583 Zenbakia 2011-06-17 / 2011-06-24

Efemerideak

Efemeridea. Fernando Aire, Xalbador, Urepelen jaio zen 1920ko ekainaren 19an



Fernando Aire, Xalbador.

Fernando Aire, Xalbadorrek, Xabier Letek hain ongi irudikatu zuen “Urepeleko artzaia”-k, bertsolari izateko dohaina gazte-gaztetatik sentitu zuen bere baitan. Kantak ikasteko zaletasuna aski ez eta lehenbiziko bertsoa, anitzen gisan, erronka baten karira bota zuen. Bere buruari egindako erronka izan zen hura: Angelesainea ostatuan ziren batzuen bertsoak aditu, eta berak beste horrenbeste ere egin zezakeela pentsatu zuen. Lehenbiziko bertsoa leihotik barnera bota zuen, sartzeko baimena eskatuz edo.

Bigarren Mundu Gerrako isilunetik Hernandorena sendagileak libratu zuen. Gerra ondorengo Donibane-Lohizuneko txapelketakoa munta handiko eguna izan zen Xalbadorrentzat, bilkura hartan, besteak beste, urte luzez ondoan izanen zuen Ahetzeko Mattin bertsolaria ezagutu baitzuen. Ondorengo urteetan, Lapurdi eta Nafarroa Beherean Mattinekin, Zuberoan Etxahun-Irurirekin, artzantzak uzten zion orotan, ostatuz ostatu ibili zen Xalbador.

Urepelekoak ez zuen parekorik gertakari eta sentimenduetaz aritzean. Ederki frogatu zuen hori, 1967ko Euskal Herriko Txapelketan, txistualdi luze eta lotsagarri haren ondoren, bota zuen bertsoarekin. Hura gertatu baino bi urte lehenago, Juan Mari Lekuonak gaztigu emana zuen, “Xalbador ez-ezagun ori” artikuluan.

Xalbadorrek beti miretsi izan zuen, horrenbeste jende biltzen zuen Hego Euskal Herriko bertsozaletasuna, entzuleek euskaldungoan zuten sugar hura. Urepelen inoiz bertsotan aritzen zen Xalbador ezaguna zuten, bada, bizitzaren bukaeran omenaldien txanda iritsi zenean. Bat baino gehiago harritu zuen Euskal Herriko bazter askotatik etorritakoek Xalbadorrengan erakutsitako miresmenak.

“Odolaren mintzoa” liburuan, Xalbador bere osotasunean agertzen duten bertsoak kausituko ditugu. Zenbait ikerketa soziolinguistiko baino puskaz gehiago balio duten bertsoak barne. Zahar zein gazte anitz, aspaldi dira horren jabe.