651 Zenbakia 2012-12-19 / 2013-01-02

Euskobooks

Aipamena. Kaleidoskopioa

Egilea: Joxemari Iturralde Argitaletxea: Pamiela, 2012 Orrialde kopurua: 208 ISBN: 978-84-7681-731-5 Ezaugarriak: Ezagun dugu Joxemari Iturralde fikzio idazle gisa. Hogeita hamar urteko ibilbidea osatu du dagoeneko literatur munduan. Bere hainbat lan, gainera, irakurri eta maite izan dituzte belaunaldi ezberdinetako irakurleek. Ezezagunagoa izango zaigu, akaso, artikulugile modura, prentsarako testu idazle bezala. Baina bizitza osoa jardun du horretan ere, idazten hasi zenetik kasik. Luze gabe, hamar urte eman ditu, 2001etik 2011ra, artikulu bat argitaratzen astero Gara egunkariko Mugalari gehigarri kulturalean. Kaleidoskopioa bilduma honetara, hain zuzen, Mugalariko artikuluen aukeraketa bat ekarri dugu, guztira idatzitako 484 testuetatik esanguratsuenen sorta hautatu, moldatu eta zuzendua. Artikulu askotarikoak aurkituko ditu irakurleak orriotan. Gai aldetik, adibidez: literatura, arte ezberdinak, historia, zientzia, ekonomia, hezkuntza, hizkuntzak hartu dira hizpide, horien gaineko kezka eta ezinegonak. Gaurkotasuneko gaiak, pil-pilean diren eztabaidak. Baina baita istorio txikiak ere, gertukoak, pertsonalagoak, ezezagun bezain jakingarri egingo zaizkigunak. Eta beti ere Joxemari Iturralde idazlearen lumatik iragaziak. Artikulugilea ezagutu izanaz poztuko da irakurlea.