34 Zenbakia 1999-05-21 / 1999-05-28

Gaiak

Parkeak eta hiriko paisaia

SEGUROLA, Iñigo

Parkeak eta hiriko paisaia Parkeak eta hiriko paisaia * Iñigo Segurola Hiri bateko paisaia, batik bat, bide errepide eta eraikinek osatzen dute. Hiria hazten doan neurrian, auzo berriak sortzen dira eta hazkuntza honek parke berriaren sortzea dakar. Ertaroko hirien egitura itxia zen, harresitik barrena bizi ziren, parkerik gabe eta natura harresitik kanpo gelditzen zen. XIX. mendean, hiriak hedatzen hasi zirenean, auzo berriak sortu ziren. Hauetan parkeak eraikitzen ziren, hiriko jendeak naturarekin harreman zuzena izan zezan. Modu honetan, natura hiri barnean sartzen zen. Parke hauek hiriaren itxura eta nortasuna sortzen lagunduko dute, adibidez, Donostiako Gipuzkoa Plaza estilo erromantikoko parkea da eta bat dator Donostiako zabaldura erromantikoarekin. Parke kontzeptuak beraz, hiru helburu betetzen ditu: funtzionala edo soziala (jende topagune eta arnasbide bezala), estetikoa edo estilistikoa (hiriaren nortasuna eta irudia sortzen laguntzen duen eraikuntza bezala) eta azkenik, ekologikoa (prozesu naturalak garatu daitezkeen gune bezala). Helburu hauetaz gain, parke baten izaera dinamikoa dela kontuan izan behar dugu. Denbora da paisajismoa beste arte edo sorkuntza ofizioetatik bereizten duena. Paisaia egunetik egunera, urte sasoi batetik bestera eta urteetan zehar aldatzen doa. Denbora da paisajistaren lanabesetariko bat eta hau osoki menperatzea ezinezkoa da. Jarraian, bi parke proiektu azaltzen dira, bakoitza tokiko baldintza berezietara egokitzen da eta bietan parkeak bete behar dituen helburu funtzional, estetiko eta ekologikoak modu ezberdinetan jorratzen dira. ATXUKALE BERDEGUNEA (Mutriku) Gaur egun, parkea izango den lur zorua Mutrikuko kai gainean dago eta %100eko penditza du. Penditza honek parkearen erabilpena mugatzen du eta funtzionalki soilik bide sare bat proiektatzen da. Hau, herriko bide sarearen jarraipen gisa antolatzen da eta goiko eta beheko zatiak komunikatzeko, parkearen hegoaldeko mugan terrazak sortzen dira. Bide sarea penditza honetaneraikitzeko beharrezkoa da bidea eutsiko duen orma sortzea. Honek izan dezakeen inpaktua gutxitzearren, trenbideetako trabesak erabiliz osatuko den egitura bat eraikitzea proposatzen da. Bide sareaz gain, lur azal tratamendu bat ere planteatzen da. Penditza handiko gune honetan belarra moztea zaila da, beraz, 3 metrotik behin bidexka bat eraikitzen da. Bide honek, parke mantenua errazteaz gain, sestra kurbak marrazten ditu eta lur azala 3 metrotik behin sailkaturik gelditzen da. Sail bakoitzari belar tratamendu desberdina ematen zaio, batzuk belar motzarekin mantenduko dira eta besteak belar luze eta zelaiko loreekin. Testura eta kolore kontraste nabarmena lortzen da. Parkeko landaredia osatzen bi banbu masa landatuko dira. Banbua arrantzarako kainaberak egiteko erabiltzen da eta beraz, kaiko aktibitatearekin kontzeptualki loturik gelditzen da parkea. Murgia parkea Murgia Parkea, garai batean lorategia zen lekuan eraikiko da. Estilo romantikodun lorategi hau, urtetan utzirik egon da eta honi esker bertako landarediak, zuhaitz eta zuhaiskak, izugarrizko garapena izan dute. Tamaina handiko zuhaitz ezberdin asko dago, baina tamalez, erramuz osaturiko baso azpiak ez du zuhaitzen edertasuna ikusten uzten. Parkeak duen balio paisajistiko eta botanikoaz jabe izanik, parke berriko proposamenaren ardatza gaur egungo lorategiaren nortasuna errespetatu eta indartzean datza. Lehenik, parkeko sarrera berriak landu dira, 3 sarrera proposatuz. Bata, Kale Nagusia zeharkatzen duen bide berriaren bukaeratik, bestea elizari egiten zaion sarrera berritik eta azkena, herri kaskoko leku baxuenetik egiten diren eskaileraren bidez. Parkearen ordenazio berria bost atal nagusitan bereizten dugu: Eliz ataria Gaur egun eliz atari parean, eraikin bat dago, eliz sarrera estaltzen duelarik. Eraikin hau bota egingo da eta eliz atariari, itxura berri eta irekia emango zaio, lekuak behar duen garrantzia eskuratuz. Gaur egun lekuan dauden Magnolien edertasuna eta bereizgarritasunaz jabetuz, magnoliaberrien landaketa proposatzen dugu, lekuko nortasuna indartuz. Bestalde, eliz atari inguruan lore txuri ugariak ematen dituzten sagarrondoak landatuko dira. Hauek udaberrian loratzen dira eta neguan sagar gorri txikiez jantziak gelditzen dira. Lorategi itxia Eliz dorrearen kontra, hilerri zahar baten aztarnak daude eta lekua 2 metrotako harrizko ormez itxita dago. Bertan atsedenleku paregabea izango den lorategi fina eraikiko da, kolore txuriko landare ugari landatuko dira, margarita nagusi delarik. Inguru hau ezteietako argazkiak ateratzeko leku paregabea bihurtuko da. Goiko zelaia Parkearen zabalune lau bat aurkitzen da eta gaur egun sasiez josirik dago. Proposamena, sasiak kendu eta bertan belardi fina sortzea da. Era honetan, sortuko den irekiguneak inguruko zuhaitz nagusien egituraz jabetzeko gaitasuna emango du, batik bat bertan dagoen pago erraldoia. Plaza eliptikoa Eraikiko diren etxe berrien kontra parkeak egiten duen mugan plaza eliptiko bat egingo da. Plaza honetan parkean gaur egun dagoen estanke borobil bat berreskuratu eta bertan ezarriko da. Ingurune zabal eta ireki honetatik, parke sarrera ikusi ahal izango da eta bertan sagarrondo loradunak landatuko dira. Padura Parkeko gunerik bajuenean, putzutzen den lur zati laua dago. Lekua gaur egun zuhaizkaz gainezka dago, eta nortasun handiko ingurunea da. Bertan estanke, errekak eta iturri berriak eraikiko dira. Landaketa, lekuko baldintzetara egokitzen diren landareekin egingo da, banbuak, zingiretako altzifreak, gunerak (hosto erraldoidun landareak) iris ak eta abar. Bertan ohizkoa ez den lorategia sortuko da, landareak eta ura elkar batuz. Bost interbentzio hauek lotuaz, parkeak gaur egun dituen bideak berregokituko dira, eta basoan zehar hainbat landaketa burutuko dira, gehien bat hortentsiak landatuz. Iñigo Segurola, paisajista Copyright © Eusko Ikaskuntza