Aizkorri: Kalbarioa...
1996. (2,4 x 2 m.)
-Sakrifikatua dirudi argazkigintzak.
Eta oso garestia. Behar diren materialak oso dira garestiak.
Nik bankuan ez daukat zentimorik, baina edozein lan egitea ahalbidetzen
didan ekipo bat daukat. Lanean inbertitzea, horixe izan da nire
apustua.
Behin lagun batek esan zidan, nik egiten dudanean sinesten dudala
eta lortzen dudala, gainera, besteek ere horretan sinestea. Jakina,
nik ez badut nire kontuetan sinesteen, nola lortuko dut besteei
sinestaraztea! Argazkigintzatik bizi nahi duenak hiru gauza egin
behar ditu: lan, lan eta lan. Horrela lortzen dira emaitzak,
bai argazkigintzan, literaturan edo eskulturan.
Gainera, gero eta jende gehiago dabil argazkigintzan, batez ere
gazteak, eta konpetitibitatea gorantz doanez lan gehiago egin
behar da.
-1996an Imajina Ezazu Euskadi
saria irabazi zenuen "Paseoak eta paisaiak" argazki-bildumarekin.
Bost argazki aurkeztu nituen lehiaketa horretan, baina argazki
indibidualak ziren. "Paseoak eta Paisaiak" erakusketa,
berriz, irudi konposatuek osatzen dute. Sariketara aurkeztutako
argazkiak ez ziren hain abstraktuak, ez nintzen mugimendu handiko
argazkiak aurkeztera ausartu. Garbi esanda, dirua behar nuelako
aurkeztu nintzen lehiaketara. Izugarrizko zuloan sartuta nengoen,
diru beharrean nengoen, eta horregatik, zerbait segurua aurkeztu
nuen.
Argazkigintzan lehenengo saria eskuratu, baina gainera, sail
desberdinetan irabazle izan zirenen artean beste sari berezi
bat banatu zuten, eta hori ere irabazi egin nuen. Lehen aldiz
argazkigintzari eman zioten sari hori. Ni harrituta geratu nintzen,
badakizu, literaturak eta garrantzia handiagoa dute. Ez nuen
espero sari berezi hori jasotzea.
-Sari horrek ezagutzera
emateko balio izan zizun?
Komunikabideetan oihartzuna izan nuen, eta bai, nire lana ezagutzera
emateko balio izan zidan. Nik beti zalantzak ditut gauza berriak
egiten ditudanean, eta alde horretatik sariak interesgarriak
dira.
Hasieran, sari bat irabazten duzula eta, gehiago bilatzen duzu
oihartzuna, zure lana ikertzea baino. Azkenaldian, berriz, gehiago
interesatzen zait nire lana lantzea. Gero, oihartzuna badator,
hobe. Nire helburua une honetan nik gustuko dudana egiten jarraitzea
da, hau da, argazkiak ateratzen jarraitzea.
-Argazki on bat ateratzeko sekretua zein da?
Argi eduki behar da zer nahi den egin, eta horren arabera, teknika
bat edo beste erabili: zuri-beltza, kolorea, erretratua...
Sentimendu bat egon behar da, argazki on batean zerbait kontatu
behar da. Nik argazki bat ateratzen dut, ikusten dudan horrek
sentimendu bat sortarazten didanean.
Ondoren, lortu behar dut, niri sortarazi didan sentimendu hori
argazkia ikusten duenak ere sentitzea. Jakina, teknika ondo menperatu
behar da, baina funtsezkoena ideia bat edukitzea da. Kamara erraminta
bat da, baina pentsatu egin behar da argazkia ateratzeko orduan.
-Argazkiak, koloretan edo
zuri beltzean?
Ni zuri-beltzaren aldekoa naiz. Nire lan sakonenak zuri-beltzean
egin ditut. Nahiz eta hasiera batean sinpleagoak diruditen, zuri-beltza
norberak lantzen du, eta hori beste kontu bat da. Kolorea, berriz,
errazagoa da, eta laborategiek izugarri ondo egiten dute lan
hori.
-Rwandan
egon zinen 1992an, eta hango argazkien bilduma ere baduzu. Zer
dela eta Rwandan?
Jokin Otaegi, nire maisua izan zena eta nire aitaren oso laguna
dena, Rwandan zegoen misiolari. Han arte eskola batetako zuzendaria
zen, eta opor batzutan hona itzuli eta zenbait lan ekarri zituen.
Erabiltzen zituzten koloreekin eta harrituta geratu ginen, baina
argazkiak nahiko kaxkarrak ziren. Alde batetik izugarrizko maila
zegoen, baina argazkigintzari dagokionez alderantzizkoa gertatzen
zen. Horrela, nik ikastaro bat emateko aukera sortu zen. Bidaia
geuk ordaindu, eta aita eta biok Rwandara joan ginen hilabetez.
Goizetan ikastaroa eman, eta arratsaldetan argazkiak ateratzen
nituen. Lan antropologiakoa izan zen, bertako jendea nola bizi
den eta zer egiten duten islatzen dute argazkiek. Izugarri hunkitu
ninduen bertako jendeak, duintasuna erakusten baitzuten argazkiak
ateratzen nizkienean. Dotorezia handia erakusten zuten kameraren
aurrean. 1.800 argazki inguru atera nituen, eta hortik 50 aukeratu
nituen bilduma osatzeko. Gustatuko litzaidake lan hau gehiago
mugitzea, gutxitan egon baita erakusgai.
-Zein harreman duzue zuen
artean Euskal Herriko argazkilariok?
Badaude harremanak, eta horretan asko gustatzen zait Elgoibarko
argazkilari elkarteak duen lan egiteko era. Zarauzko Photomuseum-a
egiten ari den lana ere kontuan hartzekoa da.
-Une honetan zer duzu eskuartean?
Gizonak naturan duen presentziaren inguruko argazkiak ateratzen
ari naiz. Argazkiak zuri beltzean dira, eta kamera desberdinekin
ateratakoak: plakekin, panoramikarekin baina mugitu gabe eta
35 mm-ko kamerarekin. Batzuk irudi txikiak izango dira, eta beste
batzuk oso handiak.
Orain dela urtebete hasi nintzen lan honekin, eta bilduma dagoeneko
forma hartzen ari da. Hala ere, gehiago landu behar dut oraindik.
Datorren urtean zerbait aurkezteko moduan egongo naiz.

GORKA SALMERON (Legazpi, 1969) |
Curriculuma
Portafolioak: Emulsiones, 1989. Paris Egunetik Egunera,
1990. Condenados a Pensar, 1990. Puertas, 1991. Polaroids o el
Color de la Luz, 1992. Leaxpi Industri Paisaiak, 1992. Rwanda
1992, 1995. Paseoak eta Paisaiak, 1998.
Bakarkako erakusketa batzuk: Legazpiko Kultur Etxean. Errenteriako
Gaspar Galerian. Zaragozako Spectrum Galerian. Zarauzko Photomuseum-en.
Bilbao Bizkaia Kutxan. Israelgo The Museum of Photography at
Tel-Hai Industrial Park-en. Algecirasko UFCA-n.
Beka eta sariak: argazki teknika zaharrei buruzko ikerketarako
laguntza, Gipuzkoako Foru Aldundia. XII. Zilarrezko Abejorrilloa
eta VI. Ikasketa beka, Guadalajarako Argazkilari Elkartea. Leaxpi
Industri Paisaiak lanaren promoziorako beka, Gipuzkoako Foru
Aldundia. Imajina ezazu Euskadi IX. edizioan argazkigintzan lehenengo
saria eta VII. Zilarrezko Hispano sari berezia. |
Gorka
Salmeroni egindako argazkiak: Maria Agirre
Euskonews
& Media 55.zbk (1999 / 11 / 19 - 26) |