752 Zenbakia 2020-07-15 / 2020-09-16

Gaiak

Soldata eraldatzailea, krisiaz harago ekiteko

MIKELARENA URDANGARIN, Andoni

Demagun, Euskal Herriko kooperatiba zein sektore publikoko langileek eta lurraldean sustraituta dauden enpresa pribatuetakoek, gure soldataren %10a bizitzarako ezinbestekoak diren zerbitzuen bidez jasotzea erabakitzen dugula (elikadura, zaintza, energia…) eta ez dirutan. Ze ondorio izango lituzke erabaki txiki bezain konplexu horrek?

Garai latzak datozkigu; ezinbestean gu denon onena ematea eskatuko diguten garaiak. Ez da etorriko denaren esperoan egoteko momentua, gure gaitasunean sinistu eta aurrera egitekoa baizik. Izan nahi dugunaz herri gisa hausnartu eta bide horretan pausoak ematekoa, eginez pentsatzekoa. Jakinda, aurrean ditugun erronkei ezingo diegula egoera honetara ekarri gaituzten neurri, estrategia eta politika berdinekin erantzun. Kudeaketaren paradigmatik, eraldaketaren paradigmara igaro behar dugu. Bai behintzat, guztiontzat etorkizun bizigarri bat eraiki nahi badugu.

Askotan kontzeptuen jatorria ahaztu egin ohi zaigu. Egunotan datu, zenbaki eta iragarpen asko entzuten ari gara ekonomiaz. Baina ia inork ez du azaldu zer den ekonomia. Garrantzitsua da, ze ekonomiaren inguruan ari garen ongi definitzea. Gure ustetan ekonomia, bizitzarako ezinbestekoak diren beharrak asetzeko eremua da. Ez da negozioa. Ez da gutxi batzuk gehiengoaren bizkar aberastea. Hori eredu ekonomiko kapitalistaren funtziondua da. Baina ekonomia askoz ere gauza zabalagoa da. Eta ereduak agortzen (gehiengoarentzat eta bizitzeko ezinbestekoa dugun lurrarentzat) ari diren honetan, oinarriari heldu behar diogu, begirada horretatik soilik eraiki dezakegulako bestelako mundu bat.

Soldata eraldatzailea, hainbat sektore estrategikoetako langileek soldataren %10a dirutan jaso beharrean,
bizitzarako beharrezkoak diren zerbitzuen (energia, elikadura, zaintza…) bidez jasotzean oinarritzen da.

Bide luze bat egin beharko dugu, gaur egungo egoerara ekarri gaituen jendarte antolaketari buelta eman eta denontzat bizigarria izango den etorkizuna lortzeko. Bidea ibilian egiten denez, bide luzean eman beharreko pauso bat da soldata eraldatzailea. Pauso askoren artean eman beharreko bat gehiago.

Egunerokoan normaltzat jotzen ditugun praktika batzuk aldatzearekin, egitura sozioekonomikoan aldaketa handiak eragin ditzakegula sinetsita jositako proposamena da. Soldata eraldatzailea, hainbat sektore estrategikoetako langileek soldataren %10a dirutan jaso beharrean, bizitzarako beharrezkoak diren zerbitzuen (energia, elikadura, zaintza…) bidez jasotzean oinarritzen da. Finean, merkatutik asetuko genituen zenbait behar, merkatutik kanpoko (edo beste balio batzuetan antolatutako merkatu batetik)  zirkuitu ekonomiko baten bidez asetzea.

Behar horiek asetzeko, eskualdez eskualde antolatutako sare kooperatibo eraldatzaileak (demokratikoak, jasangarriak, lurraldetuak…) lehenetsiko genituzke. Azken urteetan sortu diren proiektuekin elkarlanean, euren esperientzia gure eginez, baina ezinbestean, eskariari erantzuteko adinako proiektu berriak sortuz. Jakinda, proiektu horiek zerbitzu hori eskaintzearen irabazirik balute, ekimen eraldatzaile berriak sortzeko erabiliko liratekeela. Pixkanaka, bizitzarako oinarrizkoak diren sektore ekonomikoak, merkatutik (eta beraz bere logikatik) kanpoko zirkuitu ekonomiko kooperatibo-komunitario baten bidez antolatuz.

Apustu horrek agerian utziko luke, orain arte eraiki ditugun alternatiben txikitasuna. Baina aldi berean erronka itzela jarriko liguke mahai gainean herri gisa. Erantzun publiko-kooperatibo-komunitarioa beharko lukeen erronka, herri erronka. Izan ere, milaka langilek euren soldataren %10a oinarrizko zerbitzuen bidez jaso ahal izateko, zirkuitu ekonomiko oso konplexu eta indartsu bat eraiki beharko baita.

Gaur gaurkoz ez gaude prestatuta erabaki hori martxan jartzeko. Baina planifikazio egoki batekin, ditugun baliabideak modu egokian antolatuta eta herri gisako apustu bat eginda, urte gutxiren buruan, soldata eraldatzailea martxan jartzeko gaitasuna izango genuke.

Guzti hau aurrera eramateko, eskualdez eskualde, tokiko eragile kooperatibo, publiko eta komunitarioak norabide berean lanean jartzea ezinbestekoa da. Planifikazio ekonomikorako eskualdekako subjektuak sortuz eta horiek Euskal Herri mailan saretuz. Askotan, honelako neurriak oso urruti ikusten ditugu, eta horrek pausoak ematen hasteko zailtasunak sortzen dizkigu. Kontua, ez da Euskal Herri osoko enpresa/kooperatiba/erakunde guztietan batera aplikatzea neurria. Ereduak behar ditugu eta horretarako esperimentatu egin behar dugu. Hori, norberaren eskualdetik egiten has gaitezke, zain egon gabe. Katalunian azken urteetan indar handia hartzen ari diren Ateneu Cooperatiuen eredua, oso interesgarria da, eskualdekako lanketa horiek dinamizatzeko.

Enpresa pribatuen kasuan, langile komite eta sindikatuek bigarren neurri bat ere proposatu dezakete. Bere soldataren %10a modu honetan jasoko duen langile bakoitzeko, enpresak (zifra bat esatearren) soldataren %5eko gehigarri bat ematea zirkuitua antolatzeko funtsera. Nolabait, enpresa pribatuak ere tokiko ekonomia sareak sortzeko pausoak ematera behartuz. Hori ere, ikuspegi estrategikoarekin, langile borrokarako eskaera interesgarria izan daiteke. Lan baldintzak borrokatzeaz gain, etorkizunerako indar harreman berriak sortzea delako erronka. Eta horretarako ezinbestekoa da, harreman ez kapitalistetan antolatutako zirkuitu ekonomiko indartsu eta erresilienteak sortzea. Eraldaketa sozialean murgilduta dauden sindikatuen agendan, izan lezake tokirik neurri honek.

Gurean indar handia duten kooperatibek ere garrantzia berezia dute proiektu honen garapenean. Urte guzti hauetan metatutako ezagutza eta kudeaketa tresnak proiektuaren eskura jartzea litzateke ekarpen handietako bat. Baita, heziketa eta kooperatiba sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako kontribuzio funtsetik (IPDK-COFIP) proiektuak ezinbestekoak dituen baliabideak eskainiz laguntzea ere.

Soldata eraldatzailea aurrera eramateko, eskualdez eskualde, tokiko eragile kooperatibo,
publiko eta komunitarioak norabide berean lanean jartzea ezinbestekoa da.

Azkenik eta ez horregatik modu lausoagoan, erakunde publikoen ardura ere ezinbestekoa da gisa honetako proiektuak garatu ahal izateko. Politika publikoak norabide honetan kokatuz eta aurrez aipatu ditugun beharrak asetzeko baliabideak eskainiz.

Soldata eraldatzailea ezartzeak zenbat lanpostu sortuko lituzke? Herri gisa, sektore estrategikoetan burujabetzaren bidean pausoak emateko balioko liguke? Gure artean dugun larrialdi klimatikoari aurre egiten lagunduko liguke? Merkatuaren logikatik kanpoko zirkuitu ekonomiko hori antolatzeko gai izango ginateke? Gaur egungo egoerara ekarri gaituen bidean jarraitu nahi dugu, hala beste bide batzuk urratu nahi ditugu?

Erantzun bakarra dago argi; gisa honetako neurriak beharko ditugula, baldin eta denontzako etorkizun duin bat izan nahi badugu. Euskal Herri luze zabalean martxan daude dagoeneko proposamen honen antzeko ekimen, tresna edo praktikak, bi aipatzearren, Euskal Moneta eta Ekhilur kooperatiba, baina horiek orokortzetik etorriko da aldaketa eta hori da dagokiguna.

Poposamen hau ez dago azterketa sakon baten gainean oinarrituta. Intuizioari tiraka sortutako proposamena da eta ezinbestean gaiaren inguruko ikerketa sakonak beharko ditugu martxan jarri aurretik.

Krisiaz harago pentsatu behar dugu. Gaur hartuko ditugun erabakiek zedarrituko baitute biharko Euskal Herria. Etorkizuna guztiontzat izan dadin, ekonomia bizitzarako antolatzen jarraitzea dagokigu. Egiteko gaude hemen, ez gertatuko denaren esperoan egoteko. Ekin diezaiogun bideari.


Eusko Jaurlaritza