82 Zenbakia 2000-06-09 / 2000-06-16

Elkarrizketa

José Antonio Garrido: "Bilbo jarraitu beharreko eredu bihurtu da"

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: José Antonio Garrido Jose Antonio Garrido, Bilbao Metropoli 30ko presidentea "Bilbo jarraitu beharreko eredu bihurtu da" * Traducción al espanol del original en euskera Estibalitz Ezkerra Zortzi urte daramatza Bilbo hiria hobetzeko planetan murgilduta eta hasierako egitasmoek beren uzta ematen hasi dira. Bertoko nahiz kanpoko jendea erakartzeko gai izango den hiriarekin amesten du Jose Antonio Garridok, munduan eredu izango den metropolia sortu. Duela gutxi Bilbao Metropoli 30 k 2015. urteari begira hausnarketa estrategiko berria osatuta du. Zer da Bilbao Metropoli 30 eta zertan datza bere lana? Bilbao Metropoli 30 duela zortzi urte jaio zen elkarte publiko pribatua da. Erakundea Bilbo hiriaren eraldaketa zelan izan behar zuen planifikatu eta estrategikoki zuzentzeko helburuarekin sortu zen. Hasiera xumea izan zuen elkarteak baina zortzi urteren ostean, Bilbao Metropoli 30 ren barruan 130 kide publiko nahiz pribatu biltzen dira. Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaletxearen ekimenez sortutako erakundea denez, hasiera batean erakunde publiko bezala funtzionatzen hasi zen. Hiru horiei Bilbo Handiko 30 udaletxe gehitu zitzaizkien eta hortik dator Bilbao Metropoli 30 izena. Ondoren erakunde pribatuak sartu ziren eta gaur egun, erakunde pribatuen kopurua publikoena baino handiagoa da. Erakunde horien artean, besteak beste, Iberdrola, BBVA edo BBK ren moduko Bilboko enpresa handiak aurkitzen dira, enpresa ertainak eta mota askotako elkarteak ere. Bilbo Metropoliaren eraldaketarako plan estrategiko bat egituratzen hasi ginen eta beste gauza batzuen artean Bilbo kulturaren hiriburu bilakatzearen, Guggenheim museoaren eta azpiegituren aldeko apustua egin genuen. Gogoratzen dut nola lehen urratsak eman genituenean komunikabideek Bilbo proiektu eta maketen hiria bezala deskribatzen zuten, eta proiektu horiek egun errealitate bihurtu dira. Erakunde honek bi ezaugarri ditu. Batetik, irabaz asmorik gabeko erakundea da eta bestetik, ez dugu dirurikezta inbertsiorik kudeatzen. Ezagutzaz soilik baliatzen gara eta beraz, etorkizuna planifikatzeaz arduratzen gara. Duela gutxi 2015. urteari begira hausnarketa estrategiko bat burutu dugu. Zortzi urte hauetan egindako lanak zer nolako eragina izan du Bilboko oraingo itxuraldaketan? Erakundea gaur egungo Bilbo hiriaren irudia islatzen aitzindari izan dela uste dut. Duela zortzi urte oso gutxik sinisten zuten irudi horretan. Guk Bilboko zortzi gai nagusi berritzearen aldeko apustu serioa egin genuen. Horien artean jendearen hezkuntza, azpiegituren berriztatzea, kulturaren hiriburu izatea, hiri eta ingurugiro eraberriketa eta gizartearen kohesioa aurkitzen ziren. Azken honi garrantzi handia eman genion, geure inguruan koordinazio falta nabarmena zegoela ikusi baikenuen batez ere eraldakuntza horietatik kanpo gelditu ahal zirenekiko. Beldur ginen ez ote ginen puntu pobreak zituen Bilbo bat diseinatzen ariko. Nire ustez, komunikabide zein hitzaldi edo erakusketetan islatu den Bilbo berriaren irudia eskaintzen aitzindariak izan gara. Bilbo hiri bizia da, ilusioz betea. Mundu osoan zehar Bilboren enbaxadore bihurtu gara. Zortzi urte hauetan zehar bai Europan bai Estatu Batuetan aurrerapen prozesuetan murgildurik ibili diren hiriekin harremanetan egon gara. Pittsburgh hiriaren eredua kopiatzen hasi ginen baina geroago bestelako hiriak ezagutu ditugu eta beraiekin harreman estua daukagu. Estatu Batuetako Austin, Seattle, Baltimore edo Texas dira horietako batzuk eta Europan Leeds eta Manchester aipa daitezke. Hiri hauek guztiak ez dira bakarrik eraldaketa prozesuetatik igaro, etorkizunari begira ere jarri dira. Hauxe da gutxi gora behera gure lana. Bilbo hiriak 700 urte bete ditu eta azkenaldian denen ahotan dabil. Zein da arrakasta horren klabea? Nire ustez, bi arrazoi izan dira azken hamar urte hauetako arrakastaren eragile. Batetik, erakunde publikoek proiektuetara bideratu duten indarra, lana eta itxaropena aurkitzen dira. Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta udaletxeekapustu serioa egin zuten eta arrakasta horren erantzule gisa har ditzakegu. Bestetik, hiri baten garapenaren arrakasta erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanetik datorrela konprobatu ahal izan dugu. Hau ez da Bilbo k asmatutako zerbait, munduko hiri guztietan konprobatu ahal izan den zerbait da. Zeintzu dira zure ustez azken hamarkadan hiriburuan izan diren aldaketa azpimagarrienak? Denon begibistara dauden aldaketak bi arrazoiri lotuta daude. Horietako batek azpiegiturekin zerikusia du. Duela zortzi urte ez genuen metrorik ezta superporturik ere. Gaur egun azpiegitura jakin batzuk ditugu eta etorkizunari begira hauek atsedenik gabe hobetuz joango gara. Bestalde, Guggenheim fenomenoa daukagu. Nire ustez, museoak berak izan duen arrakasta baino amets bat egi bihurtzearen fenomenoa izan da. 2.010. urteari begira osatu genuen hausnarketa estrategikoaren barruan horrela jarri genuen: "zatoz Bilbora zure ametsak egi bihurtzera". Amets horren adibiderik argiena Frank Gehry dugu. Gehry k bere bizitzako proiektua zeukan esku artean baina ez zuen non garatu. Eta hara non Bilbon proiektua gauzatzeko aukera aurkitzen duen. Bilbok ezaugarri turistikoetan lortu duenetik aparte, lotura kolektiboa irabazi du. Ez bilbotarrek bakarrik, kanpotik datozenek ere Bilbo bizitzeko hiri aproposa dela uste dute, beren ametsak eta ideiak garatzeko hiri egokia da. Gertu ditu azpiegitura teknologiko, unibertsitario, zientifiko eta ekonomikoak ere. Gainera, bizitza kalitate altua lortzen badugu eta hau ere gure helburuetako bat da, arrakastaren gakoaren aurrean aurkitzen gara. Guggenheima eraiki zenean askoren kezka zen ez ote zuen museoak hiria bera estaliko. Zerikusia al dute uste horiek errealitatearekin? Nik uste museoa erreferentzia puntu bat da. Erreferentzia puntu bat baino ideia baten armarria, lehenago aipatu dudan bezala Bilbon egi bihurtutako ametsa. Zentzu horretan, turismoagatik nahiz lanagatik datozen bisitariek museoaz gain dagoen garapen kulturala ezagutuko dute Bilbon.Iberdrolaren zientzia eta teknologia sariaren bitartez, epaimahaikide lanetan lau Nobel saridun izan ditugu duela gutxi. Lau saridun horiek Guggenheim ezagutzeaz gain, Euskalduna Jauregian opera entzun daitekeela jakin dute eta Bilboko gastronomia ere ezagutzeko aukera izan dute. Hau da, oro ez da Guggenheim, eta gainontzeko guztia pixkanaka pixkanaka ezagutuz doaz. Guggenheim museoa une hauetan jendea erakartzen duen itsasargia izan daiteke baina beste Bilbo bat badago. Edonor hiri barruan murgiltzen bada, Bilbo bizitzeko ezin hobea den hiria dela konprobatuko du. Badirudi hiriko alde batzuei besteei baino lehentasun handiagoa eman zaiela. Zonalde horiek berreskuratzeko asmorik al dago? Nik uste dut baietz baina proiektu hauek epe luzera egituratuta daude. Hasieratik esan bezala, erakundearen ezaugarrietako bat da epe luzera pentsatzen dugula. Egia esan, guk egindako hausnarketa 2.010. urteari begira dago. Prozesuak luzeak dira eta horren adibide garbia Bilboko errekarena dugu. Errekak 14 km dauzka eta gutxi barru bilbotarrek erabat garbi ikusi ahal izango dugu. Jendeak ez gaitu sinisten baina duela hamar urte arrainik ez zegoen tokietan, gaur egun arrantza egin daiteke. Dena den, erabat garbituta ikusiko dugu baina prozesu luzeak dira eta inbertsio handiak behar dira. Azkenaldian Bilbon gauza berriak ikusten ari gara eta zonalde kaltetuenek nolabait berrituta bukatuko dute. Botere publiko eta elkarte pribatuek badakite ezin direla zenbait zonalde berrikuntzetatik kanpo utzi. Guztiak berreskuratzera jo behar dugu, Bilbo Handiak milioi bat biztanle baititu eta Euskadin bi miloi ehun mila biztanle garelako. Inor guzti honetatik kanpo gera ez dadin borrokatu behar dugu. Nahiz eta horretarako elkartasun pragmatikoa erabili behar, ezin dugu inor atzean utzi. Ezin dugu jendea diskriminaturik eduki azkenean hori guztia zeure aurka altxatzen delako, bakoitzak indibidualki edo kolektiboki erakuts dezakeen elkartasunetik kanpo. Hainbeste aldaketen artean, hainbeste arkitektuatzerritarren obrak... Bilbok bere izaera galtzeko arriskurik ez ote dago? Ez dut uste, pertsona guzti horiek Bilborekin erraz identifikatzen direlako. Eta aldez aurretik erreferentziaren bat bazuten gehiago identifikatuko dira hiriarekin. Gehry eta Foster en aurpegietara ohitu gara. Ez dira hona etorri, arkitektura diseinu bat egin, burutu eta alde egin duten pertsonak izan. Hiriari lotuta gelditu dira. Bilbok bere ideiak hemen garatu nahi duen orori ongietorria ematen dio, hori da garrantzitsuena. Zelan ikusten duzu gaur egungo Bilbo Europako artearen eta kulturaren barruan? Egia esan Bilbo zale handia naiz eta baliteke inpartziala izatea. Dena den ez bakarrik gaur egungo Bilbo, nire ustez arte eta kultur tradizio handiko hiria da. Badaude bilbotar batzuk, zenbait euskal herritar ere, Bilboko kulturaren barruan ehun urte dituzten erakundeak daudela ez dakitenak. Adibide bezala Filarmonika Elkartea aipatuko dut. Emaztea eta biok duela 30 urtetik gara bertako kide. Erakunde pribatua da eta urtean zehar ganbara musikako 30 kontzertu inguru eskaintzen ditu. Kontzertu horiek seguruenik Europan Paris, Londres, Berlinen eta beste tokiren batean soilik entzun daitezkeela. Beraz, kultur tradizio handia dugu. Tradizio honi kultur hiriburua izatearen egitasmoa (Autonomia Erkidegoa baino zabalera handiagoa hartuta) lotzen badiozu, nire ustez bere hedapena kontuan edukita Bilbo Europako hiri guztien artean lehena da. Lehena kulturari dagokionez. Beste arlo batzuetan hedadura handiagoko hiriekin lehian dago eta hau ez da bilbainada bat. Euskalduna Jauregiaren, Arriaga, Filarmonika, Guggenheim edo Arte Ederretako museoaren egitarauak begiratzerik ez dago guzti hau konprobatu ahal izateko. Elkarren antzekoak diren hiriek osatutako sareren bat al dago munduan eta zein izan daiteke Bilbok sare horri eskain diezaiokeena? Bilbo bi sareren kide da. Horietako bat Eurocities da. Bilboko alkatea den Iñaki Azkuna gaur egun Eurocities eko presidentea da eta Bilbao Metropoli 30 k Bilbokoalkatetzari idazkaritza tekniko lanak burutzen dizkio. Bestalde, CIDEO ko kide gara eta hau Hirien Garapenerako Iberoamerikar Zentrua da. Bertan aurkitzen dira, besteak beste, Bartzelona, Bilbo, Janeiroko Rio, Monterey eta Buenos Aires. Era berean eta hau oso garrantzitsua da, gaur egun munduan hiri garapenean aitzindariak diren hiriekin harremanetan gaude. Lehenago aipatu ditudan hiri hauekin sare bat osatzen dugu eta elkarri informazioa igortzeaz gain, noizean behin biltzen gara. Zentzu horretan, Bilbao Metropoli 30 k bizitza luzea du hizlariak eta biltzarrak antolatzeari dagokionez. Urtean 1.500 2.000 pertsona ingururekin harremanetan gabiltza lan jarduerak direla eta. Gehienbat gure kideek bidalitako pertsonak izaten dira. Komiteak eta lan taldeak osatzen ditugu beste hirien zenbait ezaugarri ikertu asmoz. Bilbok munduko zenbait hirik osatzen duten sare horren barruan duen garrantzia oso handia da. Bilboren berrikuntza eredua gaur egun arrakastaz egindako berrikuntza bezala aurkezten da mundu osoan. Sistematikoki hirien garapenari buruzko nazioarteko kongresuetan partehartzeko deitzen digute, Bilbori buruz hitz egin dezagun. Izan ere, Bilbo jarraitu beharreko eredu bihurtu da. Ez goaz kongresu guztietara zerrenda oso luzea delako eta urte osoa emango genukeelako zeregin horretan. Gainera badaude egin beharreko beste zenbait gauza ere. Zelan definituko zenuke 2.025. urteko Bilbo hiria? Hausnarketa estrategikoan esaten genuen bezala, 2.025. urteko Bilbo hiriko klabea pertsonek, ezagutzak eta berrikuntzek izan beharko dute. Urte horretarako klabe hori ondo ezagututa izan beharko dugu eta arreta Bilbo horretako buruak izango diren gazte eta ez hain gazteei zuzendu behar dugu. Ezagutza errekurtso ekonomikorik garrantzitsuena izango duen Bilbo sortu behar dugu. Hau da, ezagutza pertsonak dira. Munduko hirien sarearen barruan dagoen Bilbo baino hobeagoa izango den hiria lortu behar dugu. Era berean, guztiontzat bizitza kalitatea altua edukiko duen eta bertan bizitzekoezin hobea izango den hiria gauzatu behar dugu. Bere ezagutzaz elikatuko den eta kanpoko ezagutza erakartzeko gai izango den Bilbo hiria izan behar du. Guri interesatzen zaiguna da edozer garatu nahi duen edonor Bilbora etortzea. Horretarako giro egokia eskaini behar zaio gustora egon dadin. Jose Antonio Garridoren argazkiak: Estibalitz Ezkerra Gainontzeko argazkiak: Bilbao Metropoli 30, Euskalduna Jauregia eta BBKko web orrialdeetatik atera dira Euskonews & Media 82.zbk (2000 / 6 / 9 16) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/