590 Zenbakia 2011-09-02 / 2011-09-09
Kepa Enbeita.
Izen handiko gizona, duintasuna eman zion Bizkaiko bertsolaritzari. Kopla zaharretatik bertsorako pausua emateaz gain, bertsolariak tabernatik atera eta plazara eraman zituen. 1905ean Txirritarekin neurtu eta irabazterainoko maisutasuna erakutsi zuen Urretxindorrak.
Baina ez zen bertsolari hutsa. Abertzaletasuna erraietan sentitzen zuelarik, eta Txirritarekin izandako erronkaren ondorio, sabindarrek mitinetara eta Aberri Egunetara eramaten zuten berba egitera. Mintzaldietan bezala baita bertsoetan ere, abertzaletasuna, euskalduntasuna, hizkuntza, aberria, fedea eta baserria bezalako gaiak erabili zituen maizen; zehazkiago esanda, euskara eta gurutzea dira Kepa Enbeitaren mezuaren zutabeak, topikorik errepikatuenak eta armak. Garaiko nazionalismoak baino garrantzi handiagoa aitortu zion Enbeitak euskarari.
Txikitandik erakutsi zuen bertsolaritzarako zaletasuna, aitaren bertsoak ulertzen hasi orduko ia. Erraztasun handia zuen bertso zehatz eta dotoreak moldatzeko, Euzkadi, Euzkerea, Ekin eta Argia aldizkarietan argitaratutako lanek erakusten dutenez. Urretxindorra Arrese-Beitia eta Kirikiñoren joerakoa da. Bertsolari eskolatua, bere lagunek bezala bizkaiera purista xamarrez egiten du.
Urretxindorrak lorratz handia utzi zuen. Bere seme Balendinek hartu zion erreleboa.