660 Zenbakia 2013-02-27 / 2013-03-13
Gotorleku bat irudikatu nahi dugunean, gaztelu bat datorkigu burura, Erdi Aroko ikurra askorentzat. Berez, arkitekturaren ikuspuntutik esan esaten da gaztelua dela Erdi Aroan, babesteko asmoz gune itxia sortzen duen harresi eta dorreen konbinazio bat. Ideia hori ezin hobeto betetzen du Eginoko gotorlekuak (Asparrena-Araba), harresiak baitzituen eta dorretzarrak tartekatzen baitziren, guztien artean barruti itxi bat eratuz. Horrez gain, bazeukan toki bat gazteluen adierazgarri izaten zen dorre nagusiaren eginkizuna betetzeko.
Baina Eginokoak bazuen bitxikeria bat, gaztelua bera ez bada bitxikeria: gaztelua zer den zehazten dituzten aipatutako elementu horiek guztiak, Altzaniako mendiek eskaintzen zutena erabiliz eginak baitziren. Hormatzarrak eta dorre sendoak bertako haitzak ziren eta horiek landuz eta oholesiekin eta bestelako egurrezko egiturekin osatuz gaztelua atondu zuten.
Bi haitz luzeetan, bakoitzaren kukulan, parapetoak ikus daitezke, eta horietako batean, beherago, terraza landu bat agertzen da harri-pila batekin ordokia lortzeko. Biak hego itxitura osatzeaz gain, talaia modura egokitu zituztela esaten digute adituek. Hirugarren haitz batek multzoko ipar-ekialdea ixten eta babesten zuen. Monolito horiek, Ilarduiako Haitzak, Eginoko eskalada-eskolak erabiltzen ditu gaur egun. Gotorlekuaren ipar itxitura Olano mendiaren beraren hormatzarra da.
Eki dorre-talaia. Kukula eskalatzaile batekin eta mendebal terraza murru baten aztarnekin.
Hala ere, haitzak sortutako esparru hori askoz lehenagotik hasi ziren erabiltzen, Eneolito-Brontze garaitik hain zuzen (2.500 urte k.a.), eta Burdin Aroan herrixka gotortua zen. Egun Allaran edo Surbi izenarekin ezagutzen da aztarnategia eta indusketa arkeologiko batzuk egin dituzte.
Historiaurreko gune horren gain-gainean geratzen den Jentilgoba izeneko leizean ere aurki daitezke garai haietako hondarrak. Baina Erdi Aroan, 17 metro luze eta 11,5 metro zabal zen leizea moldatu zuten gotorlekuaren dorre nagusiaren eginkizuna betetzeko; horrela, arerioek gaztelua eskuratuko balute, azken defentsa bertatik bideratu zezaketen. Murru batekin dorrerako sarbidea prestatzeaz gain, barrualdean ur-biltegi bat eraiki zuten setioetan hornidura bermatzeko, leizeko ura gordeta. Egindakoa eraikin gangaduna zen baina goialdea behera bota zuen bazter horien azken erabiltzaileak, XX. mendean. Ahuntzak eta antxumeak sartzen zitzaizkion biltegiko zuloan eta handik ateratzeko komeriak saihestearren, eraikinaren estaldura kendu eta bukatu zitzaizkion arazoak.
Goialde hartan ere, haitz zabalek babesa eskaintzen zioten kobari, mendebaldetik eta ekialdetik ingurukoa itxiz eta goiko barruti bat sortuz.
Multzo ikusgarri hori ez da oso ezaguna, nahiz eta dagoeneko Paskual Madoz nafarrak bere hiztegian (1848) jaso zuen Egino sarrera-hitzan: “herri honen eta Ilarduiaren artean bada haitz bat harpe bat duena; jendeak jentilen koba deitzen dio, eta sarreran hezur ugari daude, bai animalienak eta bai gizakienak. Sarreratik 30 oinera ur-zulo eder bat dago, harlangaitzeko arku sendoz osatua. Haitzaren oinetan harresien hondarrak eta harrizko hilobiak agertu dira, eta horien barruan, gizakien aztarnak. Beraz, horrek guztiak argi eta garbi adierazten du antzina haitzulo horretan jendea bizi izan zela”. Behealdeko hilobiak eta eraikinen aztarnak desagertu dira, bazter horiek kareharri-harrobi bihurtzeko saioa egin zenean XX. mendean.
Hala ere, Eginoa gotorlekua gutxitan agertzen da Nafarroako Agiritegi Orokorrean. Beharbada, XIV. mendean bakarrik erabili zuten, mugako talkak areagotu zirenean. Aukera guztiak agortze aldera, Eginoko hori paperetan maiz jasoa geratu den Irurita gaztelua izan daitekeela esan dezakegu, edo Burundako gazteluzainaren egoitza, bi toki horien kokalekuak ez baitira oraindik guztiz argitu.
Jentilgoba, gazteluko ur-biltegi gangadunaren aztarnak. Ura ezkerretik jasotzen zuen.
Arturo Campión iruindarrari (1854-1937) zor dizkiogu eraikinaren bi aipamen zuzen. 1334. urtean Mendialdeko merinoak agindu zion Corbarani —Eginoa gotorlekuko zaindaria— ez uzteko sartzen hiru “malhechores pésimos” (Johan Martiniz de Larriztegui, Martin de Çegama eta Diego de Urdiayn). Aipu horren arabera, Eginokoa ohiko errege gazteluen zerrendan agertu ez arren, bertako arduraduna Nafarroako Erresumaren soldatapekoa zen.
Bigarren albistea geroxeagokoa da, 1340. urtekoa hain zuzen. Agiri batetik jasotakoaren arabera, mugaldeko istilu batean, Arabako lapur talde batek setiatu zuen gotorlekua, baina alde egin zuen merindadeko merinoa iritsi zenean.
Ikusten denez, asko dago ikertzeko. Ziurrenik berri gehiago egongo dira barreiatuak aipatutako Iruñeko agiritegian, ez asko, baina hori baino interesgarriagoa da gotorlekuaren egituraketa ezagutzea, Altzaniako mendietako bazter hartan.
Dena den, mendiaren eta haitzen erabilera dela eta, dagoeneko Euskal Herriko gaztelu bitxienetako bat dela aldarrika dezakegu, eta hori ez da gutxi.
Sarrerako argazkia: Hego itxitura eta Jentilgoba aurretik begiraturik, hegoaldetik.