490 Zenbakia 2009-06-12 / 2009-06-19

Euskobooks

Aipamena. Juan Mari Lekuona hurbiletik (1927-2005)

Egileak: Hainbat Argitaratzaileak: Oiartzungo Udala - Euskaltzaindia Orrialde kopurua: 207 ISBN: 978-88917-23-2 Ezaugarriak: Apaiza, idazlea, irakaslea... baina batez ere poeta. Makina bat arlo eta lanetan aritutakoa da Juan Mari Lekuona; itzulpengintza, teologia, poesia, ahozko literatura... Txiki txikitatik bizi izan zituen bertso zaharrak eta ahozko kultura orokorrean Berin-Berri baserriko sutondoan; giro euskaltzale eta fededunean hazi eta hezi zen Juan Mari eta bere bizitza osoan egindako ibilbideak agerian utzi du honen guztiaren eragina. Oiartzunen jaioa, Gasteizen apaiz ikasketak burutu, Erroman teologia izpirituala ikasi, Portugalen bere tesia prestatu, Añorgan apaiz, Donostiako Deustuko Unibertsitatean irakasle, Euskaltzaina... Agerikoa da erabat, Juan Mari Lekuonaren iblibidearen oparotasuna, baita ibilbide horretan egin eta argitaraturiko lanak ere; poema liburuak, itzulpenak, ahozko euskal literaturari buruzko lanak... Lourdes Otaegik, Euskaltzaindiko Literatur Batzordeko kideak, koordinatu eta zuzendu duen liburu honetan Juan Mari ezagutu eta mirestu duten hainbat pertsonek hartu dute parte. Ibilbide luze eta oparo horretan hainbat idazle, poeta, abeslari, Euskaltzain eta abarrekin aritu zen Juan Mari Lekuona elkarlanean eta horietako batzuk dira hain zuzen ere, liburu honetako pasadizoak idatzi eta omenaldi gisa, Juan Mariri eskaini dizkiotenak. Besteak beste, Xabier Lete, Anjel Lertxundi, Gorka Aulestia, Jean Haritschelhar, Ana Toledo, Pello Esnal, Jon Kortazar, Joxe Auxtin Arrieta eta Lourdes Otaegi bera, lan hau guztia zuzendu duena.

Idurre Bera Agirre