629 Zenbakia 2012-06-15 / 2012-06-22

Gaiak

Bideoa: Uda Ospatuz. Sorogaingo Marka

EUSKOMEDIA



Aurreko ekimenetan bezalaxe, honako lan honek bi xede nagusi ditu: batetik, ikusgarria gerta daitekeen produktua eskaintzea aparteko irudiak erabiliz; bestalde, udaberritik udazkenera bitartean esanguratsuak ditugun 25 ospakizun horien deskribapen soila burutzeaz gain, ezaugarri eta oinarri nagusiak erakutsi nahi dira. Harreman eta lotura horien bitartez, jendeak euskal festa giroak bizi izan duen aniztasuna eta muina bereganatu ahal izango du.

San Prudentzioko festak, Kaxarranka, Pastoralak, San Juan eguneko sua, .... horiek guztiek Euskal Herriko lurretan barrena eraman gaituzte festaz festa, ospakizun anitzetan murgilduz, ohitura zaharrak erakutsiz eta sentipen berriak sorraraziz.

Sorogaingo Marka Non eta noiz

Bizkarreta – Maiatzaren bigarren larunbata Zer gertatzen da

Artzainen bizimoduan, urteko egutegia urtaroetako transhumantzien arabera antolatzen da: udaberrikoaren eta udazkenekoaren arabera, hain zuzen. Beharbada, are egokiagoa litzateke trasterminantzia hitza erabiltzea, ibilbide motzeko transhumantzia esan nahi baitu. Ibilbide horiek ez dira inoiz ehun kilometrotik gorakoak izaten, eta halakoak egiten dituzte, hain zuzen ere, euskal artzainek beren artaldeekin. Trasterminantzia horien hasieran eta amaieran, gaur egunean, zenbait ekitaldi egiten dira, ez oso jendetsuak baina bai balio sinboliko berezia dutenak.

Hala egiten da Erroibarren, esaterako. Gremioa elkartzen den eguna oso ekitaldi erakargarria izaten da, maiatzean egiten diren elkarretaratzeak direla medio: bata Bizkarretan, hegoaldean, eta bestea, Urepelen, Nafarroako iparraldean. Ekitaldi horiek Sorogaingo Marka izenez ezagutzen dira.