490 Zenbakia 2009-06-12 / 2009-06-19

Gaiak

Europa, auzolan soziala eta balioetakoa

MUÑOA GANUZA, José María

Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria



Marc Augé frantziar antropologoak ez-lekua (non-lieu) kontzeptua sortu zuen gizarte-bizitzarako beharrezkoak diren lekuei buruz aritzeko; izan ere, gure egunoroko paisaiaren zati nabaria dira, baina ia ez dute sortzen lotura emozional edo sinbolikorik: bulego publikoak, hipermerkatuak, hotelak, garraiobideak, aireportuak...

Ziur asko biztanle gutxiren buruan Europar Batasuna politikaren non-lieu da: agian ezinbesteko instantzia da, baina iragangaitza; gerta daiteke materialari dagokionez onuragarria izatea baina emozionalki baino gehiago arrazionalki identifikatzen gara harekin, gure gertuko herri edo komunitatearekin gertatzen denaren kontrakoa, hain zuzen ere. Horregatik, ez-leku hori eraikitzeko auzolan handian parte har dezagun deitzen gaituztenean, gogoa aski eskasa izan ohi da.

Ez dut emango egoera horren arrazoien berri eta are gutxiago arduradunak bilatuko. Askoz ere onuragarriagoa, eta batez ere erabilgarriagoa da gure herri eta nazioen komunitate handi horren esanahi sakonari buruz galdetzea, eta handik gero eta bidezkoagoa, solidarioagoa eta iraunkortasunari dagozkionez oparoagoa den mundu batera aurrera egiteko nola lagun dezakegun ikustea. Horrela, guztiok eroso egongo gara.

Europa “espirituaren kontinente” gisa definitu dute, edo nahiago bada “balioen kontinente” gisa. Bi definizio horiek elkarrekin bizitzeko espazioa adierazten dute, eta xede nagusia etika printzipio eta eskubideen bidez objektibizitzea da. Ez gara ahaztu behar Giza Eskubideen Deklarazioaren, humanismoaren eta demokraziaren sorlekua dela; han, tolerantzia erlijiosoa, justizia soziala, gutxiengoekiko errespetua eta aukera-berdintasuna banakoaren garapen librearen oinarriak dira. Europa balioen gordeleku paregabea da —akats guztiak barne—, eta balio horiek utopista edo abstraktua ez den, hots erreala eta eraginkorra den, europar idealismoa justifikatzen dute.

Argazkia: batega.

Aurrekoa kontuan hartzen badugu asetzen ez gaituzten Europako errealitate politikoaren zenbait alderdiren aurrean agertzen dugun utzikeria edo frustrazioa gainditzen lagunduko gaitu. Garai zail hauetan bereziki komeni da Europaren garrantzia sozial eta etikoaz konturatzea, belaunaldien orainaldirako eta etorkizunerako. Hein handi batean, gero eta bidezkoagoa, sozialki kohesionatuagoa, demokratikoagoa, kulturalki aberatsagoa den eta printzipio sendoetan oinarrituta dagoen Europa baten sendotasunak mugatuko duelako etorkizuna. Inoiz baino gehiago behar dugu fundamentalismoak, bazterkeriak, ustiapenak, baliabideak suntsitzea eta harrapatzeko askatasun gisa hartutako askatasuna baztertzen duen Europa. Horretarako erakunde sendo, sinesgarriak eta eraginkorrak behar ditugu. Eta Europa hori ez da berez eraikiko; guk geuk sortuko dugu edo ez da egongo. Eta euskaldunok ez gara atzean geratu behar auzolan horretan, sortu zenetik parte hartu baitugu.

Eusko Ikaskuntzak zenbait urte daramatza euskal erkidegoek aurre egiten dieten ekonomia-, gizarte-, ingurumen- eta kultura-erronka handietan lan handia egiten, Europako testuinguruan benetako aurrerapena lortzeko helburuekin bat. Horrela, 2003. urtetik honetan dihardu Elkarteak: enpresaren, mugikortasunaren, hezkuntzaren eta bestelako arlotan Garapen Iraunkorra zer izan behar denaren deskribapen zehatza egiten ari da; gutxira arte itxita egondako gizarteak eraldatzen ari den migrazio-fenomenoari buruzko gogoetak eta gaur egungo euskal errealitatera molda daitezen sustatzen du; kultura eta hizkuntza aniztasunei buruzkoak; nortasun konplexuei eta erkidegora atxikitzeko sentimendu aldakorrei buruzkoak; gure iragana eta guztiok partekatutako etorkizuneko proiektu bat lotzen duten adierazleak bilatzeari buruzkoak.

Esfortzu horiek Gizarte Garapen Iraunkorrerako Berrikuntzari buruzko Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuan bateratuko ditugu, datorren udazkenean egingo dugun nazioarteko foroa dena. Kongresu horrekin, duela 90 urte baino gehiago sortu zenetik egindako lan guztiekin bezala, Euskal Herriak etikaz eta zentzuz beteriko Europako proiektu horretan aktiboki parte hartzea da Elkartearen xedea. Gure herria kontinentearen funtsezko naturan dauden giza balio horretaz hornitzea da asmoa.

Euskaldunok Europa non-lieu gisa ikusteari uzten lagundu behar dugu; bizitzeko benetako leku gisa agertzea nahi dugu, bakoitzak ahal duen beste garatzeko aukera izan dezan. Hartarako, kanpokoarekin konpromisoa hartu behar dugu eta gure barneko bizikidetzaren kalitatea handitu behar dugu.