Adolfo Arejita Euskarazko testu zaharretan aditua |
Unai
Brea
Argazkiak: Labayru, Unai Brea
Traducción al español
Gazte denboran irratigintzan aritu ostean, Adolfo Arejitak filologia ikasketak egin zituen, eta harrezkeroztik lan ugari argitaratu ditu euskarari buruz. Egunak Deustuko Unibertsitatearen eta Labayru Ikastegiaren artean banaturik, gure hizkuntzaren hainbat alderdi jorratzen dihardu buru-belarri; horren barruan, euskal idazle zaharren testuen azterketara bideratu du bere lanaren zati handi bat. Baita Kardaberazek utzitakoenera ere. Horretaz eta euskararen gaineko beste hainbat kontutaz hitz egingo dugu berarekin.
Agustin de Kardaberaz jaio zela 300 urte dira oraintsu. Nor zen Kardaberaz?
Kardaberaz jesuita zen, eta gogoratu egin behar dugu jesuiten artean figura nagusi bat egon zela: Manuel de Larramendi. Hura, idazlea baino gehiago, euskararen bultzatzailea izan zen, eta euskararen aldeko giro bat piztu zuen bere hiztegiarekin, bere gramatikarekin (“El Imposible Vencido” horrekin), eta hizkuntzaren aldeko apologia liburu batzuekin. Horren inguruan misiolari bi agertu ziren (misiolari esan dezagun): Mendiburu eta Kardaberaz. Mendiburuk Iruñean jardun zuen, eta Kardaberazek lehenengo Bilbon eta gero Loiolan. Eta eurek, orduko ohitura zenez -urte luzetan izan den moduan-, misioak ematen zituzten garizuma inguruan. Larramendik sortutako giroari eskerrak, eta euskaltzale handiak zirelako, misio haiek euskaraz emateko ahalegina egin zuten, artean ez zegoen-eta hartarako ohitura handirik, dirudienez. Harrezkero herriko jendearekin kontaktua eduki zuten, herriko euskararen ezaguera handia lortu zuten, eta euren euskara hobetzen eta lantzen saiatu ziren. Kardaberazen idazlanak, azken batean, bere misiogintzaren luzapena dira: Cristauaren Bizitza, San Inazioren Ejerzizioak, Cristau Dotrina… Denak, bat izan ezik, deboziozko lanak. Bat dauka profanoa: Euskararen Berri Onac. Baina hori ere elizarekin lotuta dago, azken batean apaiz eta elizgizonei euskara jende aurrean eta modu jasoan zelan erabili erakusteko idatzi zuen eta. Kardaberaz idazle garrantzitsua izan da, Mendibururekin batera Hegoaldeko idazle klasiko nagusia izan delako.
Kardaberazen garrantzia nondik dator orduan, literaturaren alderditik edo euskarari bultzada ematearenetik?
Euskararentzako erabilera bide bat bultzatzeagatik, baina modu jaso batean. Baziren predikariak, baina normalean euren ikasketak erdaraz egiten zituztenez, eta askok ikasketak kanpoan egiten zituztenez, euskara erdi ahaztuta zeukaten, eta sermoiak egiteko ez zeukaten gaitasunik; euskara txarra erabiltzen zen sermoietan. Kardaberaz, osasunez makaltzen hasita, misioak emateari utzi eta idazten hasi zen. Suertez, berak idatzitakoak argitaratu egin ziren, eta etxeetara heldu ziren. Gaur egun baserri askotan dagoz oraindik Kardaberazen liburuak. Eta transmisioa egon da hor. Askotan etxean bakarrak zekien irakurtzen, eta hark irakurtzen zien etxekoei dotrina. Kristautasuna etxean transmititzen zen garai batean, euskarazko liburuen bitartez, eta Kardaberazen meritua, alde horretatik, euskarari estatus bat ematea izan zen, estatus literario bat.
Hernanikoa zen jaiotzez, baina bizkaieraz ere idatzi zuen zeozer…
Hemen, Bilbon, urte batzuk egin zituen. Herririk herri ibiltzen zen, eta Bizkaiko leku askotako hiztunekin egon zen harremanean. Nik uste dut bizkaieraz idatzi zituen liburu biak Bilbo aldeko euskaraz idatzita daudela nagusiki, eta ez gero bizkaiera klasikoan izango dena, Markinaldeko horretan. Kardaberaz, gipuzkoar idazleetan, bizkaieraz argitaratu zuen gutxietarikoa izan zen. Zergatik egin zuen? Hutsunea ikusten zuelako. Beraren asmoa dotrinaren irakaspena zen eta Trentoko kontzilioaz geroztik tokiko hizkuntzan egin behar zenez, euskaraz emateko grina handia zeukan. Esan daiteke berari eskerrak egoera irauli zela, herri askotan, dakigunez, sermoiak erdaraz egiten baitziren, euskaldunak izan arren, eta Kardaberazekin hori dena aldatu zen.
Sermoien garrantzia ez zen, itxuraz, makala…
Ez noski! Euskararen gizarte estatusa zein izan da orain dela 50 urtera arte? Bada, batez ere, elizaren bidez egon dena. Meza latinaz ematen zen lehen, baina sermoia euskaraz zen, eta euskara jasoan. Horrek eredu bat eta irudi bat ematen zuen, eta hori ez zen gertatzen zuzenbidean, medikuntzan, unibertsitateetan, administrazioan… horietan hizkuntza bakarra gaztelania zen. Orduan, non babesten zen euskara? Erlijioaren transmisioan. Euskarak ez zeukan estatus publikorik -hori izan da euskararen zoritxarretako bat-, eta elizgizon batzuek emandako estatusak mende batzuetan irauten lagundu du. Beste leku batzuetan, aldiz, kontrakoa gertatu da. Zergatik galdu da euskara Nafarroako eta Arabako leku askotan? Besteak beste, elizgizon erdaldunak sartu zirelako leku euskaldunetan, eta ondorioz erdara nagusitu zelako. Frankismoan ere, euskara jaso eta landuarekin harreman bakarra elizaren bitartekoa izan da euskaldunontzat.
Zure azken lanetako bat bizkaieraren arauei buruzkoa izan da…
Bai, hala da. Maila batean, idatziz edo ahoz, erabiltzen dutenen aldetik beti egoten da duda hainbat gauza esateko moduaz, eta arau batzuk ematea ia-ia beharrezkoa zen. Bizkaiko Diputaziotik hartu genuen enkargua.
Noraino arautu behar dira euskalkiak? Eta azpieuskalkiak?
Azpieuskalkiena da gutxien arautu dena, eta horretarako ere eredu bat bilatu beharko litzateke, inkoherentzia handiak egin dira eta. Nik ez dut gura ahozkoaren transkripzio fonetikoa, hori gehiegizkoa da. Nire herrian, esaterako, “ireki” “idi” esaten dugu. Eta “idi” idatz liteke, bai, baina inoiz ez da idatzi izan. Idatzi izan dira “edegi”, “idegi”, edo “irigi”, baina “idi” ez… Merezi du idazkera sekula idatzibako formetara eroatea? Nik duda handiak ditut. Ezaugarri historiko batzuk ere bilatu behar dira. Eta historian zer idatzi den bilatu, badaude testuak eta. Hori guztia ez dago finkatuta, baina hurrengo pausua izan daiteke.
Bizkaierari lotuta prestijio kontuak aipatzen dira askotan. Guk geuk, bizkaitarrok, kendu ei diogu prestijioa geure euskalkiari…
Nik hori argi ikusten dut. Geure euskararen estimazio handirik ez dugu eduki, eta zenbat eta Bilbotik hurragokoak izan, hainbat eta gutxiago. Kalean gertatu da hori batez ere. Erdararen aurrean euskara baserritarren hizkera legez agertu da, eta baserritarren nortasun ezaugarri bat ez du gura bere estatusa gorago ikusi duenak. Orduan, tradizioz, kaleko jendeak erdarara jo du Bizkaian. Konpleju horren arrazoietako bat, nire ustez, Bizkaiko hirietan euskara gutxi egiten dela da: Bilbo, Durango, Mungia, Gernika, Basauri, Zornotza... Gipuzkoan ez, Gipuzkoako hirietan indar handiagoa eduki du euskarak. Baina Bizkaian, hirietan indarrik ez izateak eragin du prestijioa galtzea. Hizkuntza batek, hirietan ondo sustraituta dagoenean, prestijioa irabazten dau. Zergatik? Ez direlako denak nekazariak; badaude saltzaileak, banketxeetan lan egiten dutenak, abokatuak, medikuak… lanbide desberdinetakoak. Hemen, Bizkaian, ez da gertatu hala.
Euskalkia ahultzeko zer ikusirik eduki du azken hogei urteotan batuaren indartzeak, komunikabide nazionalen agerpenak…?
Baita ere. Azken hogei edo hogeita hamar urtetan, euskararen batasun prozesu honetan, bizkaiera izan da bazterrean geratu den euskalkia. Gerra aurrean ez zen horrelakorik, artean euskalkiek euren estatusa zeukaten eta. Hobeto esanda: euskerak berak zeukan estatusa, eta hemen euskara bizkaiera zen. Batua ez zegoen eta! Hori da kontua. Gero, batasuna egin zenean, zelan egin zen ikusi behar da. Azken batean, batasun-eredutzat erdiko ereduak hartu dira eta bizkaiera bazterrean geratu da. Hori izan da krisiaren eragileetako bat, %40 inguru baikara bizkaieradunak hiztunen artean, eta hizkera hori ez da islatua gertatu. Hemen oso gauza xelebreak gertatu dira: umeek gurasoen euskera “zuzentzea” ikastolan ikasitako eredua erabilita eta abar… Horrek ere ekarri du atzerakuntza bat eta oraindik ez gara irten hortik.
Baina, zein izan behar da euskalkien lekua?
%100ean esaten ez dakit, baina apurka-apurka oreka bat bilatzen joan beharko dela uste dut. Bizkaiari dagokionez behinik behin, Bizkaia mailarako egiten diren testuetan bizkaiera erabili daitekeela pentsatzen dut. Udaletxeetan, hemengo komunikabideetan.... Esate baterako, hemen badira egunkari batzuk, Bilbon edo Bizkaian sortuak, eta bertoko euskara ezta Bizkairako egindako edizioetan ere erabiltzen ez dutenak. Bizkaiko errealitate linguistikoa ia arbuiatu egin da. Eta batuaren morfologia erabiltzea, tira, baina hiztegiari dagokionez, bertoko formak erabili beharrean hain zuzen urrunenak direnak erabiltzea ere!… Ematen du euskara beste mundu batetik etorritako zerbait dela, urruneko zeozer. Uste dut bizkaitarrok ez dugula geure “produktua” zabaltzen jakin, ezta geure moduak euskara batuan txertatzen ere. Alde guztietatik egin dugu huts. Orain zeozer egiten gabiltza, baina jende asko eta laguntasun handia beharko dira, eta batez ere bizkaitar euskaldunek euren buruarekin bat egitea. Jendea “hau gurea da eta guk geurea maite dugu” esaten hasten denean, aldaketa prozesua abiatuko da.
Euskara batuari dagokionez, Ibon Sarasolak zioen “txikano” bihurtzeko arriskuan zela, alegia, Hegoaldean behintzat, gaztelaniaz jakin barik ulertzerik ez dagoen hizkuntza…
Bai, hori euskararen arazo orokor bat da; erdarak indar handia eta euskarak txikia daukan lekuetan hori gertatzea erraza da. Hori erabilera ezak eragiten du, zuk %80ean badarabilzu erdara eta %20ean euskara, euskara hori oso kutsatua izango da. Hemen daukagun arazoa, batez ere, etxeko transmisioa da, horrek huts egiten badu ikastola guztiak, ez dut esango alperrik direnik, baina ez dira nahikoa izango. Berezko transmisioak, etxean eta gizartean ematen denak, ez badu aurrera egiten, hori ez bada ardatz bihurtzen, txarto gabiltza. Lehen esaten zen ikastolen eta euskaltegien bitartez Bilbo osoa, Ezkerralde osoa eta Muskizeraino lurraldea euskaldun bihurtuko zirela. Eta bai, euskaldun pasiboak sor ditzakezu baina euskaldun aktiboak ezin dituzu sortu. Hizkuntza ez da gauza arrazionala, berez irteten dena baizik, Euskalkien, edo are gehiago, azpieuskalkien bidezko transmisiorik ez badago, euskararen etorkizunik ez dago bermatuta.
Euskaltzaindian zabiltza urgazle. Batzutan Euskaltzaindiak lan latza daukala ematen du orain ez hainbeste hasitako batasun prozesua burutzen, kritika asko jasoz euren proposamenengatik, aginte faltarekin, hizkuntza handien akademiei gertatzen ez zaiena…
Tira, ez pentsa Espainiako akademiak esaten duena ere guztiek onartzen dutenik. Argitaletxeek, industriak, forma batzuk hautatu eta zabaldu badituzte, pentsatu zelako nahastea sortzen den gero akademiak beste forma bat ematen duelako. Hori ez da euskararekin bakarrik gertatzen. Mundu guztian, nik uste, akademiak gizartearen atzetik dabiltza beti; argitaletxeak, komunikabideak, ikertzaileak… aurretik dabiltza. Eta askotan akademiek zer egiten dute? Bada, gizartean zein forma nagusitzen ari den behatu eta hura proposatu edo desegokitzat jo, beste alternatiba bat mahaigaineratuz.
Hala ere, askotan, Euskaltzaindiak orain 200 urteko idazleek zerabiltzaten formak ematen dituzte, eta horiek zuzenak eta kutsatugabeak izango dira, bai, baina euskara ere aldatuko zen zertxobait…
Nik gizartean sinesten dut. Akademia batek beti emango ditu arau batzuk, beti gomendatuko ditu forma batzuk, baina nik ez dut uste horrek berez zerratu behar dituenik ate guztiak. Idazle batzuek, edo hizkuntzaren eragile batzuek, forma batzuk bultzatzen badituzte, forma horiek gizartean nagusituko dira. Akademiaren lana zein izan behar da? Horrela sortzen eta garatzen diren forma desegokiak kritikatu eta alternatibak eskaini. Mitxelenak esan zuen, behinola, idi-buztarriak joan behar duela gurdiaren aurretik, eta ez alderantziz. Beraz, erabilerak joan behar du aurretik. Gaurko gizarte modernoak hainbeste eskakizun ditu, eta lanean horretan dabiltzanek, kazetariek, idazleek, irakasleek, bikoizleek, beharroi erantzun behar diete, forma berriak proposatuz… Hori edonoren esku egon daiteke baldin eta trebea bada horretan. Eta gero etorriko da akademia “forma hau ondo dago, eta hau baztertu egingo dugu beste hau hobea delako” esaten.
Eta horretan zer ekarpen egiten dute antzinako idazleen lanek, zer topa daiteke hor?
Testu zaharretan askotan topatzen dira gaurko euskararen oihartzunak, gaurko euskaran bizirik dauden formak. Testu bat irakurri eta pentsazten duzu: “Forma honek gaur ez dauka batere prestijiorik eta XVII. mendeko testu batean ageri da. Orduan, zergatik ez dakargu gaurkora? Tradizioa aintzat hartu behar dugu, gaurko bizitzarako egoki den neurrian, gaurkoa indartzeko eta ez gaurkoa itotzeko… eta beti, hori bai, erreferentea gaurko euskara izan behar da, bizirik dagoen euskara.
Zelakoa izango da etorkizuneko euskara?
Euskaldun pasibo asko egongo da; aktiboak, ez dakit. Eta hizkuntza bizia izango da orain artean izan den lekuetan batez ere, eta beste lekuetan maila txikiagoan izango da. Bestetik, seguru nago beti euskara egin den lekuetan kalitate txarragoko euskara egingo dela, baina morfologiaren eta joskeraren aldetik berriro egongo da lekuan lekuko formak nagusitzeko joera. Euskaldun portzentajea oso txikia den lekuetan, berriz, oso gaitza da zelako erregistroa erabiliko den asmatzea.
Labayru Ikastegian zabiltza, eta hor beti eduki duzue bizkaierarenganako joera. Hala ere, zein leku gutxi daukan bizkaerak irakaskuntzan, ezta? Euskaltegietan, eskolan…
Labayrun oso sentiberak gara Bizkaiko eta bizkaierazko produkzioarekiko, eta hori jagoten eta bultzatzen ahalegintzen gara, batez ere terapeutikoa delako hiztunentzako. Irakaskuntzan leku gutxi daukala? Bai, administrazioak ez du-eta hori landu. Euskaltegietakoa arazo bat da, baina nik uste dut benetako arazoa eskolan dela; bizkaiko euskarak estatus jakin bat eduki beharko luke maila batzuetan, eta gaurkoz ez dauka. Administrazioak ez du horretarako norabide zehatzik finkatu, euskal irakaskuntzan euskara hizkuntza ofiziala dela urte asko diren arren.
Adolfo
Arejita Oñarte-Etxebarria (Bilbo, 1953)
Bilbon jaioa izanagatik ere, Adolfo Arejitak Morgan igaro zuen ume denbora,
“Gernikatik hurrean dagoen herri txiki batean”. Hangoak ditu euskara
eta euskal sustraiak, berak aldarrikatzen duenez, eta ondo gorde ditu orain
urte asko Bilbora atzera itzuli zen arren. Oso gazterik Bilboko euskarazko
irratigintzan aitzindarietakoa izan zen; ostean, filologia erromanikoa ikasi
zuen (artean ez baitzegoen euskal filologia ikasterik), eta Deustuko Unibertsitatean
euskal filologia sortu zenean hasi zen bertan irakasle; gaur egun, euskal
gramatika eta euskal gramatika historikoa irakasten ditu. Horrez gain, Labayru
Ikastegiko hizkuntza arduraduna da eta Euskaltzaindian ere badabil, urgazle
moduan.
Tesi doktorala Mogeleri buruz egin zuen, gerora bere lan-esparru nagusia izango
zenerako bidea irekiz: euskal testu zaharren azterketa. Hainbat lan argitaratu
ditu horiei buruz, eta baita euskal gramatikari buruzkoak ere, bakarka edo
elkarlanean.
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français
Aurreko Aleetan |