Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Iñaki VICUÑA DE NICOLÁS, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendaria
Orain dela ez asko hizpide izan genuen “Gauzen Interneta”, identifikazio-gailuez ekipatuta dauden objektuen sarea izendatzen duen kontzeptu berria, objektuak une oro non dauden eta nork dituen jakitea ahalbideratzen duena, eta teknologia berri bat ere izendatzen duena informazioaren eta ezagutzaren mundu honetarako, non, adituek iragartzen dutenez, hamar urteren buruan egun ezagutzen dugun pribatutasuna desagertuta egongo den, galarazten ez badugu.
Ezen aldaketa teknologikoarekin batera aldatzen ari baita komunikatzeko, harremanak egiteko eta munduan egoteko dugun modua ere. Esateko baterako, eskuz idatzitako gutunak, bideo zintak, argazki-filmak eta telebista analogikoa oso modu zolian desagertu dira gure ingurutik. Horiek utzitako lekua hartu dute mezu elektronikoek, telefono mugikorrek, ipad-ek, iphone-ek, sare sozialek eta TDTak.
Iraultza teknologikoak lengoaia aldarazteaz gain, kontzeptu berriak ere ekarri ditu. Gure artean guztiz errotuta daude jada testu-mezua, mezu elektronikoa, blogeatu, googleatu edo weba bezalako hitzak. Beste hitz batzuk, ordea, bestelako esanahiak hartu dituzte natibo digitalen artean. Izan ere, bizitza errealean oso bestelako esanahia dute, adibidez, gehitu, etiketatu edo sarean blokeatu hitzek, bai eta sare hitzak berak ere.
Zenbait balorez dugun pertzepzioa era aldatu egin da. Intimoa zer den, konfidentziala zer den edo adiskidetasuna zer den, beste era batean irudikatzen da. Sare sozialetan ibiltzeko ez da kontuan hartzen ezagutzen ez diren egoeretan tentu handiz eta zuhurtziaz jokatu behar denik edo ezezagunekin ez denik hitzik egin behar. Aitzitik, maiz hitz egiten dugu ezezagunekin, sekula bertatik bertara ezagutuko ez ditugun pertsonekin; eta hori hala izanik, modu birtualean bada ere, norbere etxeko ateak eta leihoak zabaltzeaz gain, gure agendak, zaletasunak, kezkak eta joan-etorriak ere erakusten dizkiegu. Gure bidaiak, irudiak, aldarteak eta zaletasunak partekatzen ditugu haiekin.
Argazkia: CC-BY. striatic.
Gure bizitzaren berri inori eman beharrak eta inorenaz jakin beharrak, neurrigabeko jakin minak eta exhibizionismoak eraginda, hamalau mila erabiltzailek haien posta elektronikoak eman dizkiote web bati, weba zertarako den, zein helburu duen eta zer eskaintzen duen jakin gabe. Hacker News deritzon web gunean jarritako iragarki batek lortu du miraria.
Era berean, Interneten kontu bat irekitzen dugun bakoitzean eta kontuaren kudeatzaileek jarritako kontratu eta erabilera baldintzak onartzen ditugunean, kontuan izan behar dugu dena delako enpresaren zerbitzariak kokatuta dauden estatuek (Estatu Batuak, India edo Korea) informazioaren tratamenduari ezartzen dieten jurisdikzioaren menpe geratzen garela eta gure datuak hara transferitzeko eta han prozesatzeko adostasuna adierazten dugula. Beraz, auzitara jo nahi badugu, han egin beharko dugu, horrek ekar ditzakeen eragozpen guztiekin. Izan ere, baldintzak onartzean, baimena eman baitugu.
Gero eta gehiago dira esaten dutenak Interneteko segurtasunak duen arazorik handiena erabiltzailea bera dela. Baina gure eskubideez baliatu ahal izateko, ezagutu egin behar ditugu eta erantzukizunez erabili. Ezin da inprobisatu eta nahierara jokatu!
Lege-esparrua berrikustea konponbide bat izan daiteke. Europako Batzordea Datu Pertsonalak Babesteko Zuzentaraua moldatzen ari da eta aurten argitaratu nahi da. Baina informazioaren teknologiak hain direnez konplexuak eta etengabe aldatzen eta garatzen ari direnez, pentsatzekoa da legedia ez dela nahikoa izango etorkizunean pribatutasuna babesteko, eta funtsezkoa dela pribatutasuna bera ere teknologien parte izatea, teknologiak garatzen hasten diren unetik. Horixe da Privacy by Desing (diseinu bidezko pribatutasuna) kontzeptuaren sorburua; prebentzioko metodo bat da, proaktiboa, pertsonen pribatutasuna sorburutik bermatzen duena. Dudarik gabe, sakon landu beharreko kontzeptua da.
Edozelan ere, erabiltzaileok guk geuk ekarri behar ditugu segurtasunaren esparruko konponbideak. Horregatik, eta Datu Babesaren Europako Eguna dela baliatuz, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Sare Sozialetako Pribatutasunari buruzko hainbat tutorial aurkeztu ditu, gure inguruko sare sozial ezagunenetan (Tuenty, Facebook eta Twitter) nola erregistratu, pribatutasuneko aukerak nola konfiguratu edo irudiak, gonbidapenak edo pertsona gogaikarriak nola blokeatu azaltzeko. Tutorialak gure web orrian daude eskuragarri, eta gure pribatutasuna hobetzen lagunduko digute, hurrengo belaunaldiei irakatsiz.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus