667 Zenbakia 2013-06-05 / 2013-06-19
Krisiaren ondorioz azken urte hauetan eraikin gutxiago altxatu badira ere, gure lurraldeko hiri eta herrietan oraindik lan asko egiteko dago. Hiri, herri, auzo, eraikin eta pertsonen arteko harremanak eta loturak hobetu behar dira eta horretarako hirigintza plangintza orokorrez gain partehartze zuzenagoak eta zehatzagoak behar dira, plazak, parkeak, zubiak, igogailuak edota beste eraikin txikien bitartez jostun lanak eginez egunerokotasunak inposatzen duen errealitateari aurre egiteko asmotan. Lan hauek azken urtetan gure herri eta hiri askotan egin badira ere, orain izan liteke garaia gehiagotan egiteko gehienetan partehartze merkeak eta azkarrak izaten baitira baina ongi egin ezkero gizakian eta gizartean onura handiak ere sortzen dituztenak. Gainera gure herri eta hirien historia gehienbat zatika eraiki izan den neurrian eta ondorioz zati hauetako bakoitzak dagokion garaiko ezaugarri propioak gorde izan baditu ere gure egungo arkitektura garaikideak zati hauek elkartu ditzazke aipatutako eraikin hauen bitartez.
Hau horrela izanda, Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berriei eskainitako gure azterketa honetan, oraingoan hilabete honetako bosgarren hausnarketa hau ere hiru bidetik jorratzen eta sakontzen saiatuko gara hiru jostun lan mota desberdinak bereiztuz arkitektura esparrua gizaki baten gorputza izango balitz bezala: giza-arkitekturaren bihotzak eta birikak, giza-arkitekturaren organoak eta giza arkitekturaren zainak.Giza-arkitekturaren bihotzak eta birikak: plazak eta parkeak
Askotan herri eta hirien bilbeak gizaki baten gorputzarekin konparatu izan ohi dira, eta ondorioz, bertan kokatzen diren plazak gorputzan bihotzak eta parkeak birikak izaten duten funtzioa ere beteko lukete, hots, espazioa eta bizitza antolatu eta zabaldu ahal duten modu egokienean. Horregatik gure herri eta hirietan plazak eta parkeak oso garrantzitsuak dira, eraikin esanguratsuenak elkartu, jendea bildu eta hirigintza antolatzeaz gain, bertatik ere bilbeak arnasa hartu egiten baitute. Ondorioz plaza eta parke hauen diseinua lan konplexua izaten da, asmatzeko zaila kontutan hartu beharreko arazo eta gaia asko egoten baitira, bereziki bete beharreko funtzio anitz elkartzen direlako. Eta plaza eta parke hauen diseinuan garai eta moda desberdinak egon badira ere, egun zorionez gehien jorratzen den estiloa xumea, sinplea eta soila da, hau da, gizaki erabiltzaileak protagonismoa guztia du, kasu batzuetan bere iritzia behingoz kontutan hartu eta guzti egiten da, eta erabiltzen diren elementu arkitektonikoak leuntasunez erabiliz ez dira agerian nabaritzen eta nabarmentzen.
Labrit Zubia, Iruña (Carlos Pereda, Oscar Perez eta Ignacio Olite).
Azken urtetan Euskal Herrian altxatu diren hainbat plaza eta parke bikainen eredu gisa gure artikulorako honako lau hauek aukeratu ditugu: Mariaren Bihotza plaza Bilbon (Eneko Aiala, Amaia Albeniz, Josune Artetxe, Gentzane Goikuria, Ohiane Ruiz eta Ana Isabel Alonso), Pormetxeta plaza Barakaldon (Javier Fresnada, Javier San Juan eta Javier Peña), Ave Maria parkea Hernanin (Jose Luis Loinaz, Agustin Errea eta Luciano Pagaegi) eta azkenik, Nautiko Miradorea Donostian (Girder Ingenierariak).
Bilboko Mariaren Bihotza plaza (Eneko Aiala, Amaia Albeniz, Josune Artetxe, Gentzane Goikuria, Ohiane Ruiz eta Ana Isabel Alonso) San Frantzisko auzoan kokatzen da eta aurretik zegoena eraberritu dute, espazio publiko berri bat sortuz. Berez, inbertsioa txikia izanik —Kultur Etxeko sarrera berria eta kurbatua egin da, aurreko eskailerak kendu egin dira plaza guztia maila berean utziz eta autoak plazatik kendu dira— plazaren itxura eta erabilera goitik behera aldatu dute arkitekto talde honek, espazio erabilerrazagoa sortuz. Horretarako hiritarren nahiak eta kezkak kontutan hartu dituzte eta ondorioz lan formalista eta inposatzailea sortu beharrean auzoaren beharrei aurre egiten die plaza berria eratu dute, aintzat hartu dituzten auzokideen iritziak argi uzten baitzuten bertakoak zer eskatzen zuten: segurtasuna, irisgarritasuna eta garbitasuna, hau da, plazak lehen zuen irudi negatiboarekin amaitzea, eta azken hau arkitektoek zalantzarik gabe lortu dutela, edozein unetan plazara joanez hori segituan nabaritzen baita.
Barakaldoko Pormetxeta plazan (Javier Fresnada, Javier San Juan eta Javier Peña) lortu beharrekoa bestelakoa zen. Nerbioi ibaiaren itsasadarrean Galindo ibai-ahoaren eta Arrontegi zubiaren arteko eremua berrantolatu beharra zegoen bertako espazioaz herritarrak gozatzeko; baina hori gertatzeko historikoki gune horretan hiru oztopo nagusi egon izan dira: Bizkaiko Labe Garaiak, trenbidea eta topografia bera, maldatsua. Ondorioz, Pormetxeta plaza hiru oztopo hauek gainditu behar izan ditu eragiketa sinple baina eraginkorra baten bidez: goiko hiriguneko Pormetxeta kalea eta beheko itsasadarreko Bizkaiko Labe Garaiak lotu arrapaladan diseinatutako hiribide baten bitartez trenbidea iragan ondoren. Horretarako, gainera, Bizkaiko Labe Garaiak enpresaren bulegoak biltzen zituzten bi eraikinak zutik utzi dira —1911an eta 1946an Manuel Maria Smith Ibarra arkitekto bilbotarrak eraiki zituena— arrapalek inguratuz eta bide batez lokal komertzial berrien estalkiak osatuz. Arrapalen amaieran aurreko artikuloetan aipatutako baso artifiziala kokatzen da altzairuzko zuhaitzez osatuta herritarren gozamenerako.
Aurreko bi kasutan plazak bihotzaren funtzioa bete badute ere kokatzen diren ingurunean, Ave Maria parkearen kasuan Hernanin (Jose Luis Loinaz, Agustin Errea eta Luciano Pagaegi) asmoa desberdina izan da honek ere bilbean loturak sortu behar bazituen ere auzo eta bide desberdinen artean, garrantzitsuagoa izan da birika funtzioa betetzea atsedenerako eta jolasarako gune egokiak sortuz. Ondorioz, oraingoan ere arkitekturaren presentzia xumea izanik emaitza handia da bereziki herritarrei zuzendutako espazioa baita, beraiengan pentsatuta eta beraien erabilpenerako prest.
Gauza bera gertatzen da Donostian Nautiko Miradorea (Girder Ingenierariak) izeneko espazio txikian baina oraingoan ere esanguratsuan; printzipioz kaia eta Nautiko Elkargoko eraikinaren —Jose Manuel Aizpurua eta Joaquin Labayaren lan zoragarria— artean eraikia hiritarrei behatoki berri bat eskaintzeko asmotan, lekuak funtzio gehiago bereganatu ditu egunerokotasunean, behatokiz gain atseden lekua bihurtu baita hiria eta itsasoaren arteko muga labainkorra bihurtuz, bertara ez baitzara hurbiltzen soilik begiratzeko baita sentitzeko, eta sentimendu hori neurri handi batean tokiaz gain eraikina berak lortzen du, bere diseinuarekin, bere materialekin, eta oraingoan ere eskuhartze xume baina bikaina baten bitartez.Giza-arkitekturaren organoak: eraikinak
Hondarribiko Igogailua, Hondarribia (Ricardo Ruiz).
Plazek bihotzaren funtzioa eta parkeak birikarenak beteko balukete gorputz forma izango zuen ametsetako arkitektura batean, eraikinak organoak izango lirateke, gorputzaren atal desberdinak garrantziaren arabera antolatutak multzotan edota taldetan. Baina eraikin hauen betebeharra arkitektonikoa ez da amaitzen funtzio bat edo batzuk betetzen dituztenean eta gainera guzti hau itxura egoki eta eder batekin lortzen dutenean, baizik eta eraikinak benetako arkitektura izateko ondoan duten inguruarekin harremanetan jartzen direnean eta zehazki bilbean zati desberdinen arteko loturak sortzen saiatu behar dituztenean. Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berriei eskainitako artikulo honen izenburuan aipatzen dugun bezala, arkitekturak ondorioz jostun lanak egiten ere saiatu behar du, hau da, bilbe berria sortzen lagundu behar du arkitektura gizakiaren esanetara egon behar duelako, herri eta hiri hobeagoak sortzen saiatu behar delako.
Tamalez gure artean oraindik ez dira asko helburu honekin sortuak izan diren eraikinak eta gehienetan oraindik ere isolaturik pentsatzen eta diseinatzen dira, beraien zilborrari soilik begira, inguruarekin oinarrizko harremanak bakarrik planteatuz baina benetan hauetan sakondu gabe. Hala ere gure artean patu hau betetzen ez duten zenbait adibide ere aurkitu ditzazkegu eta guk hiru nabarmenduko ditugu: Ortuellako Kultur Etxea (Ibon Bilbao, Jordi Campos, Caterina Figueroa eta Carlos Gelpi), Usurbilgo Potxoenea kultur bulego eraikina (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy) eta Mondragon Unibertsitateak Donostian eraiki duen Basque Culinary Center fakultate unibertsitarioa (Vaumm Estudioa).
Ortuellako Kultur Etxeaz (Ibon Bilbao, Jordi Campos, Caterina Figueroa eta Carlos Gelpi) aurreko artikuloetan hitzegin badugu ere nabarmenduz bere bolumetriak eta fatxadak tokiko meatze jarduerarekin duten harremana —hondakin herdoildua biltzen zuten hormigoizko egiturak gogorazten baitute—, oraingo honetan orubearen topografia maldatsuan zein egoki moldatu den aipatu beharra dago. Uharte baten modura behe aldeko kalea eta goi aldeko parkearen artean inguruarekiko isolatuta kokatu beharrean Ortuellako Kultur Etxeak nahiago izan duelako kalea eta parkea lotu, josi. Ondorioz arkitektoek bi guneak begiraden bitartez harremanetan ipini dituzte tartean oztopo bisualik altxatu gabe eta hori lortzeko funtsezkoa izan da kultur etxearen teilatuak mendi kateak irudikatzea, erabaki guztiz naturala oroitzen bagera hormigoizko egiturak izan zirela proiektuaren abiapuntu. Horrela Ortuellako Kultur Etxeak bat egiten du funtzio aniztasunarekin, irudi abstraktua baina esanguratsuarekin era berean iragana eta memoriarekin harremanetan ipintzen gaituena, eta orain gainera jostun lanak badakizkiela ere egiten erakusten digu.
Potxoenea kultur bulego eraikina (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy) Usurbilgo erdigune historikoan kokatzen da Dema eta Askatasuna plazen artean herriko kultur suspertzaileak biltzeko helburuarekin. Eraikin eraberritua izanik bi aurpegi erakusten dizkigu, Dema plazara jatorrizko altxaera eraberritua aurkitzen dugu, aurpegia guztiz garbituta baina jatorrizko harria, leiho txikiak eta antolamendua errespetatuz, eta Askatasuna plazarako altxaera bestalde beltzez margotutako egurrez eraikita eta leiho handiekin antolamendu guztiz garaikidea du. Horrela eraikinak bere baitan iragana historikoa eta oraina garaikidea modu bikainean lotzeaz gain zalantzarik gabe aurkitu litezken harremanetan sakonduz eta hausnarketarako bidea proposatuz, gainera eraikinak ere bi plazak lotzen ditu, Demakoa monumentala eta iraganekoa, eta Askatasunekoa erdigune historikotik kanpo kokatuta eta garaikidea baina ondokoarekin harremanean lotuta, josita, Potxoeneari esker.
Beste modu batean Mondragon Unibertsitateak Donostian eraiki duen Basque Culinary Center fakultate unibertsitarioak (Vaumm Estudioa) aurreko bi adibidetan egindako lana bera egiten du, oraingoan ere bere kokalekuak eta bereziki inguruneak —Aiete auzoa eta Miramongo parkearen artean— guztiz baldintzatzen duen neurrian egoera honen aurrean hartzen duen jarrera txalogarria baita bertan lanean parte hartu duen arkitekto taldeak zubi lanak ere egin baititu. Horrela, eraikinaren irudi indartsua —platera multzo bat bata bestearen gainean pilatutak, metatutak agertzen dira altxaera nagusian eta ezagunenean— Miramongo parkera zuzentzen duten neurrian, Aiete auzoko etxebizitza multzoekiko eraikinaren patioa kokatzen dute orubea gainera maldan batean baitago. Ondorioz, adibide honekin ere argi geratzen da eraikinak ez dutela soilik bere zilborrara begira egon behar baizik eta harremanak ere sortu behar dituztela beraien inguruarekin.Giza-arkitekturaren zainak: zubiak eta igogailuak
Azkenik, gorputzan zainekin gertatzen den bezala elementu txikienak izateagatik garrantzi gehiegi ez diegula ematen, edozein herri edo hiriaren bilbearen antolamenduan komunikaziorako erabiltzen diren beste eraikinak zubiak edo igogailuak bezalakoak sekulako garrantzia dute. Eta askotan arreta nahikorik jartzen ez badiegu ere beraien garrantzia handia da herri eta hirien zati desberdinak komunikatu eta gizakien lekualdaketak eta komunikazioak errezteaz gain, bilbeak edertzen dituztelako benetako jostun lana eginez, bai funtzionala bai formala. Eta ondorioz, sarreran aipatutako historia zatiak lotzeko, harremanetan ipintzeko primerako eraikinak izaten dira.
Potxoenea, Usurbil (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy).
Arazoa gertatzen da soilik funtzionalki ulertzen badira, herritarren eta hiritarren eguneroko bizitza errazteko eta bizkortzeko tresna gisa berez merezi duten trataera arkitektonikoa jaso gabe. Zorionez zenbait kasutan eta gero eta maizago trataera arkitektonikoa jaso izan duten eraikinak aurkitu ditzazkegu eta guk honako honetan hiru aukeratu ditugu: Iruñako Labrit zubia (Oscar Perez, Carlos Pereda eta Ignacio Olite), Iruñan ere aurkitzen den San Bartolome gotorlekuko igogailua (Oscar Mongay eta Maite Mariezcurrena) eta azkenik, Hondarribian Sabino Arana eta Alde Zaharra lotzen dituen igogailua ere (Ricardo Ruiz).
Iruñako Labrit zubia (Oscar Perez, Carlos Pereda eta Ignacio Olite) eredugarria da. Iruñeko harresia eta zabalgunearen arteko ibilbide-jarraitasuna eta ondorioz hiritarrentzat komunikazioa eta erosotasuna bermatzeko asmotan printzipioz eraikia izan bada ere, zubi honen funtzio ez da soilik izan Labriteko baluartea eta San Bartolomeko gotorlekua elkartzea errepide batek zatitzen baitzituen, baizik eta gainera iraganaren irakurketa berri bat proposatzea non historian zehar sortutako zatiak orain berriro elkartu egiten dira, josi egiten dira. Lana hau burutzeko zubiaren egitura harrigarria gertatzen da, pasabideak hartzen duen Y formak arintasuna eta xumetasuna eskaintzeaz gain egonkorra baita, arku baten formara hurbiltzen delako. Azken emaitza bikaina da erakinak helburu nagusia betetzeaz gain —funtzio praktikoa bete eta iragana berriro lotu— gainera modu dotorean, ederrean lortzen duelako.
Iruñan ere aurkitzen den San Bartolome Gotorlekuko igogailua (Oscar Mongay eta Maite Mariezcurrena) Txantrea eta Milagrosa auzoak hiriko bigarren zabalgunekin lotzen ditu hiritarren eguneroko bizitza erraztuz eta bata besteari bizkarra ematen zioten bi gune alkartuz. Adibide honetan historiak sortutako zatiak iraganean eskaileren bitartez lotzen saiatu baziren ere, ikuspegi garaikide batetik, hots, orainatik egindakoa, igogailuaren erabilpena zalantzarik gabe aukera onuragarriena zen. Baina honelako ingurune eta testuinguru batean igogailu bat ipintzea ez da batere lan erraza jatorrizko eraikinak eta hauen garapen historikoa errespetzatzeaz gain igogailua bera alde batetik ez delako nabarmendu behar, hau da, ez du protagonismorik izan behar, baina bestetik ederra izaten saiatu behar delako, hots, deus esan gabe era berean asko esan beharra du, eta hori oso zaila da. San Bartolome Gotorlekuko igogailuan ekuazio hau lortu dela uste dugu, Labrit zubian gertatzen den bezala emaitza bikaina baita, oraingoan ere dotorea bezain ederra.
Hondarribian Sabino Arana hiribidea eta Alde Zaharra lotzen dituen igogailuak (Ricardo Ruiz) Iruñako San Bartolome gotorlekuko igogailuak lortzen dituen helburu berdinak ere betetzen ditu baina oraingo honetan gainera harremana bereziki paisaiarekiko sortuz Hondarribiko igogailua eta goiko aldean sortzen den plaza herritarrak eta bisitariak ere behatoki gisa erabiltzeko pentsatuta baitago. Baina hirugarren adibide honetan ere berezko funtzio guzti hauek betetzeaz gain —komunikazioa, erosotasuna, behatokia— eta loturak sortu eta jostun lanak bete, eraikina bera, igogailua nabarmentzekoa da, xumea baita baina era berean indartsua, argitsua baina sendoa ere, eta ondorioz aurreko bi adibidetan aipatu dugun bezala honetan ere dotorea eta ederra.
Lotutako artikuluak:
Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian: Sarrera eta aurkezpena
Erabilera anitzeko eraikuntzen aldeko apustua. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (I)
Eraikuntza sistemen eta materialen inguruko hausnarketa. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (II)
Arrazionalismo abstraktua eta minimalismoaren garaipena. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (III)
Adierazkortasuna eta komunikazio dimentsioa salbuespen. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (IV)
Sarrerako argazkia: Nautiko Miradorea, Donostia (Girder Ingenieritza).