651 Zenbakia 2012-12-19 / 2013-01-02

Efemerideak

Efemeridea. Julian de Tellaeche Aldasoro margolaria Liman hil zen 1957ko abenduaren 24an



Julian de Tellaeche Aldasoro.

Eduardo Chicharroren tailerrean eta Pariseko Julien eta Colarosi akademietan egin zituen ikasketak. Ibilbidea pinturan zentratu baino lehen, itsasmutila izan zen; lanbide hori ezin izan zuen inoiz ahaztu eta egindako lan ederretan hala erakutsi zuen; 1916an Madrilen eta Bartzelonan egindako Euskadiko Artisten Erakusketan miretsiak izan ziren. 1939an Parisen finkatu zen, ontziak, olatuak, esperientzia handiko itsasgizonak eta abar margotuz; horien gaiekin arrakasta artistiko eta ekonomiko handia lortu zuen. Era berean, zaharberritze-lan garrantzitsuak egin zituen.

1952an, Parisetik, Limara joan zen eta bertan bizi izan zen hil arte. Nazio horretan Peruko Altxor Artistiko Nazionalaren Kontserbatzaile izendatu zuten. Amerikan eta Europan asko bidaiatu zuen. Euskadiko Artisten Elkartearen (1911) sortzaile taldekoa izan zen eta arte-kritikaren zenbait lan argitaratu zituen Bilboko egunkari batean (1924). 1931n Ascensio Martiarena pintore eta laguna ordezkatu zuen hura falta zenean, eta irakasle lanetan aritu zen.

Tellaeche Euskadiko joera akademizista menderatzaileko pintura etnografiko orotatik aldentzen zen eta literatura erromantizistako kutsua kentzen zion. Pintura egitura gordinean uzten zuen, bere lege eta berezko indarrekin, biluzik eta deskribapen-korronte orotatik aldenduta.

Hauek dira lan ezagunenak: Maternidad, El tuerto, Un hombre de mar, El viejo patrón, Pescador lequeitiano, Retrato de Bruno Mauricio de Zabala (Gernikako Batzar Etxearen Galeriarako eskatu zioten), Marinero viejo, La llegada de las barcas, El puerto y Veleros, (azken lan hau Madrilgo Arte Garaikideko Museoaren jabetzako lana da), Madres, Orio, El pescador con remo, Remero eta abar.

[+] Informazio gehiago

Tellaecheren lanetariko bat.