Egilea: Antonio Damasio Argitaletxea: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2013 Orrialde kopurua: 428 ISBN: 978-84-9860-744-4 Ezaugarriak: Egungo zientziaren ikergai zirraragarrienetariko bat da Damasiok darabilena: ea nola eratortzen den materia soiletik espiritua esaten zaion hori. Horra gogamena gogoeta sakonean bere izate eta jatorriaz, behaketa zorrotzarekin uztarturik introspekzio ernea. Emozioaren eta arrazoiaren arteko erlazioa da saiakera ospetsu honen gai nagusia. Zehazkiago: «Garuneko zerk ahalbidetzen die gizakiei arrazionalki jokatzea? Nola funtzionatzen du zer horrek? Ez dut nahi izaten, ahal dela, galdera horiei erantzuteko ahaleginari «arrazionaltasunaren neurobiologia» izena eman, ofizialtasun- eta arrandia-kutsua baitu etiketa horrek. Baina horixe da, mami-mamian: eskala handiko garun-sistemen mailako giza arrazionaltasunaren neurobiologia baten hastapenak. [...] Ez dut emango eskuliburuetakoen moduko azalpenik; eta ez ditut justifikatuko aurkezten ditudan iritzi guztiak. Ez ahaztu: solasaldi bat da hau. [...] Testu hau arian ariko ikertze bat da, eta ez dagoeneko finko onetsiriko egitate sail bat. Hipotesiak eta proba enpirikoak aztertzen ari naiz, ez ziurtasunezko baieztapenak egiten». Istorio bitxiak zein historial klinikoak, laborategiko esperimentuak zein abentura existentzialak: askotariko solasez oratua du Damasiok bere esploradore-kronika mamitsu hau, datu xeheetatik hipotesi orokortzaileak saiatuz, zientzialariaren tresnekin heldurik gizakiok gizaki egiten gaituen horren azterketari. Antonio Damasio (Lisboa, 1944): Neurozientzia, neurologia eta psikologiako irakaslea da, eta Garunaren eta Sormenaren Institutuaren zuzendaria. Emozioen eta sentipenen izaeraz eta jardunaz arduratzen da batik bat, eta ospe handia du mundu zabalean, hala bere ikerketetan nola bere dibulgazio-lan oparoan. Publiko zabalarentzat idatzitako liburuen artean, Deskartesen hutsegitea izenburuko hau du ospetsuena.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.