617 Zenbakia 2012-03-16 / 2012-03-23

Gaiak

Emakume eta gizonen berdintasuna irakasleen formazioan: Gasteizko Irakasle Eskolaren kasua

ARISTIZABAL LLORENTE, Pilar



Hurrengo lerroetan EHUko Pilar Aristizabal irakasleak, Karmele Perez Urraza eta Begoña Bilbao Bilbaoren zuzendaritzapean garatutako tesiaren alderik adierazgarrienak aurkezten ditugu.

Azken hamarkadetan emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko ekimen ugari egon dira, baina, agerikoa da oraindik lan asko dagoela egiteko. Irakasleen prestakuntzak berebiziko garrantzia du helburu hau lortzeko, pertsona guzti guztiak eskolatik pasatzen baikara. Baina, nola hautematen dute ikasle eta irakasleek berdintasunaren egoera gure Gasteizko Irakasle Eskolan?; zeintzuk dira irakasle eta ikasleek ikasketa planetan antzematen dituzten gabeziak?; emakume eta gizonen berdintasuna dela eta, zer nolako sentsibilitatea hautematen dute ikasleek beraien irakasle eta ikaskideengan?; zer egin da orain arte eskolan?; zein ikasgaitan tratatu da emakume eta gizonen berdintasuna edo hezkidetzaren gaia?; nola tratatu da?; nola tratatu da planteatzen diren metodologia eta estrategia didaktikoetan?

Ikerketan zehar galdera hauek erantzuten saiatu gara. Horretarako, Gasteizko Irakasle Eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako zein Heziketa Fisikoko hirugarren mailako ikasleei eta beraien irakasleei luzatu dizkiegu galderok. Jaso ditugun erantzunetan hezkidetzari buruzko edukiak curriculumean txertatzen eta irakasleen hasierako prestakuntza hobetzen lagunduko luketen hainbat proposamen jasotzen dira.

Erreferente teorikoei dagokienez, hiru dira lan honen zutabe nagusiak:

1.- Maistren formazioaren eta emakumeen heziketaren historiari buruzko zertzelada batzuk. Irakasleen formazioa eta emakumeen hezkuntzaren historia dela eta, hiru epe mugatu ditugu: Lehenengo epea, XVI. mendetik, XX. mendearen hasierara arte doa eta Eskola Normalen sorrera eta garapenari dagokio. Bigarren epea, Espainiako Gerra Zibilaren aurreko urteei dagokie. Hirugarren epea, Frankismoaren garaia eta Hego Euskal Herriko Gerraondoko eskola-esperientziak.

2.- XX. mendean emakumeen aldeko borrokan egon diren une garrantzitsuenen gaineko azterketa. XX. mendearen bigarren hamarkadan, oso garrantzitsuak izan ziren Emakumeen Mundu Mailako lau konferentziak eta bereziki Beijingoa aipatzen dira.

Emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko ekimen ugari egon dira, baina, agerikoa da oraindik lan asko dagoela egiteko. Irakasleen prestakuntzak berebiziko garrantzia du helburu hau lortzeko.

Argazkia: CC BY - flickingerbrad

3.- Azkenik, ikerketa feministen eskutik, generoaren araberako desberdintasunak nola sortzen diren eta eskolak desberdintasun horien transmisioan jokatzen duen papera aztertu, eta aurrera doan XXI. mende honetan, irakasleen prestakuntzan genero ikuspuntua sartzeko arrazoiak jorratu ditugu tesi lan honetan. Besteak beste: Sexu-genero sistemaren definizioa: Rosaldo (1977), (Izquierdo (1985), García Meseguer (1989), Mendez (1992). Irakasle eta ikasleen arteko elkarreragina; neska eta mutilei tratu ezberdina: Subirats eta Brullet (1988), Freixás eta Fuentes (1986), Spender (1982), Stanworth (1981), Warrington eta Younger (2000), eta Francis (2000). Emakumeen presentzia desorekatua eskola antolakuntzan: Apple (1986), Acker (1987), Clarricoates (1980 eta 1987), Subirats (1988), eta Alberdi (1985). Testuliburuetan ezarritako sexismoa: Scott (1980), Garreta eta Careaga (1987), Subirats (1993). Hizkuntzan ezarritako sexismoa: García Meseguer (1986 eta 1994), Lledó (1992), Bengoechea (1995), Alvarez (2007), Barquín (2008). Androzentrismoa eta emakumeen ikusezintasuna: Durán (1982), Moreno (1986), Sánchez Bello (2002).

Metodoari dagokionez, kasu-azterketa baten aurrean gaude: Gasteizko Irakasle Eskolako kasua. Ikerketan parte hartzen duten ikasle zein irakasleenganako hurbilketa bilatzen da, beraien hausnarketak, motibazioak eta interpretazioak ulertzeko asmoarekin eta errealitatea beraien ikuspuntuaren arabera ikustea lortzeko asmoarekin. Ikerketa honen azken xedea da Gasteizko Irakasle Eskolako errealitatea ondo ezagutzea eta ulertzea, eta hori dena, errealitate horretako protagonisten begietatik.

Informazioa biltzeko erabili diren estrategiak bi izan dira nagusiki, gaiarekiko lehenengo hurbilketa egiteko bai irakasle eta bai ikasleei pasa zaien galdeketa, eta, ondoren, kolektibo hauekin egindako eztabaida-taldeak. Ondorioak

Ondorioei dagokienez, burutu dugun lanean honako hau ikusi dugu:

1.- Ikasketen aukeraketa estereotipatua: Historikoki, emakumeen hezkuntza-curriculuma besteak zaintzearekin eta etxeko esparru pribatuarekin lotuta egon dela eta mutilena, aldiz, esparru publikoarekin. Badirudi, oraindik ere, zama hori arrastaka daramagula eta horrek eragina duela neskek eta mutilek egiten duten ikasketa eta lan aukeraketan.

2.- Berdintasunaren gaiaren inguruan “normaltasuna”: Berdintasuna “gaindituta” dagoen zerbait dela uste dute ikasleek, ondorioz, ez dute lehentasunezkoa ikusten gai hau jorratzea.

3.- Eskola edo sailen aldetik ez da lan sistematikorik egiten: Ez dago planteamendu sistematikorik eskola edo sailen aldetik, irakaslearen esku gelditzen da gaia lantzea edo ez; eta horretan, ez dago desberdintasunik emakume edo gizona izateagatik. Inplikazio maila pertsona bakoitzak gaiarekiko duen sentsibilizazioaren arabera dago.

4.- Ikasleek estereotipoak ez dituzte halakotzat identifikatzen: Horrez gainera, diskriminazio egoerak antzemateko zailtasunak erakutsi dituzte.

5.- Berdintasunaren inguruko oinarrizko kontzeptuen ezagutza ez da ziurtatzen: Androzentrismoa zer den, esaterako, oso ikasle gutxik daki. Alabaina, presente dago eskolako eta bizitzako esparru guztietan. Bai hizkuntzaren erabilera sexista, bai arloetan ematen den emakumeen ikusezintasuna, bai ikasketak aukeratzeko orduan dagoen desoreka, jendartean bizirik dirauen ikuspegi androzentrikoaren ondorioak dira. Beraz, kontzeptu hau ezagutu gabe, nekez aldatuko dira gauzak, nekez egingo dugu aurrera.

Sexismoari aurre egiteko tresnak eskaini ikasleei: ereduak, tailerrak, materialak, hausnarketa guneak,...

Argazkia: CC BY - jakintza ikastola Etorkizunari begira

Honenbestez, argi geratu da erronka dela, oraindik, genero ikuspuntua titulazio berrietan sartzea. Hauek dira lan hau burutu ondoren etorkizunerako antzeman ditugun erronkak:

1.- Genero ikuspuntua titulazio berrietan sartzea: Irakasle berrien prestakuntzan lanean jarraitu behar dugula ikustarazi arte estereotipoak, jokabideak, munduaren ikuskera androzentrikoa inkontzienteki zein puntura arte dauzkagun barneratuta. Gai honekiko sentsibilizazioa ezinbestekoa da, desberdintasunak ikusteko “begiradatrebatu behar da”.

2.- Erabiltzen dugun hizkuntzaren eraginaz jabetzea: Erabiltzen dugun hizkuntzaren eraginaz hausnartu eta kontzientzia hartu behar dugu, errealitatea interpretatzeko modua da hizkuntza, gure hizkuntza aldatzen dugun heinean errealitate hori aldatuko da.

3. Haur Hezkuntza erakargarri bihurtzea, prestigiatzea: Agerian geratu da, Haur Hezkuntzari buruz dagoen irudi “asistentziala” ekiditeko, duen izaera pedagogiko eta profesionalizatzailea nabarmendu behar direla eta mutilentzat ere erakargarri bihurtu.

4. Praktikaldian, generoa bihurtzea behaketaren ardatza: Proposamen interesgarria ikusi da Praktikaldia generoko desberdintasunen inguruko behaketa-lanaren ardatza bihurtzea. Esparru ezin hobea dela baloratu da eta aurrera eramateko erronka dugu aurrean.

5. Sexismoari aurre egiteko tresnak eskaini ikasleei: ereduak, tailerrak, materialak, hausnarketa guneak,...: Ikasleek —eta irakasleok— estereotipoei aurre egiteko, berdintasuna eta hezkidetza egunerokotasunean lantzeko, espazioen erabilera orekatzeko, familia eredu berriekin lan egiteko..., ez dutela tresna nahikorik eta tresna horiek Irakasle Eskolan eskaini beharko genizkiela.

Amaitzeko, lan hori egi bihur dadin Gasteizko Irakasle Eskolan planteatu diren ekimen batzuk aipatuko ditugu:

Tesi hau idazten ari zen bitartean, Berdintasun edo Hezkidetza Batzordea deitu duguna sortu zen, 2009an, eta lan asko egin du dagoeneko. Besteak beste hauek izan dira burutu dituen lanak:

- Zeharkako ikasgai baten diseinatu da eta, titulazioetan ezarrita dauden diziplinarteko moduluetan berdintasunari buruzko edukiak sartzen ari gara: beraz, esan daiteke, erronkei aurre egiten hasi garela.

- Sentsibilizazioa eta hausnarketa eragiteko prozesu horren barruan jardunaldiak, hitzaldiak, lehiaketak eta horrelako ekimenak antolatu ditugu eta antolatzen jarraituko dugu. Horrez gain, baliabideak biltzeko datu-base bat osatzen ari gara, Eskolako kide guztiok eskuratzen ditugun materialak partekatzeko gune bat.

- Darabilgun hizkuntzaren inguruko hausnarketa sustatzeko, irakasle guztien artean hizkuntzaren erabilera ez-sexistarako materialak eta baliabideak eskura jarri ditugu eta, erabiltzera animatzeaz gain, hizkuntzaren erabilpen ez-sexista sustatzeko formazio saioak antolatu genituen 2010ean.

- Bestalde, Praktikaldiak ematen digun aukera baliatuz gure helburua da behaketa eta azterketa kritikoa eragitea honako aspektuei buruz: Zer gertatzen den espazioa eta denborarekin eskoletan; nolakoa den patioen itxura eta erabilera; neska-mutilen arteko menpekotasun/nagusitasun harremanak nolakoak diren. Modu berean, eskolako materialak androzentrismoaren ikuspuntutik aztertzea bultzatuko dugu, testuliburuetan zein eduki lantzen diren eta zein hizkuntza eredu erabiltzen den aztertzeko, geletan zein ezagutza irakasten diren eta zeintzuk falta diren kritikoki begiratuz.

Uste dugu hori dela bidea eta Hezkidetza Batzordea bera indartu beharko dugula hezkidetzaren bidean ibiltzen jarraitzeko.