Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Ismael MANTEROLA ISPIZUA
Mondragon Unibertsitateko HUHEZIk antolatutako Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko gradu-ondoaren barruan arteari buruzko hitzaldia emateko gonbidapena jaso nuen.
Beste kultur esparrutan gertatzen den modura, Euskal Herriko arteak jarraipenen bat izan ote duen galdetu behar izan nion nire buruari. Adibidez, euskaraz idatzitako literaturaren azterketa egin daiteke, gaur egunera arte nolako bilakaera izan duen jakiteko; edo, era beran, herrikoiak izan diren esparrutan, bertsolaritzan adibidez, garai batetik gaur egunera arte nola egin den transmisioa aztertu daiteke, eta, modu batean edo bestean aztertu da.
Baina Euskal Herrian artea ez da kultur esparru herrikoia izan eta ez du hizkuntza bezalako ezaugarririk hari zehatz bati tira egiteko. Horregatik, XIX. mendearen bukaera arte itxaron behar izan genuen, Euskal Herrian arteari buruzko interesa pizteko eta, zentro produzitzaile bihurtu zen heinean, bertako arteari buruz hitz egiteko. Hain zuzen, gure galdera arte moderno horren oinarriak XX. mendean zehar transmititu ote diren eta XXI. mendera arte iritsi diren, izango da.
La Concha, nocturno eta Salida de las lanchas. Dario de Regoyos Valdes.
XIX. mendearen 80ko hamarkadan kanpora ikastera joandako artistak Euskal Herrira bueltatu eta bertan finkatu ziren. Gainera, artista akademikoen ikasketa ibilbide tradizionala, hau da, Madrilgo Akademiatik Erromara, aukeratu beharrean, Parisko eta Bruselako bidea aukeratu zuten. Ordutik aurrera artista gazteagoen erreferentzi artistikoak Parisko berrikuntzak izan ziren, arte akademikoa alde batera baztertzen hasi ziren bitartean.
Horiexek Adolfo Guiarden eta Dario Regoyosen ibilbideak, 1884an Regoyos Donostiara eta 1886an Guiard Bilbora bueltatu zirenean. Bi pintoreek kanpoko berrikuntzei Euskal Herriko gaiak gehitu zizkieten eta horrek arte modernoaren bideari hasiera eman zion.
Gauza bera egin zuten beranduago, baina beste modu batera, Manuel Losadak eta Ignazio Zuloagak. Parisen ikasitakoak Euskal Herrian zabaldu zituzten, nahiz eta Zuloagaren kasuan, Parisko bizitokia eta Gaztelako gaiak nagusiago izan.
1910. inguruan belaunaldi berri baten sorrera sumatzen da. Alberto, Jose eta Ricardo Arrue, Angel Larroque, Gustavo Maeztu, Valentin eta Ramon Zubiaurre, Juan Etxebarria, Aurelio Arteta, Antonio Gezala, Julian Tellaetxe, Pedro Gimon, Quintin de Torre eta abarrek aurrekoen lekukoa hartu eta Euskal Herriko arte modernoa eraikitzeko gogoa azaldu zuten.
Artistak, eta orokorrean Bilboko intelektualek, industrializazioaren bultzadak kultura burgesa elikatu behar zuela uste zuten eta horregatik lan handia egin zuten Bilbo hiri modernoa bihurtzeko.
Modernoa esaten denean, kontuz ibili behar da. Batez ere akademiaren kontra zeuden Frantziako berrikuntzetan oinarrituta zegoelako. Aldi berean, berrikuntzak orekatzeko tradizioa aipatzen zuten eta beraz, ez da aurrekoarekin puskatu nahi zuen proiektu abangoardista. Tradizioa berrikuntzekin eguneratu nahi zuten, hau da aurreko garaietako artea eta oinarri kulturaletik irakaspenak atera, kanpotik zetorren eragin modernoarekin bat egiteko.
Tradizioaren beste alderdia, bestalde, herrikoitasunean bilatu zuten. Abangoardien nazioarteko asmoen aldean, Euskal Herrian garatu zen modernitatean erroak baloratzen zituzten. Garai hartan pentsatzen zen arteak bereizketa nazionalak mantendu behar zituela eta kanpotik zetorren modernitatea, bertako tradizioarekin bat egindakoan, berezko artea lortuko zuela.
Horregatik, Guiardek eta Regoyosek zabaldutako bideari jarraituta, bertako gaiak lantzen hasi ziren, baserri eta arrantza giroari arreta nabarmena eskainita. Herriaren esentzia giro horietan mantendu zela pentsatzen zuten eta horregatik, gaiak ez ezik, gai horietan bilatzen zituzten oinarrizko baloreak irudikatzeko asmoa.
Proiektu kultural horren arrakasta edo porrota, testuinguru ekonomikoaren eta politikoaren esku egon zen. Zorionez 1910. urte inguruan interes ekonomiko, politiko, kultural eta sozialak bat egin zuten Euskal Herri modernoa bultzatzeko. Modernitate kontserbatzailea edo ez iraultzaile horretan kulturari garrantzia eman zitzaion, kultura modernitatearen bultzatzaile eta protagonista moduan ikusten zutelako.
Adibide interesgarria da XX. mendearen bigarren hamarkadatik aurrera Bilbon antolatutako kultur azpiegitura: 1911n Asociación de Artistas Vascos delakoa, adibidez, edo 1914an zabaldu zen Arte Ederren Museoa.
Ramiro Arrueren pintura.
20ko hamarkadan, behin betiko hautsi zen kultura, politika eta ekonomiaren arteko elkar ulertzea. Ekonomia eta politika interesak aldatu arren eta krisi ekonomikoarekin Bilboko nagusitasuna ahuldu bazen ere, kulturak oraindik aurreko hamarkadako asmoekin jarraitu zuen. Kanpoko modernitatearen aldaketarekin batera artista gazteengana abangoardiako formen eragin batzuek iritsi ziren: Jose Maria Uzelai, Ramiro Arrue, Jenaro Urrutia, Jesus Olasagasti, Ernesto Perez Orue, eta abar.
Hala ere, 30eko hamarkadan jarrera abangoardistak azaldu ziren Euskal Herrian, batez ere Donostian. GU elkartearen sorrera, arkitektura arrazionalistaren aldeko interesa, Oteizaren eta Lekuonaren lanen erakusketa kolektiboak, nazioarteko mailako erakusketak eta Gipuzkoako Aldundiak antolatutako artista gazteen lehiaketak, proiektu berria mamitzen ari zela erakusten digute, oraingo honetan abangoardien asmoetan oinarrituta.
Hala ere, mende hasierako belaunaldiak zabaldutako bideari eman zioten garrantzia 30eko belaunaldikoek ere, bertako arte modernoa egin nahi zuten eta horretarako abangoardiako jarrera puskatzaileagoak tradizioa alde batera lagatzera animatzen zituen. Horregatik Oteizak euskal kulturaren pizkundea proposatzen zuenean tradizioari baino garrantzia handiagoa, arte primitiboari edo historiaurrekoari ematen zion.
Gerra zibilak asmo eta proiektu gehienak zapuztu zituen eta diktadurak intelektualei eta kulturari orokorrean zion beldurra zela eta, AAV delakoa bezalako elkarteak betiko desegin zituen. Hala ere, oroimena alde guztietan mantendu zen: atzerrira joan behar izan zuten artistengan, bertan isiltasunean geratu behar izan zutenengan, gerra irabazi arren baztertuta sentitu ziren intelektual falangista ohiengan eta indar handiz euskal diasporan.
La chica del gato. Angel Larroque.
1936ko gerra zibila eten handia izan zen Euskal Herriko arte modernoarentzat. Baina gerra ondorengo urte ilunenak alde batera lagata, 40ko hamarkadaren bukaeran eta 50eko hasieran, gerra aurreko kultur mailara bueltatzeko gogoa piztu zen alderdi ezberdinen artean.
Garaileen arteko intelektual askok kulturaren egoera penagarriaz arduratuta, gerra aurreko egoerari nostalgiaz begiratzen zioten eta zubiak eraikitzeko ekimen xumeak antolatzen hasi ziren, Bilboko Studio galeria adibidez. Ekimen hauetara atzerrian bizi izandako artistak eta bertan baztertuta bizi ziren artistak bildu ziren, adibidez Jorge Oteiza, 1947an Ameriketatik bueltatu zenean.
Bestalde, gazteagoek gerra aurreko urtetako arte egoera hobeagoa izan zela pentsatzen zuten eta ideia hori akuilu moduan erabili zuten artearen berpiztea bultzatzeko. Ibarrolarena Artetaren pintura aldarrikatzen, adibide ederra izan daiteke.
60ko hamarkadan Oteizaren lidergoarekin, artista talde batek bultzatu zuen Movimiento de Escuela Vasca delakoak, proiektu abangoardistaren ahalegina egin zuen Euskal Herrirako, gainera kultura proiektu orokorragoaren barruan.
Testuingurua ez zen erraza, Espainiako diktadurak oso hurretik jarraitzen zituen euskal kulturaren adierazpenak eta edozein susmoaren aurrean zentsura eta debekua erabiltzen zituen. Bestalde, oso gogor erasotzen zituen asmo politiko edo sozialak zituzten mugimenduak eta horregatik zaila zen berezko euskal artea aldarrikatzen zuen arte proiektua aurrera eramatea.
Badaude mende hasierako proiektu modernoarekin antzekotasunak. Alde batetik proiektua aurrera ateratzeko parte hartzaileak elkartzeko gogoaz eta beharraz ohartu ziren. Euskal Eskolaren Mugimendua edo M.E.V. delakoak Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko artistak elkartzeko asmoa zuen, nahiz eta zeharo ez lortu.
Bestalde, kultura azpiegitura sustatzeko asmoak, XX. mende hasierakoen antzekoak izan ziren, adibidez Donostian sortu zen Barandiaran Galeria eta Oteizak behin eta berriz eskatzen zuen Estetika Parekatuen Institutu lortu ezina.
Artearen izaera publikoa da XX. mendeko artearekin lotzen duen beste ezaugarria. Arte herrikoiaren balorazioa abangoardiaren erara egin zen bigarren saiakera horretan, umeen artearen balorazioak eta artea toki guztietara eramateko asmoak bezalaxe. Museo eta galeria pribatuetatik kanpo, espazio alternatiboetara zabaltzea (frontoiak, kultur etxeak, eta abar), artistak beraiek zuzenean lanak aurkeztea eta grabatuaren erabilpena (Estampa Popular-ren kasuan batez ere), gogo horien adibideak dira.
Horrekin batera artea kultur adierazpen orokorragoan sartuta egotearen kontzientzia edo kultur esparru guztiei bultzada ematearena oso argi zegoen Euskal Eskolaren Mugimenduan: Musikan, Ez dok Amairu; Dantzan, Argia; Antzerkian, Jarrai; 1966an Ama Lur filma egiteko MEV-ek sortu zuen elkarte anonimoa, eta abar.
70eko hamarkadaren hasiera aldera mugimendua pixkanaka indarra galtzen hasi zen disolbatu arte. Sarritan MEV-en proiektua porrota dirudien arren, batez ere Oteizak lorpenen inguruan izan duen frustrazioa eta ikuspegi negatiboari begiratuta, arrakasta ere izan zela esan daiteke, euskal gizartean izandako harrerari begira eta gauza asko mugitu zituelako ez bakarrik arte garaikidearen esparruan, baita euskal kultura orokorrean ere. Adibidez Oteizaren Quosque Tandem...! liburuak nazionalismoan eta euskal kulturan izandako eragina eta ia tradiziorik ez zuen eskulturaren hedapenean. Azken arte baliabide hau guztion buruan sartu den zerbait da, ia Euskal Herriaren ikur bihurtu arte.
Eva. Gustavo de Maeztu.
70eko hamarkada aurrekoaren jarraipena izan bazen ere, pixkanakako gainbehera sumatzen hasi zen. Hala ere, 80ko hamarkadako aldaketa politikoekin gauzak asko aldatu ziren Euskal Herrian, 90eko hamarkadan sakondu zirelarik.
Erakunde autonomoen sorrerak kulturaren “normaltzea” ekarri zuen eta arte garaikidea ere pixkanaka onartzen hasi zen. Kultura kontsumo sisteman sartu zen Europa eta munduko beste herrialde garatuen antzera eta jarrera posmodernoak artean nagusi bihurtu ziren. Horrekin batera ideologia handien gainbeherak ere abangoardien asmo eta proiektuen porrota ekarri zuen eta gizartearen eta artearen arteko eten handiagoa.
Artearen kezken barruan identitate nazionalen gaineko arazoak ahultzen joan ziren beste identitate moten alde: adibidez genero arazoen alde.
Hala ere, 80ko hamarkadaren hasieran artista belaunaldi gazte batek Oteizarekin topo egin zuen Bilboko Arte Ederren Eskolan. Oteizaren irakaspenak eguneratu zituzten eta artista horien lanari “Euskal Eskultura Berria” deitu zitzaion. Partaideen artean Txomin Badiola, Angel Bados, Juan Luis Moraza eta Maria Luisa Fernandez azpimarratu behar dira.
Era berean, Txomin Badiolak eta Angel Badosek 1994. eta 1997. urtetan Artelekun antolatutako tailerretatik XXI. mendearen hasieran lanean hasi zen belaunaldi berriak irten zuen: Ibon Aranberri, Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Iñaki Garmendia, Xabier Salaberria, eta abar.
Euskal Eskolaren zorroztasun formalari, Euskal Eskultura Berriaren kontzeptu zama gehitu zioten, diskurtsoari emandako garrantziarekin batera. Bertako izatearen kontzientziarekin eta horrek dakarren tentsioekin lanean jarraitu dute.
Euskal Herrian artearen transmisioa egon da XX. mendean, batez ere bi saiakera handien artean. Hala ere, zer ez den transmititu galdera egin beharko genuke, adibide moduan emakume artisten lana jarrita.
Transmisioa arteak gizarteratzea lortu zuelako gertatu zen, hau da, arte proiektua proiektu soziala zelako; gizarte moderno burgesa eraikitzekoa mendearen hasierako hamarkadetan eta gizarte berri bat, abangoardien utopia modernoaren erakoa, 60ko hamarkadan.
Nahiz eta 80ko hamarkadatik aurrera Badiolak eta Badosek Oteizaren ideiei jarraipena eman, gizarte transmisioa etenda dagoela dirudi, proiektu sozialik gabeko arte baten barruan bizi garelako. Euskal Herriko kultur normalkuntzak instituzionalizioa ekarri du, artea, eta orokorrean, kultura, aisiaren kontsumoaren barruan ulertzea, alegia.
Azken urtetan egoera horri arteak eman dion erantzuna konplexuagoa bihurtzea eta ingurutik aldentzea izan da, ez asmotan baina bai hizkuntza plastikoan eta proposamenetan. Horrek euskal kulturaren eta artearen arteko lubakia areagotu du, elkar ulertzeko aukera handirik laga gabe.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus