516 Zenbakia 2010-01-15 / 2010-01-22
Bale jakia (II/II) Baleazaleak Kantauri itsasoan
Gure lurraldean, kostaldeko hiribilduak sortu baino lehenagotik aritzen ziren balearen arrantzan, eta askotan hiribildu horietako armarrietan azaltzen da jatorriko lotura hori: Biarritz, Hondarribia, Zarautz, Mutriku, Getaria, Bermeo, Lemoiz, Lekeitio edo Castro Urdiales, herri horiek guztiek beren armarrien bitartez ohoratzen dute itsas ugaztun handia.
Miguel Laburu1 ikerlariak 670. urteko dokumentu bat aipatzen du eta han esaten denez, “Lapurdiko euskaldunek 40 moio2 lumera bidaltzen zuten argiteriarako, Sena ibaiaren ertzean, Rouan eta Le Havre artean, zegoen Jumiegeseko abadiara”. Izan ere, orain antxoak eta atunak egiten duten bezala, garai batean urtero igarotzen zen gure uretatik zientifikoki balaena biscayensis esan ohi zaion euskal balea, udazkenean Ipar Atlantikotik etortzen baitzen Bizkaiko Golkoko ur beroagoen bila.
Alfontso X.a erregeak Getariko Forua baieztatzean (1255),3 hiribilduko biztanleei gogorarazten die denboraldiko lehen balea (arrantzatutako balearekin eskuratutako etekinak, alegia) Erregerentzat direla, eta trukean ez dute bidesaria ordaindu beharrik izango Leongo eta Gaztelako erresumetako bideetan, Toledoko, Sevillako eta Murtziako herrietatik igarotzean izan ezik. Fernando IV.a (1302), Alfontso XI.a (1319) eta Pedro I.a (1351) erregeek ere, gai bata zein bestea baieztatu egin zituzten.4
Bale baten arpoitzea Urumea ibai bokalean, XIX. mende bukaerako margolan baten arabera.
Balea, batez ere balearen sifoi indartsua, ikustean, kostaldeko gune estrategikoetan kokatutako talaiariek abisua ematen zuten, horretarako suak edo kanpaiak erabiliz.
Talaiaria konfiantza osoko pertsona izan behar zuen, eta bale arrantzaldi osoan talaian bizi behar zuen; haren soldata, bi zatitan ordaintzen zen: lehenengo erdia talaian kokatzen zenean —hau da, bale arrantzaldiaren hasieran— eta bigarrena arrantzaldia amaitzen zenean.5
Bale arrantzaleek, berriz, bale arrantzaldian gau eta egun erne egon behar izaten zuten kanpai-hotsak aditu zain, beren txalupak —gazta eta ardoz, edota tapaki eta jantzi berogarriz gain— arrantzarako arma eta tresnez ongi horniturik zituztela beti. Orioko txalupa bakoitzak, adibidez, 80 braza estatxa (146 metro inguru), bi arpoi sendo, bi xabalina handi, beste xabalina txiki bat eta haren “egur-egitura” eduki behar zituen, eta horiezaz gain behar ziren arrantzaleak ere bai, noski.6
Idatzi gabeko legearen arabera, zetazeoarengana lehenbizi heltzen zen ontziak banaketa zatirik onena eramango zuen, eta besteek —arpoitze- eta arraste-lanetara gehitzen zirenak— zatirik txikienak bereganatzen zituzten. Nolanahi ere, hori ez zen beti errespetatzen eta batzuetan ontzien arteko haserrealdiak sortzen ziren.
Banaketa horren adibide batzuk azalduko ditugu: 30 barrika gantz baino gutxiagoko balea edo balekumea bazen, lehen txalupari 3 dukat ematen zitzaion, bigarrenari 2 eta besteei dukat bana. Baleak 30 barrika baino gehiago ematen bazituen, txalupei, hurrenez hurren, 4, 3 eta 2 dukat ematen zitzaien. Zetazeoa bere kumearekin zihoanean, balekumeari lehen arpoia sartzen zionak 6 dukat eramaten zituen.
Balea harrapatu eta lurreratu ondoren, arrantzatutako gainerako arrainak bezala, enkantean jarri eta eskaintza onena egiten zuenak bereganatzen zuen.
Orioko Marinelen Kofradiako 1714. urteko araudiaren arabera, balea honela banatzen zen: bizarra, balearen arrantzan jardun zutenen ardoa eta ogia, eta “gaueko zaindariaren” soldata —gaueko 4 kobrezko erreal— eta bale zatitzaileena —eguneko 4 erreal zilar— ordaintzeko saltzen zen.7 Bizarraren salmentatik gelditzen zena, heren bat txalupa-jabeentzat izaten zen eta gainerakoa ontziko marinelentzat.8
Aurrez enkante publikoa egin ondoren, mihiaren dirua San Pedro Apostoluaren kofradiarentzat izaten zen beti.9 Getarian, aldiz, mihiaren etekina parrokiarentzat izaten zen. 1671ko otsailaren 23an, bezperan hildako bi baleen mihiak jarri ziren enkantean, amarena bata eta kumearena bestea. Orioko Ignazio Urrak hartu zituen 75 dukat ordainduta.10
Salmentaren atal nagusia txalupen jabeen eta marinelen artean banatzen zen, batetik hirurako proportzioan. Hegaletako bat baleari lehen arpoia sartzen zionarentzat gelditzen zen eta bestea bizarren kasuan aipatutako gastuak ordaintzeko erabiltzen zen. Balio gutxieneko zatia, barrualdea, hiribilduko jende behartsuari ematen zitzaion.
Orion, XVI. eta XVII. mendeetan behinik behin (eta zenbait mende lehenago ere bai segur aski), balearen arrantzan eskuratutako guztiaren % 1 San Nikolas parrokiari ematen zitzaion.11
Orion arrantzatutako azken balea 1901eko maiatzaren 14ean.
Hiribilduetan, pertsona bat arduratu ohi zen bale gantzaren salmentaz. 1711n, Asentsio Iruretagoienak eta haren emazte Katalina Etxabek Aiako bizilagunak bale gantzaz hornitzeko eskaintza egin zuten, garai hartan Donostian pitxerreko ordaintzen zena baino lau lauko gehiago eskainiz, eta zilar erreal bat gehiago.12 1789an, 8 lauko ordaintzen zen bale gantzaren “txiki” bakoitzeko.13
1901eko maiatzaren 14an, euskal kostaldeko historiako azken balea harrapatu zuten Orion. Gregorio Manterolaren, Manuel Loidiren, Eustakio Atxagaren, Manuel Olaizolaren eta Urangaren agindupean, bost txalupek eta 55 gizonek burutu zuten lana, agi denez, arpoi zaharrak eta dinamita apur bat erabiliz. Garai hartan sekulako gertaera izan zen, zetazeoa gerrako garaikur modura erakutsi zuten eta Donostian tren bereziak antolatu ziren jendea balea ikustera joan zedin. Ternua
Udako hilabeteetan, baleak beren urteroko emigrazioan gure kostaldetik igarotzen zirenean, gure arrantzale baketsuak ehiztari porrokatu bilakatzen ziren.
Honela zioen Kristobal Lopez Zandategi lizentziadunak, 1583an: “...(Gipuzkoak) gantzaz hornitzen ditu Espainiako, Frantziako, Flandesko eta Ingalaterrako lurralde gehienak”;14 izan ere, frogaturik baitago XIV. eta XV. mendeetan gure eskualdea eskualde ekonomiko ahaltsua zela, bi aberastasun-iturri nagusi zituelako: meategi, burdinola eta armategietako burdina, eta bale gantza, XVI. mendeaz geroztik batez ere Ternutik ekartzen zena.
Geroago bi sektore horiek astinduko zituen krisiak hala behartuta, emigrazio jendetsuak izan ziren ekoizleen artean, gure ekonomian eta historian aztarna sakonak utziz.
Kantauri itsasoko kostaldean balea urritzen hasi zenean, gure arpoilariek urrutiko “Lurralde Berriko” edo Ternuko uretaraino joan behar izan zuten balearen bila.
Zenbait agiri arkeologikoen arabera, euskal arpoilariek gutxienez XVI. mendearen lehen erdialdeaz geroztik arrantzan egiten zuten Kanadako uretan, eta urtero, udan, 600 eta 900 euskal marinel artean joaten ziren 200dik 700 tona arteko itsasontzietan, janariz eta han beren aterpeak eraikitzeko materialez hornituta; eta hilabete batzuk geroago, harrapatutako baleen gantza eta lumerarekin itzultzen ziren.
Oñatiko Gipuzkoako Protokoloen Artxiboan dagoen Oriori buruzko lehen dokumentua15 1549ko apirilaren 22koa da, Ternuan “bakailaoaren eta balearen” arrantzan aritzeko abiatuko den San Nikolas ontziaren pleitamenduari buruzkoa.16 1578. urte inguruan, izen bereko Orioko beste ontzi bat Ternurantz abiatu zen Pasaiako portutik, pilotu, marinel, zurgin, istingari eta artillarien artean 80 gizoneko eskifaia zeramala.
Marinel horiek askatasun osoz lan egin zezaketen, baita ontzigileek ere, gehien ordaintzen zienarekin; debekaturik zuten, ordea, Frantziako ontzietan edo kaietan lan egitea (ia XVII. mende osoan behinik behin). Oriok Gipuzkoako eta Bizkaiko marinelek agindu hori ez zutela betetzen salatu zuen 1584an, eta salaketa horren ondorioz Batzar Nagusiek ikerketa bat egin zuten.17 Izan ere, ez dezagun ahatz itsasoen kontrolari buruzko borrokak aurrez aurre ipini zituela hainbat mendetan Frantziako eta Espainiako armadak. 1575ean, “frantziarrek eta luteranoek” Joanes Urdaide oriotarraren San Nikolas ontzia harrapatu zuten —lehentxeago aipatutako berbera, agian—, Ternuan bakailaoaren arrantzan ari zela.18
Ternuako antzinako mapa.
Bidaiako jan-edariak, gehienbat, bizkotxoa edo ogi errea (labean apur bat erretako opilak, gero ontzian bertan erabat erretzen zirenak) eta sagardoa izaten ziren. 1575ean, Batzar Nagusiek “Ternura” zihoazen ontzi guztiak kaietan miatzeko agindua eman zuten, joan-etorrirako behar adinako hornidura eta tresnak zeramatzatela ziurtatzeko; izan ere, zenbait armadorek ez zituzten ontziak eskifaiak bizirik irauteko behar adinako hornigaiez hornitu eta barrikak upel gehiago egiteko material ugariz bete zituzten (bidaian etekin handiagoak ateratzearren), amaieran gizonen heriotzak eta ontzien galera ere eraginez.19
Itsasontziak, upelak desmuntaturik edo jan-edariz beterik zituztela joaten ziren, eta itzulerakoan upel haietan sartzen zen gantza. Gantz hori Euskal Herritik kanpoko portuetan saltzen zen askotan, eta han jatorriko herrietan urri izaten ziren gaiak erosten ziren eskuratutako diruarekin. Baina hori, hasiera batean, aurrez baimena zutenean edo larrialdi handieneko kasuetan bakarrik egin zitekeen (hondoratzeko arriskua zegoenean, etab.). 1584ko apirilaren 19an, hain zuzen, Oriok Zumaian elkartutako Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean salatu zuenez, Frantzian (“Donibane Lohitzunen eta Ziburun”) Ternura joaten ziren berrogeita hamar ontzi handi baino gehiago omen zeuden, bakailaoarekin eta bale gantzarekin itzultzen direnean, zama Donostiako, Pasaiako, Castroko eta Bilboko kaietan hustu, eta ontzixketan Debara eta Mutrikura eramaten dutenak, urtero 140.000 dukat inguru salduz; “izan ere, legeen arabera, portu horietatik gaiak ontzietan zituztela itzuli behar zuten eta kasu horietan diruarekin itzultzen ziren” jatorriko herrietan gai hori gabe gelditzeko arriskua sortuz.20
Ternurako bidaiak, ordea, arriskutsuak ez ezik, oso garestiak ere izaten ziren. Pleita finantzatzeko modu bat salgaiak aldez aurretik kobratzea izaten zen. 1550eko urrian, esaterako, Joanes Ilunbek 10 dukat jaso zituen Joanes Altsasu nafarraren eskutik, Ternutik itzultzerakoan “Debako hondartzan eta deskarga-lekuan” emango zizkion 50 upel lumeraren berme modura.21
Baina gure itsasoko jendearen ekonomia ahulentzat Ternua agindutako lurraldea izan arren, nekez eta sufrimenduz beteriko bidaia ere izaten zen, batzuetan norberaren bizitzarekin ordaintzen zena. Horixe gertatu zitzaion Domingo Mirandari, ur hotz haietan hil baitzen XVI. mendearen hasieran,22 baita Joan Reparazari ere 1577an, azken horren anai-arrebek eta oinordekoek epaitegietara jo baitzuten azken bidaia hartako soldata modura zegozkion gantz-upelak kobratu nahirik.23
1 LABURU, Miguel. Ballenas, Vascos y América. Egilearen argitalpena. Donostia. 1991. 34. orr.
2 258 litroko edukiera-neurria.
3 AGUIRRE SORONDO, Antxon. Getaria, entre el mar, el cielo y la montaña. Getariko Udala. Getaria. 2000.
4 Martínez Díez, Gonzalo, et al. Colección de Documentos Medievales de las villas guipuzcoanas: 1200-1369. Gipuzkoako Foru Aldundia, 1991. 290. orr.
5 Lekuona, Manuel. Notas para la historia de Guipúzcoa. R.S.V.A.P.-en aldizkaria. Donostia, 1975, 480. orr.
6 GIPUZKOAKO PROTOKOLOEN ARTXIBO HISTORIKOA (G.P.A.H.). III. Saila, 1828. Agiri Sorta, 3. orr. atz.
7 Gogoan izan erreal zilarrak kobrezko errealaren bi halako balio zuela, gutxi gorabehera.
8 AGUIRRE SORONDO, Antxon. Los siglos de Orio: Orio, Oro Hori. Orioko Udala. Orio (Oraindik argitaratu gabe).
9 G.P.A.H. III. Saila, 1828. Agiri Sorta, 2. orr. atz.
10 G.P.A.H. III. Saila, 1869. Agiri Sorta, 70. orr.
11 IRUÑAKO ELIZ BARRUTIKO ARTXIBOA (I.E.B.A.) 3/12 Agiri Sorta.
12 G.P.A.H. II. Saila, 1344. Agiri Sorta, 77. orr.
13 G.P.A.H. II. Saila, 1417. Agiri Sorta, 271. orr.
14 LÓPEZ DE ZANDATEGUI, Lic. Cristóbal eta Luis CRUZAT (1583). Recopilación de Leyes y Ordenanzas de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa. Gipuzkoako Aldundia. Donostia. 1982. 12. orr.
15 Badago lehenagoko beste agiri bat ere, baina ezin da irakurri, hautsita dagoelako.
16 G.P.A.H. III. Saila, 1779. Agiri Sorta, 1. orr.
17 DÍEZ DE SALAZAR FERNANDEZ, Luis Mª; EYERBE IRIBAR, Mª Rosa. Juntas y Diputaciones de Gipuzkoa (1584-1586). Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Donostia. 1990, 51. orr.
18 LABURU, Miguel. Ballenas, vascos y América. Donostia. 1991, 40. orr.
19 DÍEZ DE SALAZAR FERNANDEZ, Luis Mª; EYERBE IRIBAR, Mª Rosa. Juntas y Diputaciones de Gipuzkoa (1574-1577). 175. orr.
20 DÍEZ DE SALAZAR FERNANDEZ, Luis Mª; EYERBE IRIBAR, Mª Rosa. Aip. lib. (1584-1586). 28. orr.
21 G.P.A.H. III. Saila, 1779. Agiri sorta, 245. orr. atz.
22 VALLADOLIDeko ERREGE EPAITEGIKO ARTXIBOA (V.E.E.A.). Auzi zibilak. 915/8 Agiri Sorta.
23 V.E.E.A. Auzi zibilak. 1333/7 Agiri Sorta.
Bale jakia (II/II)