526 Zenbakia 2010-03-26 / 2010-04-09

Elkarrizketa

Juanjo Mena. Orkestra zuzendaria: Musika etengabeko bilaketa da niretzat, norbere sormenerako bitartekoa

BEGIRISTAIN, Edurne

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Ia hamarkada batez Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) buru izan ondoren, duela hilabete batzuk utzi zuen kargua Juanjo Menak. Urteetako lanak sorrarazi dion nekearen ondorio izan da erabakia. Bere zuzendaritzapean BOSek soinu berezia eta sakondua erdietsi du; orkestraren kalitate artistikoa eraldatu da eta modu ikusgarrian egin du gora. Horrela, gure mugetatik haratago hainbat antzokitara eta jaialditara joateko gonbita jasotzen du taldeak. Zalantzarik gabe, Juanjo Mena erreferentzia da musika klasikoa maite dutenenen artean.

Ia hamar urtez BOSen buru izan ondoren, nola ekin diozu garai berriari?

Ia 16 urtez izan naiz orkestran, horietatik 9 titular gisa lanean. Beraz, ondo pentsatutako erabakia izan da BOS uztea. Aldatzeko une egokia dela deritzot, helburu berriak bilatzeko, norabide berriak urratzeko. Nazioarteko ibilbidea gero eta garrantzitsuagoa izaten ari zen, eta ezin nion eskaini merezi zuen arreta. Orain oso pozik nago, izan ere, familiari dagokionez hobeto gaude, lasaiago. Musika egitea da orain nire ardura bakarra, dagoeneko ez dut administrazio-lan handirik egiten, ez dut gerentzia-ardurarik, kudeaketa-arazorik edota auzi politikorik tartean. Atzean utzi ditut bilera ugariak eta musika-notarik gabeko proiektuetan ematen nuen denbora. Aurreikusitakoa betetzen ari da, eta orain arreta musikan jarrita daukat. Nire karreran erabaki garrantzitsua izan dela uste dut.

Juanjo Menak utzitako argazkia.

Orkestrarekin harreman biziegia izan ondoren arnasa hartu beharra zenuela esan duzu. Askatuta sentitu al zara?

Bai. Orkestrarekin maila egokian inplikatzen den zuzendari orok bere bizitzaren eta denboraren zati handi bat ematen du proiektuaren alde. Ildo horretan bai, askatuta sentitu naiz, denbora gehiago dut ikasteko eta orkestra berriak ezagutzeko. Eta nolabaiteko aurrerapausoa ere bada, izan ere, batetik bestera mugitzen zarenean, orkestra gehiagorekin harremanetan jartzen zarenean, ikasteko denbora gehiago duzunean, hazi egiten baitzara. Nire bizitzan aldaketa egin behar nuen, batez ere aurrera egiteko, eta ez horrenbeste neure lanari edo eskuartean nituen ardurei begira.

BOS izan da zure bizitzan denbora gehien eskaini diozun proiektua. Zer izan da orkestra zuretzat?

Nire bizitzako zati oso garrantzitsua da. Buru-belarri aritu nintzen bertan. Asko eskertzen dut proiektua hobetzeko bidean nigan izan zuten konfiantza, eta oso pozik nago azken 9 urteotan izandako emaitzekin. Orokorrean begiratzen badut, uste dut oso bestelako orkestra utzi nuela, hartu nuenarekin alderatuta. Era berean, hiriak orkestrarekiko zuen ikuspegia ere asko aldatu delakoan nago. Lan ona egin dugu elkarrekin. Orkestra-zuzendari gisa nuen sinesgarritasuna sendotu egin zuen proiektuak, haiek nire aldeko apustua egin zutelako eta nik orkestraren aldekoa, eta bi aldeak irabazle atera gara. Nire ildoan lanean jarraitzeko garrantzitsuak diren konfiantza eta segurtasuna eman dizkit.

Eta hemendik aurrera, zer?

Urte sabatikoa hartuko nuela ulertu zuen jendeak, baina ez da horrela, inolaz ere. Benetan lasaiago nago, arreta musikan jarrita dudalako. Baina denboraldi honetan egiten ari naizen orkestra kopuruak edo hurrengo bi denboraldietarako hitzartuta ditudan ekitaldiek ez dute bizimodu lasaiagorik iragartzen, eta ez dut uste etxekoek gehiago ikusiko nautenik. Hori bai, ez naute horrenbeste ikusiko, baina hobeto ikusiko naute. Orain ez naiz horrenbeste gatazkekin eta arazorekin itzultzen etxera. Lehen batzuetan lo bakarrik egiten nuen etxean, eta orain ez. Aste askotan etxetik kanpo egiten dut lo, baina etxean nagoenean askoz zentratuago nago.

Familian ez zenuten musika-tradiziorik. Nola sartu zinen musikaren munduan?

Bi anaia-arrebak ere musikariak dira, nahiz eta arreba ospe handiko fisikari-kimikaria den, ikerketan buru-belarri dabilena. Gurasoen erabaki jakin baten ondorioz gara musikariak: etxe aurreko ikastetxera beharrean, lau kale haratago zegoen ikastetxera bidali gintuzten, arteari bestelako garrantzia ematen zioten hartara. Horixe izan zen arrazoia. Jarduera artistikoa modu berezian lantzen zen ikastetxea aukeratu genuen, eta hori ez da maiz ematen gaur egun, guztia kirolera eta kalitatearen Q horretara bideratuta baitago, baina ez Q artistikora edo ikasleen sormenaren ingurukora. Pribilegiatuak izan ginen, kontserbatorioan sartu ginen ikastetxeko lanari begira gure prestakuntza hobetzeko, eta azkenean kontserbatorioak bere baitan hartu gintuen eta guk ere gure baitan hartu genuen hura. Eta hor gaude anaia eta biok, bera lanez lepo dabilen kantaria da, oso azkarra eta berezia, eta ni ere musikarekin gozatzen ari naiz.

Adin bereko nerabe askoren antzera, zu zeu ere abesbatzetan eta eskolanietan abesten hasi zinen. Berehala, talde horiek zuzentzeko gaitasuna medio, zuzendari-lanari ekin zenion. Espainiako abesbatza-zuzendari gazteenetakoa izan zinen.

Bidea honako hau izan da: abesbatzetan abesten eta musika-tresnak jotzen hasi nintzen. Garai hartan folkloreak pisu handia zuen eta txistulari izan nintzen, Udal Musika Bandan klarinetea jo nuen eta abesbatzetan abestu nuen. 16 urterekin hasi nintzen eskolaniak zuzentzen, eta 18 urte bete ondoren sortu nuen lehen abesbatza. 20 urterekin musika garaikideko instrumentu-taldea zuzentzen nuen, 22rekin ikasleen orkestra zuzentzen hasi nintzen, eta kontserbatorioan nintzela sortu zen EGOren proiektua, Gasteizko gazte orkestra... eta hortik abiatu zen guztia.

Ikasle aurreratua izan zinen orduan...

Gakoa hezkuntza dela uste dut. Aurreratua edo goiztiarra izan zaitezke gauza asko oso gaztetan garatzen dituzunean, baina gure kasuan ibilbidea naturala izan zen, ikastetxe hartako edozein ikaslek egin zezakeen. Gurasoen lana garrantzitsua izan zen. Kontzertu guztietara joan ziren, laguntzen gintuzten, gurekin zeuden... Ez dakit jabetzen garen pertsonaren bizitzan hezkuntzak duen garrantziaz. Dena den, zortea ere izan genuen, garai hartan sortzeko asko zegoen eta gu hor geunden, eta hazten hari zen horrekin bat egin genuen. Gaur egun askoz zailagoa da guk orduan egin genuen lana egitea.

Argazkia: Edurne Begiristain.

Gasteizko Goi mailako Musika Eskolan hasi zinen musika ikasten, eta bertan Karmelo Bernaola maisua ezagutu zenuen. Zer ekarri zizun harreman horrek?

Batzuetan esaten dut dena eman zidala, sekulako aukera izan baitzen hura ezagutzea. Garai hartan Gasteizko alkate zen Jose Angel Cuerdak Karmelo Bernaola eskolara ekarri izan ez balu, eskola horretatik atera ginenetako asko ez ginen egongo egun gauden tokian. Dena eman zion hiriari eta proiektuari, guztiok egin genuen proiektu haren alde. Bikaina zen, sekulako nortasuna zuen eta musikaltasun aparta. Era guztietako musikagileen iturburu izan zen, klasikoak, modernoak, zinema-banden egileak, musika-tresna joleak, zuzendariak... Karmelo oso garrantzitsua izan zen, bai hiriari begira eta baita gutako askorentzat ere. Harrigarria da pertsona batek zenbateko garrantzia izan dezakeen beste batzuen bizitzan.

Nolakoa izan zen zuen arteko harremana?

Bihotz-bihotzekoa izan zen. Berehala sortu zen elkarrekiko miresmena. Oso gazte nintzela, hark egindako azterketa batean denbora asko eman nuen inprobisatzen, oso gutxi ikasi nuelako, eta emaitza gustuko izan zuen. Orduan sortu zen elkarrekiko sentimendu hori. Hortik aurrera buru-belarri hasi ginen elkarrekin lanean. Gerora, musika garaikideko instrumentu-taldea zuzentzeko, lanak estreinatzeko, eta beste ekimen batzuk aurrera eramateko aukera eman zidan. Aukera asko eskaini zizkidan, nire lanean sinesten zuelako, eta nik dena jaso nuen berarengandik. Garai hartan gutako asko kontserbatorioan bizi ginen ia-ia, berari itsatsita. Eta berak ez zuen ordutegirik. Batzuetan goizaldeko 3ak edo 4ak arte egoten ginen kalean hizketan, hotz izugarria egin arren! Ez zen ohiko irakaslea izan, hurbilekoa eta oso bizia zen, eta gu guztioi irakatsi zigun musika bizitzatik abiatuta ulertzen, eta modu horretan musika bera handi egiten.

Gero, Munichera joateko beka jaso eta han Sergiu Celibidache maisu errumaniarra ezagutu zenuen.

Beste pertsona handi bat, hark ere Karmeloren eragin handia zuen. Celibidache maisua ezagututa, musikaren barruko garapena landu nuen, hau da, bizipenak, sentsazioak, ukiezinak diren sentipenak... gure arrazonamenduaren kontroletik at dauden gauzak, idatzita ez daudenak. Harekin bizi izan nituen esperientziak, kontzertuak, eta entzun nituen entseguak hor nonbait gordeta ditut, nire DNAn dira, ni konturatu gabe, eta ibilbidean aurrera egiten dudan heinean azaleratzen ari dira. Gure musika-munduaren alde zehaztugabeak izugarri erakarri ninduen. Hark zabaldu zizkidan ate horiek, eta orain jendeak asko baloratzen duen zerbait da.

Juanjo Menak utzitako argazkia.

Nolakoa da orkestra-zuzendariaren egun arrunta?

Nire kasuan egun arrunta honako hau da: goizeko 6ak aldera jaikitzen naiz, 6:30ean gosaltzen dut eta ondoren, bi orduz edo bi ordu eta erdiz ikasten dut, goizeko 10:00etan entsegua hasten den arte. 14:00ak arte irauten du entseguak, eta ondoren bazkari arina egiten dut; oso nekatuta egoten naizenez, ordu erdiko siestatxoa egiten dut jarraian. Arratsaldeko entsegurako indarberritzen saiatzen naiz, edo bestela, arratsaldetik aurrera ikasteari ekiten diot. Egia esan, hotelen eta entsegu-aretoen artean ematen dugu bizitza.

Musikak uzten al dizu denborarik beste zaletasun batzuetarako?

Orain, nire lanean buru-belarri ari naizenez, batzuetan uste dut lana dela nire zaletasuna edo grina, eta nahastu egiten direla. Dena nahasten da bizitzan, eta familiarekin uztartzea zaila izaten da. Etxean nagoenean, kanpoan ematen dudan denboraren ordaina eman nahi izaten diot familiari. Eta kanpoan nagoenean, berriz, batez ere ikasi egiten dut, familiarekin nagoenean egin ezin dudana. Egia esateko, ez dut zaletasun paralelorik. Konturatzen ari naiz adinean gora noan heinean nire egoera fisikoaz arduratzen hasi behar dudala, lana oso gogorra baita. Prestaketa fisikoa hobetzeko zerbait egiten hasi behar dudala uste dut...

Zer da musika Juanjo Menarentzat?

Normalean ez dut entzuten klasikoa ez den musikarik. Gure lana musika den oro aztertzea, kontrolatzea, orekatzea, hobetzea eta fintzea da. Musika entzun eta zeregin pasiboa izan behar dut: musika ez aztertzeko alde egin behar izaten dut, ez entzun. Orkestra handia zuzentzea goi mailako bizipen musikala da, eta halakoak bizi dituzunean, musika zera da... ez dakit zer erantzun... Musika sormenerako ezinbesteko bitartekoa da niretzat, ezin dut gozamenaz hitz egin, jendeak ulertzen duen eran. Musika etengabeko bilaketa da niretzat, ahalik eta ondoen egiten saiatzea da, jende gehiagorengana iritsi dadila, jendea hunkitu dezala. Komunikaziorako bitartekoa dela esango nuke, norbere sormenerako bitartekoa. Eta norabide horretan ez badago, ez zait interesatzen.

Zergatik da hain zaila jende gaztea musika klasikora erakartzea?

Lehenik eta behin, heziketa-akatsa dela uste dut. Bigarrenik, marketin- eta merkatu-akatsa da, jende gehiagorengana iristea baita helburua, eta horretarako musika errazagoa egiten da, berehalako emaitzak lortzeko. Ulergarria da bestelako musikarekin jende gazte askok gozatzea eta zoratzea, baina oinarrian ezjakintasuna dago. Musika klasikoa entzutera ohituta ez dagoena ez da saiatu ere egiten hura entzuten. Tamalgarria da eskola bukatzean ikasleek musika irakurtzen ez jakitea, letrak irakurtzen dakiten moduan.

Argazkia: Edurne Begiristain.

Kontzertuan zaudenean, nola nabaritzen duzu entzuleekin harremanetan zaudela?

Normalean entzuleak ez ditut igarri ere egiten. Aspaldi utzi nuen alde batera entzuleenganako ardura. Baina entzuleen isiltasunean, errespetuan, hor bai nabaritzen dut harremana sortu dela edo harremanik ez dagoela. Musika-tentsio goreneko une batean zarataren bat edo eztulak entzuten badituzu, konturatzen zara entzule horiek ez daudela konektatuta. Entzuleak atzean nabaritzen dituzu, batzuetan orkestrak haientzat nola jotzen duen erreparatuta igartzen duzu hor daudela. Baina kontzertu batean musika lantzen ari zarela, ez duzu entzuleengan pentsatzen, soinurik onena lortzen saiatzen zara. Eta zu zeu ere horren guztiaren barruan zaude. Badira zuzendariak entzuleentzat zuzentzen dutenak, baina nik ez. Nire ustez, orkestra eta musikariak zuzenduz iristen zara entzulearengana.

Zein egoeratan dago musika klasikoa Euskal Herrian?

Urte askotan kontserbatorioko irakasle izan nintzen, eta gero ildo horretan oso kritikoa izan naiz. Agian gure garaian emaitzak primerakoak izan zirelako. LOGSEk eragina izan zuen musikan ere, eta alderdi askotatik begiratuta ez zen ona izan. Musikaren burokratizazioa eta administrazioa ekarri zituen. Hamar urteren ondoren, LOGSEk ez du emaitza hoberik ekarri. LOGSEren ondorioz sortu behar izan ziren udal musika-eskolak ahal duten moduan ari dira aurrera egiten; maila ertaineko kontserbatorioak aldaketara egokitu dira eta oso gogor ari dira lanean, baina emaitzak ez dira horren onak. Musikenen egon berri naiz orkestrarekin lanean, eta egoera gatazkatsua nozitu dut, ikasleak eta irakasleak sutan daude ematen ari diren aldaketak direla eta. Nire iritziz, LOGSEren akatsik handiena izan da ez dela beste herrialdeetan bezala egin, musika hezkuntza orokorrean sartuz, izan ere, eskola publikotik ateratzen den nerabeak musika ere jakin beharko luke.

Eta musika-azpiegiturei begiratuta, ondo prestatuta al gaude?

Irakaskuntza-azpiegituren gaian, bere garaian kritikatu egin nuen goi mailako ikastegia egitea Miramar jauregian. Proiektua akats handia izan zen, oso polita da baina ez ditu beharrezko bitartekoak. Gaur egun herri honetako goi mailako musika-ikastegiak arazoak ditu ez delako musikarako ikastegi egokia.

Zer iruditzen zaizu Gasteizko auditorioaren proiektua?

Aspaldi esan nuen, eta gaur egun berriro diot, hobe dela diru gutxiago gastatzea Auditorioan eta zati bat inbertitzea hirian musika-kultura sustatzen, jendearen heziketan. Bestela halako guneak hutsik izango ditugu.

Jendearen kulturan ere inbertitu behar da, ez bakarrik eraikinetan. Auditorio direlakoan saltzen dituzte, baina hara, biltzarretarako jauregiak ere badira aldi berean; beraz, politika ekonomikoaz hitz egiten ari gara, baina Auditorio izena jartzen zaio itxura egokia emateko.

Ildo horretan, beste herrialde batzuengandik asko al dugu ikasteko?

Espainia eta Euskadi asko aldatu dira azken 30 urteotan. Izan ere, asko zegoen egiteko, eta kanpotik begiratuta aldaketa zoragarria izan da. Arazo nagusia musika-hezkuntza da, eta hurrengoa, berriz, musika-antolaketako estamentuetan ematen den profesionalizatze urria. Hezkuntza orokorraren arazoa da, zorroztasun profesionala, etika profesionala eta musikarekiko errespetu profesionala dira gakoak, eta ildo horietan askoz aurreratuago daude beste herrialde batzuetan. Denborarekin hobetuz joango gara, zalantzarik gabe, baina arazoa da oinarrizko heziketa ez dela sustatzen. Lan asko dago egiteko. Asko egin da, baina ezin gara horrekin gelditu. Izan ere, estalki dotoreak ez du esan nahi barruko bonboia ona denik. Juanjo Mena (Vitoria-Gasteiz, 1965) Gasteizen jaio zen 1965eko irailaren 21ean, musikan tradiziorik ez zuen familian. Abesbatzetan eta eskolanietan abesten hasi zen, eta berehala hartu zuen talde horien zuzendaritza. Horrela, Espainiako abesbatza-zuzendari gazteenetakoa izan zen eta lehenetarikoa musika garaikidea eta abangoardiakoa interpretatzen. Gasteizko goi mailako Musika Eskolan ekin zion musika-prestakuntzari, eta bertan ezagutu zuen Karmelo Bernaola, gerora maisu nagusi izango zuena, bere karreran giltzarri bilakatu zena. Harekin ikasi zuen Armonia, Konposizioa eta Instrumentazioa. Gasteiztik Madrilera joan zen, Musikako goi mailako Errege Kontserbatoriora, eta bertan Orkestra-zuzendaritza ikasi zuen. Euskal erakundeek, musikariaren balioaz jabetuta, Guridi-Bernaola beka eskaini zioten eta horri esker Munichera joan zen. Bertan Sergiu Celibidache maisu errumaniar ospetsua izan zuen irakasle, eta hark ere arrasto ahaztezina utzi zuen bere baitan. 1993an ekin zion musika-ibilbideari gerora bere orkestra izango zen Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) kolaboratuz. Urtebete beranduago “J. Guridi” Ganbera Orkestra zuzendu zuen, eta baita Georgiako Orkestra Sinfonikoa eta Irungo Ganbera Orkestra ere, eta grabaketa egin zuen Bartzelonako Orkestra Sinfonikoa-Kataluniako Nazionalarekin. 1995ean hainbat lan-egitarau eta kontzertu burutu zituen Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, eta Donostiako “Aita Donostia” Ganbera Orkestraren zuzendaritza artistikoaren ardura hartu zuen. Hurrengo urtean Espainiako Orkestra Nazionalaren zuzendari gonbidatu izan zen Madrilgo Auditorio Nazionalean, eta lankidetza-harreman oparoa hasi zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. Horrela, 96/97 denboraldian hainbat abonu-egitarau interpretatu zituen. 1997an, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Gazte Orkestra osatzeko eskatu zion. Aldi berean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari elkartu izendatu zuten, eta kalitate artistikoa hobetzeko lanari ekin zion Gilbert Varga eta Mario Venzago maisuekin batera. 1999an Theo Alcantararen tokia hartu zuen Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) Zuzendaritza musikalean eta artistikoan, eta horrenbestez lan eta dedikazio handiko etapari eman zion hasiera, Bilboko taldea Espainiako orkestra sendoenetakoa eta interesgarrienetakoa bilakatzea helburu zuela. Bien bitartean, Espainiako orkestrarik onenak zuzendu zituen. 2000. urtean harreman estua hasi zuen Espainiako Orkestra Nazionalarekin, eta Fruhbeck de Burgos maisuak espresuki gonbidatuta, azken urteotan hainbat aldiz zuzendu du talde hori. Era berean, gero eta sarriago egiten du lan nazioarteko orkestrekin, hala nola, Bukaresteko Filarmonikoarekin, Staatsphilarmonie Rheinland-Pfaltz delakoarekin, Bergengo Orkestra Filarmonikoarekin, etab. Iturria: www.juanjomena.com