ene

Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Euskaldunon postmaterialismoari buruzko gogoeta

Patxi JUARISTI

Maiatzeko artoaren ardura eta bost seme-alaba dauzkana ez dago musika bila

Ronald Inglehart-ek bere El cambio cultural en las sociedades industriales avanzadas (1991) liburuan zioen mendebaldeko herrialde aberatsetan bizi direnek ongizate materialari, diruari eta ziurtasun fisikoari garrantzia ematetik, bizi-kalitatea azpimarratzera pasatu direla. Bere ustez, gizarte aberatsek balore materialistetatik balore postmaterialistetarako jauzia egin dute. Ondorioz, gai politiko berriek (ekologiak, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunak, kontsumitzaileen eskubideak, demokrazia hobeagoak lortzeko nahia, gutxiengoen eskubideak, garapen kulturala...) garrantzia hartzeaz gain, era askotako gizarte mugimenduak indartzen joan dira. Ideologia postmaterialista honen adierazle argienak izango lirateke herrietan, lantegietan eta, oro har, politikaren arlo eta maila guztietan erabakiak hartzerakoan gizakien parte-hartzea handitzeko nahia, gizarte gizatiarragoetan eta baketsuagoetan bizitzeko gogoa, garapen iraunkorra lortzea edota herrialde txiroen garapena ahalbidetzea. Postmaterialismoak aldarrikatzen duena da ekonomia, enpresak edo dirua gizatiarrago bihurtu behar direla; alegia, dirua mutilik hoberena da, eta nagusirik txarrena.1

1. Euskaldunon postmaterialismoa

Inglehart-ek postmaterialismoari buruz eman zuen definizioan oinarrituta, pentsa daitekeena da euskaldunok 70. hamarkadan bihurtu ginela postmaterialista. 60ko hamarkadaren bukaeran, egoera ekonomikoa hobetu egin zen Estatu espainiarrean, erregimen frankista apur bat bigundu egin zen, eta Hego Euskal Herriko eta, orokorki, Espainiako biztanleen balio hierarkia aldatzen hasi zen. Beharrizan materialak asetzen hasi ostean, amets sofistikatuagoak izaten hasi ginen Estatu espainiarreko biztanleok 70. hamarkadan.2 Ekologista, feminista, kontsumitzaileen eskubideen zein gutxitutako hizkuntza, talde eta kulturen alde agertzen hasi ginen.

Azken 30-40 urteetan euskal gizarteak izan duen bilakaera izugarria izan da. Gaur eguneko euskal hiritarrok gure oinarrizko beharrizanak asetzeaz gain, beste beharrizan batzuk ere ase nahi ditugu. Osasuntsu eta kutsadurarik gabe bizi nahi dugu, informazio egiazkoa, osoa, objektiboa eta ulergarria jaso nahi dugu, gure seme-alabentzako kalitatezko heziketa euskalduna nahi dugu, gizon eta emakumeek eskubide berdinak dituztela oihukatzen dugu, euskal kultura eta euskara babestearen alde gaudela esaten dugu, ordezkaritza, kontsulta eta partaidetzarako eskubidea dugula pentsatzen dugu, eta gutxiagotasun eta babesgabetasun egoeretan babestuta egoteko eskubidea garatu nahi dugu. XXI. mendearen hasierako euskaldunon mentalitatea ez da 70ekoa bezalakoa.

2. Gure postmaterialismoaren kontraesanak

Argi dago orain dela urte batzuk baino postmaterialistagoak garela, eta gure historian beste inoiz baino gehiago, materialak ez diren beharrizanak asetzea nahi dugula. Hala ere, eta esandako guztia ukatu gabe, iruditzen zait, sarri askotan, euskaldunon postmaterialismoa jarreren edota ideien mailan gelditzen dela; bestela esanda, gure postmaterialismoa azalean gelditzen dela, eta oraindik pauso asko eman behar ditugula benetako gizarte postmaterialista sortzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Gazteriaren Behatokiak egin zuen ikerketa baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteek garrantzi gutxi ematen diote erlijioari eta politikari. Alegia, gazteen balore hierarkian ideologiak eta sinismenak azken postuetan agertzen dira. Aldiz, dirua eta ondasun materialak dira gazteen kezkarik handienetarikoak. Are gehiago, adiskideek edo familiak berak baino ardura handiagoa eragiten diete besteek eurei buruz duten iritziak edo norberaren irudiak edo itxurak. Modu berean, %5era ere ez da heltzen alderdi politikoetan, talde bakezaleetan edo sindikatuetan parte hartzen dutenen ehunekoa. Bestela esanda, %5era ere ez da heltzen benetako ideologia postmaterialista praktikan jartzen duten gazteen ehunekoa.

Gazteek ez ezik, nagusiok ere arazo asko ditugu benetako postmaterialista gisa bizitzeko eta jarduteko. Ekologistak garela esaten dugu, baina, gero, autoa erabiltzen dugu edonora joateko, ez dugu behar bezainbat birziklatzen eta energia eta ur asko alferrik galtzen ditugu.

Horrez gain, inkestetan txiroekiko agertzen ditugun jarrera positiboak intentzioen mailan gelditzen dira, sarri askotan, eta ez gaude prest hauen ongizatea hobeagotuko duten politika eraginkorrak bultzatzeko. Are gehiago, gure postmaterialismoaren arabera, garatzeko bidean dauden herrietako gosearen aurka eta hauen garapenaren alde gaudela diogu, baina gero herrialde txiroen ustiaketa bortitza onartzen dugu, eta herrialde hauetako umeek egindako jostailua edota arropak erosten ditugu, nolako lan-baldintzetan eginak dauden galdetu gabe.

Gure “ustezko” postmaterialismoaren kontraesanekin jarraituz, aipatzekoa da oraindik ere indartsu dagoela gizakiek irabazi pertsonala bilatzen dutenean, gizarte osoaren ongizatea lortzen dutela dioen pentsamolde materialista. Ideologia hau dutenen ustez, egoismo pertsonala ondasun soziala bihurtzen da, eta mozkin pribatua gizartearen ongizatea lortzeko benetako motorea. Gobernu egokia, kudeaketa gardena, gizakien zein ekonomien garapen iraunkorra, kalitatezko enplegua eta aberastasun ekonomikoa berez lortzen dira, ekimen pribatua oztopatzen ez bada; bestela esanda, merkaturi eta enpresei inolako oztoporik gabe lan egiten uzten bazaizkie. Enpresen helburu bakarra mozkinak ziurtatzea izan behar da, garapen ekonomikoa lortu nahi bada. Hortaz, enpresak nolabaiteko erantzukizun soziala izatera behartzen badira, hau da, euren etekinen zati bat gai sozialetan gastatzera behartzen badira, traba egiten zaio hazkunde ekonomikoari; are gehiago, horrela eginez gero, gizakiaren askatasuna murrizten da. Esanak esan, oraindik asko dira pentsatzen dutenak postmaterialismoak garapen ekonomikoa eta gizarteen aberastasuna oztopatzen duela.

Argazkia: wfabry

Argazkia: wfabry.

Gure postmaterialismoak eraginda, kontsumitzaileen eskubideen alde eta kontsumo arloko iruzurren aurka gaudela esaten dugu, baina gutxi egiten dugu eskubide horiek babesteko. Oraindik ere kontsumitzaileok arazo ugari ditugu, eta iruzur ugari jasan behar izaten ditugu. Gainera, iruditzen zait, kontsumitzaileok ere erru asko daukagula gure eskubideen urraketan. Sarri askotan, kontsumitzaileok ez gara behar bezala arduratzen dauzkagun eskubideak babesteaz.

Feministak edo, gutxienez, emakumeen eskubideen aldekoak garela esaten dugu, baina onartu egin behar dugu teoria eta praxia ez datozela bat gizon eta emakumeen eskubideei buruz hitz egiterakoan. Errealitatean, desberdintasun nabarmenak onartzen dituzten gizarteetan bizi gara: gizon eta emakumeek botere politiko, sozial eta ekonomiko desberdina dute, oraindik ere.

Postmaterialistak gara, eta bakezale gisa aurkezten dugu gure burua, baina, egiatan, gutxi egiten dugu bakearen alde. Amin Maalouf-ek bere Las cruzadas vistas por los árabes (1984) liburuan dioen bezala, garapen bidean dauden herrialdeekiko benetako atxikimenduak bakea ziurtatuko luke munduan, baina ez dirudi mendebaldeko gizarteetan hori egiteko prest gaudenik. Maalouf-en arabera, herrialde islamiar pobreetako biztanleriaren artean herrialde aberatsekiko dagoen amorrua euren seme-alabentzat inolako esperantzarik eta aurrerabiderik ikusten ez dutenen frustrazioaren ondorioa da. Bizitze gaitzak hil nahia.

90. hamarkadan, euskal biztanleen artean orokortu egin zen euskararekiko eta euskal kulturarekiko jarrera positiboa, baina urteak aurrera doaz eta gure kulturak eta euskarak ahul jarraitzen dute. Postmaterialistatzat eta modernotzat dauzkagu geure buruak, eta gutxitutako hizkuntzak eta kulturak babestearen alde gaudela esaten dugu, baina zenbat egiten dugu euskal kultura indartzeko? Zenbatekoa da euskal kulturarekiko gure konpromisoa? Batzuen ustez, euskal kulturaren eta euskararen inguruko militantzia ahultzen ari da. Postmaterialistagoak gara teorian, baina gure ingurune hurbilean ixten ari gara eta gero eta denbora gutxiago dugu euskal kulturaren eta euskararen alde debaldeko lana egiteko. Gure indibidualismoak gizarte sareetan partehartzea oztopatzen digu. Ondorioz, euskal kulturak buztinezko zangoak ditu eta bere inguruan lanean diharduten erakunde askok baliabide ahulegiak dituzte euskal kulturari behar bezalako indarra eta maila emateko.

Argazkia: jonwick04

Argazkia: jonwick04.

3. Azken ondorioa

Gure postmaterialismoak aurrerapausoak eman ditu 60. hamarkadatik gaur eguneraino, baina iruditzen zait asko falta zaigula benetako gizarte postmaterialista lortzeko. Gure ideologia postmaterialistak kontraesan gehiegi ditu gizarte postmaterialista batean bizi garela esateko. Agian, ongizate materialari, diruari eta ziurtasun fisikoari iraganean baino garrantzi gutxiago ematen dizkiegu eta bizi-kalitateari garrantzi gehiago, baina ezin da esan balore materialistetatik balore postmaterialistetarako erabateko jauzia egin dugula.

Zentzu honetan, benetako gizarte postmaterialista bat lortu nahi badugu, gure balore eta mentalitate materialistak errotik aldatu behar ditugu, eta gizarte berri bat eraiki. Maiatzeko artoaren ardura eta etorkizuneko seme-alaben ongizatea ahantzi gabe, musika berria egiteko gai izan behar gara. Hori bai, tradizioz heldu zaizkigun hizkuntza, kultura eta ohiturak ahantzi gabe. Barandiaranek zioen bezala (1999:239), “gure tradizio kulturalaren oinarri eta zutabeak bizirik diraute eta oso baliokoak dira gure herrien bizimoduak egituratzeko, indartzeko eta zentzu guztiz euskalduna emateko: horretan dugu gure esperantza jarrita”.

1 Artikulu hau 2009an XXI. Becerro de Bengoa saiakera saria jaso zuen liburuaren laburpentxo bat da: Maiatzeko artoaren ardura eta bost seme-alaba dauzkana ez dago musika bila. Euskaldunon postmaterialismoari buruzko gogoeta. Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteiz.

2 Jose Castillo Castillok bere Sociedad de consumo a la española (1987) liburuan adierazten duen bezala, 1940tik 1963ra, biztanle bakoitzari zegokion batez besteko errenta 11.042 pezetatik 20.557 pezetara pasatu zen; hau da, hamarkada bi horietan errentaren %86ko hazkundea gertatu zen.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media