687 Zenbakia 2014-07-02 / 2014-08-06
Mariasun Landa eta Jean-Baptiste Orpustanek jasoko dute Eusko Ikaskuntza – Laboral Kutxa Saria 2014. Hori dela eta, Mariasun Landa idazleari aldizkari honek 2008an egindako elkarrizketa berreskuratzen dugu.
Mariasun Landa euskal literaturaren baliorik adierazgarrienetakoa dugu. Idazle konprometitua bere gizartearekin, haur literaturan gailendu da maisuki eta berak euskaraz sortutakoa hamaika hizkuntzatara itzuli diote. Ez da egongo euskal etxerik Mari Asun Landaren libururen bat ez duena.
Nire ikuspuntutik Mariasun Landak lortu du beste emakume idazle euskaldunek inoiz lortu ez duten maila...
Harritu egiten nau pixka bat esaten duzunak, nik ez baitut neure burua horrela sentitzen. Behintzat, ez naiz oso kontziente eta ez nuke ere umil izatea nahi. Nik ikusten dut euskaldundu nintzenetik baliatu naizela, ahal izan dudan moduan, neuzkan tresna linguistikoekin, eta eman ditudala haur literaturan, beharbada hemendik kanpo ezagutzen diren fruitu batzuk. Hala ere egia esaten badizut, nik uste dut literatur bideak izan behar duela arrisku bide bat, eta “La fiesta en la habitación de al lado” atera dudanean gazteleraz, kontakizun autobiografikoa, izan da pentsatzen dudalako nik, literatur egile bezala, lan asko eta asko egin beharrean nagoela. Orduan ez naiz batere sentitzen mendi gailurrera heldu den inor. Alderantziz, esango nuke beti ari naizela bide berria bilatzen, eta liburu berri honekin ez dut gehiegi antzeman haur eta gazteen literatura esparrutik helduen literaturara pasatze zera hori, baizik nire trebezia eta ofizio falta narrazio laburretatik handietara pasatzeko. Mugitze horretan nekoso ibili naiz, eta lan handia eginez, eta kontzienteki ari nintzen ikasten. Beraz, esaldi ponpoxo hori izan daiteke pozgarria niretzako baina, era berean nik ez dut hori nire baitan sentitzen.
Bai, kanpotik neurtu dezakegunok sentsazio hori dugu. Everestek 8.000 metro inguru ditu eta zu iritsi zara 6.000 metrotara... gainontzeko euskal emakume idazleek 4.000 metro ingurutan dauden bitartean. Oraingoz, behintzat, gorago zaude.
Pentsa ezazu nik lan egin dudan esparru horretan, haur eta gazte literaturan, alegia, ezin dela ukatu batzuentzako bigarren mailako literatura denik. Benetako literaturaz sinesten dutenentzako ez, hor daude eta haur eta gazte literaturako klasikoak, literatura orokorraren oinarri-oinarrian Stevenson, Lewis Carroll, Carlo Collodi eta abar. Nahiz eta liburu handiak diren, kanonari begira edo literaturaren termino orokorretan hori bigarren mailakoa da eta horretaz haur literatur egileak kontziente gara.
Aipatu duzu nola hasi zinen eta komentatu nahi dut biok urte berean jaioak garela eta nonbait irakurri dut zu 24 urterekin euskaldundu zinela, niri 21 urterekin tokatu zitzaidan bitartean...
Gure belaunaldiko markak dira ezta?
Hori da. Eta nik ez dakit zuri ere gertatu ote zitzaizun, niri bezala, literaturan nabarmentzen genituen hutsuneak nolabait betetzeko idazten hastea...
Nik esango nuke nire kasuan euskaraz idazten hastea bai izan zela, ikusten nituen hutsuneengatik. Idaztea, berez, idazle izatearena berriz, askoz lehenagotik datorkit. Nik gazte-gaztetatik idazle izan nahi nuen eta ez dut esango hori jende guztiak zekienik, hori nire sekretu bat baizen, baina Parisen egin nituen filosofia ikasketak neurri handi batean zen gero idazlea izateko.
Parisen lau urte bizi ondoren, lehenagotik pixka bat arrastaka neraman euskararekiko zauria konpondu nahi izan nuen, eta hona etorrita ikastola munduan sartu nintzen. Ez, gaur egungo ikastola batean, orduan, 1974an, beste gauza bat baizen. Hastapenak ziren eta han sartu nintzen euskara ikasteko, eta gero —euskara ikastearekin batera— euskara eta euskal mundu eta ikastolako mundu horretan zeuden hutsuneak nabarmenak zirela konturatu nintzen. Nire ikasle haiek —6, 7, 8 urtekoak— ez zeukaten irakurtzeko libururik eta orduan nik lehendik neukan idazletasun zentzu horrek... euskal idazle bihurtu ninduen.
Egia da, beraz, euskaraz idazten hasi nintzela neurri handi batean zuk esan dituzun arrazoiengatik, zeuden hutsuneak betetzeko. Baino idazletza askoz aurretik datorkit eta gainera gaur egun, adibidez, gazteleraz idatzi badut liburu hori gehien bat horregatik da. Nire “narrazio autobiografiko” horretan, guztia, euskara ez nekien garaikoa da eta orduan irakurleak ikusiko du nik euskaraz ikasi baino lehenago asko irakurria nintzela eta idatzia ere bai, gaztelaniaz eta bai frantsesez. Horregatik euskal idazlea izan bai, zuk aipatzen dituzun behar horien aurrean egin nintzen. Bestalde, proiektu kultural baten inguruan kokatzen ginelako eta garelako ere, ezta? Euskal mundu, euskalgintza... da baina, idazle izatearena askoz lehenagotik datorkit.
Gordetzen al duzu garai hartako idazlanik?
Bai, bai noski. Gogoratzen dut lehiaketa batera aurkeztu nintzela, Donostiako udal liburutegiak antolatzen zuenera, eta gaztelerazko ipuin batekin irabazi nuen gaztetxoentzako saria. Beran ere beste bat, 1970 inguruan. Eta gero frantsesez ere garai hartan dezente idazten nuen. Gaztea nintzen eta sasoi horretan poesiak dira gehien bat gustatzen zaizkigunak, eta orain lotsa ematen dit pixka bat esateak poema eta poesia testuak idazten nituela. Gazteleraz...
Errekuperatuko al zenituzke testu horiek?
Gaur egun, idazten dudan asko botatzen ditut zakar ontzira. Baina urte batzuk dituzten paperek errespetu gehiago ematen didate eta horiek etxean daude. Aurkitzen dudanean orain dela hogeita hamar urteko paper bat, nik idatzia, gorde egiten dut.
Antologia batean sartzerik bada?
Ez, ez nuke permitituko.
Idaztea denok dakigu askatasunaren sinbolo bat dugula eta nork aukeratzen du bere estiloa, nork bere garaia, nork aukera dezake bere irakurleria ere. Lehen aipatu duzun “La fiesta en la habitación de al lado” liburu hori dela eta, niri datorkidan galdera da, ezin al du idazleak hautatu bere hizkuntza?
Nik uste dut galdera horrek erantzun bakarra eskatzen duela: baietz eta dudarik gabe. Esan nahi dut hori ere zalantzan jartzea dela idazletza edo sortze lana ez ulertzea. Nik hogeita lau urte arte gazteleraz idatzi, frantsesez idatzi egiten nuen eta hortik aparte nik ez dut uste justifikatu behar duenik idazleak ze hizkuntza hartzen duen bere burua adierazteko eta nahi duena kontatzeko; hori ez dago justifikatzerik, “ça va de soi...” frantsesek esaten duten bezala, eta hori ulertzen ez duena ez da idazlea, beste zerbait da, idazletza baino aurretik jartzen baitu beste zerbait hori.
Gaztelerazko liburu horretan hautatu duzun aukera dela, zer hartu duzu gehien, aldeko edo kontrako iritzirik?
Nik bakarrik dakit jende askok eta askok, euskaldunak bai erdaldunak, esaten didatela zenbat gustatu zaien liburua eta nola identifikatzen diren esandakoarekin, eta bazutela gogoa horrelako testuak irakurtzeko. Begiratu, liburua gazteleraz eta euskaraz argitaratu da, eta batzuek polemika atera nahi izan dute. Horren inguruan bakarrik gauza bat esan dezakegu, horiek galarazi dutela liburuaz hitz egitea, liburu horretan zer kontatzen den, liburu hori ona ala txarra den, alde onak alde txarrak ote dituen. Eta dudarik gabe, liburu horrek irekitzen du bide bat zentzu zabaleko hemengo literaturan. Ez da bakarra baina irekitzen du bide berri bat, genero autobiografikoari dagokiona, eta horrek ez du indiferente uzten inor. Jende pila batek esan dit asko identifikatu dela, era guztietako jendea, emakumezko zein gizonezko, jarraitzeko bide horretatik... Satisfazio dezente eman dit liburuak.
Esan diguzu txikia zinenean idazle izan nahi zenuela ezta? Zer irakurtzen zenuen, zure haurtzaroan?
Gure belaunaldia telebistarik gabea da; hori oso hunkigarria da, ezta? Pentsatu: nire etxean telebista 16 urte nituenean sartu zen. Orduan haurtzaroa eta gaztetxo garai guzti horretan gure dibertimendurik nagusiena irakurketa zen edo zinea, herriko zine kaxkar horietan ikusten genituen pelikulak. Eta dudarik gabe, irakurtzen nituen liburuak emozio eta pasio handiz irakurtzen nituen. Tom Sawyer protagonista zela, bi edo hiru liburu baina batez ere Tom Sawyerren abenturak”. Bat egiten nuen Tom Sawyerrekin eta berdin Stevensonen Altxor uhartea edo Jekyll sendagilea eta Hyde Jauna eta Spyriren Heidirekin. Ni emozionatu egiten naiz orain ikusten dudanean zer liburutatik edaten genuen guk gure literatur puska hori, kaxkarrak ziren edizio aldetik, ilustrazioa apenas eta hala ere liburu haiekiko zer poza eta zer egarri, ezta?
Garbi dago gure gazte edo ume garaian oso nabarmenki bereizten genituela eskolako liburuak eta gero guretzako plazerezko irakurketarako gordetzen genituenak. Eskolan zeuden kanonekoak: Lazarillo, Celestina, Quijote,.. Horiek ziren eskolako liburuak edo irakurtzeko bidaltzen zituztenak eta hortik aparte ia modu klandestinoan irakurtzen genituen besteak. Hori kontutan hartu behar da. Nik uste dut familia askotan ez zutela oso begi onez ikusten gu etxean irakurtzen egotea; denbora galtzea zen. Orduan, alde batetik transgresio puntu hori zegoen, gauean ohean ezkututa irakurtzen baitzenituen, batez ere komikiak eta tebeoak; eta bestetik, irakurketa horiek zirela guretzako benetako atsegin eta plazer iturria. Alde horretatik oso oroitzapen ona daukat nire gaztaro edo txikitako irakurketen inguruan.
Horrekin lotuta doa zergatik, ni bezalako neskato batek esaten duen liburuak irakurtzea gauza zoragarria dela. Nork idatzi du horrela? Eta orduan, nik horren modukoa izan nahiko nuke! Besteei horrelako plazera ematea, gauzak asmatuz, idatziz eta besteengan ilusioa sortuz, horixe da nigan piztu zen nahia. Idaztea oso gauza merkea da; bakarrik behar duzu papera eta arkatza. Seguru asko txikitan aukera izan banu eskultore, zinemagile edo piano jole izateko agian izango nintzen... Baina ez baldin baduzu besterik? Papera, arkatza,... eta irudimena eta... besterik ez duzu behar idazten hasteko.
Nik 13 urterako ipuin batzuk idatzita nituen, txukun-txukun, ilustrazioz hornituta eta gainera osatu nuen halako liburuxka bat eta dedikatu eta dena egin nion anaiari, nire liburu propio bezala.
Lehen galdetzen zenidan ea gordetzen nuen. Gordeko ez nuen, bada! Eta harritu egiten naiz gaur egun ere irakurtzen ditudanean, ez baitaude batere gaizki, nahiz eta gaur egun ez nituzkeen holako gauzka idatziko. Baina... ortografiaren aldetik, ze ondo! Nik uste dut matxakatu egiten gintuztela monjek ortografiarekin.
Ze liburu irakurtzen nituen? Altxor Uhartea, Tom osabaren etxola, La vida sale al encuentro Martin Vigilenak... Eta gero neskek gureak genituen: Mujercitas, Heidi, Fabiola. Gero pauso bat ematen zen eta Edad Prohibida liburua zetorren, morbo pixka batekin, gainera, 18 urte bete arte ezin baitzen hura irakurri. Jarraian datoz beste batzuk, gehiago lotuta norberaren formakuntzarekin eta emozioarekin gogoratzen dut nola irakurtzen nituen liburu horiek, nire Niaren bila ari bainintzen. Liburua irakurtzen ari zinen buruari galdezka, zer naizen, nola izan nahi dudan, eredua non dagoen. Eta gogoratzen dut Diario de Ana María eta Diario de Daniel zirela neskentzat eta mutilentzat. Nik biak irakurri nituen eta hortik aurrera nobela poliziakoa izaten zen hurrengo pausua gaitasun literarioaren katean... poesiarekin topo egin arte. Hemezortzi urterekin gauza nintzen Francois Saganen Bonjour Tristesse edo Albert Camusen L’étranger irakurtzeko. Ordurako gaitasun dezente neukan literatura irakurtzeko eta gaitasun literario hori ez da inoiz bukatzen.
Kostatu zaizu emakume idazleren izenik aipatzea, zerrenda horretan gizonak izan dira gehien bat aipatu dituzunak. Francois Sagan agertu da.
Johanna Spyri Heidiren egilea baina txikitan... bai, bai.
Salbuespen horiekin... emakume erreferenterik ez bide zegoen.
Dena den, emakume erreferenterik handiena eta asko markatu ninduena nire barne formakuntzan Simone de Beauvoir izan zen. Hamazortzi urterekin irakurri nuen, ez dut inoiz ahaztuko.
Espainieraz?
Bai! Hegoamerikako argitaletxe baten bidez argitaratu zuten, garai hartan oraindik elizako indizean zegoen eta. Simone de Beauvoirengan aurkitzen dut neure eredua, pertsona edo idazle bezala. Eta eredu horrek eragin handia izan du neure buruan urte luzetan. Ez dut esango orain horrela denik, baina hasi Bigarren Sexua saio liburu horretatik eta segi Simon de Beauvoiren memoriekin eta bere nobelekin. Simone de Beauvoir dut nire erreferenterik handiena, bolada luze batean. Batez ere, idazle baino gehiago emakume bezala. Bere obra osoan aldarrikatu zuen emakume modeloa.
Aipatu dituzu emakume idazle batzuk. Eta gogoeta bat egin nahi dut: gaurko haur euskaldunek zu edukitzea euren irakurketen iturri gisa gauza polita da. Eguneko gazteen artean galdetuko banu zein duten emakume idazlerik gustukoentzat, ziur aski Mariasun Landa aipatuko lukete. Euskal literaturak zerbait irabazi duelakoan naukazu.
Hori oso polita da entzuteko dudarik gabe, baina gauza bat esango dizut: haurrek liburu bat irakurtzen dutenean ez dute pentsatzen egileaz, ez zaie interesatzen eta apenas gogoratzen dute liburu hori nork idatzi duen; eta hori gogoan badute ere iruditzen zaie egilea hilda dagoela, ez dela existitzen. Oso polita izaten da batzuetan haurrekin topaketa bat antolatzea... eta hartzen duten sorpresa! Orduan konturatzen dira emakume bat dagoela liburu horien atzetik eta emakume hori dezente arrunta dela, bakeroz jantzita dagoela eta ez dagoela hilda baizik hitz egiten ari zaiela.
Gero jakin nuen Mark Twainek idatzi zuela Tom Swayer eta nik uste dut gaur egun ere hori gertatzen dela, eta ez zait gaizki iruditzen. Beharbada gero koxkortzen direnean bai; eta agian gauzak pixka bat aldatzen ari dira, batez ere mediatikoki, eta liburuak komertzialki hartu duen pisu handiarengatik. Propaganda handia egiten denean Harry Potteren egilea J.K. Rowling dela ezagutzen da baina hala ere nik uste dut umeari interesatzen zaiona obra da, liburu egilea baino. Baina ala ere onartzen dut...
Aipatu duzu Paris eta hango zure egonaldia. Parisek mundurako eman zuen halako irradiapen bat eta hartan bai kulturalki eta bai politikoki ere bazirudien aldaketa zetorrela mundura, hoberako. Dena den, 40 urte bete ziren iragan maiatzean eta gauzak nik uste dut aldatu samarrak daudela iragarpen haietatik. Nik ez dakit Mariasunen baitan, zu han egon zinela eta, gauzak aldatu ote diren ala zuk iragarri edo ikusten zenituen bezala baieztatu diren.
“La fiesta en la habitación de al lado” nire liburuaren titulua ere Parisekin dago lotuta. Ni hara ailegatzen naiz udazkenean; ordurako festa izan da, maiatza gertatu da. Eta lau urte egingo ditut han. Liburu horretan lehenengoa bakarrik aipatzen da eta ez dauka zerikusirik nolabait esateko frantses mobidarekin, baizik, emigrazioarekin. Emigranteekin erlazionatu nintzen eta antifrankistekin. Baina, hala ere nik nire burua kontsideratu dut beti 68ko maiatzaren ondorengo fruitu bezala. Zergatik? Ba, ni bizi izan nintzeneko lau urte horietan, eta batez ere unibertsitatean, maiatza horrek ekarri zuen aldaketaz gozatu nuelako. Unibertsitateko ordura arteko klase magistralak ziren. Nire ikasketa guztiak, ondo gogoratzen baldin badut, azterketa bat egin gabe burutu nituen. Horrek ez du esan nahi ikasi ez nuenik eta lan egin ez nuenik. Orduan ezagutu genuen denok kontrol jarraia zer zen. Zer zen lanak azaltzea besteen aurrean, ikasleak neurtzea edo ebaluatzea beste modu batean. Ez zen erreza izan niretzako, ni azterketa eta klase magistralen mundutik nentorren eta, baina, aldaketa izugarria izan zen.
Esaten dizut hori lotzeko gaur egungo nire irakasle lanarekin, ezen metodo berdinarekin jarraitzen dut, ebaluatzen nire ikasleak. Niri iruditzen zait dagokidan diziplinari begira, noski, literaturan, eraman dezakedan ebaluaketa mota hau dela zintzoena.
Hortik aparte, 68ko maiatzako errebolta, politikoki, porrot itzela izan zen. Ordutik hona, gauzak aldatu dira munduan, eta ekonomikoki, globalizazioaren eraginaz, ez daukate zerikusirik. Baina mentalitateak, buruek, horiek bai izan zuten iraultza, iraultza txiki edo handi, baina iraultza bat egon zen. Nik uste dut garai hartan nolabaiteko aldaketa horren egarriz geundela; nahi genuen komunikatzeko beste forma batzuk bilatu, beste sexualitate libreago batez gozatu, heziketa edo autoritarismoa zalantzan jarri. Emakumeari dagokionez, imajinatu ezazu: antisorgailurik ez, ez zegoen dibortziorik, emakumeen mugimenduak orduan hasten dira. Eta gaur egun gazteek gozatzen dituzte aurrerapen horiek. Agian batzutan inkontzienteki erabiltzen dituzten aukerak eta aurrerapen ideologikoak orduan egosi ziren eta urte horietako borroka askoren ondorioak dira. Nik alde horretatik, politikoki ez bada ere, kulturalki eragin handia izan zuela uste dut gure belaunaldian, gure adineko jendearengan, eta beharbada gaurko gazteek ez dute hori behar bezala ulertuko.
Sarkozyk bide dio, hobe hori dena tatxatzea eta zakarrontzira botako balitz. Baina, erne! Hori esaten baldin badu, nik uste dut oraindik hor dagoela nolabaiteko utopia gaitasun bat denongan, eta utopia esaten dudanean borrokatzeko gaitasun bat da eta gogoa konkretatu daiteke edozein momentutan. Azken finean 68ko maiatzekoa mugimendu utopiko forma bat izan zen, guk ezagutu genuena eta historian zehar hainbat aldiz gertatu denaren gisakoa. Utopiak tira egiten du, historian utopia asko egon direlako, baina utopia eta politika, noski, aurkakoak dira. Politika da posible den terreno horretan mugitzen den posibilitismoa, pragmatismoa. Eta utopiak, aitzitik, posiblea ez den horretatik tira egiten du. Historiaren motorra da eta behintzat 68ko maiatza hartan ezagutu genuen hori. Gero historiak mila buelta ematen du eta gaur egun, iruditzen zait, errazegia da barre egitea hartaz; batez ere ikusita garai hartan arbuiatzen genituen ondorio batzuetaz gozatzen ari garela. Baina behintzat, burura datozkidan lorpen batzuk garai hartakoak dira, bai emakume eta baita irakasle bezala.
Horrek esan nahi al du, 19 urteko neska zinela, igota zeunden talai hartatik munduari begira, bete egin direla zure iragarpenak?
Ai, ai, ai,.. Gizakiaren desioak amaitu ezinak dira. “Bete egin da nire desira” noiz esan diezaioke batek bere buruari? Nahiak denbora guztian ari dira sortzen, birsortzen, birziklatzen. Bizitzea da desiraren atzetik ibiltzea ezta? Baina, beste aldetik, nik uste dut gauza izan behar garela bidegabekeriarik gabe begiratzeko gure iraganari eta esatea: “Ene! Nik izan dudan zortea! Nik lortu ditudan gauzak!”. Objetiboki esan nahi dut, oraindik bizirik nagoela, adibidez. Eta beste batzuk betiko joan egin zirela. Orduan objetiboki, nik uste dut, 19 urteko neska hark desio zuena bete egin dela. Baina, hori esaten duena nire alde ez objektiboa da. Besteak, eta denok daukagu hemen barruan ahots bat —batzuetan zortzikote eta orfeoiak ere— esaten du ezetz, gehiago nahi zenuela, eta nolabaiteko desilusio eta mingostasuna dastatzen duzula. Baina bizitzan, neurri handi batean, desira batzuk ez dira inoiz betetzen. Nirea kasu horietakoa da, asmo batzuk bete direlako eta beste batzuk ez.
Esan da zure literatura errealismo handikoa dela. Nik ez dakit definizio horrekin ados zauden...
Horrela esanda, ez gehiegi. Esan nahi dut, 25 urte bete ditudala haur literatura lantzen eta ezinbestekoa da admititzea bide horretan badaudela aldaketa dezente. Txan fantasma atera nuenean ni ez nintzen kontziente errealismo kritiko deitzen zaion korronte horretan situatzen nintzenik. Baina gero, hala sailkatu dute Txan fantasma eta inkontzienteki ni ere ari nintzen Europan zehar zegoen mugimendu horren literatura egiten. Baina gero 88-89 Iholdi saila idatzi nuenean, baita ere inkontzienteki nonbait eta adituek diotenez minimalismoan nenbilen. Ikusten duzunez orduan gauzak aldatzen doaz. Azken liburuetan, “Galtzerdi Suizida” edo “Krokodiloa ohe azpian”, beste barne mundu bat ukitu izan dut eta intimistago izan daiteke, barne mundu problematiko bat ikusi nahi izan baitut, baina beti modu irudimentsu, fantasiatsu eta sinboliko batean.
Ni errealismoaren aldekoa izan naiz, ados, baina, beti uztartuta irudimena fantasiarekin, osterantzean ez nintzake eta dibertituko, eta gainera agian haurrei ez litzaieke hainbeste gustatuko.
Mariasun Landa eta Asun Balzola, zer diozu?
Ai ai, Asun! Zer esango dizut ba? Bi urte dira berak utzi gintuela eta ez naiz oraindik kontsolatu. Tandem bat osatu genuen ilustratzaile eta idazle bezala, berdintasun batzuk zeudelako gure lanetan; estetikaren aldetik begiratuta antzekoak ginen biak eta horregatik nire testuak bat zetozen haren diseinuarekin... Zaila egiten zait niri Asun Balzolaz hitz egitea, ilustratzaile aparta izateaz gain nire lagun min-mina zelako. Nik uste dut biek genuela nolabaiteko estetika amankomun bat, berak ilustraziogintzan eta nik nire testu literarioetan. Baina hortik aparte, lagun handi handiak ginen, nahiz eta bera Madrilen bizi izan. Aukera handiak izan genituen bata bestearen etxean egoteko, elkarrekin bidaiatzeko, gauza askotaz hitz egiteko, barre asko egiten genuen, iruditzen zait norbaitekin barre egitea oso inportantea dela, konplizitate hori izatea; batzuetan, haserretu edo “moskeatu” ere egiten ginen. Artista bezala erreferente bat zen niretzako Asun Balzola, dudarik gabe, baina baita pertsona bezala ere. Hori guztia hala zen arren, bat batean herioa dator eta zast!, puskatu egiten da. Eta zaila da heriotza guztiak asimilatzea baina bat-batekoa terriblea da, sinistu ezinik uzten baitzaitu eta denbora pasa egiten da eta oraindik ez zaizu iruditzen hura ez dagoela gure artean...
Zure lanak, beste errekonozimendu publiko batzuen artean, espainiar Nazio Saria irabazi zenuen 2003an, haur eta gazte mailan. Hiru urte beranduago haur literaturako «Nobel txikia»-tzat har genitzakeen IBBYk (International Board on Books for Young People) antolatutako Hans Christian Andersen Sarirako hautagaia zara. Lasaitasuna (“azkenik, onartu egin dute euskaldun emakume batek kalitatezko literatura egin dezakeela”), ardura (“gero eta gorago heldu behar dut”) ala sentsazio biak adierazi zizkizuten aitortza horiek?
Bai dena biltzen da lapiko berdinean ezta? Errekonozimenduaren atsegin hori, bestaldetik autoexigentzia ere areagotu egiten da eta batzutan blokeo bihurtzen da. Beste aldetik eta hasieran aipatzen nizun bezala, neurri batean esan egiten da “honaino heldu naiz eta goazen orain probatzera beste bide batzuk” niretzako, nioen bezala, idaztea azkenean gustuko abentura bat eta horrek eskatzen ditu beste bide eta erronka batzuk. Bai, errekonozimendua, dena den, nik uste dut beharrezkoa dela.
Aldatu al dizute zerbait bizimodua errekonozimendu horiek?
Aldatu, funtsezko zentzutan... ez.
Lan sistematizazioari nengokion,...
Orduan, bai... Nik esango nuke agenda bete egin dela, e-mail gehiago jasotzen ditut eta batez ere sari nazionalak ere aukera eman zidan beharbada hemendik kanpo ibiltzeko. Hondurasen egon nintzen Jordi Sierra i Fabrarekin batera, edo Marokoko Casablancan. Martin Garzo idazlearekin sentsazioa daukat errekonozimendu guzti hauek, oro har, leiho batzuk irekitzen dituztela. Leiho horietatik burua ateratzen duzu eta beharbada ikusten duzuna gustatzen zaizu edo, agian, ez.
Nik esango nuke, nire kasuan behintzat, hileroko nomina beste nonbaiten ziurtatuta daukadala kontuan izanda, oraindik literatura niretzako askatasun eta abentura espazio bat da. Eta hala izaten jarraitzea nahi nuke. Errekonozimenduek askotan behartzen zaituztete idaztera, ia-ia mekanikoki. Ofizioz idaztea oso ondo iruditzen zait, baina zure lanen gaineko errepikapenetatik aurrera egitea ez da osasuntsua. Tentazioak izaten dira eta batzuetan tentazio horietan erori egiten gara —zergatik ez esan?— baina nik nahiago dut espazio berriak esploratzea. Nire narrazio autobiografiko hori hasi nintzenean haur eta gazte literaturan neure burua nolabaiteko tope batera iritsia bezala sentitzen nuelako izan zen, neurri handi batean. Eta ez dut esan horrekin haur eta gazte literatura landuko ez dudanik; ez, inolaz ere, baina probatu nahi nituen beste bide batzuk. Andersen Sariaren hautagai izatea gauza ederra da..., izan ere pentsa ezazu Espainiak ateratako Andersen Sari bakarra dela “Marcelino pan y vino” 1968an. Eta ia ezinezkoa zen, nik eskuratzea. Baina hautagai izateak poztu ninduen, batez ere horrek kontsensu bat egon zela suposatzen duelako, Katalunia, Galizia eta Espainaiko haur eta gazte literaturen artean. Estatu mailan kontsensuatu zen ni hautagai izatea eta hori egiazko errekonozimendua da.
Aipatu duzu literatura bide berrien esplorazioa atsegin duzula. Niri ere gertatu zait hori eta ahalegindu naiz espazioak bilatzen. Eta sortzezko literaturan eleberri bat prestatzeari heldu diodanean, testua bukatu ondoren erabat nekatuta geratu naiz, psikologikoki hutsik banengo bezala...
Nik uste dut erabat normala dela. Zuk aipatzen duzun hori orain sentitu dut, narrazio luzeago batekin. Bi edo hiru urte horren inguruan ibili, ez dakit zenbat ordu sartuta. Jesus! Eta zuzenketak eta berriro inprimatu eta zuzendu eta heltzen da momentu bat ia testua gorrotatzeraino ezta? Eta esaten duzu: “vade retro, joan zaitez nigandik” Eta inprentatik ateratzen denean hutsune nekosoaren sentsazioa izan dut. Eta batez ere zure barnea antzua bezala ikusten duzu. Sortzailearen esparru hori agortua bezala geratzen da...
Aizu kuriositatez, haurrentzako literatura noiz idazten duzu, goizez? gauez?
Bueno, hor ere zahartuz joan gara urte guzti hauetan, zeren nik gazte garaian... niretzako gaua zen, gautxoria nintzen, gautxori zentzu horretan, gauak zabaltzen zituen bere ate eder horiek eta gaua zen nire lan unea. Baina orain ez, gauean oso nekatuta nago, eta burua oso okupatuta eta behar bada goizeko freskura hori behar izaten dut idazteko. Nik uste dut urte adinaren ordaina dela.
Ez dugu, badaezpada ere, bide horretatik jarraituko. Mariasun, aipatu duzu lehen Txan fantasma eta ziur aski hori izango da zure pertsonaiarik ezagunenetakoa. Baina ba al duzu inoiz beste fantasmarik antzeman zure inguruan?
Nik sumatu ditudan fantasmak ez daude kanpoan baizik nire baitan. Eta nire baitan dauden bezala badakit besteengan fantasmak ere daudela. Beste gauza bat da besteek hori aitortzen duten, eta nik —aitortu beharrean— egin dudana da horretaz idaztea. Txan fantasma, azkenean da kariño falta duen neska baten historia. Maitasun falta, komunikazio falta. Ikusten badituzu nire ipuin askorengan hor daude beste gai oso errekurrenteak. Bakardade sentsazio itzela, komunikazio falta eta abar, horiek dira benetako gaur egungo fantasmak, gure baitan daudenak. Niri ez didate beldur ematen hor hegaka dabiltzan fantasma horiek baizik barruan dauden krokodiloek. Barne fauna deitzen diot nik, ze horiek esnatu egiten direnean... kontuz!
Min egiten dute.
Bai, hori denok dakigu. Nik uste dut saihestezina dela mina, baina sortzen digute egoera batzuk nahiko larriak gure buruarekiko.Gure buruarekiko eta besteekiko ere, eta gaur egun ere, depresioa baita mendearen gaitza. Antsietatea omen da, oro har, gaitzik zabalduena. Orduan, zer gertatzen da? Kalamitate gehiegi gertatzen ari direla nonbait gure baitan fantasma guzti horiek garaitzeko!.
Emakume parte hartzaile aktiboa zaitugu. Kultura foro desberdinetan, emakumeen borrokan... Jantzita zaude egungo errealitateaz ezta. Nola ikusten duzu zuk panorama?
Egia da saiatu egiten naizela, ahal dudan neurrian, informatuta egoten eta begirada botatzen inguruari eta tokatu zaidan garai historikoari. Eta nik uste dut gauza asko aldatu direla gure haurtzarotik hona. Ematen du beste mundu batean bizi garela, eta ez da hainbeste denbora pasatu. Berrogeita hamar urte ez da ezer historiari begira. Eta galdetzen duzu, non daude ni hezi ninduteneko baloreak? Zer gertatu da? Nora goaz?
Guk ezagutzen genituen gutxienez bi ideologia kontrajarriak: kapitalismoa eta komunismoa. Orain hori dena ere pikutara joan da, eta ideologia bat bakarra gainditzen doa denetan. Horrek dakarren mundu aldaketa izugarria da. Globalizazioari dagokiona da oso gai zabal eta sakona, denok harrapatzen gaituena, bai ekonomiaren aldetik zein kulturalki ere. Globalizazioak dakar homogeneizazio bat ere, gaur arte gure balioak izan direnak errealitatean nola uztar daitezkeen pentsarazi behar gaituena. Eta ni ez naiz pertsona egokia gai guzti honetaz sakontzeko, baina bereziki nire adina dutenentzako oso garai zailak dira. Ideologia bakarrekoak eta ez, hain zuzen, guk nahiko genukeen ideologiakoak. Neoliberalismo basatiak agintzen du. Munduak hartu duen abiadura eta panorama erabat berria da guretzat. Tokatu zaigu aldaketa izugarri bat bizitzea eta aro berri baten aurrean gaudela konbentzituta nago.
Eta emakumeen betebeharra guzti honetan?
Erantzun zabala eskatzen du galdera honek. Lehen munduan emakumeen eragina gero eta garrantzitsuagoa da, maiz baikor sentitzen naiz. Besteetan eta ikusita, gertatzen diren hilketak eta tratu txarrak, sexismoak izugarriak egiten dituela pentsatzen dut. Gainera, hirugarren munduko emakumeen egoera ikusita... zer esango dizut! Asko borrokatu behar dugu oraindik... gure eskubide guztiak defendatzeko eta gizaki guztien berdintasuna lortzeko.
Eta euskal literaturan emakumeak gaur egun duen protagonismoaz zer diozu?
Oso baikor ikusten dut panorama. Ikusten ditut neska gazte batzuk idazle onak datozela, eta pentsatzen dut txikitatik hezi direla berdintasunean eta unibertsitatera ere heldu direla modu berean. Aukera hori zabalduz joango da. Bai, emakume idazleak sortuko dira, gero eta gehiago. Zailago ikusten dut, dena den, emakumeok nola uztartu hemengo euskal sistema literarioan, gizonezko idazleen artean sare batzuk daudelako, sare moduan funtzionatzen dutenak eta ez dakit noraino emakume idazle gazte horiek onartuak izango diren, onartuta baldin badaude, eta zer preziotan. Edo baztertuak geratuko diren eta emakumeen arteko beste sare batzuk eraiki beharko genituzkeen. Gauza asko ikusteke daude oraindik. Mariasun Landa Etxebeste (Errenteria, 1949) Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Sorbonako Unibertsitatean, 1973an. Gaur egun Literaturaren Didaktikako irakasle titularra da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU). Euskal Herriko hainbat aldizkari eta egunkaritan aritu da laguntzaile, baina bere sortze-lanak euskarazko haur eta gazteentzako literatura izan du xede. Hala, haurrentzako hogeita hamar bat liburu idatzi ditu eta bere obrako hainbat izenburu gaztelaniara, katalanera eta galizierara itzuli dira, baita atzerriko beste hizkuntza batzuetara ere, haien artean ingelesa, frantsesa, alemana, grekoa, arabiera, koreera eta albaniera daudela. Argitaratutako lanen artean honako hauek aipatu daitezke: Amets uhinak (1982), Kaskarintxo (1982), Elisabete lehoi domatzailea (1983), Txan fantasma (1984), Izar berdea (1985), Iholdi (1988), Izeba txikia (1988), Maria eta aterkia (1988), Alex (1990), Irma (1990), Kleta bizikleta (1990), Kleta bizikleta (1991), Elisabete lehoi domatzailea (1997), Ahatetxoa eta sahats negartia (1997), Amona, zure Iholdi (1997), Joxepi dendaria (2000), Sorgina eta maisua (2000), Galtzerdi suicida (2001), Krokodiloa ohe azpian (2002), Nire eskua zurean (2003), Inurri bitxia (2004), Izar berdea = The gran star (2005), Iholdi (2005), Izeba Txikia (2005). Mariasun Landak euskarazko Haur Literatura Saria irabazi zuen 1982an, Txan Fantasma ipuinarekin; Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria 1991n, Alex lanarekin; eta Espainiako Kultura Ministerioaren Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala 2003an, Un cocodrilo bajo la cama liburuarekin. Iholdi eta Un cocodrilo bajo la cama lanak IBBYren ohorezko zerrendan egon ziren 1992an eta 2006an, hurrenez hurren, eta Elefante corazón de pájaro Zozo Zurien (White Raven) zerrendarako aukeratu zuten 2001ean. Municheko Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Liburutegi ospetsuak egin ohi du zerrenda hori. 2004. urtean, Donostiako Udalak emandako Hiritar Merezimenduzko Domina eta Errenteria Hiriko Domina lortu zituen. Duela gutxi nobela autobiografikoa argitaratu du, La fiesta en la habitación de al lado (Erein 2007) izenburukoa, eta 2008ko Andersen Nazioarteko Saria irabazteko hautagaia izan da.