635 Zenbakia 2012-07-27 / 2012-08-31

Gaiak

Katedral garaikideak: Arabako eta Nafarroako hainbat upeltegien eraikin berriak ezagutzeko ibilbide proposamena

FERNÁNDEZ ALTUNA, José Javier



Askotan aipatu bada ere garai berrietako katedralak museo garaikideak izan direla eraikuntza hauek izan baitira azken bi hamarkada hauetan gehien altxatu direnak gure hirien eta kulturaren sinbolo gisa, ikuspegi arkitektoniko batetik, hau da, espazioaren eta formaren antolamenduei soilik erreparatzen badiegu, ziurrenik katedralen antza handiagoa dute azkenaldi honetan eraiki diren hainbat upeltegien eraikin berriak.

Azken hamarkada hauetan ardoaren ekoizpena hobera egin duen neurrian —kontsumoa bera jeitsiz baina kalitatea igoz, eta horrekin batera produktoaren balioa—, Euskal Herriko hainbat upeltegi ospetsuak —Marques de Riscal, Chivite, Marco Real, Baigorri, Viña Real, Otazu, Ysios, besteen artean— beraien eraikinak berritzeko asmoa hartu zuten. Horrela, eta batez ere aurreko hamarkadan hainbat upeltegi berriak altxatu ziren Araban eta Nafarroan baina ez bakarrik ardoaren ekoizpena hobetzeko helburuarekin, baita ere ardoaren kulturatik etekin handiagoak lortzeko itxaropenarekin, bereziki turismoa bultzatuz upeltegi hauekiko jakinmina piztuz eta bertan egon, bisitatu, ardoa dastatu eta salmenta bultzatzeko asmotan. Guzti hau lortzeko, bideratzeko, eta neurri handi batean “Guggenheim efektua” deitu den fenomenoaren eraginpean —hau da, eraikuntza bakar batek sortu dezaken sinergia baikorra eremu zehatz batetik abiatuz inguruko beste guztiak txertatuz— gure arteko hainbat upeltegik beraien instalakuntzak handitzeko asmotan eraikin bereziak, neurri batean erakargarriak, egiteko erronka eta apustua bere gain hartu zuten. Eta azkenean hainbat upeltegien proiektuak eta asmoak bidean edo ametsetan geratu badira ere sektore honetan krisia ere gogorra izan baita, zorionez zenbait adibide eraiki dira eta guztion eskutara ditugu, gure bisitaren zai daude, eta ondorioz hau da gure asmoa, ikuspegi arkitektoniko batetik eraikin interesgarrienak bilduko lituzken ibilbide proposamena luzatu irakurleari.

Ysios.

Argazkia: CC BY - jorge.cancela.

Horretarako, zazpi upeltegi aukeratu ditugu, hiru Nafarroan —Erriberan, Etxaurin eta Aberinen, azken hau Lizarratik gertu— eta lau Araban —Samaniegon, Biasterin bi eta Eltziegon—, eta bertako eraikinak berriak izateaz gain gehienak 2000 eta 2006. urteen artean eraiki zirela aipatu beharra dago. Hala ere, gure ibilbide proposamen hau ez da ohikoa izango, hau da, ez dugu ibilbidea geografikoki planteatuko aurrena irteera batekin eta azkenik helmuga batera heltzeko asmotan, baizik eta gure ibilbideak ikuspegi arkitektonikoari garrantzia eman nahi dion neurrian, upeltegi hauetako zazpi erakin berriak amankomumean dituzten zazpi ezaugarriak aukeratu ditugu eta banaka azalduz eta deskribatuz banan bana ere upeltegiak aipatuko ditugu, arkitektoak nabarmenduz eta ezaugarri esanguratsuenak aipatuz. Hasi gaitezen:

• Eta hasteko... ikuskizuna: aurretik esan dugun bezala, upeltegi berri hauek ez dira bakarrik eraiki ardoaren ekoizpenaren izenean baizik eta baita ere turismoa erakartzeko asmotan, eta ondorioz upeltegi askok beraien eraikin berriak egiteko orduan hori oso kontuan hartu eta arkitekto ospetsuak eta eraikin ikusgarriak aukeratu dituzte. Lehen ezaugarri honen adibiderik argiena Araban, Eltziego herrian, Marques de Riscal upeltegiak 2006. urtean altxatutako eraikuntza berria dugu. Egile beraren izena kontuan hartzen badugu —Frank O. Ghery, Bilboko Guggenheim Museoaren arkitekto bera— upeltegi honen asmoa zein zen argi geratzen da. Gainera, kasu honetan Marques de Riscal upeltegiak ez du altxatu erakin berria bere ardoaren ekoizpenerako, baizik eta zuzenean eraikin berriaren funtzioa bost izarreko hotela jasotzea izan da eta turismoarekin lotutako beste bete behar batzuk ere. Bilboko museoaren antzera, eraikinan kanpotik eta urrutitik titaniozko xaflak —hiru kolore desberdinetan koloreztatutak, ardoa, boteila eta kapsularen omenez— protagonismo osoa hartzen badute ere interesgarriena barruan dago, espazioaren antolamenduan eta material berrien erabilpenean.

• Jarraitzeko... didaktikotasuna: baina upeltegi berri hauen asmoa itxuran besterik gabe geratzea ez denez, guztietan ere aipatu beharra dago sekulako lana egin dela batez ere arkitektoen aldetik ardoaren ekoizpena modu didaktikoan erakusteko asmotan. Bigarren ezaugarri honen adibiderik esanguratsuenetakoa Araban ere, Biasteri herrian kokatzen den Ysios upeltegian aurkitu dezakegu. Santiago Calatrava arkitektoaren eskutik 2000. urtean eraikia —Loiuko aireportua edo Bilboko Zubixuri zubiaren egile bera— luzerako eraikin honetan ardoaren ekoizpena eraikinaren mendebaldean hasten da, mahatsondoen ondoan, eta ekialdean amaitu, behin ardoa egin ondoren kamioietan bezeroengana abiatzen denean; bestalde, hegoan herria eta Ebro ibaia ditugu eta iparrean mendiak, Kantauriko mendizerra. Hormigoia, aluminio eta egurraren erabilpenarekin batera, eta uraren bitartez lortzen duen jolasari esker —uraren isladak upelak sortzen baititu—, Calatravak bere eraikin bikainetakoa egitea lortu zuen Biasterin, funtzionala, adierazgarria eta ederra.

Marques de Riscal.

Argazkia: CC BY - Nestosip.

• Helburua... ardoa: eraikuntza berri guzti hauetan ardoaren ekoizpenean kalitatea hobetzen dituzten baldintzak zein garrantzitsuak izan diren nabarmendu behar den hirugarren ezaugarria da. Besteen artean, tenperatura, hezetasuna eta argia modu ikusgarrian kontrolatu dira, eta ondorioz, bai eraikinen formak bai eraikuntzan erabili diren materialak baldintza hauen esanetara ipini dira. Ezaugrri honen adibide esanguratsuenetakoa Nafarroan aurkitu dezakegu, Etxaurin zehazki, Otazu upeltegian, Jaime Gazteluk, Paloma Baranjuanek eta Ana Fernandez de Mandiak 2004. urtean eraikitakoa. Upeltegi honetan aipatutako baldintzak eta beste asko ere kontuan hartu dira ahal den ardorik hoberena lortzeko asmotan, eta Ysiosen aurkitzen dugun luzerako proposamenaren aurrean hemen upeltegia lur azpian lurperatzea hautatu da —beste upeltegietan ere egin den bezala, Viña Realen edo Baigorrin— neurri handi batean antzinako ohiturak berreskuratuz eta bertatik ere ikasiz. Bestela ere, eraikuntza ikusgarria da, forma sinple eta soilak erabiliz lortzen duen monumentaltasuna nabarmenduz.

• Azkenik… estiloa: zaila bada ere egun egiten den arkitektura garaikidean estiloaz hitz egitea, egun beste adierazpen artistikoetan gertatzen den bezala estilo asko baitaude eta aniztasunak nagusitasuna du, upeltegien tipologian nahiz eta upeltegi asko eraikuntza ikusgarriak egiten saiatu diren eta horretarako arkitekto garrantzitsuak, esanguratsuak, mediatikoak, aukeratu dituzten, eraikuntza gehienetan nabarmendu den estiloa minimalismotik oso hurbil dago. Hau da, orokorrean, forma abstraktoaz eta geometrikoaz eginak daude, material berrien aldeko apustua argia da, eta gehienetan handinahirik ez dago, baizik eta paisaian txertatu, ardoaren ekoizpenari protagonismoa eskaini eta neurri batean iraganarekin loturak sortu eta denboran lasai irauteko asmoa antzematen da. Ezaugarri hau oso nabarmena da Erriberan, Nafarroako herri honetan kokatzen den Marco Real upeltegian, aukeratu ditugun eraikinetatik lehena 1990koa baita eta Patxi Mangado arkitekto nafarraren lehenengotako lana. Kasu honetan ere Mangado geroago bere erakin esanguratsu eta adierazgarriei esker nabarmendu bada ere —Iruñako Baluartea, Zaragozan Espainiako pabiloia urari eskeinitako erakustaldian, besteak beste—, upeltegi honetan bere erabaki guztiak irmoak izan ziren, gehiegikeririk gabe, funtzioari jarraituz.

• Baita... materialak: aurrekoarekin lotuta, eraikin hauetan ere material berrien aldeko apustua nabarmendu beharra dago. Baina material berriak aipatzen ditugunean ez da bakarrik kontuan hartu behar hormigoia, burnia, aluminioa edota titanioaren erabilpena, baizik eta baita ere egurra edo harriaren erabilpena beti eta eraikinak horrela eskatzen badu. Ezaugarri honekiko, zalantzarik gabe, Rafael Moneoren lana aipatu behar da Aberin herrian Chivite upeltegiarentzat. Bertan 2002. urtean aimatu zituen upeltegi berriaren lanaz gain aurreko mendeetako eraikinen zaharberritzea nabarmendu beharra dago —XIII. mendeko dorre bat, XVIII. mendeko jauregi bat eta XIX. mendeko eliza bat—, guztia multzo erakargarri bat osatuz, bertan iraganak eta etorkizunak eskua ematen baitira arkitekto maisu baten lanari esker.

Baigorri.

Argazkia: CC BY - jorge.cancela.

• Baina... detaileak: sinpletasunez eta soiltasunez hitzegiten badugu ere, eta nola eraikinaren funtzioa formak baldintzatzen dituzte, horrek ez du esan nahi eraikin guzti hauetan maila handiko arkitektoen eskua nabarmentzen ez denik. Eta hori bereziki esanguratsua eta deigarria gertatzen da eraikin hauen detaile askotan —eskailerak, zutabeak, ateak, lehioak—, adibidez, Viña Real upeltegian argi geratzen den bezala. Biasterin ere kokatzen den upeltegi honetan —Philipe Mezieres arkitekto frantsesaren lana— 2004. urtean altxatuta, bisitariaren begiradak lanak izango ditu eraikuntza ikusgarri honek eskeintzen dituen ñabardura guztiak jasotzeko; kanpotik eraikuntzak upel erraldoi baten forma hartzen badu ere, barruan beste zerbait aurkituko duelako.

• Bukatzeko... paisaia: bukatzeko paisaia ardoaren jatorria hori baita, paisaia, natura, lurra. Alde honetatik harrigarria gertatzen da eraikuntza guztiak nola lortu duten paisaiarekin bat egitea, bertan txertatzea, berari protagonismoa ematea. Ezaugarri hau modu berezi eta ikusgarri batean Samaniegon kokatzen den Baigorri upeltegian aurkitu dezakegu, Iñaki Aspiazu arkitekto gipuzkoarraren lan zoragarrienetakoan eta 2003. urtean amaitua. Eraikuntza lurperatuz, Aspiazuk paisaian agerian uzten duen elementu arkitektoniko bakarra behatoki bat da, mahatsondoak ikusteko, natura sentitzeko, bera gabe ardorik ez litzatekelako egongo. Sentsazio miresgarria.

Amaitzearren, eta proposatutako ibilbidea gure jakingura guztiz ez badu hasetu edota ardoaren inguruan gauza gehiago ikusteko eta ikasteko gogoa badugu, aipatu hiru aipamen gehiago: oso hurbil, Logroñon, Ignacio Quemada arkitekto errioxarraren Alkorta upeltegia, aurreko ezaugarri guztiak ere laburbiltzen dituen eraikin zoragarria; hemendik hurbil ere, Haro herrian, Viña Tondonio upeltegian Zaha Hadid arkitekta irakiar ospetsuak altxatutako ardo eta dastaketa denda ikusgarria; eta azkenik, ardoak eta beste adierazpen artistikoak ere harreman estuak dituztela ikusteko eta gozatzeko, Labastidan, Araban berriro ere, Remelluri upeltegiaren etxaldean kokatzen den ermita batean mahatsondoz inguratuta Vicente Ameztoy artista garaikideak 1993 eta 2000. urteen artean margotu zituen irudi erligiosoak baina baita profanoak ere. Ez zarete damutuko.