564 Zenbakia 2011-01-28 / 2011-02-04
1751ko urtarrilaren azken egunetan Corellan jaiotako konpositorea eta 1816ko abuztuaren 8an Madrilen hil zena. Hamasei urterarte bere jaioterrian bizi izan zen eta ondoren Madrilera joan zen bizitzera, berak espediente batean ziurtatzen duen bezala.
Argazkia: Yle is dreaming
Gortera iritsi zenean ikaskagaiak eman, kaperetan jo eta kopiak egiteari ekin zion. Bere egoera ekonomikoa hobetu egin zen Mortara markesaren zerbitzuan musikari gisa hasi zenean. Bere jauregian bizi zen eta ikasgaiak ematera joateko askatasun osoa zeukan. Vicente Adan, Desamparados-eko organista, ezagutu zuen eta bere arreba Maria Teresarekin ezkondu zen. Hiru seme-alaba eduki zituen berarekin, emakume bat eta bi gizonezko, oboeko maisu bikainak izan zirenak. Francisco Luciano Comella dramaturgoaren adiskide izan zen eta hainbat tonadilletan eta genero ezberdinetako lan batzuetan bere laguntzaile literarioa izan zen, Los esclavos felices operan adibidez. Beranduago Juan Crisostomo de Arriaga konpositore goiztiar eta bikaina ere ezagutu zuen.
Lasernaren lehen tonadillak 1774koak dira eta arrakasta eta diru sarrera handiak ekarri zioten eta horrela Mortara markesaren bizitokia utzi ahal izan zuen. Pablo Esteve tonadillar motako musikari kataladar ospetsuarekin lehiatu zen baina, Lasernaren lan oparo eta egokiagaitik publikoaren onespena zeukan. 1776an Antonio Guerrero, tonadillaren garai goiztiarreko kopositorea hil zenean Lasernak musikari-laguntzaile postua eskuratu zuen eta hiru urte beranduago konpositore-laguntzailearena (Eusebio Riverarena) eskuratu zuen.
Horrela, urtero hirurogei eta bi tonadilla idaztezko eta eszenan jarri ziren lanetarako musika sortzeko betebeharra edukitzeaz gain, ekoizpenen entseguak zuzendu eta artistei abestietan erakusten zien, hauen artean bere bigarren emazte izan zen Mari Pulpillori adibidez.
1790ean Pablo Esteve jubilatu egin zen eta Laserna, Manuel Martin konpaniako konpositore izendatu zuten, Riveran zuen antzeko postua alde batera utzi gabe. Bi kargu hauekin bere diru-sarrerak ugaritu egin ziren eta baita bere zereginak ere. Honez gainera, Benaventeko dukesak bere etxean egiten zituen kontzertuetan klabeko maisu bezela parte hartzen zuen.
Zortziehun hirurogehi eta zortzi dira katalogaturiko bere tonadillak. Bere jatorria alde batera utzi gabe, euskalduntzat jo daitezkeen bi tonadilla konposatu zituen: La Vizcaína eta La Vizcaína y el Cirujano. Lehenengoa 1784koa da eta bosterako da (bost aktorek antzezten zuten), ustez, liburua eta musika Ledesmarenak dira (beste asko bezela). Bizkaiarekiko aipamen ugari daude bere hitzetan, bere neskak, Gernikako arbola...