzunezko lan edo uharte multzo horri ikus-entzunezko artxipelago handi deitzea. Esan nahi baita, eremu gutxi-gehiago zabal batean bildutako uharte piloak osatutako multzoa. Uharte multzo bat zinema espainiarrak osatzen duen terra firma multzotik banatua (horrek ere okupatzen duen bazter lekuaren jakitun izanik). Bestela esanda, ikus-entzunezko uharteak bazter zinema den baten periferia okupatuko luketenak.

Lurraldeak eta mugaldeak

Lurraldeak eta mugaldeak. Esperientzia dokumental garaikideak

Finean, nabarmentzekoa eta adierazgarria deritzogu pelago-k (pelagus) hartzen duen esanahia, alegia, ugaritasunagatik zaila dena zenbatzen eta kontatzen, eta hala, zabaltzen da eremu hain zabala eta askotarikoa norberak galdetzen duela zer geratzen den dokumental kontzeptuaren izendapen klasikotik.

Territorios y Fronteras-en asmoa da islario bat taxutzea, alegia, mapa bat uharte horiek deskribatu eta agertuko dituena. Ikus-entzunezko uharteak, bestalde, beren itxuraldaketaren eraginez batzuetan penintsula bihurtu direnak, eta beste batzuetan, artxipelago anitzetan biderkatu direnak. Ahalegindu gara uharteak biltzen dituen auraren mapa bat taxutzen, ikuspuntu teorikotik hainbeste erakartzen gaituena, eta islatu nahi duena ikus-entzunezko artxipelago horren barruan sortzen den tentsioa, uharte horien artekoa, itxura batean interkonektatuta daudenak.

Ikus-entzunezkoen aipatu uhartetasunak, izan ere, forma eta irudikapen askotarikoak hartzen ditu. Behin baino gehiagotan ausnartu izan dugu Santos Zunzunegiren aipamen batean, (“Islas de celuloide”, Revista de Occidente, 342 zenb., 2009ko azaroa), esaten duenean: “A la hora de la verdad, la experiencia del espectador no consiste sino en transitar de película en película, encontrando en algunos filmes fondeaderos de aguas tranquilas en las que detenerse, mientras que, en otros casos, el reflujo de la marea le arroja con violencia lejos de unas playas que revelan, así, su faceta más inhóspita. De un lugar a otro, de un film a otro, nos movemos en un vaivén permanente, en la búsqueda incansable de una caleta en la que arrojar el ancla, de una lugar en el que encontrar un reposo”.

Ikuslea murgilduta dagoen atzera-aurrera etengabeko hori sortzen du aktibatzen den erlazio sare batek, era berean laguntzen diguna hemen okupatzen gaituen dokumentalaren makrogeneroaren kartografia egiten edo agiria idazten. Ideia horren analisia egiten du Zunzunegik, eta gu bat gatoz: “En el fondo, sucede que los filmes que hemos amado, como los libros que hemos frecuentado o las músicas que han encantado nuestros oídos, acaban agrupándolos, con extrema libertad, en nuestra memoria en constelaciones fortuitas, en archipiélagos imprevistos entre cuyos elementos se teje una red de relaciones no por inopinada menos pregnante y en los que se desenvuelve un tiempo que es y no es el de la vida de todo los días. Es por eso por lo que es posible reescribir una particular historia del cine (nuestra historia del cine) saltando de film en film, de isla en isla, agrupándolas en una figura que quizá acabe dibujando una precisa imagen de cada uno de nosotros”.

Zalantzarik gabe, Territorios y Fronteras-en zeregina izan da, eta, beraz, bere ikerketa lerroarena eta argitalpenena ere bai, pelago honetan sakon murgiltzea eta obra apartekoak eta autore jakinak badauden arakatzea, nolabait ere, gu geu, hemengo eta oraingo ikusle garenok artegatu eta hunkituko gaituztenak. Proiektu multidiziplinario honek tankera horretan erantzuten dio ikusle garaikidearen bidaldiari, orientazio posible bat erraztuko dioten ibilbide bereizleak marrazteko saiakera batekin. Territorios y Fronteras-entzat, ikusle garaikide hori irakaslea ere bada, eta, zergatik ez, ikasle unibertsitarioa.

Territorios y Fronteras-ekin lankidetzan jarduten duten zinemagileak askotan zinemako frankotiratzailetzat jo dituzten antzera, esan izan digute guri ere, editore eta akademiko gisa, nolabait frankotiratzaileak garela. Gure aldetik, eta gauden tokitik, akademia berri baten aldeko aldarria egiten dugu, prest egongo dena begirada zinematografiko berri horiek, leiho berri horiek, pantaila eta forma filmiko horiek dituzten erronken ardura hartzeko izango den akademia. Izan ere, ez da ahaztu behar formaren mutazio horiek direla artegatzen gaituztenak, baina baita aberasten gaituztenak ere.

Zuhaitzek ez dute basoa ikusten uzten. Amai dezagun dokumentalari buruzko agortutako eta zaharkitutako eztabaidekin eta onar dezagun, behin betiko, garai batetik ona ikusten aritu garenak osatzen duela guk hemendik dokumentalaren deslurraldetzea deitzea proposatzen duguna. Oso artifiziala da zenbait obra bakandu eta desberdintzea premia guztiz merkataritzakoengatik ezarri diren beste forma handi horietatik, hala nola fikzioa, dokumentala, esperimentala eta abangoardia, izan ere mugak hain dira mugikorrak, nahasiak eta malguak, tradizionalki forma kontrajarritzat hartu izan direnak, zinematografoaren hasieratik beretik, elkarrekin bizi eta nahastu egin direla. Sailkako bereizkuntzak gehiago erantzun die industriaren eta merkatuaren eskakizunei, pribilegiatuz zenbait produkzio eta baztertuz bestetzu. Horregatik barren, praktika zinematografikotik eta teoriatik, zuhaitzek basoa ikusten utzi behar lukete, eta interesatu beharko genuke egun dokumental garaikidea dela dirudien horretan: bidegurutze bat bertan bizi(kide) diren hibridazio eta elkarguneena.

Hala, azken argitalpenaren, Territorios y Fronteras II. Emergencias y urgencias en el cine documental español (2014) liburuaren asmoa oraina dokumentatzea izan da, etorkizunean hutsuneak egon ez daitezen, zinema espainiarraren historiografian okerreko katalogazioak egiteko aukera saihestuz. Bizitzea egokitu zaigun garaiotan, kaosa eta histeria kolektibo eta indibiduala nagusi diren testuinguru postmoderno honetan, edozein ekarpen akademikok sortu den espazio eta denborara egokitzeko malgutasuna izan behar du. Territorios y Fronteras-en argitalpenek ikus-entzunezkoek —ez soilik zinemak— osatzen duten totum revolutum horretako baso hori, pelago hori ikusten utzi digute: do-ku-men-tal garaikidea (espainiarra edo ez) makrogenero bat da kontuan hartzea merezi duena, hainbat unetan barneratuta egon den Platonen haitzuloa utziz.

Horregatik guztiagatik, dokumental garaikidean zeharreko hemen proposatzen dugun bidaiak edan du, unibertsitatera hurbiltze aldera, eta, agian batzuetan modu obsesiboan gure aldetik, George Steinerrek bere Transmisioaren gorazarrean (2005) hainbeste aldarrikatzen zuen irakaskuntzan izan beharreko pasioan. Unibertsitateko irakaskuntzak, eta zinemaren irakaskuntzak zehazki, espiritu kritikoak sortzera jo behar du, film jakinei aurre egin eta aztertzeko gai direnak, eta buru geldiezinak bultzatzera, gai izango direnak prozesu hermeneutiko emankorrak ezartzeko.

Beharbada, eragiten digu, ia abduzitu zenbaitetan, arestian aipatutako, eta gure iritziz premiazko, Steinerrek defendatutako pasioak, baina iruditzen zaigu gure ibilbidearen branka horrek izan behar duela. Territorios y Fronteras gure proiektuari erreferentzia egiteko batzuetan erabiltzen dugun hitz bakarrarekin sintetizatzen dugu gure ibilbidea: BRANKAZ. Esan nahi baita, brankaz nabigatuz, beti aurrera, itsaso berriak deskubrituz, mapan ez dauden uharteak kartografiatuz eta Territorio eta Frontera horietan bizi direnak ezagutuz. Eta nola ez, bidaldi honetan laguntza ordainezin eta baldintzarik gabea ematen digute beti Aintzane Pagadigorriak, Patxi Azpillagak eta Koldo Atxagak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasleak beraiek ere. Lankideokin maiz hausnartzen dugu artikulu honi hasiera eman dion testua: “Unibertsitatearen egitekoa da ingurunean gertatzen denaz jabetzen eta arduratzen diren pertsonak prestatzea, etengabeko aldaketetara egokitzeko gai direnak eta arazo berriei sormenean eta etikan oinarrituta erantzuteko gai direnak”.

Territorios y Fronteras-ek aurrera egiten du, atsedenik gabe, gartsuki eta aurre egin beharreko proiektu eta erronka askorekin. Gure bideak aurrera darrai, gogoko tokian aldaparik ez!

Erreferentziak:

http://www.territoriosyfronteras.com
http://www.ehu.es/argitalpenak

Vanesa Fernández Guerra, vanesa.fernandez@ehu.es
Estibaliz Alonso Ruiz de Erentzun, esti.alonso@ehu.es
info@territoriosyfronteras.com

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Escribe

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia