Orain 160 urte, 1839an, Lóuis Jacques
Daguerre euskal jatorriko asmatzaileak, argazkigintzaren historian
mugarri bat ezarri zuen tresna eman zuen ezagutzera: dagerrotipoa.
Ordutik hona, irudiaren mundua irauli duen hamaika tramankulu
eta tresna sortu da. Zarauzko "Photomuseum"ean, diziplina
horretako lehendabiziko asmakizunetik hasita gaurko argazkigintzarainoko
bidaia interesgarria egin daiteke.
Photomuseum-ak 1993an zabaldu
zituen ateak. Museoa, Zarauzko argazkizale batzuen ekimenez sortu
zen. Villa Manuelan dago,
eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: aldiko erakusketak, argazkigintzaren
historiari buruzko bilduma, liburutegia, argazki artxiboa eta
hemeroteka.
Bertara
hurbiltzen diren bisitariek, argazkigintzaren munduan murgiltzeko
parada ezin hobea dute, horretarako espreski antolatutako ibilbide
didaktikoan.
"Hona etortzen direnei argazkigintzaren ikuspegi zabala
eskaini nahi diegu. Helburu horrekin, 150 urtetako historia laburtzen
duen bilduma iraunkorra osatu dugu, kronologikoki egituratzen
dena. Kamara ilunetik abiatuta, argazkigintzak urteetan zehar
izan dituen aldaketa teknikoak eta horren aplikazioak erakutsi
nahi ditugu" esan digu Leopoldo Zugaza, Photomuseum-eko
arduradunak.
Argazkigintza asmatu aurretik irudia
berregiteko erabiltzen ziren tresna mekanikoek ematen diote hasiera
ibilbideari: Niepceren kamara beltza, harri litografikoak, Dagerrotipoak,
anbrotipoak, ferrotipoak...Hortik aurrera, argazkigintzaren bilakaera
ahalbidetu duten asmakizunen berri ematen du bildumak: kamara
estereoskopikoak, zeluloideko negatiboak, reflex kamarak, anpliagailuak,
Polaroid sistemak, koloreko argazkiak egiteko berrikuntzak eta
abar.
Egileei
tarte handia eskaintzen die: Bayard, Nadar, Disderi, Talbot,
Eastman, Barnack, Land, Cros Ducos de Hauron, Lumieré,
Marey... Baita, argazkigintzak
arte grafikoetan, irakaskuntzan, medikuntzan eta beste hainbat
arlotan izandako aplikazioei ere. Eta nola ez, argazki produktuen
ekoizpenean jardundako marka eta enpresei: Kodak, Leika, Fields...
Argazkigintza digitaleko erakustaldiak
ematen dio amaiera bilduma historikoari.
Haatik, ibilbidea ez da bertan
bukatzen. Izan ere, beste areto batean aipatu bilduma bezain
interesgarriak diren erakusketak egoten dira.
Photomuseum-eko arduradunek harreman
zuzena dute atzerriko zein Euskal Herriko hainbat erakunde eta
zentrorekin, hala nola, Mexikoko Unibertsitatea, Suizako Argazkigintza
Museoa, Caracas-eko Argazkigintza Zentroa, Alemaniako Goethe
Institutoa eta Deustuko Unibertsitatea. Horiekin guztiekin, argitalpenak
zein erakusketak trukatzen dituzte.
Erakusketak hilero aldatzen dira,
eta gai baten ingurukoak izan ohi dira."Gaiei dagokienean,
aniztasun handia dago. Hainbat gairi eutsi diegu
orain arte: kazetaritza argazkigintzari, argazkigintza esperimentalari,
erreportai fotografikoei, argazkigintza zientifikoari...Egileak,
jatorri ezberdinekoak izan ohi dira: alemaniarrak, finlandiarrak...
Jatorriari baino bildumaren baloreari erreparatzen diogu"
azpimarratu du Leopoldok.
Photomuseum-a zabaldu zenetik,
hainbat eta hainbat argazkilari garaikide garrantzitsuren lanak
ikusi ahal izan dira bertan: Barbara Niggl Radloff (erretratoak),
Juan Manuel Castro Prieto eta Jitka Hanzlová (sorkuntza
lanak), Rafael Navarro (diptikoak), Luis Vioque (irudimenaren
bidaia), Tomás Alfaro Fornier (Afrikako gerra 1921-1922),
Ricardo Vila García (Zazpi urte hegaztiekin) eta Fidel
Raso (Ecuador 1997), besteak beste.
Hil honetan urrutiegi jo gabe,
Jose Ramon Amondarainen (Donostia, 1964) marrazki fotografikoak
daude ikusgaia. Amondarainen lanek Man Ray egileak Parisen 1921etik
aurrera sortutako rayograph-ak ekarriko dizkigute burura. Datorren
hilean, berriz, Jose Luis Ramirezen paisaia industrialak ikus
ahal izango ditugu Photomuseum-eko erakusketa aretoan. Guztira,
gure artean ohikoa ez den plastika erakargarri bati estu lotutako
30 argazki ipiniko ditu egileak.
Pedagogia lan taldea
Photomuseum-ean bi historialarik
egiten dute lan. Horiek ikastetxeetatik zein partikular moduan
joaten direnei, museoa erakusteaz arduratzen dira.
Beste ardurarik ere badute. Batetik,
museoak dituen hemeroteka zein liburutegia antolatu eta osatu.
Liburutegian, nazioarte mailan plazaratutako ia 4.000 liburu
daude,
atal ezberdinetan sailkatuta: bibliografia, herriak, autoreak,
estetika, kritika eta abar.
Hemerotekak,
bestalde, mundu zabalean argazkigintzari buruz argitaratzen diren
aldizkari garrantzitsuenak biltzen ditu.
Bestetik, aipatu historialariek
bertan egiten den "Argazki Artxiboak" izeneko aldizkaria
idazteko ardura dute."Orain arte 6 ale plazaratu ditugu.
Urteko bi ale egiten ditugu. Gurea argazkigintzari eskainitako
erdara hutsezko aldizkari bakarra da. Orain, argazkigintza sortu
zenetik gaurdaino Espainiar Estatuko hizkuntzetan argitaratu
diren lan guztien katalogoa egiten ari gara" esan digu.
Hori gutxi balitz, museoko historialariak erdaraz inoiz argitaratu
ez diren testuak katalogatu eta itzultzen ari dira.
Guzti guztia, Leopoldok dioen
legez, "landutako materiala geroan ikasleen zein ikerlarien
lan tresna izan dadin".
Daguerre:
euskaldun bat argazkigintzaren jaiotzan
Louis Jacques Mandé Daguerre,
euskal jatorriko asmatzailea, Cormeilles-en-Parisis-en jaio zen
1787ko azaroaren 18an. Daguerre, margolari eta antzerki dekoratzailea
zen, eta irudiaren mundua hobetzeko nahian ikertzeari ekin zion.
Bere lehendabiziko
aurkikuntza diorama izan zen.
Azken hori
paristar askoren erakargarri nagusiena izan zen, harik eta 1839an
sute baten ondorioz, kiskaldu zen arte.
Dagerrotipoa
izan zen Louis-en bigarren aurkikuntza. Dagerrotipoa, Zahn-ek
asmatu eta Niepcek hobetu zuen kamara beltzaren eta Petzvalen
alemaniar objetiboko kamararen arteko zubia zen. Louis-ek, 1939an,
Niepce zendu eta 6 urtetara, eman zuen ezagutzera.
Tresna berriak
argazkigintzaren oinarriak ezarri zituen. Egunkari eta aldizkari
guztiek eman zuten horren berri.
Arago zientzia gizon handiak zera esan zuen
asmakizunaren inguruan:
"Erabat aberastuko da arkeologiaren mundua asmatu zientzia
berriarekin! Tebas, Menphis, Karnak...eta beste tokietako monumentuak
estaltzen dituzten milioika jeroglifikoak kopiatzeko 20 urte
eta marrazkilari piloa beharko lirateke. Dagerrotipoarekin, gizon
bakar batek egin dezake zeregin hori".
Launais Bizkonteak,
berriz, honako adierazpenak egin zituen 1839ko urtarrilaren 12an
"Lettre Parisienne" argitalpenean: "Asko hitz
egiten ari da Daguerreren tresna berriaz. Benetan asmakizun miresgarria
da, guk geuk horretaz ezer gutxi ulertzen badugu ere".
Adierazpenak
adierazpen, Louisen asmakizun berria orduko Parisko gertakari
garrantzitsuena izan zen. Dagerrotipoa asmatu eta hilabete gutxi
batzuetara, paristar asko tresna berriarekin froga egiteko irrikitan
zen. Jendea, 10 kilo pasatxo pisatzen zuen dagerrotipoa hartu,
eta gauzak erretratatzera joaten zen.
Antza denez,
halako eroaldi batek hartu zituen Parisko bizilagunak.
Hori
dela eta, Maurisset marrazkilariak "dagerrotipomania"
irudikatu nahi izan zuen garaiko estanpa batzuetan.
Aurkikuntzak,
batik bat, informazioaren mundua irauli zuen. Tresna berriari
esker, Crimeako eta Amerikar Sezesioko gerrak gertutik jarraitu
ahal izan ziren.
Dakigunaren
arabera, Euskal Herrian, dagerrotipoa 2. Karlistadan erabili
zen lehen aldiz. Horren adierazle, egile ezezagun batek Santa
Cruz apaiz mitikoari edo eta M. Ibañez nafarrak erret
bolondresei ateratako argazkiak. |
Ainhoa
Irazu, kazetaria |