617 Zenbakia 2012-03-16 / 2012-03-23

Efemerideak

Efemeridea. Ramon Maria Aldasoro Galarza 1897ko martxoaren 20an jaio zen



Ramon Maria Aldasoro Galarza.

21 urterekin Zuzenbide karrera amaitu zuen Madrileko Unibertsitatean eta bi urte beranduago bere bulegoa ireki zuen Bilbon, Zuzenbide eta Gizarte-zientzien Akademiako presidenteorde izan zelarik.

Primo de Rivera jeneralaren diktaduran zehar euskara sustatu nahi izan zuen talde bateko kide izan zen. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzako kide izan zen eta baita Bilboko El Sitio izeneko Elkarte liberalekoa ere. Errepublikanoa, liberala eta autonomista zen eta 20-30 hamarkadetan bere etxea bilerak eta konspirazio politikoa egiteko egoitza bilakatu zen. 1930ean Frente egunkariko kolaboratzaile izan zen eta “Donostiako Itun” ezagunean parte hartu zuen. Urte berean, abenduan izandako altxamendu errepublikanoaren ondorioz, atxilotu eta espetxeratu egin zuten Madrilen. 1931ko martxoan Bizkaian “Errepublikako Zerbitzuen Elkartea” sortu zuen beste zenbait kiderekin. Horrez gain, apirilean egin ziren hauteskunde-kanpainetan amnistiaren aldeko mitin eta ekintzetan parte hartu zuen aktiboki.

Bigarren Errepublika aldarrikatu ostean, Gipuzkoako Gobernadore Zibil izateko hautatu zuten. Kargu horretan erabaki garrantzitsuak hartu zituen. Hala, Foru Aldundia Kudeaketa-batzordea izendatu zuen eta Juan Astigarrabia buruzagi komunista atxilotzeko agindua eman zuen. Gainera, Euskal Herriko eta Nafarroako balizko autonomia batean Errioxa txertatzearen alde agertu zen. Garai horretan EAJ alderdia sarritan kexatu zitzaion erlijio arloan garatzen zuen politika zela medio. Kutsu errepublikanoa zuten hainbat taldeko militante izan zen: lehenik eta behin Alderdi Errepublikano Autonomoan, beranduago Alderdi Errepublikano Sozialista Erradikalean eta, azkenik, Ezker Errepublikanoan, hots, Manuel Azañaren alderdian. 1931ko hauteskundeetan Bizkaiko Diputatu izateko hautatu zuten, errepublikano eta sozialisten artean osatutako hautagaitzaren barnean. Gorteetako idazkari izendatu zuten eta begi onez ikusi zuen Eusko Ikaskuntzak idatzitako Autonomia Estatutua.

Jarraitu irakurtzen